1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
318/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia onesten duena.
Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan dioenez, aginte publikoek gizarte zerbitzuen arloan dituzten funtsezko helburuetako bat da pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazio, parte-hartze eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan. Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat, Espainiako Konstituzioaren 50. artikuluan xedatutakoarekin erlazionatu behar da. Horren arabera, agintariek hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatuko dute, haien berezko arazoei aurre egiteko gizarte zerbitzuen sistema baten bidez, osasun, etxebizitza, kultura eta aisialdi arloetan.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko.
Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat. Onestea, halaber, eskaerak baloratzeko baremoa, II. eranskinean ageri dena, eta egonaldien txandak eta prezioak, III. eranskinean ageri direnak.
2. Guztira 49.906,78 euroko gastua baimentzea, 2014. urtera luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza” izeneko 920005 91820 4809 231B03 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Kontu-hartzailetza zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 20an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
I. ERANSKINA
Adineko pertsonendako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdiaren oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da adineko pertsonentzako Bainuetxe Programan parte hartu nahi dutenei diru-laguntzak ematea. Programa hori III. eranskinean aipatzen diren bainuetxe eta txandetan eginen da.
2. Diru-laguntza mota:
Programaren onuradunei ematen zaien diru-laguntza da esleitutako plazaren benetako kostuaren eta onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoaren arteko aldea, III. eranskinari jarraikiz.
3. Aurrekontu erabilgarria.
Bideratutako diru-kopurua 49.906,78 eurokoa da, 2014. urtera luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza” izeneko 920005 91820 4809 231B03 kontu-sailaren kargura. Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Eskaera aurkeztean betebehar hauek biltzen dituztenak izaten ahalko dira onuradunak:
a) 65 urte edo gehiago izatea, edo 60 urte edo gehiago izatea eta erretiroaren, elbarritasunaren edo alarguntasunaren pentsioa edo beste pentsio batzuk jasotzea.
b) Nafarroan erroldatua egotea gutxienez ere bi urteko antzinatasunarekin, eta Foru Ogasunari zergak ordaintzeko betebeharrarekin, betebehar horretatik salbuetsita daudenen kasuan izan ezik.
c) Autonomia pertsonala izatea eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan. Baldintza hau betetzen ez dela ulertuko da pertsona bati ebazpen bidez aitortzen zaionean mendekotasun handia edo larria duela (edozein delarik maila).
Familien batasuna sustatzeko, eskatzaileen ezkontideak edo haiekin antzeko harremanak dituztenak izaten ahalko dira onuradunak, betiere biek b) eta c) ataletan aipatu diren betebeharrak biltzen badituzte.
Parte hartzen ahalko dute, halaber, onuradunen seme-alaba desgaituek, %33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen badute ziurtagiri baten bidez eta beren gurasoekin joaten badira, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Auzoko Unitateek edo Osasun Etxeek egindako txosten sozialaren bidez egiaztatzen bada mendekotasuna dutela eta ezin direla beste pertsona batzuen ardurapean gelditu. Familia unitateko desgaitasuna duten bi seme-alabengatik jasoko da diru-laguntza gehienez.
Bainuetxera iristean, programaren onuradunei osasun azterketa eginen zaie, bakoitzari hobeto egokitzen zaizkion bainuetxe tratamenduak finkatzeko. Kontraindikazio bat bada, arretarako beste aukera batzuk ezarriko ditu medikuak.
Egonaldi bakoitza bukatzean, zentroko medikuak ziurtagiria bidaliko dio Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari, adieraziz bertaratutako pertsonak gai zirela eskainitako tratamendua jasotzeko. Haien aburuz pertsona bat ez bada gai eskainitako tratamendua eta bainuetxeak emandako alternatibak jasotzeko, pertsona horren eskaera deuseztatuko da eta, halakorik bada, itxarote-zerrendako beste batek erabiltzen ahalko du plaza.
5. Eskaerak: eskabide eredua, aurkeztu beharreko agiriak eta aurkezpena.
5.1. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren bulegoetan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) banatuko den eredu ofiziala erabiliz aurkeztuko dira.
Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:
–Eskatzaile(ar)en eta, bidezkoa bada, diru-laguntzarik ez eskatuagatik ere, ezkontidearen edo antzeko harremana duen pertsonaren NANaren fotokopia.
–Nafarroako Ogasunaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia, 2012ko ekitaldiari dagokiona. Eskatzaileak PFEZ aitorpena aurkeztu beharrik ez badu, Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du hori frogatzeko, 2012ko diru-sarreren ziurtagiriaren kopiarekin batera.
–Desgaitasuna duten seme-alaben kasuan, aipatu agiriez gainera, desgaitasunaren ziurtagiria eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Auzoko Unitateek edo Osasun Etxeek egindako txosten soziala aurkeztu beharko dituzte, mendekotasuna frogatzeko.
5.2. Eskaera aurkezteko epea.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskaerak.
Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez.
