109. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

262/2014 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Politikaren arloko Ikuskapen Plana onesten duena, 2014. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Halaber, foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema egokia eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua, alde batetik, 3., 6., 7. eta 8. artikuluetan dago zehaztuta, horietan ezartzen baita nor diren gizarte zerbitzuen hartzaileak eta zein eskubide eta betebehar dituzten.

Beste alde batetik, gizarte zerbitzuen sistema publikoa ere foru legearen aplikazio eremuaren barrenean dago. Foru legearen 9. artikuluak dioenez, Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten prestazio tekniko eta ekonomikoek, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute sistema hori. Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 76. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortu eta haiei eustea. Baimen horien xedea baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea da.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dio gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuak ikuskatzeko planen prestaketa, eta hark kontrolatu eta koordinatuko du ikuskapen lana. Azkenik, Ikuskapen Atalak, gizarte gaien, familiaren, adin txikikoen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, hurrengo hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuak ematen dituztenek eta horiek hartzen dituztenek gizarte zerbitzuak erregulatzen dituzten arauetan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen zaintza eta errespetua ere kontrolatu behar baitira. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, integratua eta banakakoa jaso dezaten ere zaindu behar da.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketako lerro nagusien oinarriak.

2014ko Ikuskapen Planak jarduteko 6 ildo nagusi ditu. Horietako bakoitzaren barnean programak daude, non jarduketek irismen desberdina izanen baitute.

I. eta II. ildo nagusiek erabiltzaileen eskubideekiko errespetua eta zentroen eta zerbitzuen funtzionamendua dituzte ardatza.

III. ildo nagusiaren jarduketak ardatza du zentroen eta zerbitzuen funtzionamenduari edo jarduketari buruzko alderdi zehatzen gaineko ezagutza zorrotzagoa.

IV. ildo nagusiak jarduketak koordinatzen ditu Gizarte Zerbitzuen Erregistroarekin, hori eguneratuta edukitzeko, funtzionamendurako baimenekin bat.

V. ildo nagusiaren jarduketak beste departamentu eta erakunde batzuekiko koordinaziora zabaltzen dira, bere eskumeneko gaiak direla-eta eragina dutenean gizarte zerbitzuen arloko zentro eta zerbitzuetan.

Azkenik, VI. ildoak, Gizarte Politiketako Departamentuan 2014rako ezarritako planekin bat, boluntariotza du bere jarduketaren ardatza.

Edonola ere, gizarte zerbitzuen ikuskapena egiteko lanek eraginkortasun eta eragimen handiagoa izan ditzaten, 2014ko planak aldaketa garrantzitsua dakar ikuskatzeko jardunen metodologian eta garapenean. Halatan, zentroek eta zerbitzuek aldez aurretik bete beharreko autoaitorpena ezartzen da oro har, eta ikuskapen arrunteko bisiten aurreabisua egiteko irizpidea finkatzen da, ikuskatzeko jardunak gardenagoak eta bizkorragoak izan daitezen, ezertan ukatu gabe jardun horiek egin daitezkeela aurreabisurik gabe.

Aurretik adierazitakoa gorabehera, aldez aurreko abisurik gabe, lanegunetan eta jaiegunetan eta edozein ordutan, ikuskapen bisitak egin daitezke (tematikoak zenbait arlotan), gai jakin batzuk zorrozki egiaztatzeko zentroen funtzionamenduari buruz edo haiek erabiltzen dituzten pertsonen gaineko arretari buruz.

Zentroei eta zerbitzuei egiten zaizkien ikuskapen arrunt eta tematikoekin batera, ofiziozko ikuskapenak eginen dira zerbitzuetan, haietan desadostasunak atzematen direnean baimeneko baldintzen eta erregistroko datuen artean. Ikuskapen horietan, dokumentazioaren errekerimendua edo zerbitzu horiek ikuskatzeko bisita egin daiteke.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gizarte Politikaren arloko Ikuskapen Plana onestea, 2014. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.

3. Ikuskapen Plana Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2014ko apirilaren 25ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Ikuskapen Plana 2014. urterako

Lehena.–Organo arduraduna.

Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da zentroak eta zerbitzuak ikuskatzeko ardura duen unitatea eta plana gauzatzeko erantzukizuna duen organo administratiboa, uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak Gizarte Politiketako Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena.–Helburuak.

A.–Helburu orokorrak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek laguntza banakakoa, osokoa eta kalitatezkoa, beren beharretarako egokia, jaso dezaten arduratzea.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentroak eta zerbitzuak baliabideei eta eginkizunei buruzko araudi indardunari egokitzea. Horrela, kalitateko laguntza emateko gai diren gizarte zerbitzuen sarea sendotuko da.

