1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
159E/2014 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Zubietako Udalak sustatzen duen bertako Hirigintzako Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskineko B) 1 atalean ezarritakoarekin bat, Zubietako Udaleko Hirigintza Plana aurkeztu da, Zubietako Udalak sustatua, ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2010eko irailaren 1ean egindako txostenarekin hasi zen.
2013ko uztailaren 5eko bilkuran, Zubietako Udalak Hirigintza Plana onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen 2013ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (abuztuaren 12an) argitaratutako iragarki baten bidez. Aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Lurraldea Okupatzeko Estrategiari eta Ereduari buruz (LOEE) egindako txosteneko alderdiak ere biltzen dira jendaurrean jarritako dokumentazioan.
Plan Orokorraren jarduketa eremua Zubietako udal mugapea da, 18,06 km²-ko azalera duena osotara. Udalerria Malarreka eskualdean dago, Doneztebe aldean. Ezkurra ibaiaren arroan, udalerria Bortzirietako mendigune paleozoikoaren azken adarren artean zabaltzen da. Udalerriaren bereizgarri handienetakoa orografia da. Izan ere, Ezkurra ibaiaren hegien artean kontraste handia dakar. Bertako belaien ingurunean dago kokatuta Zubietako herria, eta pagadiak, hariztiak eta gaztainadiak, berriz, %30etik gorako malden gainean, Mendaurko hegaletan.
Hirigintzako Planak garatzen duen lurralde ereduan, hirigune historikoa Ezkurra ibaiaren hegoaldean dago, modu naturalez hazia hango mugetan. Udalerrian barna sakabanaturik daude bost auzo tradizionalak, bordak eta baserriak han-hemenka.
Planean proposatutako garapen eremuak hirigunearen ekialdean kokatzen dira nagusiki, tokirik lauenak eta azpiegituretako sarbide errazenak betetzen baitituzte, baita mendebaldean ere, erliebe maldatsuagoko toki zehatz batzuetan, Pasaitza Kaletik aurrera.
Egungo hiri bilbearen osagaien ezaugarria da eraikin bakartuak eta eremu libreak (baratzeak edo artekak) uztartuta egotea. Eremu pribatuen eta publikoen arteko erlazio hori garaiera txikiko hormen bitartez mantendu eta sustatzen da. Horrek errazten du kale berrietako paisaiaren tratamendua, eta ekartzen du baratzeak ikusgai egotea bide publikotik, modu tradizionalean.
Herriaren inguru horretan, planak helburu ditu hiri bilbea mantendu eta hobetzea eta ondare arkitektonikoa babestea.
Bost auzo tradizionalak mugatzen dira: Ameztia, Aurkidi, Azkota, Mendrasa eta Sarekoa. Kontuan izanik LAP 2ko jarraibideak, baserrien eta borden inbentarioa dakarren balorazio xehakatua, ingurune fisikoaren azterketa, lurzoruaren maldak, erabilerak eta aprobetxamenduak eta lurren titulartasuna aintzat hartuta, identifikatu da zer eremutan baimentzen ahal diren etxebizitzak lurzoru urbanizaezinean. Planeamenduan hobesten da bizibordak eta ardibordak mantentzea eta eraberritzea, udalerriko ondare arkitektonikoaren parte diren aldetik, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerei lotuta, paisaia osatzean erabakigarriak izan baitira.
Aurreko planeamenduko aurreikuspenei eusten zaie erdialdean dagoen ekipamendurako eremu bati dagokionez, erabilera anitzeko ekipamendu komunitarioa izateko, eta “Uraren ibilbidea” sistema orokorra finkatzen da, Zubieta, Ituren, Elgorriaga eta Doneztebe lotzen dituen bidexka. Orobat, errotari lotutako bidexka finkatzen da, hirigunearekin paraleloan ibaiertzetik doana.
Aurreikusten diren azpiegituren artean, NA-170 errepidetik sartzeko beste zubi bat eraikiko da, eta beste bide paralelo bat eginen da Ezkurra ibaiaren eskuineko ertzean, egungo zubiaren eta berriaren artean.
