101. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36E/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, arte-ikasketetan sakontzeko beken diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskaera egin du arte-ikasketetan sakontzeko beken deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onets daitezen, 232.000 euroko gastua baimen dadin eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Arte-ikasketetan sakontzeko beken diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasotakoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2520-4809-334102:

Prestakuntza artistikorako laguntzak

4707

2014

232.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 15ean.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ARTE-IKASKETETAN SAKONTZEKO BEKEN
DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Beken xedea eta helburua.

1.1. 30 urte arteko (adin hori barne) ikasle nafarrei arte-ikasketetan sakontzeko aukera ematea dute xede bekek, Espainiako zentroetan nahiz atzerrikoetan.

1.2. Beka hauen onura publikoaren oinarriak bi dira; alde batetik, bekadunek kanpoan zabal dezaketen foru komunitateko maila kultural eta artistikoaren irudia eta, bestetik, bekadunek lortzen dituzten ezagutzez egin dezaketen aprobetxamendua prestakuntza proiektuak bukatutakoan.

1.3. Hamar beka eskaintzen dira deialdian: bi arte plastikoetarako, bi ikus-entzunezko arteetarako, hiru arte eszenikoetarako eta hiru musikarako, bai eta kasuan kasuko luzapenak ere.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Nafarra izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eta horri eustea bekak irauten duen bitartean.

2.2. 30 urte edo gutxiago izatea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

2.3. Baldintza hau betetzea:

a) Beka zein ikasketetan sakontzeko eskatzen den, haiexei dagokien titulu ofizialaren jabe izatea edo lortzeko moduan egotea.

b) Arte eszenikoen eta musiken diziplinetan, baldintza hau beteta ere izan daiteke onuradun: hautapen proba bat gainditu izana Espainiako zentro ofizialetan edo atzerrikoetan prestakuntza hartzeko, edo izen handiko zentro pribatuetan ikasketa ez-ofizialak hasteko hautatua izana.

2.4. Atzerriko prestakuntza programa bat proposatzen denean, hizkuntza eskola ofizialek luzatutako ziurtagiriaren jabe izan behar da, oinarrizko ziklokoa edo tarteko mailakoa (B1) alegia, edo ofizialki baliokidea den beste bat, zentroa dagoen herriko hizkuntzarena edo, hala denean, zentroak ikastaroa ongi aprobetxatzeko eskatzen duen hizkuntzarena (III. eranskina). Zentroaren beraren proba ere onartuko da, baldin eta ikasketa zentroak eskatzen duen maila egiaztatzen badu.

2.5. Luzapenak eskatzeko, 8. oinarrian xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko aurrekontuko “Prestakuntza artistikorako laguntzak” izeneko A20002 A2520 4809 334102 kontu-sailari egotziko zaizkio beka hauek, eta 232.000 eurokoak dira, gehienez ere.

3.2. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, gehigarri gisa ematen ahalko zaie probak gainditu baina diru-laguntzarik eskuratu ez duten eskatzaileei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.3. Onuradunetakoren batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren hurrenkeran eta arlo berean hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio; betiere, horrek eskatzen zaion gutxieneko puntuazioa gainditzen badu. Arlo berean probak gainditu dituen hautagairik ez badago, gainerako arloetan gainditu dutenen artean puntuazio handienekoari emanen zaio.

3.4. Beka hauek luza daitezke, betiere eskatzaileak aurretik aurkeztutako ikasketa planean luzapen bat edo bi aurreikusten badira (bi gehienez). Luzapena ez da besterik gabe emanen, baldintza hauek bete beharko baitira: adina, kurtsoa gainditzea, batzordearen luzapenaren aldeko irizpena eta aurrekontu erabilgarria izatea.

4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta beka luzatzeko eskaerak II. eranskinekoaren araberakoak. Eranskinetan aipatzen diren agiriekin batera, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskaera posta ziurtatuaren bidez edo Departamentukoa ez den erregistro batean aurkezten bada, posta elektronikoaren bidez jakinarazi beharko da bidaltzen denean.

