102. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64E/2014 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona material inertea Baztango udal mugapean, Kapanaitzeta alderdian, botatzeko baimena berritzeko proiektuari. Sustatzailea Construcciones A. Bengoetxea, S.L. da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

2014ko apirilaren 10ean, sustatzaileak ingurumen ukipenetarako baimena berritzea eskatu zuen, zein Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 21eko 0749/2009 Ebazpenaren bidez eman baitzen.

Bi urte baino gehiago iragan dira ingurumen ukipenetarako baimena eman zenetik, proiektua hasi gabe. Hortaz, ulertzen da ingurumen ukipenetarako baimena iraungi dela eta eraginik ez duela.

Denbora horretan martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua onetsi da, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

Arau horrek, 2. artikuluan, ezartzen du zein den haren aplikazio eremua eta zehazten du zer material ez diren hartuko eraikuntzako eta eraispeneko hondakintzat. Horiek, horrenbestez, ez dira foru dekretu horren aplikazioaren xedekoak. Material horien artean, substantzia arriskugarriz kutsatu gabeko lurra eta harriak daude, obra berean edo beste obra batean edo lehengoratze, atontze edo betelan jarduera batean berrerabiltzen direnak, baldin eta berrerabiliko direla modu sinesgarrian egiaztatzen ahal bada.

Eskaeraren kasuan, 27. poligonoko 55C lurzatian, Baztango udal mugapean, kutsatu gabeko lurrekin eta harriekin egiten den betetze-lana hondakin inerteak deuseztatzeko operaziotzat jotzen da (D5), hondeaketako lur eta harri garbiak ez baitira berriro erabiliko, eta operazio horren emaitza ez baita izanen baliabide naturalak ordeztea, zeren, bestela, lehengoratze, egokitze edo betetze helburua betetzeko erabili beharko ziren.

Hori dela eta, eskatutako jarduera lotu behar zaio martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua betetzeari, baita Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aplikatzearen ondoriozko baldintzak betetzeari ere.

Bestalde, asmoa bada hondeatutako materialak biltzeko tokia edo zentroa sortzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedatuarekin bat, jarduera sailkatuaren udal lizentzia tramitatu beharko da, departamentu honen ingurumeneko txostena aldez aurretik edukita, hondakinen kudeatzailearen baimenaz gain, zein jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko ingurumeneko txostenarekin batera ematen baita.

Lehenago adierazitakoa ikusirik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak kontrako txostena egin dio irailaren 21eko 0749/2009 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen ukipenetarako baimena berritzeko eskaerari, irizten baitu baimen mota hori ez dela aplikatzekoa egin gogo den jarduerarako.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea material inertea Baztango udal mugapean, Kapanaitzeta alderdian, botatzeko baimena berritzeko proiektuari. Sustatzailea Construcciones A. Bengoetxea, S.L. da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Baztango Udalari, Baztan aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko apirilaren 30ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1406415