109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2014ko maiatzaren 8an egin osoko bilkuran, Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza aldatzeko espedienteari aurkeztutako alegazioak ebatzi eta aldaketaren testua behin betiko onetsi zuen. Hona hemen emaitza:

ALDAKETA, EGUESIBARKO UDALAREN MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN. ESPEDIENTEARI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAREN ERANSKINA

Atarikoa

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantzaren edukia eta ondorioak aztertu ondotik, agerian gelditu da bertako zenbait manu aldatu beharra dagoela, honako ondorio hauek lortzeko:

1.–Baimenak emateko udal jardueraren kudeaketa erraztea eta argitzea, ezberdinduz batetik merkataritza ez egonkorra garatzeko baimena, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 7-d) artikuluak aipatzen duena, alegia, eta bestetik, erabateko ondare izaera duena, lurzoru publikoa okupatzeko.

2.–Merkataritzako jarduera garatzeko okupazio baimenak urtebeterako ezezik, hilabeteko, hiruhileko edo seihileko epeetarako ere eman ahal izatea.

3.–Saltokiak eskatzaileen beharren arabera malgutasun handiagoarekin arautzea eta salgaien araberako banaketa egitea.

4.–Tasen sorrarazpen epeak zehaztea baimendutako denboraldi ezberdinen arabera eta haien ordainketa zatika egiteko aukera eta kasuak zehaztea.

Azkenik, proposatu da beharrezkoa dela koordinatzea merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza eta lurzorua okupatzeko tasen ordainarazpena arautzen duen ordenantza, ordainketak zatikatzeari dagokionez, okupazioak urtebetekoak direnean. Hortaz, xedapen gehigarrian bigarren ordenantza horren aldaketa lantzen da, dagokion atalean.

Horrenbestez, Eguesibarko Udalak egokitzat jotzen du aipatutako aldaketa egitea ondorengo testu artikuluduna erabiliz:

Lehenengo artikulua.–Ordenantzaren 4. artikulua, c) eta d) ataletan, honela geldituko da aurrerantzean:

“c) Salgai mota bakoitzerako saltoki kopuru jakin bat ezarriko da, Eguesibarko Udaleko Merkataritzako Informazio Batzordeak urtero berrikusiko duena, unean uneko eskaria baloratuz. Berrikuspenik egiten ez bada, azkenekoz ezarritako saltokien kopuruak eta tipologiak jarraituko du indarrean.

d) Sasoiko langileendako erreserbaturiko saltokien kopurua aurreko atalean ezarritakoa baino hiru gehiago izanen da gehienez, eta soilik euren ekoizpenak, eta sasoiko produktu edo salgaiak saltzeko. Sasoiko salgaitzat jotzen dira barkilloak, gaztainak, palmondo adarrak, izeiak eta turroiak, besteak beste, baita herriko festekin ikusteko duten horiek ere, betiere norberak ekoitziak direlako egiaztapenarekin.”

Bigarren artikulua.–Ordenantzaren 5. artikulua honela geldituko da etorkizunean:

“5. artikulua. Eguesibarren kalez kaleko salmentan aritzeko aldez aurreko baimena beharko da eta hori Udaleko zerbitzuek tramitatuko dute.

Baimenak hilabeterako, hiru hilabeterako, sei hilabeterako eta urtebeterako izan ahalko dira, betiere denboraldi naturalak direla ulerturik.

Baimen guztiak dagokien epearen azken egunean iraungiko dira.

Urtebeteko baimenak urte bakoitzeko azaroaren 1etik 15era bitarte eskatu beharko dira. Gainerako baimenak edozein unetan eska daitezke, baina betiere eskabidea egin deneko hilabeteko, hiruhileko edo seihilekoko denboraldi naturalaren azken egunean iraungiko dira, udaletxean aurkeztu den une zehatza edozein delarik ere.

Merkataritzako jarduera garatzeko udal baimenak eremu publikoaren okupazioa ere baimenduko du eta horretako baldintzak zehaztuko ditu, betiere indarrean den legediarekin eta udal ordenantzekin bat.”

Hirugarren artikulua.–6. artikuluari 6.3. atal berria gehitu zaio. Hona hemen:

“6.3.–Eskabideekin batera aurreko baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak erabiliko dira.