4.3. Dokumentazioa paperean eta bertsio digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazteko.

4.4. Eskabide ereduak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

4.5. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko ekainaren 16an bukatuko.

4.6. Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ikasketen ziurtagiria (I. eranskineko 1.b) puntukoa) edo hizkuntzaren ezagutza frogatzen duen agiria (I. eranskineko 1.c) puntukoa) aurkeztu ezin badu, epea uztailaren 18an bukatuko da, betiere inguruabar hori frogatzen badu eskaera aurkeztean.

4.7. Kasuan kasuko zentroan onartuak izateko egutegi ofizialagatik, eskabideak aurkezteko epean, eskatutako programan onartuak izan direla frogatzen duten agirien fotokopia ezin aurkeztu izan duten esleipen-hartzaileei baldintzapean emanen zaie beka edo luzapena, eta aurtengo urriaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dituzte agiri horiek.

4.8. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Bekaren zenbatekoa, guztira, kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula eta/edo hileko ordainketak, egonaldia eta aseguru-poliza.

a) Matrikularen eta/edo hileko ordainketen kontzeptuarengatik kostuaren %100 ordainduko da, 2.500 euro gehienez, betiere aurrekontuan diru erabilgarria badago

b) Egonaldiagatik, eta ikasketak egiten dituen bitartean, bekadunak, gehienez 9 hilabetez, 500 euro jasoko ditu hilean ikasketak Espainian egiten baditu, eta 700 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu.

c) Onuradunak aseguru-polizaren gastuetarako emandako diru kopurua jasoko du, haiek justifikatu ondoren. Gehienez ere 100 euro jasoko ditu oinarri hauen 11.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 600 euro 11.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatu behar bazaio.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean. Bekak arlo bakoitzean puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei emanen zaizkie, oinarri hauen 7. puntuan ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta entzunaldiak eta elkarrizketak non eginen diren adieraziko.

Entzunaldi eta elkarrizketa horiek abuztuaren 4tik 8ra bitarte eginen dira; aurkeztutako eskaeren kopuruaren arabera ezarriko dira egun zehatzak.

Ebazpen hori jendaurrean jarriko da, bai Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/.

Ebazpena argitaratu ondoren, onartutako eskatzaileek interpretatu beharreko bariazio, antzezpen edo musika piezaren eta haren iraupenaren berri emanen diote Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalari.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: adituak (espezialitate hauetatik bina kide: arte plastikoak, ikus-entzunezko arteak, arte eszenikoak eta musika) eta Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Ataleko teknikari bat.

c) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Ataleko burua, eta bera izan ezean, Artearen Hedapenaren Ataleko burua, hizpidea eta botoa dituela.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaeren baloraziorako, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Deialdiaren 2.3.a) puntuan ezarritakoarekin bat parte hartzen denean:

–Puntu horretan baldintza gisa jasotzen den ikasketa titulu ofiziala zein den, horri dagozkion meritu akademikoak, gehienez ere 20 puntu arte, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

Kalifikazio eskalak eta haien baliokidetasuna:

0-10 ESKALA
BENETAKOA

0-10 ESKALA
PONDERATUA

0-4 ESKALA

LETRAZKO
ESKALA

BALORAZIOA

5,00 - 6.99

5,50 - 7.49

1 - 1,99

Gainditua

10

7,00 - 8.99

7,50 - 8.99

2 - 2.99

Oso ongi

15

9,00 - 10

9,00 - 10

3 - 4

Bikain edo ohorezko matrikula

20

Aplikatu beharreko zuzenketa faktorea, egiaztatutako ikasketa mailaren araberakoa:

–Goi mailako ikasketak (goi mailako titulua): 1,00.

–Goi mailako ikasketak (graduko ikasketak): 0,85.

