111. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Inbertsiorako eta enplegurako laguntzen gaineko ordenantza. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2014ko martxoaren 31n egin bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Inbertsiorako eta enplegurako laguntzen gaineko ordenantzan, eta orobat onetsi dagokion testu bategina.

Onespenaren erabakia 2014ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

INBERTSIORAKO ETA ENPLEGURAKO
LAGUNTZEN GAINEKO ORDENANTZA

Sarrera

Udal hau ohartzen da gure herrian enpresa munduan gertatzen ari diren aldaketez. Horregatik, komenigarri ikusten da neurri batzuk ezartzea, enpresen lehiakortasuna handitzeko.

Horretarako, hartu beharreko neurrietariko bat finantza laguntza batzuk sortzea da.

Laguntza guztiak bateragarriak dira beren artean eta administrazio publikoek emandako beste edozein diru-laguntza motarekin.

Laguntzak herri honetan egiten den edozein jarduera ekonomikotarako dira.

Finantza laguntza hauen onuradunek espedienteak ebazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak utzi beharko dituzte, gehienez ere 15 eguneko epean, Udalaren eskuetan. Eskatutako agiriak ezarritako epean utzi ezean, espedientea deuseztatu eta artxibatu eginen da.

Laguntzak ordaintzeko baldintza izanen da haien onuradunak Udalarekiko betebeharrak eguneraturik izatea; zenbatekoa galdatzen ahal diren zorrak kitatzeko erabili ahalko da.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak (egiaztatutakoan itzuliko dira) edo udal honek konpultsatutako fotokopiak izan daitezke.

Urteko aurrekontuko kontu-sailean dirua egoteak baldintzatuko du laguntzen zenbatekoa. Laguntzak emateko, eskaeren sarrera egunari jarraituko zaio hertsiki.

Finantza Laguntzen Toki Plan honetan aipatzen diren egunak naturalak dira betiere.

Indarrik gabe gelditu dira maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, testu honi kontra egiten badiote.

I. KAPITULUA

Enplegua sortzeko finantza laguntzak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Enpresa mota hauek guztiek biltzen ahalko dituzte finantza laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Fiteron erroldaturik dauden eta bertan bizi diren pertsonendako epe mugarik gabeko lanpostuak sortzea, edo iraupen zehatz bat dutenak mugagabe bihurtzea.

b) Helbide fiskala Fiteron izatea.

c) Diruz lagunduko den kontratazio horren bidez epe mugarik gabeko kontratuen kopurua handitzea.

2. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten enpresek agiri hauek ekarri beharko dituzte Herriko Etxe honetara:

a) Idatziz egindako eskaera (kontratazioaren ondorengo 40 eguneko epean).

b) Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

c) Kontratatu aitzineko hamabi hilabeteetako Tc1 eta Tc2 orriak, lan kontratudun finko eta aldi baterakoak bereiziz.

d) Diruz laguntzen ahal diren lan-kontratu mugagabeak edo, halakorik bada, sarrera Gizarte Segurantzako araubide berezian.

e) Kontratatuaren NANa.

f) Gizarte Segurantzaren ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

g) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

h) Erroldatzearen eta bizilekuaren ziurtagiria.

i) Lehengo kontratua, halakorik bada.

j) Langilearen lan bizitzaren ziurtagiria.

3. artikulua. Beste onuradun batzuk.

Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako jardueraren bat nahiz jarduera profesional edo artistikoren bat ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera abiarazten dutenek hartzen ahalko dituzte laguntzak, betiere Gizarte Segurantzako araubide berezi egokian izena eman eta baldintza hauetako bat betetzen badute:

–25 urte edo gutxiago dituzten gazteak eta lehen enplegua.

–Enplegu bulegoan gutxienez hamabi hilabetez etenik gabe inskribatuta egon direla frogatzen duten langabeak.

–50 urtetik gorako langabeak.

–Emakumeak, edozein adin dutela ere.

Gainera baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Helbide fiskala Fiteron izatea.

–Azken hamabi hilabeteetan araubide berezi berean egon ez izana.

–Fiteron erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.

–Gizarte Segurantzako bestelako araubideetan ez kotizatzea.

–Ustiapenaren titularrak izatea.

