109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzen
duen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2014ko apirilaren 2ko osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzen duen erregelamenduan.

Aurreko erabakia 2014ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 14an. Hogeita hamar egunean jendaurrean egonik, eta epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei eta Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da hori, erregelamenduaren aldaketaren testu osoarekin batera.

Erregelamenduko aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2014ko maiatzaren 27an.–Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

Tuterako Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzen duen erregelamendua (aldaketak)

3. artikulua. (Idazketa berria).

Elola udal kirolgunea izenaren ordez, Tuterako Hiria udal kirolgunea ezarri da; José Antonio Elola udal estadioa izenaren ordez, Tuterako Hiria udal estadioa ezarri da; eta, azkenik, Tuterako Kirol Hiria proiektuaren barreneko igerileku klimatizatua izenaren ordez, Clara Campoamor udal kirolgunea ezarri da.

Ezabatu egin da “Camino Caritat kaleko”.

5. artikulua. (Idazketa berria).

5.1. Udalaren kirol instalazioetan aplikatzekoa izanen da Udalak onesten duen Kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Zeharka kudeatzen diren kirol instalazioak erabili ahal izateko, horretarako ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

11. artikulua. (Idazketa berria lehenengo lerroaldean eta e letran).

Kirol instalazioetako bakoitzean, nahitaezkoa izanen da agerian paratzea argibide hauek:

e) Instalazioko zerbitzuen zerrenda, hala badagokio.

15. artikulua. (1. artikuluaren idazketa berria).

1. Edozein kirol eremu erabiltzerakoan, material eta janzkera egokiekin eginen da. Arreta berezia ezarriko zaio oinetakoei, zolekin ez dadin espazioetako zorua markatu edo kaltetu.

17. artikulua. (1. puntuan bigarren lerroalde bat erantsi da).

Trial-bizikleta zirkuitua erabiltzeko, eskabidea izapidatu beharko da Udaletxean, eta, erabilera baimenarekin batera, giltzaren kopia bat emanen da. Horretarako, eskatuko da zinpeko aitorpena sinatzea instalazioa egoki erabiltzearen ardura hartzeko, eta, Udalaren alde, fidantza gisa, 25 euroko diru-sarrera egin izanaren kontabilitate agiria. Kirol kudeaketarako zentroan giltza itzuli ondotik itzuliko da fidantza.

21. artikulua. (Idazketa berria).

“Bost egun” ordez “egun bat” jarri da.

24. artikulua. (Idazketa berria).

Zeharka kudeatutako Udalaren kirol instalazioen kasuan, haien kudeaketaren esleipena duen entitateari dagokio kirol eremuen erabilera esleitzea, bere prozedurei jarraituz, ezertan ukatu gabe Tuterako Udalak dituen ikuskapen, kontrol eta gainbegiratze ahalmenak.

25. artikulua. (a eta c letren idazketa berria).

a) Debekatuta dago kirol instalazioetan erretzea, aire zabalekoetan izan ezik.

c) Oro har, debeku da animaliak sartzea Udalaren kirol instalazioetan, Udalak berariaz baimentzen ez badu behintzat, eta betiere ikusmen galera handi edo erabatekoa duten pertsonekin doazen itsu-zakurrak izan ezik.

26. artikulua. (d letraren idazketa berria).

d) Erabiltzaileek egoki juzgatzen dituzten oharrak, kexak eta iradokizunak egiteko eskubidea dute Udalaren kirol instalazioen funtzionamenduaren gainean. Udalak zuzenean kudeatzen dituen instalazioetan, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren (HLZ) bitartez eginen da eta zeharkako kudeatzen direnetan, berriz, instalazioetan bertan. Azken kasu horretan, erantzuna ematea enpresa kudeatzaileari dagokio.

31. artikulua. (Idazketa berria tituluari eta c, d, e letrei, eta f letra gehitu da).

Aldageletan aplikatuko diren arauak hauek dira:

c) Erabat debekatuta dago armairua erreserbatzea edo itxita uztea egun batetik bestera, salbu eta alokairuko armairuak dauden instalazioetan.

d) Giltza galduz gero, instalazioaren arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko.

e) Zazpi urtetik goitiko haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduaren eskutik ere.

f) Norberaren higieneko ekintza hauek debekatuta daude: depilatzea, azazkalak moztea eta txukuntzea, ilea tindatzea eta gorputzeko ileak kentzea. Orobat, ezin da jan, edan eta arriskutsua gerta daitekeen kristalezko gairik edo antzekorik sartu, hausten badira erabiltzaileei kalte egin diezaiokeenik.

32. artikulua. (Idazketa berria b, g, k, m letrei, eta 1 puntuari n letra gehitu zaio; 3. puntua ezabatu da; 4. puntua ezabatu da, puska bat 33. artikulura pasatuta; letra guztiak berriz ordenatu dira).

1. Arau orokor hauek ezarri dira igerilekuetako ur bazterretan eta igeri-ontzietan:

b) Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aitzin nahitaez dutxatu behar da. Halaber gomendatzen da bainatu ondoan dutxatzea. Debeku da horietan txanpua edo gela erabiltzea.

g) Kasu horretan ez dira sartzen igeri egiteko betaurrekoak, txanoa eta ur azalean irauteko beste edozein material.

d) Soroslea edo monitorea, igeri-ontziaren barrenean edo ur bazterrean, instalazioetako beste enplegatu bat gehiago da eta, beraz, arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei kargu hartzeko eta jokabide egokia zein den adierazteko ahalmena du.

m) Igeri-ontzira sartzeko pertsona guztientzat nahitaezkoa da txanoa jartzea. Gainera, debekatuta dago igeri-ontzira makillajearekin, kremekin edo aposituekin sartzea, eta, orobat, eritasun infekto-kutsagarririk baldin badu. Igeri-ontzira bainujantziarekin sartu beharko da eta debekatuta dago azpiko arropekin edo kaleko arropekin bainatzea, bai eta orobat, bikiniaren goialdekorik gabe edo biluzik. Bi urtetik beherakoek nahitatez erabili beharko dute bainatzeko pixoihala.

c) Jarduera antolatuetarako alde edo kaleetan ezin dira sartu haietan izena eman ez dutenak, jarduerak dirauen bitartean.