–Erdi mailako ikasketak: 0,70.

b) Deialdiaren 2.3.b) puntuan ezarritakoarekin bat parte hartzen denean (musikaren eta arte eszenikoen diziplinetan):

–Hautapen proba bat gainditzea gehienez ere 20 puntuz baloratuko da, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

IKASPOSTU KOPURUA/IZANGAI KOPURUA

BALORAZIOA

1/25 edo txikiagoa

10 puntu

1/25 baino handiagoa eta 1/50 edo txikiagoa

15 puntu

1/51 edo handiagoa

20 puntu

c) Curriculum vitae-a, alegatzen diren merezimenduak frogatzen dituen ziurtagiriarekin: gehienez 10 puntu. Hauek baloratuko dira: sariketak, erakusketak, lehiaketak, antzezpenak, eskatzen den bekaren diziplina berekoak baldin badira.

Ez dira atal honetan aintzat hartuko deialdi honetako 7.1.a) atalean baloratutako ikastaroak.

Ez dira baloratuko frogatzen ez diren merituak.

d) Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistiko eta teknikoa, baita hautatutako zentroaren garrantzi akademiko eta artistikoa, 20 puntu gehienez, honela banatuta:

–10 puntu arte, proposatutako ikasketa programarengatik.

–10 puntu arte, zentroaren garrantzi akademiko eta artistikoarengatik.

e) Elkarrizketa, 10 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira: aurkeztutako ikasketa planaren edo proiektuaren interesa, proiektuaren defentsa, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

f) Entzunaldia/Grabazioa/Txostena: 40 puntu gehienez.

Atal honetan aintzat hartuko da grabazioan/txostenean/aurrez aurreko entzunaldian erakutsitako sormena.

Ezin izanen dute laguntzarik jaso atal honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileek. Eskatzaile batek ez badu puntuazio hori lortzen, ez zaizkio gainerako irizpideak baloratuko eta zuzenean kanporatuko da.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

7.2. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

7.3. 7.1.e) eta f) puntuetan aipatutako entzunaldiak eta elkarrizketak oinarri hauen IV. eranskinean espezialitate bakoitzerako ezarritakoaren arabera eginen dira.

7.4. Bekaren bat eman gabe gelditzen bada gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik edo espezialitateren batean izangairik ez izateagatik, batzordeak beste espezialitate baterako ematea proposatzen ahalko du.

8. Bekak luzatzea.

8.1. Interesdunek hala eskatuta, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak emandako bekak luzatzen ahalko ditu. Luzapenak ez dira inolaz ere bi baino gehiago izanen.

8.2. Luzapena eskatzeko, beharrezkoa da kurtsoa gainditu izana entzunaldiak edo elkarrizketak egiten direnean.

8.3. Luzapenetarako ikasketa programak koherentea izan behar du hasieran diruz lagundutako programarekin.

8.4. Aurreko deialdietan emandako beken luzapenen gaineko araudia oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa izanen da.

8.5. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko ekainaren 16an bukatuko.

8.6. Eskaerak 6.3 puntuan aipatutako ebaluazio batzordeak baloratuko ditu. Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, luzapenak egiteko proposamena aurkeztuko du.

8.7. Batzordeak bekadunek aurkeztu beharreko memoria baloratuko du, hots, aurreko ikasturteko bekaren azken ordainketaren frogagiri gisa aurkezten dutena, edo luzapena eskatzeko berariaz prestatzen dutena.

8.8. Bekak luzatzeko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Egindako ikasturtearen memoria, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaeraren gainean zentroak edo irakasleak egindako ebaluazioa eta kurtsoko ikasketa-espedientea barne: 30 puntu.

b) Ikasketa programaren kalitatea eta interes artistikoa eta teknikoa: 20 puntu gehienez.

c) Elkarrizketa, 10 puntu gehienez. Honako hauek baloratuko dira: aurkeztutako ikasketa planaren edo proiektuaren interesa, proiektuaren defentsa, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

d) Entzumena/grabazioa/txostena: 40 puntu gehienez.

Atal honetan aurrez aurreko grabazioan/txostenean/entzunaldian erakutsitako sormena baloratuko da.

