113. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1213/2014 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, prestakuntza programak egokitzeko laguntzak emateko deialdia onesten duena. Egokitzapen horren helburua da batez ere langabeei zuzendutako deialdian enplegurako lanbide prestakuntzako ikastaroetan parte hartu eta desgaitasunak dituzten pertsonen beharrak asetzea.

Enplegurako lanbide prestakuntzak langile guztiei, direla landunak, direla langabeak, lan merkatuaren beharrekin bat datorren prestakuntza ematea xede du, enpresen lehiakortasunaren betebeharrak betetzen dituena eta, horrekin batera, langileen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko nahiak asetzen dituena, lanbideetan modu kualifikatuan aritzeko eta lana aurkitzeko gaitasunak emanez.

Enplegurako lanbide prestakuntza lehentasunezko balore estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.

Ezin da ukatu gizartean aurrerapenak izan direla, baina, hala eta guztiz ere, desgaitasunak dituzten pertsonei hainbat ingurunetan ibiltzeko edo hainbat prozesu edo zerbitzu erabiltzeko eskubidea mugatu zaie, haien berariazko beharrak kontuan hartu gabe sortu baitira edo haien parte-hartzea berariaz murrizten dutelako. Enplegurako lanbide prestakuntza jasotzeko aukera gehiago izan dezaten, beharrezkoa da aukera-berdintasuna sustatzen duten neurriak bultzatzea, desgaitasunak dituzten pertsonak gainerako herritarren baldintza berekin bizi daitezen, subjektu aktiboak eta eskubideen titularrak baitira.

Horretarako arautu dira prestakuntza programak egokitzeko laguntza hauek. Egokitzapen horren helburua da batez ere langabeei zuzendutako deialdian enplegurako lanbide prestakuntzako ikastaroetan parte hartu eta desgaitasunak dituzten pertsonen beharrak asetzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2014ko apirilaren 30ean egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea banakako ebaluazioaren araubidean laguntza hauek eman zitzan, eta horietarako 10.000 euroko gastua baimendu zuen.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (martxoaren 20ko 19/2013 Foru Dekretuak aldatu zuen foru dekretu hori),

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza publikoen 2014ko ekitaldiko deialdia onestea prestakuntza programak egokitzeko lanak finantzatzeko. Egokitzapen horren helburua da batez ere langabeei zuzendutako deialdian enplegurako lanbide prestakuntzako ikastaroetan parte hartu eta desgaitasunak dituzten pertsonen beharrak asetzea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 10.000 euroko gastua baimentzea, 2014ko gastuen aurrekontuko “Enplegurako lanbide prestakuntza, langabeentzat batez ere” izeneko G/170002/15200/4709/242103 kontu-sailaren kargura, betiere kreditua badago. Aurrekoaren baliokidea den kontu-saila erabiliko da hurrengo urteetan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 30ean.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da prestakuntza programak egokitzeko laguntzak emateko deialdia onestea Nafarroako Foru Komunitatean. Egokitzapen horren helburua da batez ere langabeei zuzendutako deialdian enplegurako lanbide prestakuntzako ikastaroetan parte hartu eta desgaitasunak dituzten pertsonen beharrak asetzea.

2.–Laguntzen helburua eta emateko baldintzak eta printzipioak.

2.1. Deialdi honen bidez emanen diren diru-laguntzen helburua da prestakuntza programak egokitzeko lanak finantzatzea. Egokitzapen horren helburua da desgaitasunak dituzten pertsonen beharrak asetzea, egiten ari diren prestakuntza-jarduera probetxuz burutu dezaten.

2.2. Diruz laguntzen den jarduera eskaeran ezarri bezala burutu beharko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi eta onartzen dituen aldaketekin, halakorik bada, betiere beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.

2.3. Diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da, betiere aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago.

3.–Ekintzak finantzatzeko aurrekontua.

2014rako aurreikusitako ekintzak kontu-sail honen kargura finantzatuko dira: 2014ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorreko “Enplegurako lanbide prestakuntza, langabeentzat batez ere” izeneko G/170002/15200/4709/242103 kontu-sailaren kargura. Aurrekoaren baliokidea den kontu-saila erabiliko da hurrengo urteetan.

4.–Entitate onuradunak.

Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak izaten ahal dira prestakuntza-jarduerak ematen dituzten enpresa-elkarteak, sindikatuak, zentroak eta entitateak, betiere Nafarroako Foru Komunitatean, urte horretan, batez ere langabeei zuzendutako enplegurako lanbide prestakuntzako deialdian onuradunak izan badira.

