105. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 30ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Berriobeitiko Técnicas Industriales en Decoración, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Berriobeitiko Técnicas Industriales en Decoración, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008152012002), erregistro honetan 2014ko apirilaren 7an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkarien zati batek (ELA) 2014ko martxoaren 27an izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko apirilaren 30ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

INDIZEA

ATARIKO KAPITULUA

Indarraldia

1. artikulua. Alderdiak zehaztea.

1.1. artikulua. Indarraldia eta salaketa.

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

2. artikulua. Lurralde eremua eta eremu funtzionala.

3. artikulua. Langile eremua.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

4. artikulua. Arau orokorra.

5. artikulua. Antolaketaren edukia.

6. artikulua. Prestakuntza.

7. artikulua. Batzorde paritarioa.

8. artikulua. Lan denborak eta errendimenduak.

III. KAPITULUA

Enpresan sartzea, probaldia eta borondatezko lanpostu-uzteak

9. artikulua. Kontratazioak.

10. artikulua. Probaldiak.

11. artikulua. Lana borondatez uztea.

IV. KAPITULUA

Lan osasuna

12. artikulua. Lan osasuna.

13. artikulua. Laneko arropa eta ekipamendua.

14. artikulua. Absentismoaren konponbidea.

V. KAPITULUA

Lan denbora

15. artikulua. Lanaldia.

16. artikulua. Lan egutegia.

17. artikulua. Oporrak.

18. artikulua. Aparteko orduak.

19. artikulua. Eszedentziak.

20. artikulua. Lizentziak.

21. artikulua. Kontratua amatasunagatik etetea eta eszedentzia hartzea seme-alabak zaintzeko.

VI. KAPITULUA

Soldatei buruzko politika

22. artikulua. Ordainsarien sistema.

23. artikulua. Soldata igoerak.

24. artikulua. Aparteko pagak.

25. artikulua. Aparteko orduen ordainketa.

26. artikulua. Laneratze plusa.

27. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

28. artikulua. Urruntasun plusa.

29. artikulua. Soldaten bermea kasu hauetan: ospitaleratzea, lanbide-eritasuna, laneko istripua eta amatasuna.

30. artikulua. Konpentsazioa.

31. artikulua. Istripu indibildualetarako aseguru kolektiboa.

VII. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

32. artikulua. Eginkizunen araberako sailkapena.

33. artikulua. Lanbide taldeen definizioa.

VIII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

34. artikulua. Hutsegiteen eta zehapenen araubidea.

35. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

36. artikulua. Hutsegite arinak.

37. artikulua. Hutsegite larriak.

38. artikulua. Hutsegite oso larriak.

39. artikulua. Gehieneko zehapenak.

40. artikulua. Zehapenen araubidea.

41. artikulua. Preskripzioa.

42. artikulua. Agintekeria.

IX. KAPITULUA

Eskubide sindikalak

43. artikulua. Eskubide sindikalak.

X. KAPITULUA

Ordezko arauak

44. artikulua. Ordezko arauak.

45. artikulua. Sexuagatik bereizkeriarik ezaren eta berdintasunaren printzipioa, eta haurduntzaren babesa.

SOLDATEN TAULA

2014. urteko soldaten taula

ATARIKO KAPITULUA

1. artikulua. Alderdiak zehaztea.

Técnicas Industriales de Decoración S.L. (T.I.D.) entitatearen hitzarmen kolektibo hau sinatu dute, ugazaben aldetik, enpresako zuzendaritzak, eta langileen aldetik, sinatu duten langileen delegatuek, haien ordezkari baitira.

1.1. artikulua.–Indarraldia.

Hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izanen du (2013ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra), eta indarraldia bitartean, enpresak hitz ematen du ez dela Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan adierazitako prozeduraz baliatuko hitzarmena aplikatu gabe uzteko. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik hari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.

Hitzarmen hau bukatu ondoren, bi urteko aurreraeragina erabakitzen da, hots, 2018ko abenduaren 31ra arte. Enpresak hitzarmen honetan jaso diren konpromisoak onartzen ditu, langileek aurkeztutako eskaerei erantzuteko, betiere langileek hitz ematen badute hitzarmenak indarra duen bitartean ez dutela inolako erreibindikaziorik eginen hitzarmen honetan jasotzen den ezeri buruz, eta elkarrekin lan eginen dutela bake sozialari eustearen eta enpresa garatzearen alde.

Alderdiek hitzarmen hau sinatzen duten unetik beretik salatzen dute zuzenean. Hortaz, hitzarmena bukatu baino 15 egun lehenago, hau da, 2016ko abenduaren 16a baino lehen, negoziazio mahai berria eratu beharko da, hurrengo hitzarmenaren negoziazioak hasteko.

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

2. artikulua. Lurralde eremua eta eremu funtzionala.

Hitzarmen hau ‘’Técnicas Industriales de Decoración, S.L.’’, (T.I.D., S.L.) enpresak Berriobeitin gaur egun duen lantegian aplikatuko da, eta, orobat, enpresak Nafarroako Foru Komunitatean geroan ireki ditzakeen lantoki guztietan.

Hitzarmen honen eremu funtzionala nahitaez bete beharko dute Técnicas Industriales de Decoración, S.L. enpresaren lantegiko langile guztiek.

3. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmenak enpresan lan egiten duten langile guztiengan du eragina, zuzendaritzako langileak izan ezik.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

4. artikulua. Arau orokorra.

Lanaren antolaketa teorikoa eta praktikoa, hitzarmen honetan eta legeria indardunean xedatutakoari jarraituz, enpresako zuzendaritzaren ahalmena eta erantzukizuna da.

Lanaren antolaketaren helburua da produktibitate maila egokia lortzea, giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik eta ongien erabiltzetik abiatuta. Hori lortzeko ezinbestekoa da alderdi guztiek jarrera aktiboa eta arduratsua izatea, bai zuzendaritzak, bai langileek.

Lehenengo paragrafoan aipatutako ahalmena gutxietsi gabe, langileen ordezkarien ardura izanen da lanaren antolaketari eta arrazionalizatzeari buruz orientatzea, proposatzea, txostenak egitea, etab., indarra duen legeriaren arabera.

5. artikulua. Antolaketaren edukia.

Lanaren antolaketak, besteak beste, gai hauek ere hartuko ditu:

1.–Langileak eskatzen ahal den gutxieneko errendimendua lortzeko behar diren elementuak zehaztea (berariazko makinak edo lanak).

2.–Fabrikazio prozesuan zein kalitate den onargarria finkatzea, eta hondakinen eta galeren indizea horren arabera eskatzea.

3.–Langilearen esku jarritako makineria, instalazioak eta lanabesak zaintzea, haietaz arduratzea, egoki erabiltzea eta garbitzea.

4.–Langileak banatzea, hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera.

5.–Langintza metodoak, fabrikazio prozesuak edo eginkizunak aldatzearen ondorioz, eta makinetan eta lanabesetan, bai eta materialean ere, egindako aldaketa teknikoen ondorioz sortzen diren baldintza berrien lan kargak, errendimendua eta tarifak egokitzea.

6.–Langileei dagozkien ordainsariak kalkulatzeko formula errazak eta argiak finkatzea, arazorik gabe uler daitezen.

6. artikulua. Prestakuntza.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdien iritziz, langileen etengabeko prestakuntza elementu estrategiko bat da, enpresen lehiakortasuna hobetzeaz gainera, bide ematen baitu langilearen prestakuntza eta garapen profesionala bultzatzeko.

Enpresak gaitasun ikastaroak antolatuko ditu. Langile guztiendako irekiak izanen dira, aurretik eskatuta, betiere kasuan-kasuan eskatzen diren baldintza berariazkoak betez gero eta dauden tokien arabera.

Enpresaren helburuak lortzeko beharrezkoa den guztietan, prestakuntza eta birziklatze taula eta programak prestatuko dira teknologia berrietara egokitzeko. Jarduera horiek enpresaren kontura eta lanorduetan izanen dira.

