113. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

697/2014 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deialdia egiten da, "Guztiz hoberendutako eguzki-jarraitzaileen belaunaldi berria (OPTISOLAR).IIM14357.RI1" ikerketa proiektua garatzeko.

José Luis Torres Escribano jaunak, Unibertsitateko Katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikiak, "Guztiz hoberendutako eguzki-jarraitzaileen belaunaldi berria (OPTISOLAR).IIM14357.RI11" ikerketa proiektuko arduradunak egin duen proposamena ikusirik, hautaprobetarako deialdia egiteko, ikerketa proiektu hori garatzeko ikertzaileak proiektuko laguntzaile moduan kontratatzeko.

Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak proposatuta, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta funtzioak zehazteko urtarrilaren 22an emandako 66/2013 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deialdia egitea "Guztiz hoberendutako eguzki-jarraitzaileen belaunaldi berria (OPTISOLAR).IIM14357.RI1" ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, Ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau igortzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 30ean.–Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena García.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea ondoren ikertzaile horien lan kontratazioa egiteko, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: "Guztiz hoberendutako eguzki-jarraitzaileen belaunaldi berria (OPTISOLAR).IIM14357.RI1".

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta xede hau izango du: Bibliografia bilatzea. Eguzki-erradiazioa neurtzen duten ekipoak martxan jarri eta horiei jarraipena egitea. Eguzki-datuen kalitate kontrola. Eguzki-erradiazioaren datuen tratamendua. Eguzki-erradiazio zuzenaren modelazio aurreratua. Bi ardatzetako jarraitzaileen jokabidearen analisia CPV plantetan. Erradiazio-modeloak eta gailu fotovoltaikoak integratzea. Prototipoen jarraipen esperimentala. Emaitzak baliozkotzea. Txostenak egitea.

Maila profesionala: Proiektuaren laguntzailea.

Iraupena: 2015eko abenduaren 31ra arte.

Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.

Lanaldi-mota: osoa.

Diru gehigarriak ordainduko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.

c) Graduatu, lizentziadun, arkitekto edo goi mailako ingeniari titulu ofiziala edukitzea. Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaera-eredua helbide honetan dago: www.unavarra.es, "Deialdiak/Langileak//I-Ien eskaerak" izeneko atalean, Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera idazpuruaren azpian.

Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:

–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitae, egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

Eskatzaile bakar bat ere baztertua ez bada, lehiaketa publikoan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.

4.3.–Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

4.4.–Izangaiak Hautaproban onartutakoen zerrendan sartzea, bai 6.2 oinarriak aipatutako hautaproba gainditu duten pertsonen zerrendan ere, ez du ekarriko inolako ere unibertsitateak aitortzea deialdiko oinarrietan eskatutako baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5.–Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Baremoa

1. Atala: Hautagaiaren espediente akademikoa. 3 puntu, gehienez ere.

Espediente akademikoaren batez besteko nota (0 eta 4 puntu artean) bider 0,75 biderkatuko da. Lortutako emaitzari honako ponderazio-faktore hauek aplikatuko zaizkie:

–Nekazaritza ingeniaria, Industria Ingeniaria edo Telekomunikazio ingeniaria: 1

–Fisikan lizentziaduna: 0,4

–Gainerako titulazioak 0,1

2. Atala: Eguzki-erradiazioarekin eta, orokorrean, baliabide energetiko berriztagarriekin lotutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea. 2 puntu, gehienez ere.

–Proiektu lehiakor bakoitzeko, puntu 1

–Proiektu ez lehiakor bakoitzeko, 0.25 puntu

3. Atala: Nazioarteko biltzarretako ekarpenak eta baliabide energetiko berriztagarrien ebaluazioarekin lotutako argitalpenak. 3 puntu, gehienez ere.

–Ekarpen/argitalpen bakoitzeko, puntu 1 gehienez.

4. Atala: Gehienez ere: 2 puntu.

–Informatikako eta programazioko ezagupen egiaztatua, 0.75 puntu, gehienez.

–IGSri buruzko ezagupen egiaztatua, 0.5 puntu, gehienez.

–Eguzki energiaren eremuko bekak edo kontratuak ikerketa zentroetan edo teknologia zentroetan, 0,75 puntu, gehienez.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 3 puntu da.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batez bestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortutako kontratazio zerrendak proiektuaren amaiera egunera arteko indarraldia izango du.

7.–Balioespen batzordea.

Batzordeburua: José Luis Torres Escribano dk. jn., Unibertsitateko katedraduna, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia, errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: M.ª Ángeles de Blas Corral dk. and., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Batzordekidea: Almudena García Gorostiaga dk. and., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Balioespen batzorde ordezkoa.

Batzordeburua: Rafael García Santos dk. jn., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Idazkaria: Andrés Seco Meneses dk. jn., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Batzordekidea: Eduardo Prieto Cobo dk. jn., Unibertsitate Eskolako irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Norberaren datuak babestea.

Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo iragartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Balioespen Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gorako errekurtsoa ebazten duen erabakiaren aurka zilegi da Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.

Iragarkiaren kodea: F1408174