Lurralde antolamenduko baldintza behinena da Ezkurra ibaiaren inguruan uholdeak izateko arriskua, batik bat Arrazu alderdian. Eremu horretan, planak Ezkurra ibaiko ezkerreko ertzean dagoen zerrategia finkatzen du, haren handipena aurreikusi gabe, ez baitago eskaririk. Alde hori egokia da industriarako erabiltzeko, NA-170 errepidetik ailegatzen erraza baita, Zubietako hirigunea zeharkatu beharrik gabe. Nolanahi ere, arroko erakundearen baimenaren menpe geldituko da.
Hirigunea ekialdetik inguratuz eta industrialdea mendebaldetik, eremu bat zehazten da garapen ereduaren babeserako. Haren ezaugarri topografikoak eta zerbitzuen irisgarritasuna mantentzen dira, etorkizuneko hazkundeak arriskuan ez jartzeko.
Ingurunearen analisiak ingurune fisikoaren datuak jasotzen ditu, geologiari, geomorfologiari eta edafologiari buruz, eta Ezkurra ibaiak osatutako ur sarea du aipagai. Ingurumen ondorioen azterlanak landaretza-formazioak eta Europako Batasuneko intereseko eta lehentasuneko habitatak identifikatzen ditu. Horiek udalerriko ingurumeneko unitate nagusiak bereizi eta deskribatzen dituzte, berezitasunaren, hauskortasunaren eta naturaltasunaren arabera baloratuta.
Landa lurra lurzoru urbanizaezinaren sailkapenaren bidez antolatzen da, baita azpikategoria bakoitzari lotutako araudiaren bidez ere, kontuan hartuta ikuspuntu soziekonomikoa, ekologikoa eta ingurune naturala eta kulturala mantentzekoa eta hobetzekoa lurzoru urbanizaezinean.
Ingurumenaren aldetik duten balioa dela eta, aintzat hartzen dira ibilguen, ibaiertzen eta ibaiertzeko landareriaren sistema, lurraldea lotzeko espazioak (600 metrotik gora zehaztuak) eta soilguneetako larreak eta txilardiak eta mendi-hegaletako pagadiak, hariztiak, ameztiak, gaztainadiak, haltzadiak eta urkidiak, Erabilera Publikoko Mendietan sartuta ez daudenak.
Nafarroako Erabilera Publikoko Mendien Katalogoan sartuta dauden 649 Txirtxillo eta 650 Lozabian-Ameztia mendiek, kudeaketari dagokionez, basogintzako antolamendu proiektu indardunean ezarritakoari jarraituko diote.
Alhatzeko eta ebakitzeko belardiek hartutako lurrak eta ibar-beheko alorrak lurzoruaren parte izatera pasatzen dira, ustiategi naturalerako duten balioagatik. Zuhaixken pezoiak eta gaztainadi, harizti eta lizardi txikiak, larretako mugetan ohikoak, berariaz gorde beharrekoak izanen dira araudian.
Balio kulturalak mota desberdinetako elementuak dira, hala nola interes kulturaleko ondasuntzat hartutako aztarnategi arkeologikoak, “Uraren ibilbidea” gisako ibilbide kulturalak, bide tradizionalak eta balio historikoko eta kulturaleko elementuak.
Hirigintzako Planeko dokumentazioan, intereseko eraikin edo elementu historikoen, kulturalen edo ingurumenekoen katalogoa dago. Horiek tokiko garrantzia duten ondasun deklaratzen dira, eta Nafarroako ondare kulturaleko parte izatera pasatzen dira. Besteak beste, Irozabalera bitarteko harlauzazko bidexka, harlauzazko zubia, Bixkoneko bordako kablea eta Ibarneko ikuztegia eta iturria nabarmentzen dira. Katalogoaren bidez, lurrean sartutako harrizko lauzez egindako lurzati itxiturak babesten dira. Haiek mugitu edo birjartzeko, Udalaren lizentzia beharko da.