Prestakuntzaren planak, edukiak eta hartzaileak prestakuntza batzordeak erabakiko ditu, eta izangaiak hautatzea ere haren esku egonen da. Batzorde horretan langileen eta enpresaren ordezkariak izanen dira.

7. artikulua. Batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat eratu da, kargua indarrean duten langileen delegatuek eta enpresako zuzendaritzak izendatutako pertsonek osatua, erdi eta erdi. Batzorde hori arduratuko da hitzarmen kolektibo honetako zehaztapenak interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen arazoez.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, arau hitzartu honen interpretazioan eta aplikazioan ager daitezkeen auziak batzorde paritarioak tramitatuko ditu nahitaez, beste edozein bidetara igorri aitzin.

Erabakiak taldeka hartuko dira, hots, alde batetik langileen ordezkaritzak, eta, bestetik, enpresako zuzendaritzarenak. Bi taldeak ados jartzen badira arauaren konponbidean edo interpretazioan, hartutako erabakiak hitzarmen kolektiboaren balioa eta eragina izanen du. Adostasunik lortzen ez bada, aldeek auzitegi eskudunetara jo dezakete, hala erabakitzen badute.

Bi aldeetatik edozeinek eska dezake batzordea biltzea, idazki baten bidez. Idazki horretan auzia azaldu, eta bileraren eguna proposatu beharko da. Bilera hori 7 egunera eginen da gutxienez, eta 15 egunera gehienez, eta planteatzen den auzia gehienez 10 egunean ebatzi beharko da, bilera egunetik kontatzen hasita.

Bi alderdiek espresuki erabaki dute desadostasunak konpontzeko prozesuak, betiere, Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekotzakoak izanen direla (edo Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalaren ordez Nafarroako Foru Komunitatean sortzen den hirualdeko organoan eratzen direnak). Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik hari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.

8. artikulua. Lan denborak eta errendimenduak.

Lan denbora edo lan karga behar bezala kronometratuak finkatuko dira katean lan egiten duten langileentzat. Karga edo pintura prozesuan edo besteren batean aldaketaren bat egin behar den bakoitzean denbora horiek berriro neurtu eta finkatuko dira, eta, aldaketaren bat egin behar izanez gero, ukitutako langileei jakinaraziko zaie. Langile baten edo gehiagoren karga handitu edo gutxitzen den bakoitzean ere berriz neurtu beharko dira denborak, lanaren kantitatea katearen abiadurari egokitzeko. Instalazio horren abiadurak ezin izanen ditu azkeneko berrikuspenean ezarritako balioak gainditu, harik eta denboraren eta errendimenduen beste berrikuspen bat egin arte.

Denborak eta errendimenduak aldatu nahi izanez gero, zuzendaritzak langileen ordezkariei horren berri eman beharko die.

Berrikuspenarekin ados ez dauden langileek banaka erreklamatzen ahalko dute, dela agintaritza eskudunaren aurrean, dela beren legezko ordezkarien bitartez.

Denborak pieza motaren, kolorearen eta euskarri bakoitzeko pieza kopuruaren arabera finkatuko dira, eta, horren ondorioz, taula publiko batzuk ezarriko dira, denboren eta errendimenduen berrikuspena egiten den bakoitzean eguneratuko direnak.

III. KAPITULUA

Enpresan sartzea, probaldia eta borondatezko lanpostu-uzteak

9. artikulua. Kontratazioak.

Unean-unean indarra duen legerian xedatutakoa, eta hitzarmen honen 33. artikuluan xedatutakoa (lanbide taldeak).

Behin-behineko kontratazioak ekoizpenaren beharrak direla-eta: 12 hilabeterako izanen dira, 18 hilabeteko epean. Behin-behineko kontratuak legez edo hitzarmen bidez ezarrita dagoen gehieneko iraupenetik behera egiten badira, bi alderdiak ados egonez gero, luzatzen ahalko dira, baina behin bakarrik. Hala, kontratuaren guztirako iraupena ezin izanen da adierazi den gehieneko iraupena baino luzeagoa izan.

Prestakuntza kontratua duten langileak gehienez ere urtebetez arituko dira pintore laguntzaile gisa. Hortik aurrera, pintore urgazle izatera igaroko dira. Talde horretan ere urtebetez egoten ahalko dira gehienez. Enpresak eta delegatu sindikalek baloratuko dute, lortzen diren emaitzen eta kalitate mailaren arabera. Eguna iritsita, eta kalitate maila lortzeko balorazioa egiten ez den bitartean, pintore urgazleak 181,809 euroko plusa jasoko du hilero, “baloratzeko zain” kontzeptu gisa. Balorazioa egin ondoren, plus hori desagertuko da. Hurrengo negoziazioetan, TID enpresako kategoriak garatu beharko dira. Garapen hori onestearekin batera, lehen aipatutako plusa irentsiko da. Laborategiko laguntzaileen eta administrari laguntzaileen taldeetako lanpostuetan langileak 4 hilabetez egonen dira gehienez, hortik laborategiko teknikarien eta administrazioko teknikarien kategoriara igaroko baitira.

10. artikulua. Probaldia.

Langileak enpresan lanean hastean proba gisa hasten direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada. Probaldiaren iraupena alda daiteke bete beharreko lanpostuen arabera, eta ez da, inondik ere, ondoko eskalan finkatutako denbora baino luzeagoa izanen:

–Teknikari tituludunak: 6 hilabete.

–Pintoreak (ofizialak): 2 hilabete.

–Titulurik gabeko teknikariak: 30 egun.

Gainerako langileak: 15 egun.

Probaldian, enpresak nahiz langileak lan kontratua bertan behera uzten ahal dute aurreabisurako eperik bete behar izan gabe eta kalte-ordaina izateko eskubiderik gabe.

Probaldia amaitzen bada atzera egiterik izan gabe, kontratuak ondorio guztiak sortuko ditu eta lanean aritutako aldia langilearen antzinatasunerako kontatuko da. Aldi baterako ezintasun egoerak probaldiaren konputua eten eginen du eta berriro abiaraziko da lanera benetan itzultzen denean.

Enpresek antolatutako prestakuntza ikastaroen denbora probaldiaren barnean sartuko dira ondorio guztietarako.

Aldi baterako laneko enpresa (ABLE) batekin egindako kontratazioaren bidez edozein langilek egindako zerbitzualdia probaldiaren barnean sartuko da, betiere lanpostu berean aritu bada.

11. artikulua. Lana borondatez uztea.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:

Teknikari tituludunak, titulu gabeak, pintoreak eta taldeko arduradunak: 30 egun.

Beste talde profesional batzuk: 15 egun.

Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, enpresak eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko soldata deskontatzeko atzeratzen den egun bakoitzeko.

Kontratua bukatutakoan, enpresak kontratua ez luzatzea erabakitzen badu, klausula bera aplikatuko da; bertan ezarritakoa bete ezean, antzeko kalte-ordaina ordaindu beharko dio langileari.

IV. KAPITULUA

Lan osasuna

12. artikulua. Lan osasuna.

Hitzarmena sinatu duten alderdien iritziz, ez da zilegi langileen osasunari eta segurtasunari kalte egitea lan baldintza txarrak izateagatik.

Arlo honetan egin beharreko ekintzak lanaren kalitatea eta giroa hobetzera zuzenduko dira, osasunaren prebentziora eta arriskuak kentzeko prebentzio neurriak bultzatzera.

Jarduketa horietan guztietan langileek parte hartuko dute arlo honetan eskudunak diren organoen bidez.

Fabrikazio prozesutik edo instalazioetatik etortzen diren arriskuei buruzko irizpideak eta esposizio-mugak finkatzeko orduan, nahitaez bete beharreko xedapen teknikoetan edo legezko xedapenetan zehaztutako mugak hartuko dira kontuan.

Langileentzako informazioa eta prestakuntza: Atal honetan Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Oro har, enpresak Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legearen inguruan aldian-aldian indarra duten xedapen guztiak bete beharko ditu.

13. artikulua. Laneko arropa eta ekipamendua.