5.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, instrukzio organoak eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
6. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
6.1. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atala izanen da deialdi honen instrukzio organoa.
6.2. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du ebazpena deialdiaren gainean, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte.
6.3. Diru-laguntzak emateko ebazpena Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña).
7. Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
8. Diru-laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
8.1. Pertsona eta txanda bakoitzeko prezioa III. eranskinean agertzen da. Prezio horien barnean honako zerbitzu hauek daude:
a) Ostatua eta pentsio osoko mantenua, betiere gela bikoitzetan.
b) Bainuetxe tratamendua, honela osatua:
–Osasun azterketa, bainuetxeko egonaldiaren hasieran.
–Bainuetxeko medikuak bakoitzari agindutako bainuetxe tratamendua.
–Egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
c) Bainuetxeko joan-etorria autobusez.
d) Taldeko aseguru poliza.
Plaza bakoitzaren kostua finantzatuko da emandako diru-laguntzarekin eta programaren erabiltzaileek ordaindutakoarekin. Diru-laguntza 309,98 eurokoa izanen da, eta erabiltzailearen kostua 390 eurokoa. Erabiltzaileei plazak eman ondoren, kasuan kasuko bainuetxeekin kontratatuko dira plaza horiek.
8.2. Diru-laguntza jasotzen dutenek honela ordainduko dute egonaldiaren prezioa:
a) Erreserba gisa eta bainuetxeko egonaldia hasi aurretik lehen ordainketa egin beharko dute, 130 eurokoa. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak banku kontuaren zenbakia eta ordainketa egiteko epea jakinaraziko dizkie interesdunei.
b) Egonaldiaren gainerako zenbatekoa bainuetxera iritsitakoan ordainduko da.
9. Diruz lagundutako plaza ezereztea.
9.1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak lortzeko datu edo agiri oker nahiz gezurrezkorik jarri edo aurkezten bada, lortutako plaza bertan behera utziko da, baldin eta txanda hasi ez bada, edo, bestela, txandako egunak jadanik eginak baditu bainuetxean, interesdunak plazaren benetako prezioa ordaindu beharko du, alde batera utzi gabe indarra duen araudia aplikatuz bidezko diren egintzak.
9.2. Onuradunen batek egonaldiaren prezioa ordaintzen ez badu, 8.2.a) oinarrian azaldutakoari jarraituz, hari uko egiten diola ulertuko da, eta berak utzitako hutsunea betetzeko beste onuradun bat aukeratzen ahalko da.
9.3. Egonaldia ezerezten bada, plaza gordetzeko ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko, agiri bidez egiaztatutako arrazoi larrien kasuan izan ezik. Ezereztea idatziz aurkeztu beharko da Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian.
Arrazoi larritzat jotzen da, dirua itzultzeko:
–Interesdunaren eritasuna, bainuetxeko instalazio eta tratamenduak erabiltzea eragozten diona, medikuaren aginduz.
–Ezkontidearen edo antzeko harremaneko pertsonaren eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaideen eritasuna, ospitale batean ingresatzea edo etxean zaintzea ekartzen badu.
–Eskatzailearen edo ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaide baten heriotza.
–Justifikatutako eta instrukzio organoak onartutako beste arrazoi batzuk.
10. Aplikatzekoak diren arauak.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
11. Deialdiaren kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Iñigo Alli Martínez.
II. ERANSKINA
2014. urtean adineko pertsonentzako Bainuetxe Programarako diru-laguntzak eskatzeko espedienteen baloraziorako baremoa
1. Eskatzaileen egoera ekonomikoaren arabera baloratuko dira adineko pertsonentzako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei emanen zaizkien diru-laguntzetarako eskaera espedienteak.
2. Diru-laguntzak eskatzailearen familia unitatearen diru-sarreren araberako lehentasun hurrenkeran emanen dira, 2012. urteari dagokion PFEZaren aitorpenari jarraikiz. Diru-sarrerak zenbatuko dira zerga oinarriaren zati orokorraren eta tributaziotik salbuetsita dauden errenten baturaren bidez. Zergak ordaindu beharretik salbuetsita egonez gero, familia unitateak 2012an lortutako diru-sarrerak zenbatuko dira. Zenbateko horri honako indize zuzentzaile hauek aplikatuko zaizkio, familia unitateko kide kopuruaren arabera:
FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA | INDIZE ZUZENTZAILEA |
Kide bat | 1 |
Bi kide | 1,5 |
Hiru kide | 2 |
4 edo gehiago | 2,5 |
3. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta gainerako departamentu eta administrazio publiko eskudunetan dauden datuen bidezko egiaztapen eta kontsultak eginen ditu, aitortutako datu ekonomikoak egiaztatzeko.
4. Adierazi edo aurkeztutako datuetan gezur edo okerren bat atzematen bada, I. eranskineko 9.1 puntuan adierazten dena aplikatuko da.