4. Laguntza zentroetako langileei aholkuak ematea arretaren hartzaileen bizi kalitatea hobetzeko, haien duintasuna, askatasuna eta autonomia babestuz.

5. Hobekuntzei, eskariei eta jardunbide egokiei buruzko beharrak atzematea laguntza zentroetan.

B.–Berariazko helburuak.

1. Zentroei aholkua eta prestakuntza ematea loturen arloan, legezkotasuna zaintzeko eta loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko, horrela erabiltzaileen duintasuna, askatasuna eta autonomia babestuz.

2. Zentroekin elkarlanean, banakako arreta plana sustatzea, erabiltzaileen arreta osokoa eta kalitatezkoa izan dadin eta legea bete dadin begiratzeko.

3. Zentroen eta zerbitzuen erabiltzaileak noraino dauden pozik jakitea eta hori ebaluatzea.

4. Koordinazioa eta elkarlana areagotzea Nafarroako Larrialdietako Agentziarekin eta Osasun Departamentuarekin, erakunde horiek ukitzen dituzten kontuetan.

5. Kalitateari buruzko irizpideak eta erreferentziako gutxieneko protokoloak sustatzea, erabiltzaileen arreta zuzenaren inguruan.

6. Informazio analisiak egitea zentroetan eta zerbitzuetan gai zehatz bat oro har nola dagoen jakiteko.

7. Ikuskatzeko jardunaren eragimena hobetzeko jarduketak betetzea, esku hartzeko prozedurak eta ikuskatzeko adierazleak etengabe hobetuz eta berrikusiz.

8. 2014ko ikuskapen planaren berariazko helburua da gutxienez ikuskatzeko bisita bat egitea egoitza zentroen eta eguneko zentroen %100ean, arlo hauen gainean: mendekotasunaren arreta, adineko pertsonen arreta, adingabeen arreta, desgaitasuna dutenen arreta eta gaixotasun mentala dutenen arreta.

Ikuskapenaren bidez, batez ere, zentro eta zerbitzuen funtzionamendurako eskatzen diren baldintza orokorrak eta zerbitzu bakoitzeko berariazko baldintzak betetzen direla egiaztatu behar da.

9. Laguntzen hartzaileek horiek jasotzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela kontrolatzea.

10. Urteko memoria bat prestatzea ikuskapenaren jardunei buruz.

Hirugarrena.–Aplikatzeko araudia.

Ikuskapen lanetan gizarte politikaren arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Honako arau hauek erabiliko dira gehienbat ikuskapen lanetan:

1. Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2. Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua. Aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraituz aplikatuko da.

3. Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea.

4. Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

5. Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

6. Itun bakoitzeko kontratu-arauak.

Laugarrena.–Prozedura.

Gizarte Politiketako Departamentuaren 2014ko ikuskapenak plan honetakoak dira, baita salaketak, kexak eta erreklamazioak aurkeztearen ondorioz egiten direnak, zentro eta zerbitzu berrien funtzionamendurako baimenak eskatzearen ondoriozkoak edo emandako baimenak aldatzearen ondoriozkoak ere.

Jarduketa bereziak ere egin ahal izanen dira, zuzendaritza nagusiaren aginduz, nork bere ekimenez edo beste organo batzuen eskaera arrazoituari erantzunez.

Bosgarrena.–Medologia.

Ikuskapena egiteko lanek eraginkortasun eta eragimen handiagoak izan ditzaten, 2014ko ikuskapen planak aldaketa garrantzitsuak dakartza ikuskatzeko jardunen metodologian eta garapenean.

a) Zentro eta zerbitzu bakoitzerako erreferentziako ikuskatzaile bat finkatzen da, koordinazioa hobea izateko eta helburu orokorraren euskarri izateko zentroetan eta zerbitzuetan hobekuntzak atzemateari eta aholkuak emateari dagokienez.

b) Zentroetako arduradunek aldez aurretik bete beharreko autoaitorpena ezartzen da oro har, ikuskapen arrunteko bisiten aurreabisua eginda. Horrela, ikuskatzeko jardunak gardenagoak eta bizkorragoak izanen dira, ezertan ukatu gabe jardun horiek egin daitezkeela aurreabisurik gabe.

