103. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

447/2014 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, ehiza espezieen habitatak hobetzeko eta haien kalteak prebenitzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2014ko deialdia onesten dituena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 2ko 23/2013 Foru Legeak, jarduera horrek tradizioz Nafarroan duen izaera sozial nabaria kontuan hartuta, 52. artikuluan (“Ehiza sustatzeko neurriak”) beste hainbat kontzepturen artean laguntza ekonomikoak ezartzea aurreikusten du, ehiza-espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak hartzeko.

Nekazaritzako habitatek sinplifikazio handia izan dute azken hamarkada hauetan Europa osoan. Nafarroa ez da salbuespena izan, eta 50eko hamarkadatik 90ekora bitarte lur landugabe andana galdu du, bai eta mugalde ugari ere 90eko hamarkadatik gaur egun arte. Lurzatiak banantzeko elementu txiki horiek egundoko garrantzia daukate nekazaritzako sistemei lotutako espezieentzat, elikadura, babestokia eta habia egiteko lekua ematen baitizkie.

Hori dela eta, habitat anitzagoak sartzea zereala monolaborea duten inguruneetan funtsezkoa da ehiza espezieen habitaterako, eta, horrenbestez, garapen jasangarrirako.

Hortaz, bidezkotzat jotzen da laguntza lerro bat ezartzea, ehiza habitatak hobetzeko eta, orobat, laguntzak ezartzea oztopo fisikoak paratzeko, ehiza espezieek sortzen dituzten kalteak prebenitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ehiza espezieen habitatak hobetzeko eta haien kalteak prebenitzeko diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 80.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “PFEZ %0,7 funtsa. Elkarte eta partikularrentzako laguntzak, biodibertsitatea zaintzeko” izeneko 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2014ko apirilaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako ehiza barrutien arduradunentzako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Nafarroako ehiza espezieen kalteak prebenitzeko eta haien habitata hobetzeko jarduketen ondoriozko gastuak partez ordaintzeko 2014an.

Laguntza horiekin Nafarroako ehiza espezieen habitata hobetzeko neurriak prestatzen dira, ehizarako faunak laboreetan izan ohi dituzten eragin kaltegarriak murrizteko eta, bidenabar, haien babesa eta kontserbazioa bermatzeko.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak ezartzeko.

2. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahal dira ondoko jarduketen ondoriozko gastuak, 2013ko urriaren 30etik 2014ko urriaren 30era bitarte.

A. Ehizarako ereintza. Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua.

ii. Lurzatiak alokatu edo errentatzeagatiko kostuak.

B. Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Izan daitezke:

i. Bildu gabeko zereal zerrendak lurzatien ertzean. Diru-laguntzak jaso daitezke bildu gabe mantentzen den zerrendaren azalerari dagokion lortu gabeko produkzioaren kostuarengatik eta hura kudeatzeak justifika ditzakeen kostu osagarriengatik, kontuan izanik ondoko puntuan ezarritako gehieneko zenbatekoak.

ii. Landu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Diru-laguntzak jaso daitezke landu gabe mantentzen den zerrendaren azalerari dagokion lortu gabeko produkzioaren kostuarengatik eta hori kudeatzeak justifika ditzakeen kostu osagarriengatik, kasuan kasuko hazien gastuak eta babes fitosanitarioena kenduta eta kontuan izanik ondoko puntuan ezarritako gehieneko zenbatekoak.

C. Lehorreko lurreko fruta-arbolak landatzea lerrotan edo multzotan, edo tokira egokitutako espezieak, berriz, bereiz. Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Lurra prestatzeko lanak, landarearen eta landatzearen kostuak.

ii. Landaketak lehendabiziko urteetan babesteko sistemen ezarpena eta kostu materiala.

D. Laboreak babesteko hesi fisikoak. Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

i. Laboreak babesteko sareen ezarpena eta kostu materiala.

ii. Hodi babesgarrien edo antzeko sistemen ezarpena eta kostu materiala.

2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa ondokoa izanen da:

–A eta D modalitateen eskaerei egotz dakiekeen kostuaren %50 (BEZa kanpo).

–B modalitatearen eskaerei egotz dakiekeen kostuaren %80 (BEZa kanpo).

–C modalitatearen eskaerei egotz dakiekeen kostuaren %60 (BEZa kanpo).