Enpresa behartua dago langileei lanerako behar dituzten arropa hauek ematera:

Laborategiko langileak: bi mantal urtean.

Beharginak: bi galtza pare, bi kamiseta eta kirol-jertse bat, eta, legez eskatzen den kasuetan, baita segurtasuneko oinetakoak ere. Atari zabalean lan egiten dutenei txalekoak emanen zaizkie, baita horrelakoak beharrezkoak diren tokietan lan egiten dutenei ere.

Pintoreei txaleko bana emanen zaie 3 urtetik behin. Langileak egoera onean edukitzeaz arduratuko dira.

Langileen ordezkariekin adostuta, lanbide talde bakoitzeko kideentzat kopuruaren eta kalitatearen aldetik egokiak diren hornigaiak zehaztuko dira, babestuago egon daitezen eragile korrosiboei aurre egiteko.

Enpresa, halaber, behartua dago atari zabalean, maiz euripean, edo toki bereziki istildu eta lohitsuetan lan egin behar duten langileak arropa eta oinetako iragazgaitzez hornitzera.

Enpresak langileei eskatzen ahal die erabilitako jantziak itzul ditzatela berriak eman aurretik. Jantzi eta oinetako horiek aipatutako lanetarako baizik ez dira erabiliko.

Langileak behartuak daude laneko jantzi horiek erabiltzera, enpresak beharrezkotzat jotzen badu. Araua betetzen ez duen langileari zehapena jartzen ahal zaio.

14. artikulua. Absentismoaren konponbidea.

Akordio honen sinatzaileek onartzen dute absentismoak arazo larriak dakartzala gure gizartearentzat, eta ulertzen dute absentismoa murriztuko bada, langilearen presentzia lanpostuan segurtatzeaz gainera, enpresako eta Gizarte Segurantzako medikuntza zuzen antolatu behar dela eta laneko segurtasun, higiene eta ingurumenaren baldintzak egokitu behar direla, langileen osasun fisikoa eta psikikoa modu eraginkorrez babesteko.

Era berean, bi alderdiak ohartzen dira absentismoak, maila batzuk gainditzen direlarik, kalte larriak dakarzkiola ekonomiari, eta hura murriztu beharra dagoela, produktibitatean eragin negatiboa duelako.

Helburu horiek lortze aldera, zera erabaki dute:

1.–Ahalegin guztia egitea lan giroarekin zerikusirik duten arrazoien ondoriozko absentismoa desagerrarazteko, lan baldintzak zinez hobetze aldera, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) arauak kontuan hartuta betiere.

2.–Absentismoaren arrazoiak neurtu eta katalogatzean, neurketa horretan ez dira kontuan hartuko baimen ordainduei buruzko artikuluan ezarritako absentziak, aldez aurretik eta behar bezala justifikatuz gero.

3.–Absentismoa murrizteko (aurreko epigrafean ezarritakoaren arabera, aldi baterako ezintasun egoerak eta justifikatu gabeko absentziak hartzen dira absentismo gisa), laneko ezintasunaren osagarria jasoko da, bakar-bakarrik, soldataren bermeari buruzko artikuluan ezarritako kasuetan eta epeetan, hau da, ospitaleratzea, lanbide-eritasuna, lan istripua eta amatasuna dagoenean, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hori horrela, lehen aipatutako artikuluan aipatzen diren hutsegiteak ez dira absentismotzat hartuko.

4.–Absentismo kolektiboa. Kontingentzia arrunten ondoriozko ezintasun egoeran dagoen 4. egunetik aurrera, langileak soldata-kontzeptu finkoen %100 jasotzeko eskubidea izanen du. Kasuan kasuko hilabeteko ehunekoa %2,5 edo baxuagoa bada.

Ehuneko hori ateratzeko, kontuan hartuko dira azkeneko 30 egunetan plantillaren barrenean izan diren langile finkoak eta enpresak behin-behineko gisa kontratatu dituenak. Aldi baterako lan enpresetatik kontratatutako langileak eta azpikontratatuak ez dira inola ere sartuko. (ez dira kontuan hartuko haurdunaldirako arriskua izateagatik bajan dauden pertsonak).

V. KAPITULUA

Lan denbora

15. artikulua. Lanaldia.

Enpresako plantillako langileen urteko lanaldia 1720 lanordukoa da, baina hitzarmen honen indarraldia bitartean, urtero, benetako 1.696 lanordu erreal eginen dira, 221 lanalditan banatuak.

TID enpresak goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandak izan ditu orain artean, eta horrela segituko du. Txandak astero ezarriko dira, eta ordena hauxe izanen da: goizez, gauez eta arratsaldez. Aste berean egiten diren txanda aldaketak 48 ordu lehenagotik jakinarazi behar dira, eta betiere Langileen Estatutuan atseden hartzeko finkatutako orduak errespetatu beharko dira.

Hona hemen eguneko lanaldiak:

–Goizeko txanda: 6:00etatik 14:00ak arte.

–Arratsaldeko txanda: 14:00etatik 22:00ak arte.

–Gaueko txanda: 22:00etatik 06:00ak arte.

Atsedenaldia 20 minutukoa izanen da, etenik gabea.

Atsedenaldiak ordu tarte hauetan egin beharko dira:

–Goizeko txanda: 09:30 - 10:30.

–Arratsaldeko txanda: 17:30 - 18:30.

–Gaueko txanda: 01:30 - 02:30.

Atsedenaldia mugituz gero, ezin izanen da ezarritako ordu tarteetatik kanpo hartu. Adierazitako orduak atsedena hartzeko muga izanen dira.

1. nabeko eta Geinsako lanpostuetan, orduro 5 minutuko atsedenaldia eginen da aurreko 55 minutuetan etenik gabe pintatzen egon bada, baina 20 minutuko atsedenaldiarekin bat eginez gero, ezin izanen dira pilatu. Atsedenaldi horiek benetako lan denboratzat hartuko dira oso-osorik. Arrazoi ez-produktiboak direla kausa, langilea katetik 5 minututik gora lekutzen bada, pintatzera itzulitakoan, 55 minutu igaro beharko dira beste atseden bat hartu ahal izateko. Pintoreek atsedenaldi horiek “fitxatu” behar dituzte, hala 5 minutuak hasten direnean, nola bukatzen direnean.

16. artikulua. Lan egutegia.

Lan egutegia urtero prestatuko da, Langileen Estatutuaren 34. artikuluko 6. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, langileen ordezkariek parte hartuz.

Lan egutegian herriko festak sartuko dira, eta oporrak hartzeko egun baliodunak, eta, gainera, atsedenaldiak ere zehaztuko dira.

Lan egutegia lantokian egon beharko da ikusgai urte osoan.

17. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean 22 laneguneko oporraldia izanen dute.

Erabaki da urte bakoitzeko maiatzaren 31 baino lehen langile bakoitzak idazki baten bidez jakinaraziko diola enpresako zuzendaritzari oporrak noiz hartu nahi dituen, horrela enpresarekin batera oporraldiak ituntzeko, baina produkzio sistemaren funtzionamendu egokiari oztoporik jarri gabe. Opor eskaeren dataren arabera ezarriko dira lehentasunak. Uztailean eta abuztuan ez da onartuko plantillako langileen %50 baino gutxiago izatea, eta, gainerako hilabeteetan, kategoria bakoitzeko plantillako langileen %70 baino gutxiago ere ez.

Produkzioaren beharrak benetan eskura dauden langileen kopuruari egokitzeko, langile guztiak behartuak daude hilaren 15a baino lehen hurrengo hileko oporrak eskatzera. Eskaerak ebazteko orduan, eskaerak aurkezteko ordenari begiratuko zaio. Hori guztia aurreko lerroaldeetan xedatutakoa galarazi gabe. Ekaineko, uztaileko eta abuztuko oporren eskaerak ekainaren 15a baino lehen ebatzi beharko ditu enpresak.

Enpresaburuak bere esku du oporralditik kanpo uzteko enpresaren jarduera produktibo handieneko egunak, langileen ordezkariekin kontsultatu ondoren, eta hori iragarki oholean ikusgai jarri beharreko urteko egutegian jasoko da urtero.