Ikuskatzailetza Atalak autoaitorpena igortzeaz eta bisita egiteko eguna jakinarazteaz gainera, adieraziko du zein den jarduketa egiteko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta hori egun horretarako egon beharko da eskuragarri.

c) Autoaitorpenak frogatzeko bidea ikuskatzaileek eskatutako dokumentazioa izanen da, edo ikuskatzaileek zuzenean ikusten dutena, edo zentroetako arduradunek emandako informazioa, edo zentroaren erabiltzaileek emandako informazioa, edo zehazten ahal den beste edozein bide.

d) Ikuskapen Atalera igorri beharko dira autoaitorpenak, bisita egin baino 10 egun lehenago gutxienez. Zentroek autoaitorpenak itzultzeko epea iraganda, horiek ez badaude igorrita Ikuskapen Atalera, ulertuko da hori ikuskapen lanerako oztopo dela. Halakoetan, ohiz kanpoko ikuskapenak eginen dira eta arau-hauste larritzat zehatzen ahal da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86.n) artikuluan ezarritako moduan.

e) Ikuskapen arruntez gainera, beste ikuskapen bisita batzuk ere egin daitezke, horien arrazoia edozein delarik ere, eta lanegunetan nahiz jaiegunetan egin daitezke, egunean zein gauean, aldez aurretik abisatu gabe.

f) Salaketen, baimenen, egiaztapenen edo ondoriozko ikuskapenak, edo ikuskapen arruntetan behar bezala frogatuta ez dagoena argitzeko edo osatzeko egiten direnak, orobat, lanegunetan zein jaiegunetan egin daitezke, egunean nahiz gauean, aldez aurretik abisatu gabe eta ikuskatzailearen hautura.

g) Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietara sartu ahal izanen dira. Era berean, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie. Ikuskatzaileen lana oztopatzea arau-hauste larritzat jotzen da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluko n) letran.

Ikuskatzaile akreditatuak identifikatuta hasiko dira bisitak. Horiek ikuskapenaren arrazoiaren berri eman behar dute.

Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanda ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahal dira, egunez edo gauez.

Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete behar dituzte.

Departamentuko organo eta erakundeek Ikuskatzailetzari lagundu behar diote ahalik arinen eta eraginkortasunez, hala eskatzen zaien guztietan.

h) Plana gauzatu aurretik, ildo nagusi bakoitzaren ikuskapenaren prozedura administratiboak onetsiko dira (autoaitorpena, kontrol zerrenda, datu basea, gogobetetze inkestak, gomendioen, desadostasunen eta zehapenen prozedura...).

Oro har, ikuskapen arruntaren txostenak 45 eguneko epean prestatu behar dira, ikuskapen bisita egin zenetik hasita.

Oro har, baimenari, aldaketari edo jardueraren bukaerari buruzko txostenak 45 eguneko epean prestatu behar dira, ikuskapen bisita egin zenetik hasita.

Oro har, salaketen ondoriozko ikuskapen txostenak 45 eguneko epean prestatu behar dira, ikuskapen bisita egin zenetik hasita.

Epe horiek etenda egonen dira zentroei edo zerbitzuei dokumentazio osagarria eta/edo argigarria eskatzen zaienetik hori aurkezten duten arte.

Seigarrena.–Jarduteko ildo nagusiak.

Jarduteko ildo nagusiek hurrengo helburuak lortzea izanen dute xede:

Gizarte zerbitzuen hartzaileei, batez ere egoitzetan daudenei, beren eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzea. Eragin berezia lotura fisiko eta farmakologikoen eremuan eta banakako arreta planak ote dauden kontrolatzen eta berrikusten, aholkularitza lana egitearren haien formari eta edukiari buruz, indarreko araudia betez.

Halaber, parte hartzeko sistemak, kexak eta iradokizunak egitekoak eta protokoloak eta erregistroak ote dauden egiaztatuko da.

Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzea, segurtasun arauak bete daitezen indar eginez, baita giza baliabideen eta langileen kudeaketaren arloan ere.

Informazioa biltzea zentroen eta zerbitzuen funtzionamenduaren inguruan, haien egoera orokorra ezagutzeko asmoz, etorkizunean jarduketa planak egin ahal izateko. Bildu beharreko informazioaren barnean, garrantzitsua da jakitea zein diren laguntzaren arloan eta enpleguaren kalitatearen arloan zentroetan egiten diren jardunbide egokiak.

Baimenaren baldintzen eta erregistroko datuen arteko balizko desadostasunak konpontzea dokumentazio administratiboa eskatuz edo ikuskapen bisitak eginez zentro eta zerbitzu horietara.

Koordinazioa eta elkarlana areagotzea Nafarroako Larrialdietako Agentziarekin eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin, erakunde horien arloko kontuetan.

Kasuan kasuko zentsuan sartzeko eskatzen duten boluntariotza entitateek indarreko araudian eskatutako baldintzak betetzen dituzten ausaz kontrolatzea.