Edonola ere, eskatutako aurrekontuak merkatuko prezioetara egokituko dira, eta, kostuak murrizteko, Nafarroako oihaneko tarifa ofizialak erabiliko dira. Zerrenden kasu zehatzerako (B modalitatea), gehieneko muga hauek ezartzen dira eskatutako inbertsiorako:

ZERRENDAKO HEKTAREAREN PREZIOA (eurotan)

BILDU GABEKO LUR-ZERRENDAK

LANDU GABEKO LUR-ZERRENDAK

Gehieneko muga = Pb x IR

IR = Udalerriko errendimendu indizea

Zerrendaren prezioa = 300 euro/ha

Zerrendaren prezioa = 200 euro/ha

3. Onuradun bakoitzeko diruz laguntzeko gehieneko muga 15.000 euro izanen da, eta laguntza hauen onuradun izateko diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gutxieneko muga 2.000 euro izanen da.

Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

Horrela, aurrekontuan diru-laguntza jaso dezaketen eskaera guztientzako adinako krediturik ez bada, beste ehuneko bat aplikatuko da, hasieran erabakitako laguntzak proportzioan gutxituta.

3. oinarria. Onuradunak.

A. Deialdi honetako laguntzen onuradunak izan daitezke, tokiko ehiztari elkarteak, barrutiaren titularra den toki entitateak ehiza guztiaren aprobetxamendua esleitu badie zuzenean. Orobat, ehiza barruti pribatuen titularrak diren tokiko ehiztarien elkarteak, elkarteak berak gauzatzen duenean ehiza aprobetxamendua.

B. Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak. Eskabidearen inprimakiarekin batera aurkeztuko den erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da horiek betetzen direla. Entitate publikoak betebehar horretatik salbuetsirik daude.

Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari egoera hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten denean.

b. Betiere, eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Ehiza barrutiak ehiza antolatzeko plana onetsia izatea, edo oneste aldera prestatzen aritzea edo berrikuste fasean izatea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dagoen informazioaren arabera, barrutiaren titularrak barrutia zuzen gobernatzea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

3. Ehiza barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

4. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

5. Eskatutako jarduketak (2.1 oinarrian deskribatutakoen artean) egiteko konpromisoa, ondoko betebeharrekin:

i) Ehizarako ereintza. Ahal dela, han-hemenka banatuta egonen dira ehiza barrutian, animaliak egokitu daitezen, lurraldetasuna errespetatu eta harraparien mesedeko pilaketak galarazteko. Hobe da eremu txiki frankotan ereitea lurzati handi gutxitan baino. Hori dela eta, diru-laguntzak jaso daitezke 2.500 metro koadrotik beherako azaleretan ereiteagatik.

Ereintzak nekazaritzarako lurzatietan soilik eginen dira, baldin eta Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikorako Sisteman (NELIGS) “Lur Goldagarria” sailkapena badute. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimena ematen duen kasuetan soilik egiten ahalko dira ehizarako ereintzak NELIGSen “Lur Goldagarria” sailkapena ez duten lurzoruetan edo bertan behera utzi eta landaretza naturaleko komunitateek hartutako laborantzako lurzatietan.

Lurzati horietan ezin da bilketarik egin, eta udazkenean identifikatuko dira azaleraren perimetroa ereinda ez egoteagatik.

Ereintzaren dosia produkziorako laboreetan erabiltzen denaren azpitik egonen da; izan ere, dentsitate handiko laboreek ez dute interesik ehizarako. Gutxienez eskatzen da leguminosak edo proteaginosak erabiltzea, ereintza dosia 50 kilotik beherakoa izan gabe hektarea bakoitzeko. Hazi ziurtatuak erabiltzea ez da inongo kasutan beharrezkoa izanen, eta, ahal delarik, saihestuko da fitosanitarioak, ongarri mineralak edo herbizidak erabiltzea, non ez dagoen justifikaturik toki horretako egoerek ez bermatzeagatik ereintzaren nolabaiteko hazkundea.

ii) Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Diru-laguntzak har ditzakete 2 metrotik 5 metrora zabal diren zerrendek, gutxienez 100 metro luze izanda. Azalera osoa Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean, iparralde eta hegoaldeko eremuen arteko muga egiten duen marraren hegoaldeko eremuan duten barrutietan jaso daitezke diru-laguntzak zerrenda horiengatik (marra hori Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearaziko duen Erregelamendua onesteko ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 52. artikuluan ezartzen da). Eskatutako zerrenda bakoitza NELIGS barrutiaren orrialde bakoitzean markatu beharko da, eta haren kokapena identifikatu.