5. Bi eskatzailek (batera edo banaka) txanda bera esleitzea nahi badute, eskaerako “Eskaerak batzea” izeneko atala bete beharko dute, eta jarraibide orrialdean aipatzen diren oharrei jarraitu. Eskatzaile bakoitzaren ahalmen ekonomikoa bat edo beste izan, diru-sarrera handienak dituen eskatzailea kontuan hartuta ezarriko da “Eskaerak batzea” ataleko lehentasun hurrenkera.
6. Datu ekonomikoak egiaztaturik, eskatzaileen zerrenda ordenatua prestatuko da, diru-sarrera txikienetik handienerako hurrenkeran. Hurrenkera horri jarraikiz emanen dira diru-laguntzak eta, ahal bada, eskaeran aukeratutako bainuetxerako. Aurrekontuan dagoen diru-kopurua eta bainuetxeek eskainitako plazak izanen dira muga. Diru-laguntza lortzen ez duten eskaerak erreserba txandan sartuko dira. Inork esleitutako diru-laguntzari uko eginen balio, diru-laguntza hori erreserba txandako pertsonei eskainiko litzaieke, aipatu den hurrenkerari jarraikiz.
7. Diru-sarrera berdinak agertzen dituzten espedienteak izanez gero, eskatzaile zaharrenak izanen du lehentasuna, jaiotegunaren arabera.
III. ERANSKINA
Adineko pertsonentzako 2014. urteko Bainuetxe Programa: zerbitzuen ezaugarriak, txandak eta prezioak
1. Zerbitzuen ezaugarriak.
a) Elgorriagako bainuetxea.
–Tokia:
Elgorriagan dago, Iruñetik 45 km-ra.
–Zerbitzuak:
Ostatua gela bikoitzetan eta mantenu osoa. Esleipen-hartzaileek banako gela eskatzen ahalko dute, nahiz eta bainuetxeko baliabideen araberakoa izanen den aukera hori. Halako gelarik bada, bainuetxeak jartzen duen gehigarria ordaindu beharko dute.
–Gomendio terapeutikoak:
- Erreumatologikoa.
- Arnasketakoa.
- Zirkulazio txarra.
- Erlaxazioa.
–Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatutakoari jarraikiz:
- Bainu termala.
- Zurrusta termala.
- Arnasgailuak.
- Berogailua edo lurrunezko sauna.
- Sauna lehorra.
- Igerileku termala.
- Flotatzeko igerilekua.
- Oinetarako bainua/Eskuetarako bainua.
- Osasuna norberak zaintzea.
–Gizarte- eta kultura-animazio zerbitzua:
Txangoak inguruetan, kartetako jolasak, aquagym-a, terapia, dantza, bingoa, gimnastika.
b) Fiteroko bainuetxea.
–Tokia:
Fiteron dago, Iruñetik 104,3 km-ra eta Tuteratik 28 km-ra.
–Zerbitzuak:
Ostatua gela bikoitzetan eta mantenu osoa. Esleipen-hartzaileek banako gela eskatzen ahalko dute, nahiz eta bainuetxeko baliabideen araberakoa izanen den aukera hori. Halako gelarik bada, bainuetxeak jartzen duen gehigarria ordaindu beharko dute. Gustavo Adolfo Becquer hotel-bainuetxean emanen da zerbitzua.
–Gomendio terapeutikoak:
- Eritasun erreumatikoak.
- Errehabilitazio funtzionala.
- Arnasbideak.
- Zirkulazio aparatua.
- Antsietatea, estresa.
- Prebentzioa-atsedena-erlaxazio orokorra.
–Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatutakoari jarraikiz:
- Bainu orokorrak.
- Sauna naturalak edo berogailu bidezkoak.
- Aeromasajeko bainuak (burbuilak).
- Zutabe dutxak.
- Dutxa zirkularrak.
- Gerrialdeko zurrusta.
- Oinetarako bainuak.
- Aerosolak.
- Igerileku hidrotermal estalia.
–Animazio sozialeko jarduerak:
Gimnastika, erlaxazioa, ibilaldiak, txangoak, hitzaldiak, solasaldiak, bideo eta filmak, eskulanak, jokoak, karta-, partxisa- eta bolo-txapelketak, lehiaketak, kontzertuak, dantzaldiak, festak, etab.
2. Txandak eta prezioak.
Txandak 12 egunekoak izanen dira, mantenu osokoak eta gela bikoitzetan. Bainuetxera joateko eta bertatik itzultzeko garraioa eta taldearentzako aseguru poliza sartzen dira prezioan.
Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek 390,00 euro ordaindu beharko dituzte egonaldiko.
Eskatzaileek eskaeran adierazi beharko dute zein bainuetxe eta noizko egonaldi nahiago dituzten.
Txanda erabilgarriak 2014ko uztailetik abendura bitarte izanen dira, bi alditan:
–Uda: uztaileko, abuztuko eta iraileko txandak.
–Udazkena: urriko, azaroko eta abenduko txandak.
Iragarkiaren kodea: F1407502