Gizarte Politiketako Departamentuak emandako laguntza ekonomikoak jasotzen dituztenek indarreko araudian eskatutako baldintzak betetzen dituzten kontrolatzea.

Zazpigarrena.–Ildo nagusiei dagozkien jarduketa programak.

1.–I. ildo nagusiko programak.

I.1 programa.

Helburua: egiaztatzea gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz.

–Jarduketaren edukia:

Ikuskapen bisitak egitea egoitzako arretarako zentroetara, ondoko eskubide hauek ardatza izanik:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko. Erabiltzaileek zentroaren edo zerbitzuaren barne erregelamendua ezagutzen duten kontrolatuko da bereziki.

3. Banakako laguntza jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek banakako arreta planik ote duten erabiltzaile bakoitzeko, eta ea profesional eskudunek gutxienez urtean behin aztertu duten.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuaren erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, Partaidetza Kontseiluen bitartez, horien eraketa eta urteko bilkura araudi aplikagarriak ezartzen baditu. Ildo horretan, haren osaera eta eraketa aztertuko da, baita bilkuren aktak ere, bai formaren aldetik bai edukiaren aldetik.

7. Sendagileek agindu eta gainbegiratu ezean, inolako immobilizazio edo murrizketa fisikorik edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, salbu eta erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako berehalako arriskua badago.

Horretarako, lotura fisikoen eta farmakologikoen arloan, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuan aurten ere lan eginen da zentroei aholkuak emateko, loturen erabilera arrazionala izan dadin, eta irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuaren aginduak bete daitezen. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen da.

Loturen eta baranden erregistrorik ote dagoen aztertuko da, bai eta neurri horiek aplikatzeko jarduteko protokolorik ote dagoen ere, horri lotuta dauden egoitza zentroetan eta eguneko zentroetan.

–Jarduketa eremua:

Egoitza zerbitzuak mendekotasuna dutenen, adinekoen eta desgaitasuna dutenen arretarako.

2.–II. ildo nagusiko programa.

II.1. programa.

Helburua: arauei buruzko baldintzak bete ote diren egiaztatzea, baita zein den egoitzako zentroen zerbitzuak eta zentroetako kalitatea ere.

–Jarduketaren edukia:

Autoaitorpenaren bidez eta ondotik zentroetan eta zerbitzuetan ikuskapen bisita eginez, zentroen eta zerbitzuen baldintza materialak eta funtzionalak betetzen ote diren egiaztatzeko.

Bidezko egiaztapenak eginen dira, besteak beste eta berariaz, ondoko hauek:

A.–Zerbitzuek banakako arreta plan bat ote duten erabiltzaile bakoitzerako, eta hori profesional eskudunek gutxienez urtero berrikusten duten.

Alde horretatik, dokumentu horiek jaso beharreko gutxieneko edukian eginen da indarra, baita haiek prestatzen eta berrikusten aritu behar duten profesionaletan ere. Zehazki, egiaztatuko da zentroko diziplina anitzeko taldeak banakako arreta plana behar bezala prestatuta dagoela, horretan erabiltzaileak eta/edo familiakoek edo hurbilekoek parte hartuta, eta plana gutxienez urtean behin berrikusten dela. Hori dela eta, horri buruzko araudi indarduna betetzea errazteko, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak banakako arreta planak prestatzeko gida praktiko bat argitaratuko du.

B.–Erreferentziazko langileen garrantzia eta kopurua, erabiltzaileen zainketa pertsonaletan jartzen den arreta eta erabiltzaileek itxura egokia izatea jantziei dagokienez.

C.–Segurtasun arauak, betekizun administratiboak, garbiketa eta abar betetzen ote diren.

–Jarduketa eremua:

Egoitza zerbitzuak eta eguneko zentroak, mendekotasunaren arreta, adinekoen arreta, desgaitasuna edo gaixotasun mental dutenen arreta eta adingabeen arretarako zentroak.

II.2. programa.

Helburua: arauei eta kontratuei buruzko baldintzak bete ote diren egiaztatzea, egoitzako zentroen zerbitzuei eta zentroetako langileei dagokienez.

–Jarduketaren edukia:

Bidezkotzat jotzen diren frogabideen bitartez (fitxaketak, egiaztapena bisitan zehar, kotizatutako egunak, etab.) egiaztatzea zentroko langile guztientzat erregelamenduz edo kontratuz ezarritako ratioak bete ote diren, baita lanpostuan egotearen gaineko kontrola ere, fitxaketez edo beste edozein frogabidez, zentroko langile guztientzat, zuzendaritzakoak eta teknikariak barne, zentroarenak izan edo azpikontratatuta egon.

