109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

KODES MENDIKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Datu pertsonalen fitxategia kentzeko erabakia

Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2014ko maiatzaren 23an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak baja eman du 012 Infolocal zerbitzuan eta, horregatik, ezabatu egin behar da zerbitzua kudeatzeko bildutako datu pertsonalen fitxategia.

DBLOaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kendu ahalko dira xedapen orokor baten bidez bakarrik, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratu ondoan.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herriendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak diren zehaztuz.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Hori beterik, Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak honako hau erabaki du, bertaratuek aho batez erabaki ere:

Lehena.–012 Infolocal fitxategia kentzeko agintzea (inskripzio kodea 2140920471).

Fitxategi honetako datuak honako hauek dira:

–Xede eta erabilera aurreikusiak: posible egitea herritarrei laguntza emateko telefono bidezko zerbitzu bat, haien kudeaketa eta tramiteei kasu egiteko, Udalaren gaineko informazioa nahiz informazio orokorra biltzeko, iradokizunak eta arrangurak aurkezteko eta gaztiguak eta bestelako zerbitzuak emateko.

–Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek hitzez emanen dituzte.

–Ukitutako pertsonak edo taldeak: telefono bidez laguntza emateko zerbitzua erabili nahi duten guztiak eta Mankomunitatearen edo hura osatzen duten Udalen ekimenez egiten diren gaztigu eta inkesten hartzaileak.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, IFZ, telefonoa.

Ezaugarri pertsonalen datuak.

Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

–Tratamendurako erabilitako sistema: automatizatua.

–Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.

–Organo arduraduna: Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea.

–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea.

–Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta xedatzea zehaztutako fitxategia ken dadila Datuak Babesteko Espainiako Agentzian dagokion erregistrotik.

Aguilar Kodesen, 2014ko maiatzaren 26an.–Mankomunitateko burua, Amparo Labeaga Díaz de Cerio.

Iragarkiaren kodea: L1407775