a. Bildu gabeko zereal zerrendak lurzatien ertzean. Zerrenda horiek nekazaritzaren urteko abuztuaren 15a arte nekazaritzako edo abeltzaintzako aprobetxamendurik gabe egon beharko dute. Egun horretatik aurrera, bazkatzeko aprobetxamendua baimentzen da.

b. Landu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan. Lantzen ahal diren lurren ondoan paratuko dira zerrendak. Izan ere, ez da diru-laguntzarik jasoko lur landatugabeen ondoan badaude. Zerrenda horiek udazkenean identifikatuko dira, nekazaritzako urte berrirako prestakuntza lanik ez baitute izan. Belar landaredi naturala mantendu beharko da eta ezin izanen dira gai fitosanitarioekin tratatu. Zerrenda horietan ezin izanen da inolako nekazaritza lanik egin irailaren 1era arte.

iii) Lehorreko lurreko fruta-arbolak landatzea lerrotan edo multzotan, edo tokira egokitutako espezieak, berriz, bereiz. Diru-laguntzak jaso daitezke lehorreko lurretako fruta-arbolen labore-sistemetako zuhaitzak landatzeagatik, 0,25 hektareatik beherako azaleran, eta NELIGSen lur goldagarritzat hartutako lurren gainean.

Orobat, diru laguntzak jaso daitezke lekura egokitutako espezieen lineako landaketengatik edo zuhaixkengatik, NELIGSen lur goldagarritzat jotako lurzatien artean kokatzen direnean. Lineako landaketetan erabiltzen diren zuhaitzak lekura egokituta egonen dira, heliofiloak izanen dira eta 5-10 metrora kokatuko dira batetik bestera. Lekura egokitutako zuhaixkak erabiltzen badira, pezoitzat joko dira eta gutxienez 1,5 metroko zabalera izan behar dute haiengatik diru laguntzak jaso ahal izateko.

Azkenik, diru-laguntzak jaso daitezke, orobat, lekura egokitutako zuhaitzak edo zuhaixkak tarte handiekin landatzeagatik, unitateak gutxienez 50 metrotan banatuta eta NELIGSen lur goldagarritzat hartutako lurzatien artean kokatuta.

Horietako edozein landaketa modalitatek konpromisoa ekartzen du hura mantentzeko. Hura ezarri eta hiru urtera zuhaitzen %75 baino gutxiago gelditzen badira bizirik, ulertuko da jarduketa abandonatu dela, eta, horrenbestez, bete gabe dagoela.

iv) Laboreak babesteko hesi fisikoak. Untxietatik babesteko laboreetako sare-hesiak metro bat altu izanen dira, gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste frutarbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan, etab.

C. Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Administrazio eskudunak 1., 2., 3. eta 4. betebeharrak egiaztatuko ditu ofizioz, eskabideko (eranskineko eredukoa) datuetan oinarriturik, bai eta departamentuak dituen datuetan oinarriturik ere.

2. 5. puntua memoria deskriptibo bat eta deialdiko II. eranskina aurkeztuz frogatuko da.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura zuzenduko dira, eta departamentu horretako erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña). Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agerrarazteko; datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a. Eskabidea, I. eranskineko ereduaren araberakoa. Tokiko ehiztarien zenbait elkarteren artean egin beharreko jarduketa baterako eskatzen bada laguntza, eskabide bakarra aurkezten ahalko da, eta ordezkari bat izendatuko da, eskabidea bere izenean eginen duena. Deialdiko betebeharrak denak batera frogatuko dira, baina, onuradunaren ondorioetarako, ordezkaria hartuko da kontuan.

b. Azalpen memoria, honako hauen ingurukoa: jarduketaren xedea eta azalpen laburra, non eta noiz eginen den espresuki adieraziz, aurrekontua eta planoak, deialdi honen bigarren oinarriko modalitateetan adierazitakoari jarraikiz. Memorian eta aurrekontuan, eskatutako neurri bakoitzeko lanak bereizi beharko dira. Jarduketa mota bakoitzerako, memoriak ondoko hau zehaztu behar du:

–A modalitatea (ehizarako ereintzak): erein beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia, jabearen izena edo haren gozamena duen errentariarena), lurra prestatzeko metodoa, erein beharreko laboreak, dosiak, lanak noiz eginen diren etab. jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio (NELIGS), zein tokitan ereinen den adierazita.

