113. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 28an hartua, “Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa” iraungitzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, “Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa” fundazio publikoa sortu zen.

Egungo testuinguruan, mundu garatuko herrialde nagusietako ekonomietan krisi latzaren ondorioek irauten duten honetan, Espainiako ekonomian, eta horrenbestez, Nafarroakoan ere, nabaritzen dira pairamen horiek. Inguruabar horietan, lehentasun handiena da, Europar Batasunaren eskakizunen harira, Espainian hitzartutako iraunkortasun programa betetzea, eta, hori dela eta, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko helburua ere betetzea, 2014an Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean hitzartua.

Aurrekontuak gauzatu behar dira austeritatearen irizpideak ardatza izanik, baina, aldi berean, suspertze ekonomikoaren alde, enplegua sortzearen alde eta proiektu estrategikoen alde egin behar dute, eta, halaber, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte politiken arloko funtsezko zerbitzu guztiak bermatuta gelditu behar dira, diru-sarrera publikoek modu nabarmenean behera egin duten honetan.

Helburu hori izanik, Nafarroako Gobernuak, besteak, beste, Foru Komunitateko Administrazioaren goi karguen eta zuzendaritza organoen murrizketa handia egin du, eta sozietate publikoak berrantolatzeko prozesua burutuko du, Administrazioan austeritatea eta eragimena areagotzearen helburua betetzeko asmoz, ematen diren zerbitzu publikoen kalitateari eutsiz, betiere.

Nafarroako Gobernuak 2014ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, agindu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait fundazio iraungitzeko edo haien estatutuak aldatzeko prozedurak abian jartzeko. Erabaki horretan agindu zen Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa iraungitzeko prozedura abian jartzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 126. artikuluan, ondokoa xedatzen du:

“126. artikulua. Osaera eta estatutuak.

1. Nafarroako Gobernuak sortuko ditu fundazio publikoak, erabaki baten bidez, interesa duen departamentuak proposaturik, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.

2. Erabaki horren bidez fundazio publikoa arautuko duten estatutuak onetsiko dira. Horiek, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako kontuez gain, sortzaileari patronatuaren kaltean datxezkion ahalmenak eta bertan parte hartzeko modua adierazi beharko dituzte.

3. Partikularzki, fundazio publikoa aldatu eta iraungitzeko eskumenari atxiki beharko zaio sortzailea. Egintza horiek artikulu honetako 1. idatz-zatian zehaztu bezala onetsi beharko dira.

4. Estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.”

Transkribatutako artikuluarekin bat, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak NIAZI Fundazioa iraungitzeko proposamena igorri du, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskudun diren departamentuen aldeko txostena izanik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazio Publikoa iraungitzea, ondorioak 2014ko ekainaren 30etik aurrera izanik.

2. Fundazio horrek izenpetutako lan kontratuak iraungitzea, ondorioak 2014ko ekainaren 30etik aurrera izanik, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 49.1.g) artikuluan xedatuaren arabera.

3. Likidazio batzorde bat izendatzea, ondorioak 2014ko uztailaren 1etik aurrera izanik. Ana Zabalegui Reclusa andreak, Cristina Urdánoz Ezcurra andreak, Alfredo Huarte Cárcar jaunak eta Fernando Vallejo Torrecilla jaunak osatuko dute, eta helburu izanen ditu fundazioak bete gabe dituen eginbeharrak betetzea eta dagozkion eskumenak erabiltzea, fundazioaren patronatuari estatutuetan esleitzen zaizkion eskumenen artetik.

4. Ahala ematea, zuzenbidean bidezko den handiena, Ana Zabalegui Reclusa andreari, fundazioak egin gabe dituen ordainketak pagatzeko; gerakinak, halakorik balego, zehaztuko den Foru Komunitateko Administrazioaren kontura igortzeko; eta kontuak ixteko.

5. NIAZI Fundazioaren ondasunak eta eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiari atxikitzea. Organo horrek, halaber, fundazio horren betebeharrak hartuko ditu bere gain.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Erabaki hau igortzea Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, NIAZI Fundazioko zuzendari kudeatzaileari, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari, Aurrekontuaren zuzendari nagusiari, Kontabilitate Zerbitzuko zuzendariari, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusiari eta Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1407823