Udalak ikusten badu baldintza horiek betetzen direla frogatzeko agiririk ez dagoela, akatsak konpontzeko errekerimendua eginen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarri bezala. Agiririk aurkezten ez bada horretarako ezarritako hamar eguneko epean, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.”

Laugarren artikulua.–Ordenantzaren 8. artikulua honela geldituko da etorkizunean:

“8. artikulua.

8.1.–Udal mugapean merkataritza ez egonkorrean aritzeko baimen orok aldez aurretiko eskabide idatzia beharko du eta bertan adieraziko da, besteak beste, hilabeteko, hiruhileko, seihileko eta urtebeteko denboraldi naturalerako eskatzen den.

8.2.–Urte bakoitzeko abenduaren 31n legozkeen saltoki hutsak esleituko zaizkie hurrengo urte osorako baimena eskatu dutenei. Esleipenean lehentasuna izanen dute aurreko ekitaldian urtebeteko baimenen onuradunak izan diren merkatariek.

Saltoki baten esleipen-hartzaile izaterik lortu ez duten urtebeteko baimenen eskatzaileekin itxaron zerrenda eginen da, urtean zehar izan daitezkeen saltoki hutsak eskaintzeko, betiere eskabidearen data eta orduaren araberako ordena zorrotz jarraituz.

8.3.–Epe murritzagoetarako gainerako eskabideek baimena jasoko dute soilik Udalak hasiera batez ezarritako saltokiak hutsik gelditzen badira, urtebeterako baimenak eman ondotik.

8.4.–Saltoki hutsetan merkataritzan aritzeko baimenak emateko irizpideak hauek izanen dira: produktuen aniztasuna edo eskainitako zerbitzuena, eskatzaileraren inguruabar sozialak, momentu bakoitzean bailarako biztanleen aldetik dagoen produktuen edo zerbitzuen eskaria.”

Bosgarren artikulua.–Ordenantzaren 12. artikulua honela geldituko da etorkizunean:

“12. artikulua. Bai kamioi-dendei baimendutako salmentek bai saltokiek gutxienez hiru metroko eta gehienez hamar metroko salmahaia izanen dute”.

Seigarren artikulua.–Ordenantzaren 18. artikulua honela geldituko da etorkizunean:

“18. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

1. Berme edo fidantzak uztea hala eskatzen den kasuetan.

2. Ordainarazpenak tasen bitartez edo Udalak legeari jarraituz ezarria duen beste edozein modutan ordaintzea.

Bide publikoko lurzoruaren okupazioari dagozkion ordainarazpenen sorrarazpena Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz gertatuko da. Eskabidea dagokion hilabeteko, hiruhileko edo seihilekoko denboraldia hasia denean egiten bada, kontzeptu horrengatik ordaindu beharreko kuota denboraldi osoari dagokiona izanen da.

Tasa zatika ordaindu ahalko da soilik urtebeteko iraupena duten baimenetan. Zatiki bakoitzeko ordaintzeko egunek bat eginen dute hiruhileko natural bakoitzaren hasierarekin.”

Xedapen iragankor bakarra.–Aldaketa honek indarra hartzen duen egunetik 2014ko abenduaren 31ra bitarteko eperako, saltokien kopurua eta tipologia ondoko hau izanen da:

–Fruta eta barazkiak: lau saltoki.

–Gazta, bakailaoa, hestebeteak, arrautzak, lekaleak eta antzekoak: bi saltoki.

–Kontserbak, ozpinetakoak, ardoa eta antzekoak: bi saltoki.

–Pastelgintza, gozogintza eta antzekoak: bi saltoki.

–Gainerako produktuak (ehungintza, oinetakoak eta antzekoak): bi saltoki horietako bakoitzeko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzako “Zoruko aprobetxamendu bereziak” izeneko 1. epigrafeko 1.2 atala aldatuko da, ordainketaren zatikapenei dagokienez, edukia bateragarria izan dadin zatikapenen aldaketa honekin.

Azken xedapena.–Aldaketa honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duten eskumena erabiltzeko legez ezarritako hamabost eguneko epea iraganda.

Argitara ematen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatua betetzeko.

Sarrigurenen, 2014ko maiatzaren 9an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1407090