–B modalitatea (zerrendak): “Landu gabeko edo bildu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan” izeneko neurriaren kasuan, eskaerarekin batera aurkezten den memorian zerrenden kokalekuaren krokisa eta landu gabeko zerrendei buruzko datu guztiak agertu beharko dira. Zerrendaren luzera eta zabalera adieraziko dira, lurzatiaren gainerako zatia okupatzen duen laborantza mota, kokalekua (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia), Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren deklarazioan ageri den titularraren izena. Halaber, lurzatien planoa gehituko da (NELIGS), landu gabeko edo bildu gabeko zerrendetarako zein lurzati proposatzen diren adierazita. Zerrenda horien erabilera NELIGSen “Lur Goldagarria” sailkapenarekin definituta egon beharko da.

–C modalitatea (zuhaitz barreiatuak): jarduketaren kokapen zehatzak (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia, jabearen izena edo haren gozamena duen errentariarena eta baimena), lurra prestatzeko metodoa, erein beharreko laboreak, landatzeko sistemak, landarearen ezaugarriak, lanak noiz eginen diren etab. jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio (NELIGS), zuhaitzak zein tokitan landatuko diren adierazita.

–D modalitatea (laboreak babesteko hesi fisikoak): babes hesien edo hodien kasuan, eskaerarekin batera aurkezten den memorian haien kokalekuaren krokisa eta kokalekuei buruzko datu guztiak agertu beharko dira. Hesien luzera eta hodien kopurua adieraziko dira, baita zer labore mota babesten duen, kokalekua (udalerria, poligonoa, lurzatia, barrutia) eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren deklarazioan ageri den titularraren izena ere. Halaber, lurzatien planoa gehituko da (NELIGS), hesi fisikoak kokatzeko zein lurzati proposatzen diren adierazita. Lurzati horien erabilera NELIGSen “Lur Goldagarria” sailkapenarekin definituta egon beharko da.

Deskripzio memoriarekin batera, II. eranskina aurkeztuko da, behar bezala beterik, memoriaren edukia laburbilduko duena. I. eta II. eranskinetan ezarrita dauden ereduak Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal dira, “Zerbitzuen Katalogoa”, “Laguntzak eta bekak” atalean.

c. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Deialdi honetarako aurrekontuetako kredituetan aurreikusitako 80.000 euroetatik, gehienez 20.000 euro konprometitu daitezke laugarren oinarriko D modalitateko lanetarako. D modalitate horretan onartutako eskaerek 20.000 euroko muga gainditzen badute, onartutako eskaera guztien artean banatuko da aurrekontua, eta modalitate horretako laguntzak proportzioan murriztuko dira hasieran zehaztutakoei dagokienez.

Modu berean, gainerako modalitateetan onartutako eskaerek aurrekontu erabilgarria gainditzen badute, D modalitaterako konprometitua kenduta, hori diruz laguntzen ahal diren eskaera guztien artean banatuko da, eta gainerako modalitateen laguntzak proportzioan murriztuko dira hasieran zehaztutakoei dagokienez.

6. oinarria. Ebaluazio organoa.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Eskaera hartuta, hirugarren arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aurreko arauan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena lau hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte 2014ko azaroaren 17a baino lehenago, agiri hauek aurkeztuz.

a. Justifikazio kontua, III. eranskinaren araberakoa. Egindako gastuen zerrenda bat da, egindako jardueren arabera. Zehaztu behar da non egin diren eta aurkeztutako fakturekin lotu behar dira.

b. Egindako gastuen fakturak, jatorrizkoak edo fotokopiak izan, betiere onuradunaren izenean, eta gastu horiek frogatzen dituzten bankuko egiaztagiriak. 600 eurotik beherako fakturen kasuan, eskudiruzko ordainketa onartzen da, behar bezala egiaztatzen bada.

Onuradunek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan (González Tablas, 9; Iruña) aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusi tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuaren Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari zuzenduta.

