105. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIDANKOZE

Ordenantza, Bidankozeko Gizarte Etxea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Bidankozeko Udalak, 2013ko abenduaren 18an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Bidankozeko Gizarte Etxea arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2014ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 31n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bidankozen, 2014ko apirilaren 16an.–Alkatea, Alberto Mainz Urzainqui.

BIDANKOZEKO GIZARTE ETXEA ARAUTZEN
DUEN ORDENANTZA

Definizioa, erabilerak eta arauak

Bidankozeko Gizarte Etxea jabari eta zerbitzu publikoko udal ekipamendua da, herritarren aisialdiko eta gizarte eta kultur arloko elkargune izateko sortua.

Bidankozeko Udalak eta hala eskatzen duten herritarrek edo taldeek erabili ahalko dituzte instalazio horiek, kulturaren, gizartearen edo artearen arloko ekimenak antolatzeko.

Bidankozeko Udala arduratuko da zentroaren funtzionamendua eta kudeaketa arautzeaz, bai eta ere instalazioak eta ekipamenduak zaindu eta mantentzeaz.

Erabiltzeko ordutegia

Jendeak Gizarte Etxea erabiltzeko ordutegia 10:00etatik 22:00etara izanen da.

Udalak beretako gordeko du Gizarte Etxea lehentasunez eta/edo berak bakarrik erabiltzeko eskubidea.

Erreserbak eta sarbidea

–Gizarte Etxera sartzeko giltza bakarra egonen da.

–Giltza eskuratzeko, “Sarbidea kontrolatzeko erregistro liburua” bete beharko da aldez aurretik.

–Erregistro liburu hori Danielna tarbernan dago eta establezimendua irekita dagoenean soilik eskatu ahalko da.

–Sartzeko giltza lortzeko, datu hauek bete beharko dira Erregistro liburuan, giltza jasotzeko unean:

  • Lokalera sartuko den taldeko ordezkariaren izen-abizenak
  • Lokalean sartuko den eguna
  • Zein ordutan sartuko den instalazioetan
  • Ordezkariaren sinadura
  • Gizarte Etxearen erabilera bukatzen denean giltza itzuliko da eta berriz ere Erregistro liburuan datu hauek beteko dira:
  • Instalazioetatik irteteko ordua
  • Ordezkariaren sinadura
  • Oharrak

–Lokala 13 urtetik beherakoek erabili behar badute, haien ardura izanen duen pertsona adinez nagusiak beteko du erregistroa, eta bera izanen da giltza hartu eta itzultzeko ardura izanen duena.

–Gizarte Etxean aldi berean bi talde baldin badaude, sarrera idatziz eskatu duen talde bakoitzaren arduraduna izanen da erantzulea, eskabide bakoitzarekin lokalera sartu diren pertsona guztiei dagokienez.

–Sartu-irtenak jarraiak direnean, talde bakoitzaren ordezkariek Erregistro liburuan adieraziko dute zein ordutan irten diren batzuk eta zein ordutan sartu diren besteak, hurrenez hurren. Kasu horretan ez da beharrezkoa izanen giltza itzuli eta jasotzea horretarako ezarritako tokian.

Funtzionamendu arauak

1. Gizarte Etxearen erabiltzaileak izanen dira instalazioak, ekipoak eta erabilitako materialak mantendu eta egoki erabiltzearen arduradunak.

2. Kalterik eragiten bada, lokala behar bezala ez erabiltzeagatik edo nahita, hura konpontzeaz eta jatorrizko materiala berriz jartzeaz arduratuko dira.

3. Lokalera sartzean okerren bat edo hondamenen bat atzematen bada, berehala jakinaraziko zaio Udaleko edozein kideri.

4. Ezin izanen da Gizarte Etxea erabili ezarritakoez besteko helburuetarako.

5. Erregistro liburuan erregistratutako sarrerak ezin izanen zaizkie lagatu edo eskualdatu eskabidea egin ez duten beste pertsona edo taldeei.

6. Sarrera erregistro guztietan agertu beharko da ordezkari baten izena, bera arduratuko baita instalazioak, ekipamendua, altzariak eta materialak egoki erabiltzeaz.

7. Ordezkari hori arduratuko da lokala erabili ondotik txukun eta garbi uzteaz, baldintza egokietan mantendu dadin.

8. Eraikina ez da inoiz irekita egonen, haren kargu eginen den arduradunik gabe. Beraz, kasu guztietan jarduera bukatutakoan lokala itxiko da eta giltza itzuliko.

9. Gizarte Etxea 13 urtetik beherakoek erabiltzen badute, sarrera erregistroa adinez nagusia den pertsona batek egin beharko du.

10. Debeku da Gizarte Etxearen barnean erretzea.

11. Debeku da eraikinean animaliak sartzea.

12. Aisialdiko ekipamendua ordenan erabiliko da beti eta gainerakoei ere utziko zaie erabiltzen. Adostasunik ez bada, eskabideen ordenaren arabera erabiliko da, gehienez ere 60 minutuz.

13. Debeku da Gizarte Etxetik materiala ateratzea.

14. Bolumena zaindu beharko da, zentroko gainerako erabiltzaileei edo bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

15. Guztiz debekatua dago galdara ukitzea. Erabili beharra badago, aldez aurretik eta behar besteko denboraz eskatuko zaio udal langileari.

16. Erabilitako material guztia bildu beharko da eta ekipamendu elektrikoa behar bezala itzali eta deskonektatuko da. Berogailua erabili bada, jarduera bukatu dela berehala jakinarazi beharko zaio udal langileari.

17. Behar den aforoa mantenduko da aldiro, pertsonen segurtasuna bermatzeko.

18. Gizarte Etxetik kanporatzeko arrazoiak izanen dira:

–Araudi hau ez betetzea.

–Elkarbizitza eta errespetuaren arauak urratzea.

–Instalazioak, altzariak eta ekipamendua behar ez bezala erabiltzea.

–Liskar edo borroketan parte hartzea edo haiek sustatzea.

–Instalazioak eta ekipamendua jakinaren gainean hondatzea.

Iragarkiaren kodea: L1406633