101. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MILAGRO

Milagroko Udal Plan Orokorreko egiturazko
determinazioen aldaketa, Alde Zaharrari dagokionez

2014ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 31koan, argitara eman zen “Milagroko Udal Plan Orokorreko Aldaketa”, abenduaren 13ko 120E/2013 Foru Aginduaren bidez onetsia. 2014ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14koan, argitara eman da apirilaren 15eko 29E/2014 Foru Agindua, aipatu aldaketaren dokumentazioan ikusitako akatsa zuzentzen duena.

Horrenbestez, bidezkoa da aipatu aldaketa zuzendua argitaratzea, 29E/2014 Foru Aginduarekin bat, eta, beraz, indarrik gabe gelditu da 2014ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 31n, argitaratutako testua.

Milagron, 2014ko maiatzaren 15ean.–Alkatea, Yolanda Ibáñez Pérez.

HIRIGINTZAKO ARAUDIA

1.–Aldaketaren nolakoa, esparrua eta edukia.

1. Aldaketa honek Milagroko Udal Plan Orokorreko egiturazko determinazioak ukitzen ditu, Alde Zaharrari dagokionez.

2. Hortaz, onesteko, 35/2002 Foru Legearen 70. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio, lege beraren 79.2 artikuluan jasotzen diren berezitasunekin.

3. Agiri idatzi hauek osatzen dute aldaketa:

a) Deskribatzeko eta arrazoitzeko txostena.

b) Iraunkortasun ekonomikoari buruzko txostena.

c) Udal Plan Orokorreko aldaketa. Araudia.

4. Planoak:

a) MOD.-INF planoa: grafikoki erakusten ditu UPOak ezarri dituen egiturazko antolamenduko determinazioak, aldaketaren esparruari dagokionez.

b) MOD.-NOR planoa: grafikoki erakusten ditu aldaketa honek ezarri duen egiturazko antolamenduko determinazioak; determinazio hauek ordezten dituzte Plan Orokorrean aurreikusitako izaera berekoak.

2.–Aldatu diren egiturazko determinazioak.

1. Alde Zaharreko Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren esparrua grafikoki mugatuta dago aldaketa honen MOD.-NOR planoan.

2. BBPBaren esparruko aldaketak SR-6 sektorea mugatzea ere badakar eta, zehazki, lurzoru urbanizagarriko sSR-6.1 azpisektorea. Hori horrela, aldatu egin dira azpisektore horretako egiturazko antolamenduko determinazioak, araudi honi erantsirik dagoen hirigintza fitxan ageri den moduan. Bertan agertzen dira, halaber, Plan Orokorrak sektorerako ezarri dituen eta aldatzen ez diren determinazioak.

3. Aipatu planoan azaltzen diren exekuzio unitateak (UE-M06, UE-M14A, UE-M14B, UE-M16, UE-M25, UE-M28, UE-M40, UE-M44, UE-M46 eta UE-M57) hiri lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta daude; hortaz, aldatu egin da beren kategoria, Plan Orokorrean hiri lurzoru finkatu gisa agertzen baitziren.

4. BBPBaren esparruan sartutako hiri lurzoru finkatugabeko azpisektorearen gehieneko aprobetxamendua m² eraikietan ezartzen da, ondoko taulan ikus daitekeen moduan.

EXEKUZIO UNITATEAK

GEHIENEKO
APROBETXAMENDUA

UE-M6

550,00 m²

UE-M14A

572,30 m²

UE-M14B

813,08 m²

UE-M16

1.903,61 m²

UE-M19

2.480,00 m²

UE-M25

953,00 m²

UE-M28

369,36 m²

UE-M40

1.483,44 m²

UE-M44

3.318,00 m²

UE-M46

815,10 m²

UE-M57

819,00 m²

Hiri lurzoru finkatugabea

14.076,89 m²

5. Ez da ezarri etxebizitza babestuen gutxieneko kopurua; hortaz, exekuzio unitate hauen multzoan etxebizitza babestuen portzentajea %0 da.