2. Diru-laguntzaren xede den gastuak (BEZik gabe) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu obrak egitean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Ordainketa bakarrean pagatuko da. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, diru kopuru horiek erabiltzen ahalko dira bosgarren oinarriarekin bat egindako gutxitzeak goraka berrikusteko.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundu behar diren lanak egitea, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat, betekizunen atalean zehazten diren baldintzak betetzea eta organo eskudunaren ikuskapenaren mende jartzea.

3. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

5. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, diru kopuru horiek erabiltzen ahalko dira bosgarren oinarriarekin bat egindako gutxitzeak berrikusteko.

11. oinarria. Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

2. Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute, ebazpen honen IV. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko du aipatutako informazioa, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari zuzendua. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

4. Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

5. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

6. Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

7. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna/bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

13. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

I. ERANSKINA

Hasierako eskaeraren inprimakia

Diru-laguntzarako eskaera, ehiza espezieek egiten dituzten kalteak prebenitzeko eta haien habitata hobetzeko

(Administrazioak bete beharrekoa)

ESPEDIENTEAREN ZK.:

KANPAINA: 20

ESKATZAILEAREN DATUAK

Tokiko ehiza barrutia Ehiza barruti pribatua

Ehiza barrutiaren matrikula: NA-

Izena:

Helbidea:

IFZ/IFK:

Herria:

PK:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Banku kontua:

LEHENDAKARIAREN DATUAK (tokiko ehiztari elkartekoa)

Izen-deiturak:

IFZ:

Helbidea:

PK:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak deialdi hau onesteko 2014an emandako ebazpenari dagokionez, eskatzaileak adierazten du eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eta deialdi horretako oinarriak onartzen dituela; hortaz, eskaera honekin batera aurkezten diren eranskinari eta memoriari jarraituz, jakinarazten du zer jarduera eginen diren ehiza barruti horretan, ikuskatu eta egiaztatu ditzaten. Jarduerok diruz laguntzen ahal dira deialdi horretako oinarrietan ezartzen den bezala.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, diru-laguntza eskatzen du.

Eskatzaileak adierazten du:

–Ez dela beste diru-laguntzarik jasotzen ari jarduera bererako edo, jasoz gero, behar bezala justifikatzen dudala, deialdiko hamabigarren oinarriarekin bat.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere ez duela.

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena ematen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

–Baimena ematen duela eskabidean agertzen diren bere datuak fitxategi automatikoetan sartzeko, datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz.

...........(n), .........(e)ko ..................aren ....(e)an

(Eskatzailearen, ehizarako eskubidedunaren, sinadura)

II. ERANSKINA

Memoriarekin batera aurkeztu beharreko inprimakiaren eredua

Ehiza espezieek nekazaritzan egiten dituzten kalteak prebenitzeko eta haien habitata hobetzeko laguntza, 20....ko kanpaina

ESKATZAILEA:

IFZ/IFK:

(Administrazioak bete beharrekoa)

ESPEDIENTE ZK.:

HASITAKO LANAK

EKINTZA

UDALERRIA

POLIGONOA

LURZATIA

BARRUTIA

ZENBATEKOA

LABORANTZA MOTA

AURREKONTUA (eurotan)

BEZik gabe

BEZarekin

GUZTIRA

Eskatzailearen/ordezkariaren sinadura

...........(n), .........(e)ko ..................aren ....(e)an

NANa, deiturak eta izena: .........................................................................................

Jarraibideak:

1. Eredu hau eskaerarekin batera aurkezten den memorian txertatu behar da. Dokumentu horien lehenengo orria izanen da, eskatzaileak sinatu beharko du eta bi aldeetan egonen da inprimaturik. Bi aldeko eredu horrekin ez bada aski eskaeraren kokapen guztiak sartzeko, inprimakiak jarraituko du eta hurrengo orrietan sinatuko da.

2. Hasitako lanak izeneko zutabean, adieraziko da eskaera egiten den unean hasita edo bukatuta dauden lanen kasuan. Ekintza izeneko zutabea deialdi honetan diruz laguntzen ahal diren jarduketekin (hurrengo taulan inprimatuak) beteko da, egin gogo den jarduket(ar)ekin bat egiten du(t)enean, haietarako laguntza eskatu bada.

3. Udalerria-Labore mota bitarteko zutabeak lurzati bakoitzagatik beteko dira; aurrekontuak, ordea, ekintza bakoitzagatik beteko dira.