Ezin izanen dute luzapenik izan atal honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileek. Eskatzaile batek ez badu puntuazio hori lortzen, ez zaizkio gainerako irizpideak baloratuko.

Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara edo entzunaldira agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

8.9. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %60 lortzen ez dutenek.

8.10. 8.8.c) eta d) puntuetan aipatutako entzunaldiak eta elkarrizketak oinarri hauen IV. eranskinean espezialitate bakoitzerako ezarritakoaren arabera eginen dira.

9. Kontzesioaren gaineko ebazpena.

9.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, entzunaldiak eta elkarrizketak egiten direnetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, bekak eman eta luzatzeari buruzko ebazpena emanen du.

9.2. Deialdiaren ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

9.3. Bekak eta luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, esleipen-hartzaileek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute laguntzarekin ados daudela edo hari uko egiten diola adierazteko Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalean.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Ikasketak egin direla eta zer gastu izan diren frogatu beharko da Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuaren Atalean.

10.2. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.3. Ikasturtea bukatu ondoren, ikasketak egin direla frogatzen duten agiriak igortzea Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuaren Atalari.

10.4. Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalari jakinarazi beharko diote prestakuntza programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Programan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta onetsitako programa funtsean aldatzen ez bada, ebaluazio batzordearen iritziz.

10.5. Beka hartzeak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren hedapen artistikoen programetan parte hartzeko konpromisoa ekarriko dio onuradunari, bi aldeak ados daudela, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu. Horretarako, Eguberrietan gala bat eta erakustaldi bat eginen dira.

10.6. Ikasketak luzatzeko aldia bukatzen denean, beken onuradunek, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kontzertu batean, erakusketa batean edo antzezpen batean parte hartuko dute, aipatu zuzendaritza nagusiak horretarako antolatzen ahalko baititu.

10.7. Bai eskatzaileek bai onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, gaztelania ez den hizkuntza batean idatzita egonez gero, itzulpena ere aurkeztu beharko da.

11. Osasun laguntza.

11.1. Laguntza hauek jasotzen dituzten bekadun guztiek babestuta egon beharko dute gorputz istripuetarako aseguru-poliza baten bitartez.

11.2. Atzerrian ikasten duten bekadunek, Gizarte Segurantzaren edo horren baliokidearen babesa ikasten duten herrialdera hedatzerik ez badute, bidaiako laguntzaren aseguru-poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak ere hartuko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Emandako beken zenbatekoa honela ordainduko da, oro har:

a) Ordainketa bakar batean matrikularen eta aseguru-polizaren zenbatekoa sartuko da, gehi hileko saria ikasturteko hilabetetarako (9 gehienez).

Ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2014ko abenduaren 9an beranduenez:

–Onuradunak ikasturtea hasi duela edo hastera doala egiaztatzen duen ziurtagiria, egin beharreko irakasgaiak eta asteko irakastorduak adierazita.

–Matrikulari dagokion gastuaren eta horren ordainketaren frogagiriak.

–Kasuan kasuko aseguru-polizaren fotokopia, eta horren ordainketarena.

b) Ikasturtea bukatu ondoren, 15 egun naturaleko epean, onuradunak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du:

–Ikasketak egin eta gainditu izanaren frogagiriak edo, bestela, haiek aprobetxatu izanarena.

–Honako datu hauek jasotzen dituen memoria:

a) Ikasketa zentroko txosten zehatza, ikaslearen bilakaerari buruzkoa, tutoreak edo zuzendariak emana.

b) Norberaren balorazioa kurtsoari eta egindako jarduerei buruz.

c) Irakasgaien eta edukien zerrenda.

12.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13. Beste diru-laguntza batzuen pilaketa eta bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin batera, helburu bera duten beste laguntza edo diru-laguntza batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak edo beste entitate pribatu edo publiko batzuenak. Matrikularako laguntzen zenbatekoa, banaka nahiz beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin batera, ez da izanen matrikularen kostua baino handiagoa. Ostatu eta mantenurako laguntzen zenbatekoa, banaka nahiz beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin batera, ez da izanen 8.000 euro baino altuagoa Espainiako egonaldietarako, eta 10.000 euro, aldiz, atzerriko egonaldietarako. Kasu horretan, Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalari aditzera emanen diote beste laguntzaren zenbatekoa eta organo emailea.

Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik eta laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, aurreko idatz-zatian adierazitako muga edo kopuruak kostua gainditzen baditu.

14. Itzulketa.

Onuradunak ikasketa programa gauzatu duela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, baita diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide berrietarako eredua

............................................ jaunak/andreak, NANa/IFZ

Helbidea (herria): .................................. Kalea

P.K. ............................ Telefonoa: .............. Helbide elektronikoa

BERE IZENEAN EDO ................... ORDEZKATUZ (behar ez dena ezabatu).

............................................ jaunak/andreak, NANa/IFZ

Helbidea (herria): .................................. Kalea

P.K. ............................ Telefonoa: .............. Helbide elektronikoa

ARTE-IKASKETETAN SAKONTZEKO 2014KO BEKEN DEIALDIRAKO ESKAERA AURKEZTEN DU, ....................... (e)k ........(e)ko ........aren ......(e)an emandako ..../2014 Foru aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz. (2014ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......koa).

Destinoa: ARTE SORKUNTZAREN, EKOIZPENAREN ETA ZERBITZUEN ATALA.

Eta, oinarri arautzaile horietan ezarritakoarekin bat:

1. Dokumentu hauek aurkezten ditu:

a) NANaren fotokopia, Nafarroan jaioa baldin bada. Bestela, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldatua dagoela dioen ziurtagiria.

b) Deialdian parte hartzeko, oinarri arautzaileen 2.3. a) puntuan ezarritakoari jarraituz egiten bada, zer ikasketatan sakontzeko eskatzen den, haiei dagokien ikasketa titulu ofizialaren fotokopia. 2.3.b) puntuan ezarritakoari jarraituz, sakondu nahi diren ikasketen arloan ikasketa ofizialik egin ez duten eskatzaileek hautapen proba gainditu izanaren ziurtagiria, sakontze hori egin gogo den zentroak emana, aurkeztuko dute.

c) Hizkuntzaren ezagutza frogatzen duen agiria, deialdiaren 2.4 puntuan ezarritakoari jarraikiz. Egin beharreko ikasketen aprobetxamendu egokia destinoko herrialdekoa ez den beste hizkuntza batean egitea posible bada, ikasketak zein hizkuntzatan egiten ahal diren egiaztatzen duen zentroaren ziurtagiria.

d) Eskatzailea ikasketa programan onartu izanaren fotokopia. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako dokumentazio hori eduki ezean, zentroan onartzeko aurkeztutako eskaeraren fotokopia erantsiko da.

e) Matrikularen gastuen aurrekontu xehakatua eta aseguru konpainia batek egindako aseguru-polizarako proposamena, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.

f) Deialdi honen xedearekin eta helburuarekin lotutako beste laguntza edo diru-laguntzen aitorpena (eskatuak edo jasoak), edo beste laguntza edo diru-laguntzarik jasotzen ez duela edo halakorik eskatu ez duela adierazten duen aitorpena.

g) Oinarri arautzaileen 2.3. a) puntuan eskatutako ikasketen titulazioan zein kalifikazio eta noiz lortu ziren agertzen dituen ikasketa-ziurtagiria. Deialdian oinarrien 2.3.b) puntuan ezarritakoaren arabera parte hartzen duten izangaien kasuan, zer zentrotan eginen dituzten sakontze ikasketak, haiek emandako ziurtagiria, bertan zentroak espezialitate horretan eskaintzen dituen ikaspostuen kopurua eta izangaiena adierazita.

h) Curriculum vitae-a, alegatzen diren merezimenduak frogatzen dituen ziurtagiriarekin. Ez da beharrezkoa fotokopia konpultsatuak aurkeztea. Ez dira baloratuko frogatzen ez diren merituak.

i) Egin beharreko ikasketa programaren deskribapen zehatza, ikasturteak, ikasgaiak, hasiera eta bukaera datak eta eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen gainerako datuak adierazita.