Urteko oporrak ez dira eskudirutan konpentsatzen ahal, inolaz ere.

Abuztuan, beharrezkoa izaten baita, oporralditzat hartutako aste batean bederen lan egin behar izaten da. TIDeko langileek aldi horretan lan egiteko eskatzen ahal dute, eta egun horien ordainak edozein hilabetetan hartzen ahalko dituzte, baita uztailean ere, abenduan izan ezik. Horretarako (betiere bezeroek behar hori sortzen badute), eskaeraren eguna eta ordena hartuko dira kontuan.

18. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak nolakoak diren, hauxe erabaki da:

Ezinbesteko aparteko orduak: ezbeharrei eta antzeko kasuei aurrea hartzeko edo haiek konpontzeko beharrezkoak direnak, baldin eta aparteko ordu horiek ez egiteak enpresari edo hirugarrenei kalte nabarmen eta larriak eragiten badizkie, edo materialak galtzeko arriskua badago.

Egiturazko aparteko orduak: eskaera asko edo produkzioaren behar handia dagoenean egin beharrekoak, baldin eta lana ustekabean etorri bada edo, egin ezean, enpresaren jarduerari kalte larria eta nabarmena eragiten bazaio. Era berean, ekipoak martxan jartzeko edo/eta geldiarazteko, txanda-aldaketak egiteko eta horrelakoetarako beharrezkoak diren orduak.

Aparteko orduak, berez, borondatezkoak dira, eta egin nahi ez izateak ez dio inola ere kalterik ekarriko langileari.

Sindikatuen delegatuei jakinaraziko zaie aparteko zenbat ordu lan egin diren.

19. artikulua. Eszedentziak.

a) Nahitaezko eszedentzia: Nahitaezko eszedentzia, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publiko baterako izendatua edo hautatua izateagatik emanen da.

Halaber, nahitaezko eszedentzia emanen zaie ordezkaritza handieneko sindikatuen probintziako, autonomia erkidegoko edo estatuko egituretan hautapen bidezko karguak betetzen dituztenei.

Lanera itzultzeko, kargu publiko edo sindikala utzi eta hurrengo hilabetearen barnean eskatu beharko da.

b) Borondatezko eszedentzia: Urtebeteko zerbitzua eman duten langileek borondatezko eszedentzia eska dezakete, gutxienez lau hilabeterako eta gehienez bost urterako. Eszedentziako denbora ez da inolako ondoriotarako kontatuko. Iraupen mugatuko kontratua izanez gero, ezin izanen da inola ere eszedentziarik hartu.

Enpresak gehienez hilabete bateko epea izanen du eszedentzia eskaerei buruz ebazteko, lan premiak kontuan hartuta, eta, ahal delarik, ematearen alde egonen da ikasketak bukatzeko, familiako arazoetarako eta antzeko kasuetarako eskatzen denean.

Eszedentzia bukatu baino lehen itzultzea eskatzen ez duen langileari behin betiko baja emanen zaio enpresan. Borondatezko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, langileak beste lau urtez bederen lan egin beharko du enpresan.

Langileak eskatzen duenean, lanera itzuliko da baldin eta bere lanbide taldean lanpostu hutsik bada. Bere lanbide taldean lanpostu hutsik ez bada, baina bai, ordea, beheragokoan, eszedentziatik itzultzen denak aukera izanen du lanpostu hori betetzeko, lehengo lanpostuari dagokion soldatarekin, harik eta bere lanbide taldean lanpostu hutsen bat sortu arte, edo lanera ez itzultzea erabaki dezake bere lanbide taldean lanpostu hutsa sortu arte.

Nolanahi ere den, enpresa behartua dago idatziz erantzutera langilea lanera itzultzeko eskaerari.

Gainerako eszedentziei edo kontratua eteteko arrazoiei dagokienez, unean-unean indarra duen araudiari jarraituko zaio.

20. artikulua. Lizentziak.

a) Soldatarik gabeko lizentzia: Salbuespen gisa, eta behar bezala egiaztatzen bada, behar den denborarako lizentziak ematen ahalko dira, soldatarik gabe betiere. Antzinatasunaren ondorioetarako, lizentziak irauten duen denbora deskontatuko da.

Soldatarik gabeko lizentzia horiek ez dira erabiliko lizentzia eman duen enpresari bidegabeko lehia egiteko.

Kasu guztiak langileen delegatuen eta zuzendaritzaren artean aztertuko dira.

b) Lizentzia ordainduak:

1.–Langilearen ezkontzagatik, 18 egun natural; lizentzia hori oporrei batzen ahal zaie, batera egokitzen badira.

2.–Seme-alaben jaiotzagatik, 4 egun natural; 2 egun natural gertaera eragiletik aurrera hartuko dira, eta langileak aukeratuko du noiz hartu beste 2 egunak, gertaera eragiletik hasita 15 eguneko epearen barnean.

3.–Ezkontidearen heriotzagatik, 7 egun natural.

4.–Ezkontidearen eritasun ez larriagatik, ospitaleratu beharra badakar, erditzea salbuetsita: 2 egun natural.

5.–Guraso, seme-alaba eta anai-arreben heriotzagatik, 4 egun natural.

6.–Bigarren gradura arteko odol bereko edo ezkontza bidezko gainerako ahaideen heriotzagatik: 2 egun natural.

7.–Bigarren gradura arteko odol bereko edo ezkontza bidezko ahaideen eritasun larriagatik, gutxienez 24 orduko ospitaleratzea beharrezkoa bada, eta orobat ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren eritasun larriagatik: 2 egun ospitaleratzeak irauten duen bitartean.

8.–Seme/alaba, aita/ama edo anaia/arreba baten ezkontzagatik: egun natural bat, ezkontza eguna hain zuzen.

9.–Nahitaezko eginbehar publiko edo pertsonal bat betetzeko, legezko edo hitzartutako arau batean jasoa bada: behar den denbora.

10.–Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun natural bat. Beste herri batera lekualdatzen bada, egun bat gehiago. Eskubide hori urtean behin erabiltzen ahalko da gehienez.

11.–Haurrari esnea ematea: Bederatzi hilabetetik beherako haurrari bularra ematen dioten emakumezko langileek eskubidea izanen dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Baimen hau amak edo aitak hartzen ahalko du, biak lanean ari badira. Umea goiztiar jaio delako edo beste edozein arrazoirengatik, erditu ondotik, ospitaleraturik egon behar duten seme-alaben kasuan, aitak edo amak eskubidea izanen dute lantokia ordubete uzteko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzio berean murriztuko zaie.

Haurrari esnea emateko baimenerako lanaldiaren ordu erdiko murrizketaren aukera hautatzen duten langileek zilegi izanen dute baimen hori metatu eta jarraian egun osoetan hartzea.

12.–Beharrezkoa den denbora, langilea Gizarte Segurantzako mediku espezialisten kontsultara joateko (medikuntza orokorreko sendagileak aginduta), kontsulta ordua lanekoarekin bat heldu denean; hortaz, aipatutako agindu medikoaren frogagiria aldez aurretik aurkeztu beharko du langileak enpresan. Familiako medikuaren kontsultetara joateko, urtean 16 ordu emanen dira gehienez.

13.–Behar-beharrezkoa den denbora, lekuko gisa epaiketa batera agertzeko, epaileak deitzen badio ofizioz nahiz alderdi batek eskaturik.

14.–Ordainduak ez dauden norberaren aferengatik: 3 egun. Egun horiek ezin dira oporrak luzatzeko hartu. Ahal den neurrian, garaiz eskatuko dira. Oporrak hartu ezin diren hilabeteetan eskatzen diren norberaren aferetarako egunak aldez aurretik justifikatu beharko dira, ahoz, enpresa batzordearen aurrean (enpresak eta delegatu sindikalek osatutako batzordea). Urtero oporrak hartu ezin diren hilabeteak hurrengo paragrafoetan adieraziko dira.