Artikulutik kanpora geldituko dira lan harreman baten ondorioz Gizarte Segurantzako araubide berezian izen emanak daudenak, 1. artikuluan sartuko baitira.

Aurkeztu beharreko agiriak:

a) Idatziz egindako eskaera (Gizarte Segurantzako araubide berezian inskribatu ondoko 40 egunean).

b) Eginen den jardueraren gaineko memoria.

c) Lizentzia fiskala.

d) Nortasun Agiri Nazionala.

e) Zinpeko aitorpena, azken hamabi hilabetean araubide berezian ez dela egon dioena.

f) Erroldatzearen eta bizilekuaren ziurtagiria.

g) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

h) Lan bizitzaren ziurtagiria.

4. artikulua. Aplika daitezkeen onurak.

1.000 euro bitarte, kontratu mugagabearekin edo Gizarte Segurantzako araubide berezian izena emanda plantillari gehitzen zaion lagun bakoitzetik.

Ondoko baldintza hauetariko bat betez gero, enplegua sortzeagatik eskuratuko diren zenbatekoak hauek dira:

–Emakume baten lanpostua; 1.200 euro bitarte.

–Gazte baten lanpostua (25 urtekoa edo gazteagoa); 1.200 euro bitarte.

–50 urte baino gehiagoko baten lanpostua; 1.200 euro bitarte.

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak badira, proportzioz dagokiona aterako da.

5. artikulua. Oharrak.

a) Laguntzak Udalbatzak emanen ditu, osoko bilkuran erabakita, aldez aurretik Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeak irizpena emanda.

b) Enpresek lan-kontratudun finkoak eta Gizarte Segurantzako araubidean izena emanda daudenak gutxienez ere 37 hilabetez atxikitzeko hitza emanen dute.

c) Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzeko, diru laguntza bakarra eskuratzen ahalko da.

d) Laguntzen ordainketa honela eginen da: osorik, finantza entitate batek emandako abala aurkeztean. Langileak Gizarte Segurantzan alta eman eta 36 hilabete iraganez geroztik itzuliko da abala, eta langilearen lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Dena dela, onuradunak eskatzen ahalko du laguntzak atzeratzea harik eta enplegua mantentzeari buruzko baldintzak bete arte, abala aurkeztu beharrik izan gabe.

6. artikulua. Bazterketak.

a) Finantza laguntza honetatik kanpo daude ezaugarri hau duten kontratu mugagabeak: kontratuduna enpresa eskatzailean 1.000 egun baino gehiago aritu izana, azken kontratuaren dataren aurreko lau urtean.

b) Finantza laguntza honetatik kanpo daude ezaugarri hau duten kontratu mugagabeak: kontratuduna enpresa eskatzailean edo hari lotutako beste batean aritu izana, eskabidekoa ez den kontratu mugagabe batekin.

c) Finantza laguntza honetatik kanpo daude kontratazio hauek: kontratatzailearen eta kontratudunaren artean ahaidetasun loturak dituztenen kontratazioak, odol-ahaidetasunaren eta ezkontza-ahaidetasunaren bigarren mailara arte (aita-amak, seme-alabak, anai-arrebak, suhi-errainak eta koinatu-koinatak).

Enpresa lotetsitzat hartzen da enpresak edo bazkideek kapital sozialaren %20 baino gehiago ordezkatzen badute, edo enpresa lotetsian zuzendaritza karguak betetzen dituztenek lotespenaren xede den enpresaren kapital sozialaren %20 baino gehiago badute.

7. artikulua. Ez betetzea.

5. artikuluko b) atalean ezarritakoa betetzen ez bada, enpresa onuradunak berak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu eta laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate edo inguruabarrak ezkutatzen badira, Udalak erabaki dezake emandako onurak deuseztatzea eta, hala behar bada, erabilitakoak hilabetean itzularaztea eta laguntzak ordaindu zirenetik sortutako berandutza korrituak eskatzea.