Aipatu deskribapena gehienez ere bost orrialdekoa izanen da eta ikasketa programari buruzko dokumentazio ofiziala erantsiko zaio (ikastaroaren egutegia, liburuxkak, inprimakiak, etab.).

k) Arte plastikoen eta ikus-entzunezko arteen arloetan, 15-20 minutuko bideo grabazio bat, zeinetan eskatzaileak, beka zein espezializazio artistikotarako eskatzen duen, haren inguruko aurkezpena eginen baitu. Arte plastikoen espezialitateen kasuan, 25-35 argazkiko argazki-dosierra aurkez daiteke bideoaren ordez, euskarri digitalean.

l) Kopia digitala.

Datu hauek azaldu:

2.3.a) baldintza (ikasketen titulu ofiziala izatea) q

2.3.b) baldintza (hautapen proba) q

F1407176_0.pdf

Aurreikusitako luzapenak:

2015-2016 ikasturtea - Aurreikusitako zentro eta ikasketak:

2016-2017 ikasturtea - Aurreikusitako zentro eta ikasketak:

2. Aitortzen du ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik urratu.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. atalean xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

4. Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartu, haiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

.................(e)n, 2014ko .............aren ..............(e)an

(sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua.

II. ERANSKINA

Beka luzatzeko eskabide-eredua

............................................ jaunak/andreak, NANa/IFZ

Helbidea (herria): .................................. Kalea

P.K. ............................ Telefonoa: .............. Helbide elektronikoa

BERE IZENEAN EDO ................... ORDEZKATUZ (behar ez dena ezabatu)

............................................ jaunak/andreak, NANa/IFZ

Helbidea (herria): .................................. Kalea

P.K. ............................ Telefonoa: .............. Helbide elektronikoa

ARTE-IKASKETETAN SAKONTZEKO BEKA 2014RA LUZATZEKO ESKABIDEA aurkezten du, ......................k ........(e)ko ........aren ......(e)an emandako ..../2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz. (2014ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......koa).

Destinoa: ARTE SORKUNTZAREN, EKOIZPENAREN ETA ZERBITZUEN ATALA.

Eta, oinarri arautzaile horietan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Egindako ikasketa eta jarduera artistikoen memoria, eta, horren barnean, aprobetxamendua frogatzen duten dokumentazio eta material guztia, deialdi honen 12.1.b) puntuan ageri diren alderdiekin bat. Aurreko ikasturteko bekaren azken ordainketaren frogagiri gisa memoria hori aurkeztu zuten onuradunek ez dute berriz aurkeztu beharko.

b) Eskatzaileak luzapena zein ikasturtetarako eskatu duen, ikasturte horretan onartu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako dokumentazio hori eduki ezean, zentroan onartzeko aurkeztutako eskaeraren fotokopia erantsiko da.

c) Egin beharreko ikasketa programaren deskribapen zehatza, ikasturteak, ikasgaiak, hasiera eta bukaera datak eta eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen gainerako datuak adierazita.

Aipatu deskribapena gehienez ere bost orrialdekoa izanen da eta ikasketa programari buruzko dokumentazio ofiziala erantsiko zaio (ikasturteko egutegia, liburuxkak, inprimakiak, etab.).

d) Arte plastikoen eta ikus-entzunezko arteen arloetan, 15-20 minutuko bideo grabazio bat, zeinetan eskatzaileak, luzapena zein espezializazio artistikotarako eskatzen duen, horren inguruko aurkezpena eginen baitu. Arte plastikoen espezialitateen kasuan, 25-35 argazkiko argazki-dosierra aurkez daiteke bideoaren ordez, euskarri digitalean.

e) Matrikularen gastuen aurrekontu xehakatua eta aseguru konpainia batek egindako aseguru-polizarako proposamena, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.

f) Deialdi honen xedearekin eta helburuarekin lotutako beste laguntza edo diru-laguntzen aitorpena (eskatuak edo jasoak), edo beste laguntza edo diru-laguntzarik jasotzen ez duela edo halakorik eskatu ez duela adierazten duen aitorpena.

g) Kopia digitala.

