2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Euskara ikasteko diru-laguntza deialdia, 2014koa
Baztango Udalak euskararen gizarte ezagutza handitzeko eta erabilera sustatzeko konpromiso irmoa du. Izan ere, euskara Baztango hizkuntza izanik ere hainbat gizarte esparrutan haren erabilera apala da.
Horregatik Baztango Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzak bere 39. artikuluan ezarri zuenez, Baztango Udalak euskararen ezagutza handitzea eta haren erabilera ziurtatzea nahiz gizartearen arlo guztietan orokortzea xede duela, jarduerak abiaratuko ditu.
Sustapen jarduera horien artean Baztanen euskara ikasten duten herritarrendako diru-laguntzak daude eta horiek arautzeko oinarriak onartu ditu Baztango Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2014/05/16an egindako bilkuran.
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honek xede hau du: euskara ikasteko ikastarorik egiten duten baztandarrei horrek dakarkien matrikula gastuetarako diru-laguntza ematea arautzea.
2.–Diru-laguntzaren gaiak eta kontzeptuak.
2.1. Euskara ikasteko edo euskaraz alfabetatzeko ikastaroak estentsiboak edo trinkoak izan daitezke, bai eta barnetegiak ere. Autoikaskuntza edo eskola partikularren kasuan Udalak eskabide bakoitzaren bideragarritasuna aztertu eta aurrekontuaren arabera erabakiko du.
2.2. Ez da maila bereko ikastaro bat baino gehiago diruz lagunduko. Hau da, deialdi batean diru-laguntza jaso duen ikastaroaren maila bereko bertze bat egiteko diru-laguntzarik ez da emanen, ez deialdi horretan ez hurrengoan ere.
2.3. Diruz lagunduko diren gaien artean ez dira garraioa eta materiala aintzat hartuko. Baztango euskaltegian bere mailako talderik sortuko ez balitz bertze euskaltegi batera joateagatik sortutako gastuak ez dira lagungai izanen.
3.–Onuradunak.
Euskara ikasteagatik diru-lagunza jaso ahal izanen dute baldintza hauek betetzen dituztenek:
a) 16 urte baino gehiago izan.
b) Baztanen erroldaturik egon urtebeteko antzinatasunez eta egoera horretan iraun diruz lagunduko den aktibitateak dirauen denbora osoan.
c) Zergen ordainketa nahiz Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean eduki eta Baztango Udalarekin ordaindu gabeko zorrik ez izan.
d) 2013-2014 ikasturtean (2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31ra) euskaltegi batean euskara ikastaroren batean matrikulaturik egon eta haren matrikula ordaindurik izan.
e) Euskaltegiak ikastaroaren gutxienez % 80ko asistentzia/aprobetxamendua egiaztaturik izan. Autoikaskuntza programa batean ikasten duten ikasleek ere horren aprobetxamendu-egiaztagiria aurkeztu behar dute.
Nahiz aitzineko baldintzak bete Administrazio Publikoetako langileak direnak diru-laguntza hauetatik kanpo daude.
4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
4.1. Diru-laguntza hauek 2014 urteko aurrekontuen diru-laguntzen diru-sailaren kargura, euskara ikasteko diru-laguntzen deialdia izenekora joanen dira. Horretarako 2.000 euroko aurrekontua dago.
4.2. Diru-laguntza esleitzeko orduan langabezian dauden edota hamabi urte bitarteko seme-alabaren bat duten herritarren eskabideei emanen zaie lehentasuna era honetan: horiei egokituko zaien diru-laguntzaren zenbatekoa gainerako eskatzaileena baino %50 handiagoa izanen da.
4.3. Aurrekontuetan aurreikusi den diru-kopurua, behar den epean eta behar den moduan aurkezten diren eskaeren artean zatituko da, deialdiko baldintzak betetzen dituztenen artean betiere.
4.4. Dena dela, diru-laguntzen onuradunek ezin izanen dute 500 euro baino gehiago jaso deialdi bakoitzeko.
5.–Deialdiaren publizitatea.