Laguntza pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala eraginkorra eta egokia den ere kontrolatuko da.

Egiaztatuko da langileen prestakuntzarik ote dagoen.

–Jarduketa eremua:

Egoitza zerbitzuak eta eguneko zentroak, mendekotasunaren arreta, adinekoen arreta, desgaitasuna edo gaixotasun mental dutenen arreta eta adingabeen arretarako zentroak.

III. ildo nagusia.

Jarduketak helburu du zentroen funtzionamendurako zenbait punturen egiaztapen tematikoa egitea, edo arlo jakin batzuetan horren erabiltzaileen arretarena.

III.1. programa.

Helburua: egoitza zentroetan egiten diren loturen egoerari buruzko datuak eskuratzea.

Zuzendaritza Nagusiak egindako eskaerak hartzea, zorroztasunez egiaztatzeko zentroen funtzionamendurako zenbait puntu, horren erabiltzaileen arreta, eta izenpetutako itunetako puntu jakin batzuk.

–Jarduketaren edukia:

Ikuskapen bisitan informazioa eskatuz lortuko da, eta egoitza zentroetan eta eguneko zentroetan (eguneko arreta) erabiltzen diren loturei buruzko txosten orokorra prestatzeko moduko datuak bilduz.

Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen eskaeretan, horiek zein diren kontuan hartuta, zehaztuko dira haien edukia eta haiek egiteko modua.

–Jarduketa eremua:

Egoitza zerbitzuak eta eguneko zentroak, mendekotasunaren arreta, adinekoen arreta, desgaitasuna edo gaixotasun mental dutenen arretarako zentroak.

III.2 programa.

Helburua: apartamentu babestuen okupazio maila egiaztatzea, baita erabiltzaileen profila ere. Halaber, entitate titularren eta kudeatzaileen datuak egiaztatuko dira.

–Jarduketaren edukia:

Horretarako, entitate kudeatzaileei horren gaineko dokumentazioa eskatuko zaie. Ikuskatzailetza Atalari igorri beharko diote horretarako ezarritako epean. Dokumentazioa aztertzean zerbitzu horietara joatea eskatzen duen problemarik atzemanez gero, bisita aldez aurretik abisatuta edo ez eginen da, beharrezko egiaztapenak egiteko.

–Jarduketa eremua:

Apartamentu babestuak adinekoen arloan.

IV. ildo nagusia.

IV.1. programa.

Helburua: baimena emateko baldintzen eta erregistroko datuen arteko desadostasunak konpontzea.

–Jarduketaren edukia:

Dokumentazio administratiboa eskatuz edo zentro eta zerbitzu horietan ikuskapen bisitak eginez.

–Jarduketa eremua:

Arau bidez Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik egon behar den edozein zerbitzu.

V. ildo nagusia.

V.1 programa.

Helburua: elkarlanerako eta koordinaziorako bitartekoak ezartzea gizarte zerbitzuak ikuskatzeko zerbitzuaren eta, haien jarduketa eremua dela-eta, gizarte zerbitzuen zentroetan eta zerbitzuetan aritzen diren erakundeen artean.

–Jarduketaren edukia:

Aldian aldiko bilkuretan lortuko da, zentroen eta zerbitzuen zenbait punturi buruzko ezagutzak trukatzeko, bikoizketarik egon ez dadin esku-hartzeetan, administrazioetako zerbitzuek egin behar dituzten jarduketen sinergiak bilatuz.

–Jarduketa eremua:

  • Nafarroako Larrialdietako Agentzia.
  • Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua.
  • Udal zerbitzuak.

VI. ildo nagusia.

VI.1 programa.

Helburua: Foru Komunitateko boluntariotza entitateei eta boluntariotza programak dituzten entitateei buruzko informazioa biltzea.

–Jarduketaren edukia:

Altak eta bajak (datak) dakartzan boluntarioen zerrenda eguneratua, urteko prestakuntza planak eta urtean gauzatu beharreko boluntariotza planak daudela frogatzen duen dokumentazioa, eta boluntariotza entitateen zentsuko inskripzioa eskatuz.

–Jarduketa eremua:

Gizarte zerbitzuen arloko entitateak.

VII. ildo nagusia.

VII.1 programa.

Helburua: laguntza ekonomikoak jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatzea.

–Jarduketaren edukia:

Ikuskapenak egiaztatu behar du, bidezkotzat jotzen dituen baliabideak erabiliz, benetan betetzen ote diren laguntza ekonomikoak jasotzeko ezarritako baldintzak.

–Jarduketa eremua.

Laguntza ekonomikoak jasotzen dituztenak.

Iragarkiaren kodea: F1407128