1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
40/2014 FORU DEKRETUA, maiatzaren 14koa. Honen bidez aldatzen dira Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa onetsi zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretua eta uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.
Ekainaren 22ko 11/2012 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta uztailaren 2ko 35/2012 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa.
Uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez, aipatu departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bertan, departamentuko administrazio unitate guztiak eta bakoitzari dagozkion eginkizunak zehatz-mehatz arautu ziren.
Orobat, uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren gaur egun Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia deitzen den erakunde autonomoaren estatutuak, barnean dela, halaber, erakunde hori osatzen duten unitate administratiboen arauketa.
Dekretu honen bidez aldatzen dira departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretua eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak, egitura organiko horietan zenbait aldaketa sartuz.
Horiek horrela, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Lehenbiziko artikulua.–Uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Politiketako Departamentuaren egituraren aldaketa.
Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretua aldatzen da, eta honela geldituko da:
Bat. 5. artikulua aldatu da; 4. atala gehitu zaio, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
“4. Orobat, Idazkaritza Tekniko Nagusiari dagozkio genero berdintasunaren arloko departamentu arteko koordinazio eginkizunak, eta, zehazki, ondokoak indarreko araudiarekin bat egiten direla ikuskatzea eta egiaztatzea: araudiko genero eraginaren ebaluazio txostenak, datuak sexuaren arabera bereiztea eta oro har estatistikak egokitzea, aurrekontuan generoaren azterketa sar dadila, eta klausula eta irizpide berriak sar daitezela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin loturik, diru-laguntza eta kontratazio publikoetan, bai eta departamentuak egiten dituen azterlanetan ere. Eginkizun horiek Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuarekin koordinaturik eginen dira”.
Bi. 19. artikulua aldatu da. Hona testu berria:
“19. artikulua. Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala eta haren egitura.
1. Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak, kontsumoaren esparruan, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu. Bereziki, honako hauek:
a) Kontsumitzaileen babesa.
b) Kontsumo arloko informazioa, hezkuntza eta prestakuntza.
c) Merkatuko diziplinarekin lotutako jarduketak, bai eta lehiaren defentsarekin eta sustapenarekin lotutakoak ere.
d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak sustatzea.
e) Bitartekotza eta arbitrajea, kontsumo gaietan.
f) Hipoteketako bitartekotza.
g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Merkatua Kontrolatzeko, Sustapenerako eta Lehiaren Defentsarako Atala.
b) Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Atala.
3. Era berean, Kontsumoko Arbitraje Batzordea Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuari atxikirik geldituko zaio.”
Hiru. 20. artikulua aldatu da. Hona testu berria:
“20. artikulua. Merkatua Kontrolatzeko, Sustapenerako eta Lehiaren Defentsarako Atalaren eskumenen esparrua.
Merkatua Kontrolatzeko, Sustapenerako eta Lehiaren Defentsarako Atalak, kontsumoaren esparruan, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu. Bereziki, honako hauek:
a) Merkatua zaindu eta ikuskatzea, kontsumoaren arloan.
b) Ikuskapen jarduera gauzatzean atzemandako administrazioko arau-hausteen ondoriozko zehapen-espedienteetan ezarritako zehapenen jarraipena egitea eta betetzen direla kontrolatzea.
c) Beltzarantzeko Zentroen Erregistroaren kudeaketa eta prestakuntza zentroen homologazioa.
d) Merkatuak ikertzea eta zaintzea, eta lehiaren defentsaren arloan zehapen eta baimen espedienteak instruitzea.
e) Merkatuetan benetako lehia izan dadila sustatzea.
f) Kontsumoaren eta merkatuaren kontrolaren arloetan indarrean den araudia aplikatzeko egokitu dakizkiokeen gainerako eginkizunak.
g) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
h) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.”
Lau. 21. artikulua aldatu da. Hona testu berria:
“21. artikulua. Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Atalaren eskumenen esparrua.
Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Atalak, kontsumoaren esparruan, foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu. Bereziki, honako hauek:
a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babeserako informazio, prestakuntza eta hezkuntza ekintzak burutzea.
b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen kontsultei, kexei eta erreklamazioei arreta ematea.
c) Bitartekotza sustatzea.
d) Indarrean den araudiak kontsumoko arbitrajeari eta kontsumitzaileen babesari dagokionez esleitutako eginkizunak betetzea.
e) Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroa kudeatzea.
f) Nafarroako Kontsumoaren Kontseiluari laguntza ematea bere eginkizunak gauzatu ditzan.
g) Nafarroako Foru Komunitatean ezgaitasunaren ondoriozko aukeren berdintasunaren, bazterketa ezaren eta irisgarritasunaren arloan kexak eta erreklamazioak jartzeko arbitraje sistema ezartzen laguntzea eta, kasua bada, hori kudeatzea.
h) Kontsumitzaileei arreta ematea, hipoteketarako bitartekotzaren arloan.
i) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
j) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.”
Bigarren artikulua. Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak aldatzea.
Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuen 19. artikulua aldatzen da, eta honela idatzirik geldituko da:
“19. artikulua. Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzako atalak.
1. Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak atal hauek izanen ditu bere egituran:
a) Balorazio Atala.
b) Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala.
c) Langileria Atala.
2. Balorazio Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Desgaitasun mailaren kalifikazioaren eta horren ondoko berariazko egoeren gaineko balorazioa, orientazioa eta proposamena egitea.
b) Mendekotasun graduaren eta mailaren gaineko balorazioa, orientazioa eta proposamena egitea.
c) Etxebizitza egokitu beharra baloratzea eta horren ziurtapena proposatzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako.
d) Desgaitasunak dituzten pertsonen lan gaitasuna baloratu eta lanerako orientatzea.
e) Bere eskumeneko arloetan, departamentuen eta erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.
f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ekipamendu eta instalazioen berrikuntza eta haien mantentze-lanak planifikatu eta sustatzea.
b) Departamentuak zentro berekietan gizarte zerbitzuen arloan egiten dituen obrak kontrolatzea.
c) Departamentuak duen ibilgetuaren inbentarioa sortzea eta horren mantentze-lanez arduratzea.
d) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak, gizarte zerbitzuetako azpiegituren obra eta proiektuak egiteko, ematen dituen diru-laguntzak kontrolatzea.
e) Zuzendariordetzari laguntzea gizarte zerbitzuen arloko obra eta ekipamenduetako inbertsioetarako diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta kontrolatzeko lanetan.
f) Departamentuak gizarte zerbitzuen aloan dituen zentro berekietarako kontratuak kudeatzea, hots, obrakoak, zerbitzuetakoak, laguntza teknikoa ematekoak eta hornidurakoak.
g) Departamentuak zentro berekietan gizarte zerbitzuen arloan egiten dituen obretarako onetsitako aurrekontua kudeatu eta kontrolatzea.
h) Arlo honetan beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak proposatu eta tramitatzea.
i) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
j) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. Langileria Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Sindikatuekiko eta langileen ordezkaritza organoekiko harremanak bideratzea.
b) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroak ikuskatu eta koordinatzea laneko eskubide eta eginbeharrak begiratu eta betetzeko.
c) Langileriaren arloan aholku teknikoak ematea, erakundeko unitate administratibo, zentro eta zerbitzu guztietan.
d) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroetan segurtasun eta higiene programen kontrola eta jarraipena egitea.
e) Langileen erregistroa ireki, mantendu eta eguneratzea.
f) Nafarroako Mendekotasun Agentziaren menpeko zentroetako lanpostuak hautatzeko proposamenak egitea, urteko plantilla organikoa prestatzeko.
g) Langileriaren eta nominen kudeaketari jarraipena egitea eta hura koordinatu eta kontrolatzea, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroetan.
h) Hautapen eta balorazio epaimahaien lana koordinatu eta jarraipena egitea.
i) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroetako langile beharrak eta aurrekontua kontrolatzea, baita deialdiak eta lan publikoaren eskaintza prestatzea ere.
j) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentro berekietako langileentzako prestakuntza programak koordinatu, sustatu eta kudeatzea.
k) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
l) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.”
XEDAPEN GEHIGARRIA
Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapena berrestea.
Berresten da, gertatu zeneko baldintza beretan, Merkatua Kontrolatzeko Ataleko buruaren izendapena, hemendik aurrera Merkatua Kontrolatzeko, Sustapenerako eta Lehiaren Defentsarako Ataleko buru izanen dena.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.–Garatzeko ahalmenak.
Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Íñigo Alli Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1407154