Deialdi hau honako hauetan iragarriko da: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-oholean.
6.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 2014ko ekainaren lehenetik irailaren 30 bitartekoa izanen da.
7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Baztango Udaletxeko erregistroan:
a) Diru-laguntza eskabidea, honekin batera doana, behar bezala beterik.
b) NANren fotokopia.
c) Ikastaroa antolatzen duen erakundearen ziurtagiria, horren ezaugarriak zehazten dituena: iraupena, maila, matrikularen kostua, hala nola diru-laguntza eskatzen duen ikasleak izan duen asistentzia portzentajea.
d) Matrikularen ordainagiria edo erakundearen ziurtagiria, ikastaroaren kostuaren %100 ordaindua dela adierazten duena.
e) Langabeek Gizarte Asegurantzak emandako lan-bizitza izeneko agiria aurkeztu beharko dute. Ez da langabeziaren txartelaren fotokopia ziurtagiritzat onartuko.
f) Hamabi urte bitarteko seme-alabaren baten gurasoa denak familia liburuaren kopia aurkeztu beharko du.
g) Aitorpena, administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztiena. Eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden adierazi beharko da. Azkenengo kasu horretan kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da.
Hori dena zuzenean edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste prozeduraren bat erabiliz egin ahal izanen da. Hona helbide postala eta gainerako datuak:
–Baztango Udala. Euskara Zerbitzua.
–Foru plaza, 1. 31700 Elizondo.
–Telefonoa: 948 580 006. Faxa: 948 45 22 69.
–E-posta: euskara@baztangoudala.eu.
8.–Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan okerrik dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, hamar egun natural emanen zaizkio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo agiriak osatzeko. Epe hori igaro eta akatsa zuzendu edo agiriak osatu ez badira, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
9.–Ebazpena.
Deialdi honetako diru laguntzak esleitzeko erabakia Baztango Udaleko alkate-udalburuak edo berak eskuordetzan eman dion organoak hartuko du, Euskara Batzordeak proposatutako txostena ikusirik. Erabaki hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.
10.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, haiek emateko erabakia hartu ondoren; banku transferentzia eginen da eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakian.
11.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada.
12.–Diru-laguntzen itzulketa.
Onuradunek diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute ondoan azaltzen diren kasuetako baten bat gertatzen bada:
a) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.
b) Eskatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.
c) Egitasmoa aurkezturik eta diru-laguntza jasorik, egitasmoaren jarduerak gauzatu gabe uztea.
d) Diru-laguntzaren xedea den jarduerak, euskara ikasteko ikastaroren bat egiteak, bertze diru-laguntzaren bat izan badu eta gehiegizko finantzaketa gertatzen bada.
e) Nahitaez onartu behar diren egiaztapenak ez onartzea edo oztopatzea.
13.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, xedatutakoak aginduko du.
14.–Datuen babesa.
Eskatzaileen datuak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
15.–Aplikatuko den araudia.
Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Toki-Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, aplikatuko dira.
16.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiko administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
Baztanen, 2014ko maiatzaren 16an.–Alkatea, Garbiñe Elizegi Narbarte.
Euskara ikasteko diru-laguntzak Eskabidea
Eskatzailearen datuak: | Ayudas para el aprendizaje de euskera Instancia de solicitud Datos del/de la solicitante: |
Izen-abizenak: Nombre y apellidos: |
NAN: DNI: |
Helbidea: Dirección: |
Posta kodea eta herria: Código postal y localidad: |
Telefonoa: Teléfono: |
Helbide elektronikoa: Dirección electrónica: |
Kontu korrontearen zenbakia: Número de cuenta corriente: |
2014an euskara ikasteko ikastaroek ekarritako gastua, guztira: Gasto total realizado en cursos para aprendizaje de euskera organizados en 2014: –––––––––––––––– euros |
(Data eta sinadura) / (Fecha y firma) |
L1408034 |
Iragarkiaren kodea: L1408034