101. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURGI

Ordenantza, larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Burgiko Udalak, 2014ko martxoaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, 2014ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 3an, argitaratu zena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burgin, 2014ko maiatzaren 16an.–Alkatea, Elena Calvo Petroch.

Ordenantza, larrialdi sozialeko
laguntzak arautzen dituena

Burgiko Udalak 2014ko martxoaren 28ko erabakiaren bidez onetsia.

Krisi ekonomikoa bizitzen ari baikara eta Udal honentzat lehentasunezkoa baita herriko bizilagun guztiei gizarte laguntza ematea, ordenantza hau onetsi da, familia kargen eta aparteko egoeren ondorioz bizirauteko beharrezkoak diren baliabideak ez dituzten familien biziraupena bermatzeko asmoz.

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da larrialdi sozialean dauden pertsonei eta familiei emanen zaizkien diru-laguntza zuzenak eta xededunak arautzea; baita laguntza horiek emateko prozedura ere.

Laguntza bereziak xededunak eta enbargaezinak dira eta, zertarako eman diren, horrexetarako soilik erabiliko dira.

Izaera berezia izanen dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak beste sari batzuen aldera.

2. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek 2014ko aurrekontu ekitaldian izanen du indarra.

2.500 euroko kontu-saila gaitu da, 2014rako aurrekontu orokor eta bakarreko gastuen 320.48001 kontu-sailetik hartuta (“Kultur, josteta eta osasun jardueretarako diru-laguntza”).

3. artikulua. Xedea.

Ordenantza honetan araututako laguntzaren helburua da bizirauteko oinarrizko beharrei erantzutea, familia kargen eta aparteko egoera ekonomikoen ondorioz bizitzeko beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak ez dituzten familien edo, salbuespenez, pertsonen kasuan, betiere behar horiek beste prestazio edo zerbitzu batzuen bidez konponduta ez daudenean; gutxieneko errentak direla-eta jasotzen direnen osagarri izan daitezke.

Zenbatekoa kontzeptu hauetako baterako erabili beharko da:

1. Etxebizitza:

Gehienez ere 400 euro emanen dira familiaren ohiko etxebizitzaren hipoteka edo alokairuaren hileko kosturako.

2. Mantenu gastuak (janariak, higiene produktuak...):

Gehienez ere 200 euro emanen dira pertsona bakarra izanez gero; 250 euro, berriz, familia unitatea bi pertsonak osatzen badute; 300 euro hiru pertsona badira eta 350 euro lau pertsona edo gehiago badira.

3. Hezkuntza.

Eskolatze adinean dauden adingabeen eskolatzearen inguruko gastuen kostua berdinduko da, esate baterako jantokia, eskolako materiala etab., aldez aurretik zenbatekoa justifikatuta, betiere ikusten bada proposatutako gastua beharrezkoa dela eta aurkeztutako beharrari erantzuteko egokiena.

4. Osasuna.

Gizartearen eta osasunaren ikuspuntutik arazoren bat duten pertsonak gizarteratzeari eta normalizatzeari on egiten dioten laguntzak jasoko dira, arazo horrek lanean nahiz gizartean aitzina egitea nekezago bihurtzen badu, horren kostua Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ez duenean (betaurrekoak, audifonoak, aho-hortzetako konponketak etab.).

4. artikulua. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Ordenantza honen bidez emanen den gehieneko zenbatekoa aldakorra izanen da eta hilabetez hilabete kalkulatuko da, honela:

1. Lehenbizi kalkulatuko dira familia unitatearen diru-sarrera gordinak laguntza eskatzen den hilabeterako, beste laguntza batzuen zenbatekoa barne, hala nola Gizarteratzeko Errenta etab.

2. Aurreko zenbatekoari kenduko zaio, hala behar denean, ordaindu beharreko alokairuaren edo hipotekaren zenbatekoa, 400 euro gehienez.

3. Familia unitate bakoitzarendako laguntza honako hau izanen da: taula erantsian ageri den zenbatekoaren eta aurreko eragiketen ondoriozko zenbatekoaren arteko aldea, betiere taula berean aipaturiko diru-sarrera gordinak bermatuz.

Zenbatekoen taula

Pertsona bat

532,51 euro

Bi pertsona

639,01 euro

Hiru pertsona

692,26 euro

Lau pertsona

745,51 euro

Bost pertsona edo gehiago

798,75 euro

Pertsona edo familia unitate bati gehienez ere 2.500 euro emanen zaizkio urtean.

Ofizioz edo eskatzailearen eskariz edo Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eskariz ematen diren zenbateko horiez gain, diru kopuru puntual batzuk ematen ahalko dira behar zehatz eta erabat apartekoak izaten direnean, kaltetuek bizirauteko ezinbestekotzat jotzen badira (hala nola etxebizitzari, jatekoari, hezkuntzari, osasunari eta abarri dagozkion gastuak).

Kontu-hartzailetzako txostena beharko da laguntza horiek emateko.

5. artikulua. Eskaera.

Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkeztu beharko da, 2014ko ekitaldiko edozein unetan. Hilero berrikusiko da kontzesioa. Hilabeteren batean kontu-saila nahikoa ez bada aurkeztutako eskaera guztietarako, hainbanatu eginen da eskatzaileen artean, proportziozko ehunekoa murriztuz laguntzatik kasu guztietan, Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostenak beste irizpide bati jarraitzea gomendatzen ez badu behintzat, behar bezala arrazoiturik.