Ingurumen ondorioen azterlanak biltzen du planeko zer ekintzek sor ditzaketen ukipenak ingurune naturalean eta sozialean. Hirigunea handitu gogo da hiri egitura logiko baten barnean, hiri azalera berririk sortu gabe sarrera zaileko edo malda pikoko lurretan. Auzo tradizionaletako etxebizitza bakartuen baimena ustiatze naturalerako balioa duten gorde beharreko lurzoruetara mugatzen da, eta baldintza zehatzak izanen ditu maldei, sarbideei eta lurzatien tamainari dagokienez. Planak ez die ukipen zuzenik ekartzen interes ekologiko handieneko espazioei eta landareei. Horren ondorioz, Ingurumen ondorioen azterlanak irizten du ukipenak positiboak direla gizartearen eta ondare kulturalaren aldetik, eta negatiboak, berriz, natur ingurunerako, modu apal-apalean bada ere.
Hirigintzari buruzko araudiak ezartzen du zer neurri hartu behar den natura zaintzeko, ingurumena babesteko eta paisaia defendatzeko. Neurri horiek hiri lurzorurako eta lurzoru urbanizaezinerako ezartzen dira, hori baita paisaiaren eta ingurumenaren aldetik balioak biltzen dituena. Ingurumen ondorioen azterlanaren 5. kapituluan neurriak eta irizpideak zehazten dira Hirigintzako Planaren garapenean hura aplikatzeko.
Hiri lurzorutzat hartutako udalerri osoko eremu akustikoen mugaketa eransten da, bizitegiko eremu akustikoa (a mota), industriakoa (b mota) eta garraio azpiegiturako sistema orokorra (f mota) identifikatuta.
Hornidurako zein saneamenduko azpiegiturak nahikoak ote diren, Planaren aurreikuspenak bermaturik gelditzen dira, Mendaur soluzioaren bitartez lehendabiziko kasurako eta Zubietako araztegiak egun duen ahalmenarekin, hondakin uren tratamendurako.
2013ko abuztuaren 21ean sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Udal Plan Orokorraren dokumentazioa.
Ur Baliabideen Atalak 2010eko maiatzaren 3an eta 2014ko otsailaren 24an egindako txostenak ageri dira espedientean. Nafarroako Bidasoa ibaian uholdeak izateko arriskuaren ebaluazioari, kudeaketari eta ur antolamenduari buruzko azterlana abiapuntu izanik, jakinarazi da urek har dezaketela Arrazu alderdian industriarako proposatutako hiri lurzorua (4. poligonoko 1159. eta 1152. lurzatiak) 5 eta 50 urte bitarteko birgertatzealdirako, eta uholdeak izateko arriskua handia dela. Urak har ditzakeen eremuetarako LAP 2n dauden zonifikazio irizpideak aplikatuta (4. eranskina), industriako jarduerak ezin dira baimendu arrisku handiko tokietan.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduran, txostena egin du ingurumeneko baldintzak eransteari buruz Hirigintzako Udal Planean, eta aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Zubietako Udal Hirigintza Planaren alde, Udala bera planaren sustatzaile izanik.
2. Ingurumen ondorioen adierazpena ingurumen baldintza hauek gehituz gero emanen da:
–Arrazu alderdian industriako lurzoru gisa proposatutako lurrek landa-lur izaten jarraitzea, urak hartzeko arriskua handia baita.
–Hirigintzako Udal Plana aplikatu eta garatzeko, kontuan hartuko dira neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta konpentsatzekoak, Ingurumen ondorioen azterlaneko 5. kapituluan garatu direnak. Haien aplikazio eremua hiri lurzorua eta lurzoru urbanizaezina da. Neurri horiek Planeko agiri arauemailean jasoko dira, dagozkien ataletan.
–Hiriguneko mendebaldeko magalean %30etik gorako malda edukita proposatutako etxebizitzei dagokienez (AA13, AA14, AA16, AA17 eta UE 1), Plana behin betiko onetsi aurretik xehetasun handiagoz aztertu beharko dira kokapen horiek, bai tokiko topografiaren aldetik bai herriko arkitektura erlijiosoaren edo zibilaren osagai aipagarrien aldetik. Alde horretatik, LAL 2n hiri paisaia babesteko zehaztutako irizpideak aplikatuko dira, eta beharrezko neurriak zehaztuko dira etxebizitzaren kokapena lurraldeko topografiara egokitzeko. Hiri lurzoruaren muga 235-240 metroko kotan mantentzea baloratuko da, ikusgaitasunagatik eta ikusizko hauskortasunagatik.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Zubietako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko apirilaren 25ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1406399