1etik 10era bitarteko epigrafeetan adierazitako lizentziaren bat hartuz gero, justifikatu beharko da nahitaez, ondotik bada ere. Justifikazioak erakunde ofizialek egin behar dituzte beti (mutualitateak, larrialdi zerbitzuak edo familiako medikuak). Mediku partikular baten ziurtagiria aurkeztuz gero, familiako medikuaren ziurtagiria erantsi beharko da. Heriotza kasuetan, hileta zerbitzuen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Artikulu honetako 3., 4., 5. eta 7. epigrafeetan “ezkontidea” aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, eta betiere bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

Aipatutako kasuetan, langileak soldata osoa jasoko du.

21. artikulua. Kontratua amatasunagatik etetea eta eszedentzia hartzea seme-alabak zaintzeko.

Indarra duen lege arauetan xedatutakoari jarraituko zaio une oro. Legezko zaintzagatik lanaldia murrizteko kasuetan, indarreko araudian ezarrita dagoenari jarraikiz, seme-alabak zaintzeagatik lanaldia murrizteko aukera luzatzen da haiek hamabi urte bete arte, betiere indarreko lege araudia aldatzen ez den bitartean, izan ere, aldatuz gero lege araudi berrian xedatzen denari jarraikiko baitzaio.

VI. KAPITULUA

Soldatei buruzko politika

22. artikulua. Ordainsarien sistema.

Lanaldi arruntean eta jarduera normalean oinarrizko soldata gisa kobratzen diren zenbatekoek osatzen dute, ondorio guztietarako, langilearen soldata-masa pertsonala.

2014. urteko oinarrizko soldata eranskineko taulan agertzen da lanbide talde bakoitzarentzat.

Soldatak hilean-hilean ordainduko dira banku transferentzia bidez, hurrengo hileko lehenengo bost egunetan.

Soldata taulak urtero eguneratuko dira, eta delegatu sindikalei jakinaraziko zaizkie.

23. artikulua. Soldata igoerak eta berrikuspenak.

–2014. urtean, %1 igoko dira 2013ko oinarrizko soldata eta urruntasun plusa, eta zenbateko hori oinarrizko soldatari gehituko zaio.

–2015. urtean, euro bat igoko da laneratze plusa. Hortaz, lau eurokoa izanen da egun bakoitzeko.

–2016. urtean, euro bat igoko da laneratze plusa. Hortaz, bost eurokoa izanen da egun bakoitzeko.

24. artikulua. Aparteko pagak.

Aparteko bi paga daude; udakoa uztailaren bostean ordainduko da, eta eguberrietakoa abenduaren hogeita bian.

Paga horiek lan egindako denboraren arabera ordainduko dira, bakoitza ordaintzen den urteko seihileko naturalen arabera hainbanatuz.

25. artikulua. Aparteko orduen ordainketa.

Lan astean (astelehenetik ostiralera eta larunbatetan) egiten diren aparteko orduak honela ordainduko dira:

Ordu arrunta x 1,75, eta jaiegunetan egindako aparteko ordua bada, ordu arrunta x 2.

Jaiegunetako aparteko orduak igandeetan edo, egutegiaren arabera, jaiegun direnetan egiten direnak dira.

Ordezko jaiegunak kasuko urte naturala bukatu aurretik hartu beharko dira, langileak eta enpresak adostutako egunetan.

Ohiko ordu gordina: Urteko soldata gordina / Urteko lanaldia.

26. artikulua. Laneratze plusa.

Laneratze plusa benetan lan egiten den egun bakoitzeko ordainduko da, honela: 2014. urtean, 3 euro egun bakoitzeko; 2015. urtean, 4 euro egun bakoitzeko; eta 2016. urtean, 5 euro egun bakoitzeko.

Honelako kasuetan ordainduko da:

–Osorik lan egindako egun bakoitzeko.

–Laneko istripua edo lanbide-eritasuna izanda ere, ordainduko da, non ez den frogatzen langilearen zabarkeriagatik izan dela.

–Ordu sindikaletan, behar bezala justifikatuz gero.

–1. mailako odol-ahaideengatik (gurasoak, seme-alabak,...) baimen ordainduak edo lizentziak hartzen direnean. 1 eranskina.

Honako egoera hauetan ez da plusik ordainduko:

–Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko bajak.

–Espezialista ez den medikuen kontsultara joateko (familia medikura).

–2. mailako odol-ahaideengatik baimen ordainduak edo lizentziak hartzen direnean, 0,5 gorabehera zenbatuko dira.

–Sarrera ordutik 1. minutura bitarteko puntualtasun falta (minutu bat). Egun horri dagokion plusa deskontatuko da. Sarrera fitxatzen ez bada, berandu iritsi dela ondorioztatuko da.

–Hilabete berean bi aldiz 5 minutu baino gehiago atzeratzea lanera sartzean. Egun bateko gorabehera gisa zenbatuko da.

–Hilabete berean hiru aldiz 5 minutu baino gehiago atzeratzea lanera sartzean. Bi eguneko gorabehera gisa zenbatuko da.

–”Egun pertsonaletan” ez da plusik kobratuko, eta ez dute “gorabeherarik” sortzen, ez baita egun ordaindua.

–Txartela 3 aldiz fitxatu gabe uzten den bakoitzean (sarreran, ateratzean eta atsedenaldian) egun bateko laneratze plusa deskontatuko da.

–Egun bateko gorabehera: hilabeteko plus osoa %20 murriztuko da.

–Bi eguneko gorabehera: hilabeteko plus osoa %40 murriztuko da.

–Hiru eguneko gorabehera: hilabeteko plus osoa %60 murriztuko da.

–Lau eguneko gorabehera: hilabeteko plus osoa %100 murriztuko da.

27. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Gaueko hamarretatik goizeko seiak bitarte lan egiten duten langileek gaueko lanaren plusa jasoko dute, hain zuzen, 11,38 euro gordin egun bakoitzeko.

28. artikulua. Urruntasun plusa.

Soldatatik kanpoko urruntasun plusa hamabi hilekotan sorraraziko da.

29. artikulua. Soldaten bermea kasu hauetan: ospitaleratzea, lanbide-eritasuna, laneko istripua eta amatasuna.

Ospitaleratzea, lanbide-eritasuna, laneko istripua edo haurdunaldiagatiko arriskua dagoenean, enpresak osatuko ditu aldi baterako ezintasunagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioak, oinarrizko soldataren eta gainerako kontzeptuen baturaren %100era arte.

Ospitaleratzea ospitale-zentro batean egondako denbora izanen da, baina ez ospitaleratzea justifikatu zuten arrazoiekin loturiko eriondoa.

Artikulu honetan aipatzen den osagarria ezin izanen da inola ere sorrarazi hemezortzi hilabete baino denbora gehiago.

30. artikulua. Konpentsazioa.

Hitzarmen honetan ezarritako akordioek nahitaez bete beharreko edozein xedapenen ondorioz ezar litezkeen hobekuntzak irentsi eta konpentsatuko dituzte.

31. artikulua. Istripu indibidualetarako aseguru kolektiboa.

Enpresak istripu indibidualetarako aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko du bere kargura, 24.000 euroko kapital aseguratua estaliko duena lan istripuaren ondoriozko heriotzaren kasurako, eta 24.000 eurokoa lan istripuaren ondorioz erabateko baliaezintasun iraunkorra gertatzen denerako, aseguru konpainiek mota horretako polizetan bildu ohi dituzten baldintza orokorren arabera.

VII. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

32. artikulua. Eginkizunen araberako sailkapena.

Lan hitzarmen honen eraginpeko langileak, beren eginkizunen arabera eta hurrengo artikuluan zehazten diren definizioei jarraikiz, lanbide taldetan sailkatuko dira.

Egitura profesional honen bidez produkzio-egitura zentzuzkoagoa lortu nahi da, baina langile guztiei dagokien duintasuna, mailaz igotzeko aukera eta ordainsari zuzena galarazi gabe. Gaur egungo lanpostuak eta eginbeharrak hitzarmen honetan ezarritako lanbide taldeei egokituko zaizkie.