5.–Egokitzapena egitea.

Entitate onuradunak zuzenean egiten ahalko du egokitzapena edo, bestela, entitatekoak ez diren langileak kontratatuz.

6.–Laguntzaren zenbatekoa.

Egokitzapenaren kostuaren %100 finantzatuko da, gehienez ere 1.200 euro.

7.–Eskaerak.

7.1. Eskaerak egiteko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen eredua erabiliko da.

Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko erregistro orokorrean aurkezten ahalko dira, baita erregistro elektronikoen bidez nahiz lan agentzietan ere. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren moduetako edozeinetan ere aurkezten ahalko dira.

7.2. Eskabideaz gain, entitateak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Egin beharreko egokitzapena azaltzen duen memoria, hura egiteko beharra frogatuz eta haren kostuaren aurrekontua adieraziz.

b) Entitate edo erakunde eskatzailea zerga-beharkizunetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean dagoela adierazten duen egiaztagiria.

c) Diruz laguntzen den jarduera finantzatzen duten diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen gaineko deklarazioa.

7.3. Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8.–Eskabideak aurkezteko epea.

Egokitzapenaren xedeko prestakuntza-ekintza hasi baino lehenago aurkeztu behar da eskabidea.

Deialdi hau argitaratu baino lehen hasi eta argitalpen-egunean bukatu ez diren ekintzen kasuan, aurkezteko epea 20 egunekoa da, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Prozeduraren instrukzioa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xede diren eskaeren gainean ebazpena emateko organo eskuduna.

Prestakuntza Zerbitzua izanen da eskaeren prozedura instruitzeko organo eskuduna.

Instrukzio organoak, aurkeztutako agiriak ikusirik, ebazpen proposamena formulatuko du.

10.–Ebazpena.

Instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio. Horrexek emanen du diru-laguntza emateko ebazpena.

Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko epea hilabete batekoa izanen da, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

11.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, baita jarduera horrek sortutako gastu ordainduak ere bai. Jarduera burutu duela frogatzeko, egindako lanaren kopia bat eta dagozkion fakturak aurkeztuko dira, edo lege eta merkataritza trafikoan balio frogagarri bera edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako dokumentuak, erregelamenduz ezarritako moduan.

Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarriaren ezaugarriak biltzen dituzten gastuak, betiere justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu badira.

11.2. Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, hilabete bateko justifikazio-epea ezartzen da, prestakuntza-ekintza bukatu eta biharamunetik hasita. Edozein kasutan, beranduenez abenduaren 31n aurkeztu beharko dira justifikatzeko agiriak.

Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.3. Aurkeztu diren justifikatzeko agiriak egiaztatu ondoren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ordaintzeko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, justifikatzeko agiriak aurkeztu zirenetik hasita.

11.4. Entitate onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar badu, 12.3 oinarrian aipatu dokumentazioa, oinarri berean ezarritako moduan eta epean, aurkeztu izana frogatu beharko du, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta bada, non ez diren datuak aldatu.

Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

11.5. Esleipeneko jarduera abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko dira eskumena duten administrazioen ikuskapen eta auditoriaren eskura, lau urteko epean, justifikazioa aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

12.–Betebeharrak, ez-betetzeak eta diru-laguntzen itzulketa.

12.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako beharkizunak eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo hein batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, kobratzeko eskubidea hein batean galduko da, proportzionaltasun irizpideari jarraituz, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

12.2. Gardentasunerako betebeharrak.

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatua, modu telematikoan Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduta, hilabeteko epean diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

12.2.2. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

13.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Onuradunek diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateragarriak dira xede bereko diru-laguntzarekin, betiere guztira jardueraren kostuaren %100 gainditzen ez badute.

14.–Datuak babestea.

14.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

14.2. Entitate eskatzaile, onuradun eta parte-hartzaileen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan oro har ezartzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira interesdunak.

15.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaileotan aurreikusten ez den orotan, honakoak aplikatu beharko dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua.

16.–Epeak zenbatzea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluko I. kapituluarekin bat, deialdi honetan adierazitako epe guztiak luzaezinak dira, eta egun baliodunek osatuak, non ez den kontrakoa xedatzen espresuki.

17.–Diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntzen onuradunek adierazi beharko dute, egiten dituzten jarduerak kudeatzeko agiri guztietan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak finantzatu dituztela.

18.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1407916