6. artikulua. Baldintzak.

–Eskatzailea eta familia unitateko kide guztiak Burgin erroldatuta egotea eta herri horretan benetan eta egiazki bizitzea. Baldintza horiek eskaeraren aurreko bi urteetan bete beharko dira, bai eta eskaeraren unean eta laguntza jasotzen den denbora guztian ere.

–Familia unitatean behar besteko baliabide ekonomikorik ez izatea, honako honen hirugarren artikuluaren arabera kalkulatuta. Era berean, azken hiru hilabeteetan lortutako diru-sarrerak aztertuko dira eta, hala, laguntza hau lortzeko ezinbesteko baldintza izanen da ondokoa: familia unitateak azken 3 hilabeteetan izandako diru-sarreren eta Gizarteratze Errentagatik legokiokeenaren arteko zatidura 0-1,04 izatea.

–Beste laguntza batzuk eskatzeko aukerarik ez izatea edo bizirauteko beste baliabide batzuk edukitzea, adibidez diru-likidezia, ondarea, familiaren sostengua etab., horien bidez aurre egin ahal izateko sortutako egoerari. Baldintza hau betetzen den egiaztatzearren, bidezkotzat jotzen den beste edozein agiri eskatzen ahalko da (azken urteetako errenta aitorpenak, bizikidetzaren ziurtagiriak, bankuko kontu-laburpenak, katastroko ziurtagiriak etab.), eta horiek baloratzerakoan kontuan hartuko da laguntza honen izaera guztiz aparteko eta subsidiarioa. Horrenbestez, eskatzaileak baldintza hau betetzen duela esanen da laguntza jaso ezean bizitzeko funtsezkoak diren gutxienekoak gabe gelditzen denean, gutxieneko horietan sartuz etxebizitza, janariak, adingabeen hezkuntza edo osasun zerbitzuak.

–Eskatzaileak familia kargak izatea, hau da, adingabeak, adin nagusikoak edo behar bereziak dituztenak, betiere familia unitatean bizi badira. Salbuespenez, familia kargarik gabeko pertsonei ematen ahalko zaizkie, Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gomendatzen duenean.

–Laguntzak eskatzea edo Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak edo Burgiko Udalak kontzesioaren ebazpenean ezartzen dituen neurriak betetzea. Geroago beste laguntza bat lortzen bada atzeraeragineko ondorioekin, edo agerian jartzen bada ez zirela aipatu baldintzak betetzen, eskatzaileak itzuli egin beharko du jasotako laguntza.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

–Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa.

–Eskatzailearen NANa.

–Familia liburua edo familia unitatean elkarrekin bizi diren kideen nortasuna frogatzeko agiriak.

–Eskatzailearen erroldako eta bizikidetzako ziurtagiria, Burgiko Udalak emana, erroldako alta eguna jasoko duena.

–Familia unitateko kide guztien azken hiru hilabeteetako diru-sarreren frogagiria.

–Etxebizitzarekin zerikusia duten gastuen frogagiria (alokairua, hipoteka...).

–Bankuko transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak beharra baloratzeko bidezkotzat jotzen dituen agiriak (hala nola azken urteetako errenta aitorpenak, bizikidetzaren ziurtagiriak, katastroko ziurtagiriak, bankuko kontu-laburpenak etab.)

–Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea.

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskaera aurkeztu ondoren, zerbitzu horrek behar den txostena eginen du. Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua izanen da aurkeztutako agiriak aztertuko dituen organo eskuduna eta, horretarako, eskatzaileari agiriak eta argibideak eskatzen ahalko dizkio, laguntza jasotzeko beharra edo haren kopurua zehazteko beharrezkoak badira. Txostena eman ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez ebatziko da eskaera. Bai laguntza ematea bai haren zenbatekoa hilero aztertuko dira eta egunez egun kalkulatuko, eta beharrezkoa izanen da beste txosten eta ebazpen bat ematea hilabetez hilabete ordaintzeko.

Hori horrela, onuradunaren egoeraren etengabeko jarraipena eginen da; onuradunak Erronkariko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Udalak ezartzen dituzten neurriak bete beharko ditu planteatutako egoera gainditzeko, eta, egoera horretan aldaketarik izaten bada, horren berri eman beharko du. Planteatutako egoera aldatzen bada, laguntza benetako egoerari egokituko zaio, egunez egun kalkulatuta, aurreko hirugarren artikuluan ezarri den moduan. Aldaketa horrek atzeraeragineko ondorioak baditu, edo agerian jartzen bada ez zirela laguntza jasotzeko baldintzak betetzen, eskatzaileak itzuli egin beharko du oker jasotako laguntza.

9. artikulua. Ordainketa.

Laguntza onartzen duen ebazpena eman ondoren, ebazpen horretan hilabete bakoitzerako finkatutako kopurua ordainduko da, eskatzaileak emandako bankuko kontuan.

Hurrengo hilabeteko kopurua kobratzeko, aldez aurretik frogatu beharko da aurreko hilabetean jasotako laguntza zertarako erabili den, bankuko frogagiria aurkeztuz horretarako.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, baina atzeraeragineko ondorioekin aplikatuko da 2014ko martxoaren 28tik hasita, egun hartakoa baita hasierako onespena.

Iragarkiaren kodea: L1407246