Datu hauek azaldu:

F1407176_1.pdf

2. Aitortzen du ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik urratu.

3. Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartu, haiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

.................(e)n, 2014ko .............aren ..............(e)an

(sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua.

III. ERANSKINA

Oinarrizko zikloaren ziurtagiriaren edo tarteko mailarenaren (B1) baliokideak diren titulazioen zerrenda, Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 28an emandako 30/2011 Foru Aginduaren arabera. Foru agindu hori Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren bidez aldatu zen.

Ingelesa:

  • Oinarrizko zikloko ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).
  • Tarteko mailako ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).
  • PET ziurtagiria (Preliminary English Test), Cambridgeko Unibertsitateak luzatua.
  • IELTS 3.5-4.5 ziurtagiria, IELTSk luzatua (International English Language Testing System).
  • TOEFL IBT 57 ziurtagiria (Test of English as a Foreign Language, Internet Based Test), ETSk luzatua (Educational Testing System).
  • ISE I (Integrated Skills in English), Trinity College London-ek luzatua.

Frantsesa:

  • Oinarrizko zikloko ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).
  • Tarteko mailako ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).
  • DELF B1 ziurtagiria, Alliance Françaisek (Frantziako Hezkuntza Ministerioa) luzatua.
  • CEFP2 ziurtagiria, Alliance Françaisek (Frantziako Hezkuntza Ministerioa) luzatua.
  • Test d’Evaluation de Français (TEF) B1 (361-540), Pariseko Chambre de Commerce et d’industrie delakoak luzatua.

Alemana:

  • Oinarrizko zikloko ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).
  • Tarteko mailako ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).
  • ZD ziurtagiria (Zertifikat Deutsch), Goethe Institutuak luzatua.
  • ZDJ ziurtagiria (Zertifikat Deutsch für Jugendliche), Goethe Institutuak luzatua.

Italiera:

  • Oinarrizko zikloko ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).
  • Tarteko mailako ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).
  • Certificato di Conoscenza della Lingua Italiana, Livello 2 (CELI 2)

Ikasketen eskolak egindako maila-proba.

IV. ERANSKINA

Entzunaldiak eta elkarrizketak

Oinarri hauen 6.2 puntuan ezarritakoaren arabera deialdian onartzen diren eskatzaileei 10 bat minutuko elkarrizketa eginen zaie, eta ikasketetan sakontzeko duten proiektua defendatu beharko dute batzordearen aurrean.

Horretaz gainera, arte eszenikoetako eta musikako eskatzaileek entzunaldi bat eginen dute batzordeko kideen aurrean, parametro hauen arabera:

Arte Eszenikoak - Dantza.

Dantza klasikoko, dantza garaikideko, dantza espainiarreko edo flamenkoko klase bat eta bariazio aske bat egin beharko dituzte. Beharrezkoa den musika akonpainamendua eramanen dute CD formatuan.

Arte Eszenikoak - Antzerkia.

15-20 minutuko antzezpena egin beharko dute. Horretarako beharrezkoa den materiala eramanen dute.

Eszenako zuzendariek edo eszenografoek ez dute antzezpen hori egin beharko. Horren partez, grabazio bat aurkeztu beharko dute, 7.1.f) oinarriaren araberakoa, haiek zuzendutako lanak edo eszenografiak erakusten dituena.

Musika.

Pieza bat edo batzuk interpretatu beharko dituzte, guztira 15-20 minutuz. Beharrezkoa den akonpainamendua eramanen dute, baita interpretatu beharreko partiturak eta horien fotokopia bat ere.

Ebazpena argitaratu ondoren, onartutako eskatzaileek interpretatu beharreko bariazio, antzezpen edo musika piezaren eta haren iraupenaren berri emanen diote Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalari.

Iragarkiaren kodea: F1407176