33. artikulua. Lanbide taldeen definizioa.

Artikulu honetan jasotzen diren lanbide taldeak enpresako atal organiko funtzionalen barrenean langileek burutzen dituzten zeregin eta eginkizunen arabera zehaztu dira, kontuan hartuta, halaber, langileen ezaupideak, esperientzia eta bakoitzaren autonomia, erantzukizun eta ekimen maila.

Hona hemen lanbide taldeak:

1. Arloko zuzendaria.

2.–Arloko arduraduna.

3.–Txandako arduraduna.

4. Pintore espezializatua.

5.–Pintore urgazlea.

6.–Peoi espezialista.

7.–Peoia.

8.–2. urteko peoia.

9.–1. urteko peoia.

10.–Peoi laguntzailea-Pintore laguntzailea.

11.–Administrazioko-Laborategiko teknikaria.

12.–Administrazioko-Laborategiko laguntzailea.

Hona hemen aurreko paragrafoan aipatutako lanbide taldeen definizioak:

1. lanbide taldea.–Arloko zuzendaria: autonomia, ekimen eta erantzukizun handiko langilea da, enpresako arlo funtzional batez edo gehiagoz zuzenki arduratzen dena, arlo horren eguneroko kudeaketa eta hari atxikitako langileak zuzenduz eta bere gain hartuz.

Kudeatzailetzaren menpe zuzenean, langile horrek bere gain hartuko ditu ondoren aipatzen diren zereginak, besteak beste:

–Enpresaren arlo funtzional baten edo gehiagoren kudeaketa, arlo horri esleitutako zereginen plangintza, antolaketa eta ikuskapena eginez. Horri buruzko erabakiak berak hartuko ditu edo erabakiak hartzen parte hartuko du, bai eta helburu zehatzak zehazten ere.

–Fabrikazio prozesuen, lan heterogeneoen edo arloko jardueren ikuskapena, plangintza eta zuzendaritza teknikoa.

–Zailtasun handiko zuzendaritza teknikoko zereginak.

2. lanbide taldea.–Arloko arduraduna: erdi edo goi mailako autonomia, ekimen eta erantzukizuna duen langilea da, bere gaineko agintari baten menpe dagoena. Zeregin tekniko zailak ditu, helburu orokor zehatzekoak, edo eduki intelektualaren edo giza harremanen ikuspuntutik munta handikoak direnak.

Ondotik adibide gisa aipatzen diren zereginen antzeko lanak eginen ditu:

–Produkzioko buruari laguntza eta sostengu teknikoa eta administratiboa ematea, produkzioko, komertzializazioko, mantentze-lanetako, administrazioko eta beste arlo batzuetako zeregin heterogeneoak antolatzen, koordinatzen eta ikuskatzen.

–Langile multzo baten edo produkzio prozesu batzuen zuzeneko agintea hartzeak berekin dakartzan zeregin teknikoak.

–Produkzio unitate oso baten zereginak eta lanpostuak antolatzeko zeregin teknikoak.

–Goi mailako eduki teknikoa duten zereginak, ikerkuntza lanetan, kalitate kontrolean eta prozesu industrialen kontrolean sostengu emateko, erdi mailako autonomia izanik eta lan egiteko modua guztiz mugatzen ez duten jarraibide eta arau batzuen mendean.

3. lanbide taldea.–Txandako arduraduna: erdi mailako autonomia, ekimena eta erantzukizuna duen langilea da, zuzenean zuzendariaren edo, bestela, arloko arduradunaren menpe dagoena. Eduki intelektualaren edo giza harremanen ikuspuntutik erdi mailako zereginak ditu, eta zuzeneko agintea bere txandari atxikitako langileen gainean.

Produkzioko buruaren edo arloko arduradunaren menpe, langile horrek bere gain hartuko ditu ondoren aipatzen diren zereginak, besteak beste:

–Laneko txanda baten edo produkzio unitate baten erantzukizuna dakarten jarduerak.

–Zuzendaritzako eta ikuskapeneko zeregin teknikoak, kontabilitate arloan.

–Era guztietako proiektu, erreprodukzio edo xehetasunen gaineko zeregin teknikoak, goragoko nagusi baten zuzendaritzapean, zeregin horien exekuzio praktikoa antolatuz, zainduz eta zuzenduz.

4. lanbide taldea.–Pintore espezializatua: goi edo erdi mailako autonomia, ekimena eta erantzukizuna duen langilea da, goragoko nagusi baten menpe dagoena zuzenean. Bere zeregina da piezak pintatzea, prozesu, kolore eta material guztietan. Era berean, eta bere kualifikazioaren arabera, kolore probak egiten ditu, pintura prozesu berrien probak material berrien gainean. Langile talde baten zuzeneko agintea ere hartzen ahal du, pieza konkretu bat pintatzeko garaian. Azkenik, era guztietako pieza, makina, egitura, material eta ordezko piezen ikuskapena egin dezake, hala prozesuan zehar, nola bukatu ondoren, enpresan bertan, oinarritzat hartuz planoak, tolerantziak, konposizioak, itxura, arauak eta erabilera; haiek onartzearen gaineko erabakiak hartzeko eskumen handia du, eta emaitzei buruzko txostenak eginen ditu, bai eta kanpotik jasotakoei buruzkoak ere.

Maila apalagoko pintoreen prestakuntzaz arduratuko da eta haien lana ikuskatuko du. Aholkuak eman eta piezak aztertzen ahalko ditu, bai pintatze prozesua bitartean, baita ondoren ere.

5. lanbide taldea.–Pintore urgazlea: erdi mailako autonomia, ekimena eta erantzukizuna duen langilea da, goragoko nagusi baten menpe dagoena zuzenean. Bere zeregina da piezak pintatzea, prozesu, kolore eta material gehienetan. Langileak, gehienez ere, urtebetez egonen dira lanbide talde honetan, gero pintore espezialisten kategoriara igaroko baitira.

6. lanbide taldea.–Peoi espezialista: behe mailako autonomia, ekimena eta erantzukizuna duen langilea da, goragoko nagusi baten menpe dagoena zuzenean. Bere zeregina da piezak ikuskatzea, logistika eta biltegiratze lana, piezak lixatzea eta garbitzea, etiketak jarri eta paketeak egitea, etab., eta enpresako produkzio prozesuan erabiltzen diren euskarri, tresna, erreferentzia eta kolore guztiak ezagutu behar ditu, baita bezeroen zerrenda eta bere eginkizunetan aplikatzen diren kalitate prozesuak ere; gai da bere lanean egunez egun gerta daitezkeen arazoak konpontzeko eta langile talde baten zuzeneko agintea bere gain hartzeko, aipatutako zereginak egoki burutzearren.

7. lanbide taldea.–Peoia: autonomia, ekimen eta erantzukizun maila txikiko langilea da, goragoko kargudun baten menpe dagoena zuzenean. Gainbegiratze eta menpekotasun maila handia du, eta bere zeregina da piezak ikuskatzea, logistika eta biltegiratze lana, piezak lixatzea eta garbitzea, etiketak jarri eta paketeak egitea, etab. Zeregin horietarako ahalegin fisikoa behar izan daiteke, oinarrizko prestakuntza eta ezagupenak, eta baita egokitzeko denbora pixka bat ere.

8. lanbide taldea.–2. urteko peoia: peoi lanak egiten dituen langilea da, eginkizun horietan aritzen den bigarren urtean.

9. lanbide taldea.–1. urteko peoia: peoi lanak egiten dituen langilea da, eginkizun horietan aritzen den lehenengo urtean.

10. lanbide taldea.–Peoi laguntzailea. Menpekotasun handiko langilea da, argi eta garbi ezarritako jarraibideekin lan egiten duena, ia autonomia, ekimen eta erantzukizunik gabe eta zuzenean goragoko nagusi baten menpean. Gainbegiratze eta menpekotasun maila handia du, eta bere zeregina da piezak ikuskatzea, logistika eta paketeak egitea, etab. Zeregin horietarako ahalegin fisikoa behar izan daiteke, baina ez da premiazkoa berariazko prestakuntza, ez eta egokitzeko denbora ere. Lanbide talde honetan dagoen bitartean, langileak ez du laneratze plusik jasoko. Lanpostu hauek ABLEetako langileek beteko dituzte, eta lanbide talde honetan 12 hilabetez egonen dira gehienez. Gero, zuzenean, 1. urteko peoien kategoriara igaroko dira.

