105. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

42/2014 FORU DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua eta apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aldatzen dituena. Lehenbizikoaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezarri ziren. Bigarrenaren bidez, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautu zen.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak, IV. tituluko I. kapituluan, administrazio araubidean kontratatzen diren langileen oinarrizko alderdiak arautzen ditu. 93. artikuluan zehazten du administrazio araubidean kontratatzen diren langileen jarduna erregelamenduz onesten diren xedapenek eta kasuan kasuko kontratuak aginduko dutela.

Aurrekoaren ondorioz, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezarri ziren. Foru Dekretuaren 10. artikuluan zehazten da zein kasutan egiten ahal den lanaldi partzialeko kontratazioa, eta ezartzen du ezen arau orokor gisa, kasu horiek salbu, administrazio araubidean kontratatzen diren langileak lanaldi osoko araubidean arituko direla.

Gaur egungo krisi ekonomikoa eta krisiak enplegu-sorkuntzan duen eragina direla-eta, beharrezkoa da araubide malguagoa ezartzea aldi baterako kontratazio administratiboan, aldi baterako kontratazioa sustatuz, modu horretan Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua bana dadin eta, horren ondorioz, Nafarroako sektore publikoan pertsona gehiago kontratatu daitezen.

Beste aldetik, hau ere enplegua banatzea eta administrazioko kontratazioak handitzea helburu, foru dekretu honetan bi muga kendu dira administrazio publikoko langileen lanaldiaren murrizketari dagokionez.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 21eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Lehenbiziko artikulua.–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua aldatzea. Haren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezarri ziren.

Foru dekretu horren 10. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“10. artikulua. Lanaldi partzialeko administrazio kontratazioa.

1. Langileak lanaldi partzialean aritzeko administrazio kontratazioak onartuko dira, baldin eta ordezkatzen den pertsonak lanaldi murriztua badu edo lanaldi partzialeko lanpostu huts bat aldi baterako betetzeko bada. Horrez gain, lanaldi partzialeko langileak kontratatzen ahalko dira baldin eta ulertzen bada dedikazio araubide hori egokiena dela zerbitzuaren edo antolaketaren arrazoiengatik, edo enplegua banatzeko neurri gisa.

Kasu horietan izan ezik, administrazio araubidean kontratatzen diren langileek, oro har, lanaldi osoko dedikazioa izanen dute.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitakoaz salbuetsita daude Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak, horiek lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako, edo etengabeko arretarako kontratatzen ahalko baitira.

3. Hezkuntza Departamentuak lanaldi partzialeko langileak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta, ikastetxeen antolamendua dela eta, langile finkoek erantzun ezin dituzten beharrak bete gabe gelditzen badira ordu batzuetan eta hori konpontzeko aski baldin bada lanaldi partzialeko langileak kontratatzea.”

Bigarren artikulua.–Apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aldatzea. Haren bidez, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautu zen.

Bat.–Foru dekretu horren 8. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Aurrekoa gorabehera, eta zerbitzuaren funtzionamenduarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osoetan meta daiteke, hilabeteko kontaketarekin gehienez ere.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako metaketa ez zaie aplikatuko Hezkuntza Departamentuko ikastetxeetan irakasle edo laguntza zerbitzuetan aritzen diren langileei.”

Bi.–Aipatu foru dekretuaren 10. artikulua indargabetzen da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1407426