1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
207/2014 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia arautzen duena, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, 2014-2015 ikasturterako.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste goi mailako musika ikasketak.
Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zen. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte ikasketetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako musikako goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen du maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin bat.
Hezkuntzako kontseilariak uztailaren 1ean emandako 110/2010 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko.
Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 27an eman 210/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautzen ditu.
Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren.
Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 77/2013 Foru Aginduak Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 110/2010 Foru Agindua aldatu du, zeinek musikako goi mailako ikasketen plana ezarri baitzuen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitzeko.
Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 110/2010 Ebazpenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eskola egutegia arautzen du, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, 2010-2011 ikasturtetik aurrera.
Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak apirilaren 30ean eman 180/2014 Ebazpenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eskola egutegia arautzen du, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, 2013-2014 ikasturterako.
Ikusirik Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalaren aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, prestatzeko jarraibideak onesteko 2014-2015 ikasturterako.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegiaren arauak onestea, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitua, 2014-2015 ikasturterako. Arau horiek ebazpen honen eranskinean bildu dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalari eta ukitutako ikastetxeei, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 12an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketei dagokien eskola egutegiari buruzko arauak, 2014-2015 ikasturterako
1.–Egutegia.
Musikako goi mailako arte ikasketei dagokien 2014-2015 ikasturteko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:
1.a a) Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.
b) Eskolak iraileko lehenengo astean hasiko dira, oro har, eta maiatzeko azkeneko astean bukatuko.
c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.
d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eginen dira.
2.a a) Irakaskuntza hauetan erabateko dedikazioan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez, eta 40 astekoa gehienez.
b) Eskolaldi horretan eskola teoriko edo praktikoak sartuko dira eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.
c) Ikasturte bakoitzean bi ebaluazio antolatuko dira. Lehenbiziko ebaluazioa partziala izanen da eta urtarrilean burutuko da. Bigarrena azken ebaluazioa izanen da, eta bi deialdi izanen ditu, bata arrunta eta bestea apartekoa, maiatzean eta/edo ekainean.
d) Gehienez ere bina aste erabiliko dira lehen ebaluazioaren azterketak eta bigarren ebaluazioaren deialdi arruntaren azterketak (ikasturte bukaerako lana salbu) prestatu eta egiteko.
e) Ikasturte bukaerako lanaren deialdi arrunta ekainaren lehengo astean eginen da.
f) Ikasturteko deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.
g) Egutegia aldatu behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.
h) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.
3.a a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a, bai eta herriko zaindariaren jaieguna eta hezkuntzako kasuan kasuko zaindariaren jaieguna ere. 2015eko lan egutegi arruntaren argitalpen ofizialaren zain, martxoaren 19a jaieguntzat hartuko da.
b) 2015ko lan egutegi arruntean martxoaren 19a jaiegun gisa agertzen bada, ikastetxeek eskola egutegia moldatzen ahalko dute, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.
c) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, ikastetxeek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.
d) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan zaindariaren jaieguna azaroaren 21a izanen da.
4.a 36 eskola egun errespetatzen badira, ikastetxeko zuzendaritzak 3. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du.
5.a 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.
6.a Eguberrietako oporrak abenduaren 20an hasi eta urtarrilaren 7an bukatuko dira, biak barne.
7.a Aste Santuko oporrak apirilaren 2tik apirilaren 12ra arte izanen dira, biak barne.
8.a Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin koordinatuko da, eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeetako egutegi proposamenean.
9.a Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.
10.a Urtero, ekaineko lehendabiziko hamabostaldian, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da ezarrita dagoen espezialitate bakoitzerako. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke, irailaren hasieran.
2.–Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2014-2015 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du eta, eskola kontseiluak onetsi ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, 2014ko maiatzaren 31n beranduenez.
2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak onetsiko ditu, aztertu ondoren. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren inguruan 2014ko ekainaren 14rako jakinarazpenik jasotzen ez badu.
3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.
4. Egutegiak, onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Zuzendaritzaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.
5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia iragarki oholean ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren idatzizko baimenik gabe.
1.–2014-2015 ikasturteko eskola egutegia.
Musikako goi mailako arte ikasketak.

Iragarkiaren kodea: F1407069