103. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 30ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Urdiaingo Viscofan, S.A. enpresaren hitzarmen kolektiboa luzatzeko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Urdiaingo Viscofan, S.A. enpresaren hitzarmen kolektiboa luzatzeari buruzko akordioaren testua (kodea: 31007901011982), enpresaren legezko ordezkariek eta enpresako sindikatuen ordezkariek apirilaren 3an sinatu eta erregistro honetan 2014ko apirilaren 4an sartu zena, eta Langileen Estatutuari buruzko legearen testu bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta lan hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko apirilaren 30ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

URDIAINGO VISCOFAN, S.A. ENPRESAREN XI. HITZARMEN KOLEKTIBOA LUZATZEKO AKORDIOA

ERANSKINA

Negoziazio akta: 2014ko apirilaren 3an

Urdiaingo (Nafarroa) lantokiko XI. hitzarmen kolektiboan aldatzen diren artikuluen testu onetsia, hitzarmena luzatzen den urterako (2014. urtea):

3. artikulua. Iraunaldia.–Hitzarmen honek enpresak eta langileen ordezkariek sinatzen duten unetik hartuko du indarra, eta 2010eko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

IV. kapituluan aurreikusitako ondorio ekonomikoek urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik izanen dute indarra.

20. artikulua. Soldaten igoera.–1. Aurreko artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta kapitulu honen negoziazioaren emaitzaren arabera, urte bakoitzeko soldata taulak prestatu dira eta hitzarmen honi batu zaizkio I. eranskin gisa.

Soldata taula horietan agertzen diren zenbatekoak zehazteko, aurreko urteetako zenbatekoei EIN-Estatistikako Institutu Nazionalak zehazten duen Kontsumorako Prezioen Indize erreala (KPIa) gehituko zaie, urte bakoitzeko abenduaren 31n aurreko urteko abenduaren 31koaren aldean erregistratzen den indizearen arabera. Urte bakoitzeko Estatuko KPI errealaren araberako igoera hori hitzarmenaren indarraldiko urte guztietan aplikatuko da, azkeneko urtean (2013. urtea) eta hitzarmena luzatu den urtean (2014) izan ezik, urte horietan KPIari 0,25 puntu gehituko baitzaizkio (KPIa + 0,25).

Urte bakoitzaren hasieran igoera horiek kalkulatu eta behin-behinekoz aplikatzeko, Batzorde Paritarioan KPIaren behin-behineko indize bat adostuko da, honako aukera hauetako bati jarraikiz:

a) Estatuaren Aurrekontu Orokorretan urte horretarako aurreikusitako KPIaren (Kontsumoko Prezioen Indizearen) arabera;

b) Enpresak urte horretarako aurreikusitako KPIaren arabera.

c) Batzorde Paritarioan adostasunik ez badago, ordaintzen ari diren zenbatekoek bere horretan segituko dute, igoerarik edo murrizketarik gabe.

Bigarrena aukeratuz gero, eta orduan soilik, soldatak berrikusteko klausula gorantz baino ez da aplikatuko; horrelakoetan, aldez aurretik egiaztatu egin behar da KPIaren igoera aurreikusitakoa baino handiagoa izan dela, hurrengo artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Indarraldiko lehenengo urtean (2010) aplikatu beharreko soldata taulak zehaztuko dira urte horretako KPIaren datu errealaren argitalpen ofiziala egiten denean.

Soldatak berrikusi behar diren urteetan, enpresak berriz kalkulatuko ditu hasieran adostutako soldata taulak, baita urtean urtekoak ere, lehen azaldutako moduan, Estatistikako Institutu Nazionalak KPIaren datua argitaratu ondoko hogeita hamar egunen barnean. Batzorde Paritarioak onetsi ondoren, enpresak atzerakinak kalkulatu eta ordainduko ditu, eta aurreko urteari eta urte horri dagozkion diferentziak doituko ditu.

36. artikulua. Batzorde Paritarioa.–Batzorde Paritario bat aukeratuko da, alde batetik, Urdiaingo lantokiko Enpresa Batzordeko kide guztiek osatua, eta bestetik, beste horrenbeste kidek, enpresaren ordezkari gisa.

Hitzarmen hau interpretatzeko, itundutakoa denek betetzen dutela zaintzeko eta adiskidetzerako organo gisa jarduteaz gain, batzorde horrek hitzarmenaren edukiari buruz sortzen diren auziak negoziatu eta ebazteko ahalmena dauka, eta hitzarmenean xedatutakoari buruzko akordioak onartzeko.

Sindikatuen ordezkaritzako kideek erabakiak hartu eta botoa emateko orduan, beharrezkoa izanen da bertaratzen diren kideen gehiengoa.

Alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da batzordea, gutxienez astebete lehenago abisatuz gero. Arazoak konpontzeko gehienez ere bi asteko epea izanen du, eta bi aldeek adostuta onartu beharko dira eztabaidatzen diren gaiak.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Hitzarmen honetan hitzartutako baldintzak ez aplikatzeko prozedura.

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Kontsultak egiteko epean akordiorik lortu ezean, bi aldeetako edozeinek hitzarmenaren batzorde paritariora eraman ditzake desadostasunak, eskaeraren egunetik hasi eta gehienez 7 eguneko epean ebatzi dezan.

Batzorde paritarioan ere akordioa lortzen ez bada, aldeek Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekaritzara joko dute.

Zazpi eguneko epean alderdien arteko akordiorik lortzen ez bada, aplikazio eza erakunde horren arbitraje sistemara eraman beharko dute alderdiek, eta haren erabakiak kontsulta fasean hartutako akordioen eraginkortasun berbera izanen du. Erabaki hori, beraz, Langileen Estatutuaren 91.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz baizik ezin da errekurritu, hartan ezarritako arrazoiak daudenean.

Urdiainen, 2014ko apirilaren 3an.

Iragarkiaren kodea: F1406526