Negozioa itxi eta jarduera uzten bada, lana hiru hilabetez edo gehiago geldiarazten bada, jarduera herri honetatik kanpora eramaten bada, krisiaren espedientea edo lanaren edo lanaldiaren erregulazioa egitea erabakitzen bada, ordainketak eteten badira edo enpresak porrot egiten badu, Udalak erabaki dezake emandako laguntzak osorik edo partez murriztea eta jasotako diru guztia Udalari itzultzea hilabeteko epean, eta laguntzak ordaindu zirenetik sortutako berandutza korrituak eskatzea, betiere inguruabar horiek laguntza eman ondoko hiru urteko epean gertatzen baldin badira, laguntzak behin betiko emateko erabakiaren datatik aitzina. Nolanahi ere, enpresa behartuta dago Udal honi goiti-beheiti horien berri ematera, idatziz, gertatzen diren unetik beretik.

II. KAPITULUA

Inbertsiorako finantza laguntzak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Enpresa mota hauek guztiek biltzen ahalko dituzte finantza laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako eraikinak egin, handitu edo zaharberritzeko inbertsioak egitea.

b) Helbide fiskala Fiteron izatea.

2. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Laguntza hauek hartu nahi dituzten enpresek Udaletxean ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, urtebeteko epean irekitzeko lizentzia eskuratzen dutenetik:

a) Eskaera idatzia.

b) Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

c) Eginen den jardueraren gaineko memoria.

d) Gizarte Segurantzaren ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

e) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

3. artikulua. Aplika daitezkeen onurak.

30.050,61 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dituzte finantza laguntzak.

Eskatzaileak saltokiak baldin badira, 12.020,24 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dituzte finantza laguntzak.

Finantza laguntzaren zenbatekoa inbertsioaren %3ra artekoa izaten ahal da, inbertsioaren zenbatekoaren eta sortzen diren lanpostuen arabera.

Finantza laguntzaren kalkulurako oinarria egitekoa den obra gauzatzeko aurrekontua izanen da.

Inbertsioa egiten duen enpresak lursaila erosten badu La dehesa de Ormiñen industrialdean, udal honen jabetzakoa baita, inbertsioaren %3ko laguntza horri gehitu ahalko zaio lursailak erosteko finantza laguntza, hain zuzen ere haien balioaren %50era bitartekoa, betiere kontuan hartuz inbertsioaren garrantzia eta sortzen duen lanpostu kopurua. Laguntza hori gauzatuko da lursailen prezioen ordainagiriak udal honetan aurkeztu ondotik.

4. artikulua. Oharrak.

a) Laguntzak Udalbatzak emanen ditu, osoko bilkuran erabakita, inbertsioak bukatu ondoren, eta aldez aurretik Industria, Merkataritza, Turismo eta Ogasun Batzordeak irizpena emanda.

b) Enpresek konpromisoa hartuko dute inbertsioa eta jarduera gutxienez hiru urtean mantentzeko.

c) Osoko bilkuran laguntza horiek ematea erabaki ondotik ordainduko dira.

d) Inbertsioak bukatutzat hartuko dira udal arkitektoak obrak ikusi eta haien gaineko balorazio txostena ematen duenean. Lursailik erosi bada hura osorik ordaintzen denean.

5. artikulua. Ez betetzeak.

Aitzineko artikuluko b) atalean ezarritakoa betetzen ez bada, enpresa onuradunak berak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu, eta laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate edo inguruabarrak ezkutatzen badira, Udalak erabaki dezake emandako onurak deuseztatzea eta, hala behar bada, erabilitakoak hilabetean itzularaztea eta laguntzak ordaindu zirenetik sortutako berandutza korrituak eskatzea.

Negozioa itxi eta jarduera uzten bada, lana hiru hilabetetik gora geldiarazten bada, jarduera herri honetatik kanpora eramaten bada, krisiaren espedientea edo lanaren edo lanaldiaren erregulazioa egitea erabakitzen bada, ordainketak eteten badira edo enpresak porrot egiten badu, Udalak erabaki dezake emandako laguntzak osorik edo partez murriztea eta jasotako diru guztia Udalari itzultzea hilabeteko epean eta laguntzak ordaindu zirenetik sortutako berandutza korrituak eskatzea, betiere inguruabar horiek laguntza eman ondoko hiru urteko epean gertatzen baldin badira, laguntzak behin betiko emateko erabakiaren datatik aitzina. Nolanahi ere, enpresa behartuta dago Udal honi goiti-beheiti horien berri ematera, idatziz, gertatzen diren unetik beretik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Fiteron, 2014ko maiatzaren 29an.–Alkate udalburua, Francisco Javier Yanguas Fernández.

Iragarkiaren kodea: L1407828