33. artikulua. (Tituluaren idazketa berria, bai eta a, b, c, d eta f letrena ere; g eta h letrak ezabatu egin dira).

33. artikulua. Arau hauek ezarri dira bainuetxerako eta hidroterapia aintzirarako.

a) 16 urtetik gorako erabiltzaile eta abonatu guztiek erabili ahalko dute igeri-ontzia hidromasajerako ordutegian.

b) Aintzirako igeri-ontzira sartu eta ateratzeko eskailerak erabili beharko dira nahitaez.

c) Horietako bakoitzean gehienez ere 10 eta 15 minutu bitartean egon ahal da, betiere jendea sartzeko esperoan baldin badago.

d) Gomendagarria da espazio horietan sartu aurretik haiek erabiltzeko aholku eta gomendioak irakurtzea, erabiltzaile guztien eskura egonen baitira.

e) Erabat debekaturik dago haien barrenean bizarra kentzea, baita jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea, eta, orobat, txanpua edo gela erabiltzea.

f) Haietara oinutsik edo txankletak jantzita joan behar da, instalazioko langileak izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero.

35. artikulua. (Idazketa berria tituluari eta a, b eta c letrei).

Teniseko eta padeleko pistak erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Horietan, soilik tenisean eta padelean aritu daiteke.

b) Esparru hori erabili nahi dutenak gehienez ere ordu eta erdiz aritu ahalko dira, betiere bi pertsona baino gehiago badaude, eta kirolean ari daitezke gehienez ere lau pertsona, binaka ariz gero.

c) Tenis eta padeleko pistak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

36. artikulua. (Idazketa berria b letrari).

b) Squash pista gehienez ere ordubetez erabil daiteke.

38. artikulua. (Idazketa berria tituluari).

Kirol pista estaliak eta jarduera zuzenduen gelak erabiltzeko arau hauek ezarri dira.

39. artikulua. (Idazketa berria tituluari eta a, b eta d letrei).

Muskulazio eta bihotz-hodietako gelak erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Nahitaezkoa izanen da 16 urte beterik izatea muskulazio geletara sartzeko, nahiz eta 12 urte beterik dituztenei bihotz-hodietako makinak erabiltzen utziko zaien, betiere adin txikikoaren legezko ordezkariak sinatutako baimena aurkezten badiete instalazioaren arduradunei.

b) Bihotz-hodietako makinak gehienez ere 30 minutuz erabil daitezke, makina bera erabili nahi duen beste pertsonarik bada.

d) Nahitaezkoa da eskuoihala erabiltzea makina eta aparailuetako izerdia, bai eta lurrekoa ere xukatzeko. Erabili ondotik, elementu mugikorrak dagokien tokian utziko dira.

41. artikulua. (b letraren idazketa berria).

b) Udalak bertan behera utzi ahalko ditu entrenamenduak egiteko edo partidak jokatzeko ematen dituen baimenak, zelaia erabili aurreko lau orduetan (eskatu duen taldeari abisu emanda, ahal izanez gero) edota jarduera hasita dagoela, erabakitzen badu hobe dela zelaia ez erabiltzea, euria, ekaitz elektrikoak edo matxuraren bat izateagatik.

42. artikulua. (a letraren idazketa berria).

e) Debekaturik dago pintadak egitea (Udalak aldez aurretik baimendutako horma irudiak edo graffitiak izan ezik), jatea, edatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

44. artikulua. (f letraren idazketa berria).

f) Piraguak erabiltzeko ordutegia bat etorriko da Ribotas Udal Instalazioen irekiera ordutegiarekin, bertan gordetzen baitira kirol-gai horiek.

48. artikulua. (Idazketa berria eman zaie 1, 2, 3 eta 4. puntuei; b letraren bigarren eta hirugarren lerroaldeak ezabatu dira).

Zehapenera iritsi bitarteko prozedura hau da:

1. Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

2. Sartzeko bitartekoa (karneta, eskumuturrekoa, eguneko sarrera...) desaktibatu eginen da, dagokion espedientea tramitatu eta arau-haustea egin duen erabiltzaileari, bidezkoa bada, zehapena jarri arte.

3. Sartzeko bitartekoa desaktibatuko da ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean, baldin eta zehapenak instalazioa erabiltzeko eskubidea aldi baterako kentzen badu.

4. Behin egun horiek iraganez gero, sartzeko bitartekoa berriz aktibatuko da eta erabiltzaileak instalazioa berriz erabili ahalko du.

49. artikulua. (Idazketa berria).

Hutsegite arinek instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua ekarriko dute berekin; aldi hori 3 egunetik 14 egunera bitartekoa izanen da, arau-haustearen egunetik kontatzen hasita.

XEDAPEN IRAGANKORRA (Idazketa berria)

Erregelamendu honetatik kanpo gelditzen dira Tuterako Hiria udal estadioa eta Lourdes futbol zelaiak, Udalak egindako erabilera esleipenak indarrean diren bitartean.

Iragarkiaren kodea: L1407708