EKINTZA

EKINTZA

A.–Ereintzak kalteen prebentzioa

A.1.–Lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua (ha)

A.2.–Lurzatiak alokatu edo errentatzeagatiko kostuak (ha)

B.–Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan

B.1.–Bildu gabeko zereal zerrendak (m²)

B.2.–Landu gabeko zerrendak (m²)

C.–Zuhaitzak barreiaturik landatzea

C.1.–Zuhaitzak barreiaturik landatzean, lurra prestatzeko lanak, landarearen eta landatzearen kostuak (u)

C.2.–Zuhaitzak multzotan landatzean, lurra prestatzeko lanak, landarearen eta landatzearen kostuak (ha)

C.3.–Zuhaitzak lerrotan landatzean, lurra prestatzeko lanak, landarearen eta landatzearen kostuak (m)

C.4.–Zuhaitza babesteko sistemen kostu materiala eta ezarpena (u)

D.–Laboreak babesteko hesi fisikoak

D.1.–Laboreak babesteko sareen ezarpena eta kostu materiala (m)

D.2.–Hodi babesgarrien edo sistemen ezarpena eta kostu materiala (u)

III. ERANSKINA

Justifikazio kontua (Inprimakia, lanak bukatu ondoren aurkeztu beharrekoa)

Ehiza espezieek nekazaritzan egiten dituzten kalteak prebenitzeko eta haien habitata hobetzeko laguntza, 20....ko kanpaina

ESKATZAILEA:

IFZ/IFK:

(Administrazioak bete beharrekoa)

ESPEDIENTEAREN ZK.:

FAKTURAREN ZENBAKIA

EKINTZA

UDALERRIA

POLIGONOA

LURZATIA

BARRUTIA

ZENBATEKOA

LABORANTZA MOTA

AURREKONTUA (eurotan)

BEZik gabe

BEZarekin

GUZTIRA

Ehiza habitatak hobetzeko onetsitako deialdiaren oinarriekin bat, laguntza ekonomikoa eskatzen du, hasierako eskaeraren xedeko jarduerak gauzatzeagatik onartua.

Eskatzailearen/ordezkariaren sinadura

...........(n), .........(e)ko ..................aren ....(e)an

NANa, deiturak eta izena: .........................................................................................

Jarraibideak:

1. Eskaera hau lanak amaitzen diren unean aurkeztu beharko da.

2. Egin diren ekintza guzti-guztiak adierazi beharko dira, eta haien katastroko erreferentziak aipatuko, NPBGISeko barrutiari dagokionez.

3. Ekintza: II. eranskineko hasierako eskaera bete zen bezala beteko dira ekintzak.

4. Fakturaren zenbakia: eremu horretan, eranskineko ekintzari egotzitako gastua justifikatzeko aurkezten diren faktura zenbakiak paratuko dira. Modu horretan, faktura batek ekintza bat baino gehiago justifikatzen ahal du (eta, halakoetan, ekintza bakoitzean errepikatu behar da), eta ekintza batek zenbait faktura izan ditzake egotzitako gastua justifikatzeko (halakoetan, faktura horiek guztiak jarri beharko dira eremu horretan).

IV. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua

Jauna/Andrea

NANa/IFZ

Honako honen ordezkari

IFK

Helbidea (herria):

Ondoko adierazpena egiten dut, ehiza espezieen habitatak hobetzeko eta haiek sortzen dituzten kalteak prebenitzeko 2014ko laguntzen onuradun naizen aldetik.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Foru dekretu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak gardentasunera daude behartuta, inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

(Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira).

Aipatu foru dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraituz,

DEKLARATZEN DUT:

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatutako foru dekretuaren 3. artikuluan azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

.......................................................................................-k (adierazi organo-emailea) emandako ............................................................................................................ (izena) diru-laguntza dela-eta (izena), informazioa aurkeztu dut; beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.

Gardentasunaren betebeharra dut eta, horrenbestez, aitorpen honen eranskinean, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako informazioa ematen dut, eta entitatearen urteko azken kontuen kopia eransten.

...........................(e)n, ..........................(e) .............(a)n
Sinatua: .........................................
Kargua: .........................................

ESKATZAILEARENTZAKO ARGIBIDE INTERESGARRIAK

1. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko du aipatutako informazioa, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari zuzendua. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

2. Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

3. Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1406598