102. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA

Udal ordenantza, elikagaien bankua arautzen duena.
Behin betiko onespena

Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen Batzarrak, 2013ko abenduaren 26an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen elikagaien bankua arautzen duen ordenantza. Hura 2014ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Donezteben, 2014ko maiatzaren 5ean.–Mankomunitateko burua, Alberto San Miguel Mindeguia.

ORDENANTZA, MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEKO ELIKAGAIEN BANKUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen xedea da arautzea bete behar diren baldintzak jende behartsuenak Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak kudeatzen duen elikadura laguntzarako programa eskuratu ahal izateko.

2. artikulua. Onuradunak.

Elikadura laguntzen onuradunak izaten ahalko dira jende behartsuenak Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan bizi diren edo erroldaturik dauden pertsonak, ordenantza honen 4. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

3. artikulua. Laguntza motak.

Laguntzatako oinarrizko elikagai sorta bat emanen da, Nafarroako Elikagaien Bankuak hartaz hornitua edo Malerrekako Mankomunitateak erosia.

4. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Programaren onuradun izateko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

–18 urte baino gehiago izatea eta legez burujabetua izatea edo, bertzenaz, burujabetzeko legezko tramitea abiatu izana.

–Erroldaturik egotea Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea osatzen duten udalerrietariko batean.

–Familia unitate guztian ohiko bizitegiaz gain bertze higiezinik ez izatea jabetzan.

–Familia unitatearen hileko diru-sarrera guztien kontua ez izatea ondotik ematen diren mugak baino handiagoa, familia unitatetzat harturik helbide berean bizi diren lagun guztiak.

FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

GEHIENEKO DIRU-SARRERAK

1

642,00 euro

2

769,00 euro

3

833,00 euro

4

897,00 euro

5

962,00 euro

Baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak onartuko dira.

5. artikulua. Dokumentazioa.

Onuradun izateko interesa duten lagunek dokumentazio hau ekarri beharko dute:

–Laguntza eskaera. I. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Katastroko ziurtagiria, ondasun higiezinen titulartasunari buruz.

–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.

–Errenta aitorpena edo, halakorik ez bada, Ogasunak igorririko ziurtagiria, aitorpena egitetik salbuetsirik dagoela dioena, diru-sarrerei buruzko erantzukizuneko aitorpen batekin batean, II. eranskineko ereduaren arabera.

6. artikulua. Eskaeren aurkezpena eta horiek instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Eskaerak Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Idazkaritzan aurkeztuko dira, urteko edozein egunetan.

Prozedura instruitzeko eskumena duen organoa dagokion profesionala izanen da, Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barnean.

Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen Batzordeak, instrukzio organoak aitzinetik txostena eginda, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko buruari; haren ebazpen baten bidez onetsiko da onuradunen zerrenda.

Onuradunen zerrendan daudenen gaineko ebazpena jakinaraziko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan.

7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek ondotik ematen diren baldintzak bete beharko dituzte, administrazio prozedurari buruzko legeek eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezartzen dituzten betebehar generikoez aparte:

–Eskaerarekin batera, oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren agiriak aurkeztea, instrukzio organoaren aitzinean frogatu beharrez ordenantza honetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla.

–Kontrolerako jarduera guztiak onartzea eta eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztea.

–Instrukzio organoari ematea, 15 egun naturalean, alegaturiko inguruabarren edozein aldaketaren berri, onartutako kontzesioa aldatzea, etetea edo iraungitea ekartzen ahal badu.

–Familia unitate bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du.

8. artikulua. Elikagaien banaketa.

Onuradunen zerrendan daudenen gaineko ebazpena emanda, elikagaien hamabi entrega gauzatuko dira gehienez, hilean bat. Hurrengo entregak gauzatuko dira betiere beren horretan badaude hasierako ebazpena ekarri zuten inguruabarrak.

Salbuespenez, ez zaio prozedura honi jarraikiko, eta elikagaiak entregatzen ahalko dira egoera berezietan, aitzinetik arrazoitzen badira entrega arrazoitzen duen txosten baten bidez; hura gizarte-langileak prestatu beharko du, eta haren kopia geldituko da aparteko eskaeraren espedientean.

Banaketaren datak, baita banatu beharreko kopurua eta sortetan dauden produktuak Nafarroako Elikagaien Bankuak zer elikagaiz hornitzen duen, horrexen arabera zehaztuko dira. Orobat, Malerrekako Mankomunitateak elikagaiak erosiko ditu Elikagaien Bankuen igorpenak osatzeko, une bakoitzean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Hasteko, kopuru orientagarri hau finkatu da: 10kg elikagai, familia unitateko kide bakoitzeko. Hala ere, kopuru hori aldatzen ahal da eskaera kopuruaren eta eskura diren elikagaien arabera. Beraz, elikagaien bankuak elikagai sail batez hornitzen duen aldiro edo Mankomunitateak elikagaiak erosten dituen aldiro, eskura diren kilo kopurua zatituko da onuradun kopuruaren artean, ahaleginak eginen baitira elikagai kopuru berdina esleitzeko onuradun guztiei.

9. artikulua. Elikagaien entrega.

Banaketaren tokia, eguna eta ordua telefonoz emanen zaie aditzera onuradunei, gisa honetara:

1. Onuradun bakoitzarekiko harremana telefonoz eginen da. Deia egiteko sakelako telefonoa nahiz finkoa erabiltzen ahal da; gehienez ere 3 dei eginen dira 8:00etatik 15:00etara. Deialdiaren emaitza idatziz jasoko da, haren data eta ordua apuntatuta. 3 eguneko epean elikagaiak erretiratzen ez badira, ulertuko da delako laguntzari uko egiten zaiola.

2. Onuradunek beren kokapen datuak aldatzen badituzte, horren berri eman beharko diote berehala Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari, horiek eguneratzeko.

3. Elikagaien banaketari ekinen zaio, interesdunari hitzordua ematen zaiolarik, bera agertuta NANa aldean daramala. Eskaeraren titularra agertzen ez bada, titularrak sinaturiko baimenaren bidez izendatutako lagunak biltzen ahalko ditu elikagaiak. Elikagaiak eskuratuta, hartu-agiria sinatuko da.

10. artikulua. Laguntzarako eskubidearen galera.

Laguntzaren onuradunak honelakoetan galduko du eskubidea:

–Laguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea, hura emateko behar ziren datuak eta agiriak faltsuturik edo gorderik.

–Familia unitate bereko kideek eskaera bat baino gehiago aurkeztea.

–Onuradun izan ahal izateko funtsezko baldintzak, 4. oinarrian aipatu direnak, betetzetik gelditzea.

I. ERANSKINA

Izen-deiturak:

NANa:

Helbidea, jakinarazpenetarako:

Herria:

Probintzia:

Tel.:

Familia unitateko kideen kopurua:

Familia unitateko diru-sarrerak, guztira

Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak elikagai laguntzarako egindako deialdiaren ondorioz eta deialdian ezarritako baldintza guztiak bildurik, onartua izatea eskatzen dudala.

Donezteben, data
Sinatua:

II. ERANSKINA

..................................................................................... jauna/andrea,

NANa: ...........; helbidea:

Onuraduna izan behar dudala eta elikagai laguntza eskuratzeko egoeran nagoela funtsatu beharrez, erantzukizunez aitortzen du familia unitateak ................... ekitaldian eskuratutako diru-sarrerak honako hauek direla:

Diru-sarrerak, guztira:

Iragarkiaren kodea: L1406542