–Pintore laguntzailea: behe mailako autonomia, ekimena eta erantzukizuna dituen langilea da, goragoko nagusi baten menpe dagoena zuzenean. Bere zeregina da piezak pintatzea, prozesuen, koloreen eta materialen %50ean baino gutxiagoan. Lanpostu hauek ABLEetako langileek beteko dituzte, eta lanbide talde honetan 12 hilabetez egonen dira gehienez. Gero, zuzenean, pintore urgazle izatera igaroko dira.

11. lanbide taldea.–Administrazioko/Laborategiko teknikaria: behe mailako autonomia, ekimena eta erantzukizuna duen langilea da, zuzenean goragoko nagusi baten menpean dagoena. Administrazioko zereginak ditu: aplikazio informatikoak erabiltzea, produkzio prozesuetako datuak biltzea, kalitate prozesuen aplikazioa kontrolatzea, pinturen, materialen eta euskarrien kalitateari buruzko probak egitea, etab. Enpresako administrazio prozesu guztiak eta kalitatearen prozesuak ezagutu behar ditu, eta gai da bere lanean egunez egun gerta daitezkeen arazoak konpontzeko eta langile talde baten zuzeneko agintea bere gain hartzeko, zeregin horiek egoki burutzearren.

12 lanbide taldea.–Administrazioko / Laborategiko laguntzailea: autonomia, ekimen eta erantzukizun maila gutxieneko langilea da. Zuzenean goragoko nagusi baten menpean eta gainbegiratze eta menpekotasun maila handia izanik, administrazioko zereginak ditu: aplikazio informatikoak erabiltzea, produkzio prozesuetako datuak biltzea, kalitate prozesuen aplikazioa kontrolatzea, pinturen, materialen eta euskarrien kalitateari buruzko probak egitea, etab. Beharrezkoa izan daiteke oinarrizko prestakuntza eta ezagupenak izatea, eta baita egokitzeko denbora pixka bat ere. Langileak 4 hilabetez egonen dira lanbide talde honetan, eta gero administrazioko/laborategiko teknikarien kategoriara igaroko dira zuzenean.

VIII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

34. artikulua. Hutsegiteen eta zehapenen araubidea.

Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondorengo artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

35. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Langileak eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen tamaina, garrantzia eta helburua: arina, larria edo oso larria.

Hutsegiteen mailaketari dagokionez, ez dira kontuan hartuko lehenagotik egindakoak, honako epe hauen arabera.

–Hutsegite arinak: 3 hilabete.

–Hutsegite larriak: 6 hilabete.

–Hutsegite oso larriak: Urte bat.

36. artikulua. Hutsegite arinak.

Ondokoak joko dira hutsegite arintzat:

1.–Lanera berandu iristea, sartzeko ordutik hogeita hamar minutuko atzerapena gainditu gabe, hiru aldiz edo gutxiagotan hilabete bateko epean. Hogeita hamar minututik gora berandutuz gero, hutsegite larritzat hartuko da.

2.–Lanera ez agertzeko arrazoia ez jakinaraztea aldez aurretik, edo, bestela, hutsegitea gertatu eta ondoko hogeita lau orduko epean, ezinbesteko kasuetan salbu, non eta ez duen frogatzen ezinezkoa izan zaiola.

3.–Zerbitzua abandonatzea funtsezko arrazoirik gabe, denbora gutxirako bada ere. Horren ondorioz, enpresari nolabaiteko kaltea sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, hutsegite hori larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.

4.–Arreta gabezia txikiak materiala zaintzeko orduan.

5.–Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, enpresaren produkzio prozesuan eraginik izan dezakeenean.

6.–Jendeari arreta ematea behar den adeitasuna eta ardura izan gabe.

7.–Enpresari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea.

8.–Lanarekin ikustekorik ez duten gaiez eztabaidatzea enpresa barruan. Horrelako eztabaidetan istilu nabarmenak sortuko balira, hutsegite larri edo oso larritzat hartuko litzateke.

9.–Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

10.–Laneko Arriskuei Aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 29. artikuluan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, berarentzat edo beste langileentzat ondorio larririk ez badakar, betiere.

11.–Lanera sartzean edo ateratzean ez fitxatzea edo markatzea. Markajea laneko arropa jantzirik egin beharko da, bestela ez du balio.

37. artikulua. Hutsegite larriak.

Hutsegite larriak honako hauek dira:

1.–Bidezko arrazoirik izan gabe lanera berandu iristea, bost minututik gorako atzerapenarekin, hiru egun baino gehiagotan hogeita hamar eguneko epean.

2.–Bidezko arrazoirik gabe bi egunetan lanera ez agertzea hogeita hamar eguneko epean.

3.–Gizarte Segurantzan ondorioak izan ditzaketen familia barreneko aldaketak ez jakinaraztea behar den garaian. Datu horiek maltzurkeriaz ezkutatzea hutsegite oso larria izanen da.

4.–Lanorduetan jolasean edo denbora-pasa ibiltzea.

5.–Eritasun edo istripu itxurak egitea.

6.–Laneko edozein gaitan nagusien esanak ez betetzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei oztopoak eta eragozpenak jartzea barne, bai eta laneko orriak betetzeari, asistentzia kontrolari eta abarri uko egitea ere. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kaltea sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahal da.

7.–Beste langile baten presentzia simulatzea, haren ordez sinatuz, fitxatuz edo erantzunez.

8.–Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

9.–Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori hutsegite oso larritzat joko da baldin eta lankideak arriskuan edota instalazioak hondatzeko zorian jartzen badira. Nolanahi ere, nahitaezkoak diren segurtasunezko arropa eta tresnak ez erabiltzea zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da.

10.–Beharrezko baimenik gabe lan partikularrak egitea lanorduetan, eta, orobat, enpresaren lanabesak norbere probetxurako erabiltzea.

11.–Enpresako uniformea jantzita lanordutik kanpo mozkortzea, uniformearen bitartez zein enpresa den jakiterik baldin badago.

12.–Hutsegite arinak berriz egitea hilabete baten barnean (puntualtasun falta salbuetsita), mota desberdinetakoak badira ere, betiere langileari idatzizko jakinarazpena egin bazaio.

13.–Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 29. artikuluan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, langileen segurtasun eta osasunerako kalte larriak izateko arriskua badakar.

14.–Aurreko artikuluaren 2. puntuan aipatutako hutsegite arinetatik bi baino gehiago egitea hilabete batean.

38. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1.–Bidezko arrazoirik izan gabe lanera berandu iristea, bost minututik gorako atzerapenarekin, hamar aldiz baino gehiagotan sei hilabeteko epean, edo hogei aldiz baino gehiagotan urtebetean.

2.–Lanera hiru egun jarraian huts egitea, edo bost egun tartekatutan hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.

3.–Agindutako lanetan iruzur egitea, leialtasun eza edo konfiantza-abusua, eta beste lankideei, enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea eta lapurtzea enpresako lokaletan edo, lanaldiaren barrenean, beste edozein lekutan.

4.–Eritasuna edo istripua simulatzea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, beste edozein lanetan dabilenean, bere gain edo besteren kontura. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

5.–Enpresaren lehengaiak, lanabesak, tresnak, makineria, aparatuak, instalazioak, eraikinak, altzariak eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea.

6.–Kondenatua izatea enpresatik kanpo lapurtu, ebatsi edo funtsak bidegabeki erabiltzeagatik edo enpresak harenganako konfiantza galtzea ekar lezakeen beste edozein arrazoirengatik, eta nolanahi ere, auzitegiek ezarritako kondena sei urtetik gorakoa denean.

