1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
41/2014 FORU DEKRETUA, maiatzaren 14koa. Honen bidez Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udal mugapeak aldatzeko espedientea ebazten da.
ZIOEN AZALPENA
Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udalek, 2010eko urriaren 2ko idazkiaren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatu zioten espediente bat tramita zezala Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udal mugapeak aldatzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 15.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat, Erripagañako UPSaren eremuko udal mugak hirigintzaren aldetik erregularizatzeko. Jarduketa horien jatorria da lau udal mugakideek 2008ko otsailaren 21ean sinatu zuten lankidetza-hitzarmena, Erripagaña (hasieran Ripagaina deitzen zitzaion) izeneko eremuaren hirigintza antolamendua eta haietako udal mugapeak aldatzeko espedientea lauen artean tramitatzeko borondatea formalizatzen zuena. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak prestatu du aurkeztutako dokumentazio teknikoa, eta Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen du (uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua).
Iruñeko Udalak, Burlatakoak, Uhartekoak eta Eguesibarkoak, 2012ko irailaren 21eko, 2012ko urriaren 25eko, 2012ko ekainaren 28ko eta 2012ko azaroaren 8ko osoko bilkuretan, hurrenez hurren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan agindutako gehiengoa izanik, onespen-erabakiak hartu zituzten beren udal mugapeak aldatzeko ekimena gauzatzeko.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak udal mugapeak aldatzeko prozesuak arautu ditu. Bigarren atalaren a) eta b) lerroaldeetan xedatzen da espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean jarri behar dela eta denbora horretan entzunaldia eman behar zaiela prozesuak ukituriko udalei eta, bidezko bada, kontzejuei.
Horrenbestez, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 113/2013 Ebazpenaren bidez, Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udal mugapeak aldatzeko espedientea ireki zen, jendaurrean jarri udaletxe horietan eta udal horiei entzutea eman zitzaien. Ebazpen hori 2013ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 12an.
Jendaurrean jarri eta entzutea emateko bi hilabeteko epe hori 2013ko ekainaren 12an bukatu zen. Espedientean entitate interesdunen ziurtagiriak ageri dira, alegazio bakar bat ere aurkeztu ez dela frogatzeko.
Espedientea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan ezarririko prozedurarekin bat instruitu denez eta lege bereko 13, 15, 16 eta 18. artikuluetan aipatzen diren betebeharrak betetzen direnez, 13.2.c). artikuluan aipatzen diren helburuak lortzeko, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak espedientea ebaztea eta proposatzen diren muga aldaketak onartzea. Aldaketa horrek hiru tarte desberdin izanen ditu: 1. tartean Iruñaren muga berria ezartzen da (Burlatarekin eta Eguesibarrekin); 2. tartean, Eguesibarren muga berria ezartzen da (Burlatarekin eta Uharterekin); eta 3. tarteak Burlata eta Uharte banatzen dituen lerro berria ezartzen du.
Nafarroako Kontseiluak 2014ko apirilaren 14an emandako 9/2014 irizpenak eta Lurralde Mugaketako Batzordeak 2014ko otsailaren 17ko bilkuran emandakoak, biak ere aldekoak, osatzen dute espedientea.
Hori horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 14ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udal mugapeen aldaketa onesten da. Udalerrien mugak udal horiek egindako osoko bilkuretan, hartutako erabakien bidez onetsitako planoetan adierazitakoak izanen dira. Muga horien U.T.M. koordenatuak espedientean heldu dira.
2. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari foru dekretu hau betearazteko behar diren ekintza guztiak gauzatzeko agintzen zaio.
3. artikulua. Foru dekretu hau Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udalei jakinaraztea. Aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
AZKEN XEDAPENA
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.
Iragarkiaren kodea: F1407155