7.–Jarraian eta ohitura gisa, norberaren garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideen bidezko kexak sorrarazten dituenean.

8.–Maiz mozkortzea.

9.–Lanorduetan mozkortuta eta drogak hartu ondoko egoeran egotea.

10.–Enpresari bidegabeko lehia egiten dioten jardueretan aritzea.

11.–Enpresaren korrespondentziaren edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea, edo enpresako norbaiti edo enpresakoa ez den bati nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

12.–Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, bai eta lankide eta menpekoei ere.

13.–Istripu larriak sorraraztea zabarkeriagatik edo zuhurtasun ezagatik.

14.–Erantzukizuneko lanpostu batean ari dela, lana uztea.

15.– Inolako arrazoirik gabe, ohiko errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea, legeek onartutako eskubide bat erabiltzearen ondorioz ez bada.

16.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.

17.–Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izan arren, lehenbizikoa egin ondoko sei hilabeteren barnean egiten bada, betiere.

18.–Nagusien agintekeria hutsegite oso larria izanen da beti. Agintekeria pairatzen duenak berehala jakinaraziko dio enpresako zuzendaritzari.

19.–Sexu jazarpena, hau da, laneko ingurunean hitzez edo egitez hartzen den edozein jokabide sexual, xedeko langilearentzat iraingarria baldin bada. Sexu jazarpena pairatu duen pertsonari bere lanpostuan segituko duela segurtatuko zaio.

20.–Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 29. artikuluan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, horren ondorioz edozein langile edo pertsonari, enpresakoa ez izan arren, kalte egiteko arriskua badator.

21.–36. artikuluan aipatzen diren hutsegite arinetatik 6 baino gehiago egitea.

39. artikulua. Gehieneko zehapenak.

Kasu bakoitzean gehieneko zehapen hauek jartzen ahal dira, kontuan hartuta egindako hutsegitearen larria:

1.–Hutsegite arinak. Hitzezko kargu-hartzea, kargu-hartze idatzia, bi egun arteko enplegu-soldaten etenaldia.

2.–Hutsegite larriak. Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia. Lanpostuz aldatzea.

3.–Hutsegite oso larriak. Hamasei egunetik hirurogei egunera bitarteko enplegu-soldaten etenalditik hasi eta lan kontratua bertan behera uztera iritsi arte, hutsegitea goren gradukoa dela kalifikatzen den kasuetan.

40. artikulua. Zehapenen araubidea.

Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hutsegite larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko, langileari idatziz jakinarazi behar zaio, eta bertan agertuko dira zehapena jartzeko arrazoiak eta data.

Nolanahi ere, jartzen den zehapen ororen berri emanen die lehenbailehen enpresak langileen ordezkariei.

41. artikulua. Preskripzioa.

Enpresak zehapenak jartzeko duen ahalmena hamar egunen buruan preskribatuko da hutsegite arinetan, hogei egunen buruan hutsegite larrietan, eta hirurogei egunen buruan hutsegite oso larrietan, horien berri izandako egunetik kontatzen hasita, eta, edozein modutan ere, hutsegitea egin eta hurrengo sei hilabeteren buruan.

42. artikulua. Agintekeria.

Zuzendariek, buruek edo erdi mailako agintariek agintekeriaz jokatzen badute, enpresek hutsegite oso larritzat joko dituzte gertaera horiek, eta dagokien zehapena ezarriko diete.

Nagusi batek agintekeriaz jokatu duela ulertuko da egintza arbitrarioren bat gauzatzen badu, legezko manuak nabarmen eta nahita urratuz eta menpekoari kalte nabarmena eginez. Behin arau-haustea egiaztaturik, enpresako zuzendaritzak zehapena ezartzeko neurririk hartzen ez badu, langile kaltetuak langileen ordezkariei jakinaraziko die, eta haiek egokitzat jotzen dituzten ekintzak gauzatzen ahalko dituzte.

IX. KAPITULUA

Eskubide sindikalak

43. artikulua. Eskubide sindikalak.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoa eta Langileen Estatutuaren xedapenak errespetatzen dituzte, eskubide sindikalen oinarri baitira, eta jarraian zehazten diren xedapenak itundu dituzte, lege testuak errazago erabiltze aldera:

–Ordezkari sindikalek beren eginkizunetarako dituzten ordu ordainduak pertsona bakar batengan edo gehiagorengan pilatzeko eskubidea, legez ezarritako ordu kopurua gainditu gabe (urtean 180 ordu).

–Kontratu amaitzeetan, enpresaburua behartua dago denbora eta modu aldetik legez ezarritako aurreabisua ematera langileari eta haren sindikatuari, afiliatua badago, langileak berak horrela eskatzen badu.

X. KAPITULUA

Ordezko arauak

44. artikulua. Ordezko arauak.

Aurreko artikuluetan espresuki aipatzen ez den orotan, aldeek legezko xedapenetan ezarritakoari jarraituko diote, orokorrean, eta bereziki Langileen Estatutua onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari.

45. artikulua. Sexuagatik bereizkeriarik ezaren eta berdintasunaren printzipioa, eta haurduntzaren babesa.

Emakumezkoen eta gizonezkoen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa aplikatuz, eta han adierazitako neurriak bete beharra deusetan galarazi gabe, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute lanean aukera-berdintasunaren printzipioa bultzatzeko eta genero diskriminaziorik izan ez dadin begiratzeko, eta berdintasun horretara iristeko ondoko helburu hauek erdietsi behar direla irizten diote:

–Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako bereizkeria baztertuz.

–Aukera berdintasuna enpleguan.

–Soldata bera balio bereko lanetarako.

–Lanbide prestakuntza eta sustapena baldintza beretan.

Era berean, haurdun dauden langileek eskubidea izanen dute beren egoera babesteko neurriak aplika dakizkien, beharrezkoa denean.

2014. URTEKO SOLDATEN TAULA

LANBIDE
TALDEAK

OINARRIZKO SOLDATA

URRUNTASUN PLUSA

URTEKO
GORDINA

OINARRIZKO SOLDATA

URRUNTASUN PLUSA

HILEKO
GORDINA

URTEKO GORDINA

GAUEKO
LANAREN
PLUSA

APARTEKO ORDUA

JAIEGUNEKO APARTEKO ORDUA

Urtean

Hilelan

Osagarriak

14 paga

12 paga

1. TALDEA

28.990,84

1.260,00

30.250,84

2.070,77

105,00

2.175,77

30.250,84

2. TALDEA

27.333,27

1.260,00

28.593,27

1.952,38

105,00

2.057,38

28.593,27

3. TALDEA

25.797,25

1.260,00

27.057,25

1.842,66

105,00

1.947,66

27.057,25

4. TALDEA

24.732,91

1.260,00

25.992,91

1.766,64

105,00

1.871,64

25.992,91

11,38

26,82

30,65

5. TALDEA

18.221,99

1.260,00

19.481,99

1.301,57

105,00

1.406,57

19.481,99

11,38

20,10

22,97

6. TALDEA

17.877,85

1.260,00

19.137,85

1.276,99

105,00

1.381,99

19.137,85

11,38

19,75

22,57

7. TALDEA

16.221,01

1.260,00

17.481,01

1.158,64

105,00

1.263,64

17.481,01

11,38

18,04

20,61

8. TALDEA

14.598,90

1.260,00

15.858,90

1.042,78

105,00

1.147,78

15.858,90

11,38

16,36

18,70

9. TALDEA

13.787,85

1.260,00

15.047,85

984,85

105,00

1.089,85

15.047,85

11,38

15,53

17,75

10. TALDEA

12.585,31

1.260,00

13.845,31

898,95

105,00

1.003,95

13.845,31

11,38

14,29

16,33

11. TALDEA

16.926,86

1.260,00

18.186,86

1.209,06

105,00

1.314,06

18.186,86

11,38

18,77

21,45

12. TALDEA

13.118,36

1.260,00

14.378,36

937,03

105,00

1.042,03

14.378,36

11,38

14,84

16,96

F1406525

Iragarkiaren kodea: F1406525