6. Exekuzio unitateen batez besteko aprobetxamenduak kalkulatzeko, honako koefiziente hauek ezarri dira:

a) Erabileren eta tipologien koefizienteak:

–Etxebizitza alde zaharrean: 1,0.

–Etxebizitza (edo hirugarren sektorekoa) lurraren kontra: 0,6.

–Garajea: 0,1.

b) Exekuzio unitateen batez besteko aprobetxamendua AU gisa (aprobetxamendu unitatea) neurtuko da; hori hala, AU 1 neurria 1,0 homogeneizazio koefizientea esleitua duen erabilera eta tipologiaren parekoa da, hots, alde zaharreko etxebizitza tipologia, salbuespen izanik azalera eraikia lurraren kontra dagoenean, azalera horri 0,6 koefizientea aplikatuko baitzaio.

c) Zonako koefizienteak.

AIPATZEN DIREN UNITATEETAN SARTUTAKO LURZORUA

KOEFIZIENTEA

UE-M57

0,6

UE-M14A eta UE-M44

0,8

UE-M14B, UE-M25, UE-M40 eta UE-M46

1,0

UE-M6 eta UE-M28

2,0

UE-M16 eta UE-M19

2,5

7. Exekuzio unitateen batez besteko aprobetxamenduak taula honetan agertzen dira:

UNITATEAREN BATEZ
BESTEKO
APROBETXAMENDUA

UE-M6

1,00 AU/m²

UE-M14A

1,09 AU/m²

UE-M14B

1,10 AU/m²

UE-M16

1,09 AU/m²

UE-M19

1,03 AU/m²

UE-M25

1,09 AU/m²

UE-M28

1,17 AU/m²

UE-M40

1,15 AU/m²

UE-M44

1,04 AU/m²

UE-M46

1,06 AU/m²

UE-M57

1,16 AU/m²

SR-1

SR-1 sektorean dago Milagroko herriaren jatorrizko gunea, eta iparralderantz, azken mende honetan egin diren familia bakarreko etxebizitza eta biltegi batzuk.

Egiturazko determinazioak

Lurzoruaren sailkapena eta kategoriak.

Hiri lurzorua:

–Finkatua.

–Finkatugabea.

Banaketa eremua.

Ez da banaketa eremurik mugatu hiri lurzorurako.

Erabilera orokorra.

Bizitegia.

Sektorearen garapena.

MOD-NOR planoan mugatzen da Barne Berrikuntzarako Plan Berezi baten bidez xehetasunez antolatzen den alde zaharraren eremua.

Sektorean sartuta dagoen gainerako lurzorua zuzenean antolatzen du Udal Plan Orokorrak.

BBPBk aurreikusi beharko ditu eremu hondatuen berregituraketa eta, oro har, hiri sare egokia ez dutenena, egoera kaxkarrean dauden eraikinak dituzten eremuena edo osasungarritasun eta irisigarritasunari begira baldintza txarretan daudenena.

Arreta berezia eman behar zaio SR-6 sektoreekiko lotura eremuei eta Aragoi ibaiaren ezpondetatik hurbil dauden lurzoruei, eta horretarako ezarriko ditu behar diren baldintzak azpiegituren egonkortasuna bermatzeko.

Halaber, bertan dauden eraikinak zaharberritzeko modua eta kudeaketa mota ezarriko ditu edo, hala behar denean, erabat berritzea, Alde Zaharrak duen izaera mantentzeko eskatzen ahal diren baldintza estetiko eta formal gutxienekoak ezarrita.

Dena den, sektoreko egiturazko determinazioetan sartzen da Espazio libreen sistema orokorra (Foruen Plaza, Aragoiko Balkoia eta Almadiazainen Parkea).

BBPBaren esparruan dagoen hiri lurzoru finkatugabean.

Gehieneko aprobetxamendua: 14.076,89 m².

BBPBaren esparrutik kanpo dagoen hiri lurzoru finkatugabean

EXEKUZIO UNITATEA

GEHIENEKO
APROBETXAMENDUA

ZONAKO KOEFIZIENTEA

UE-R.1.1

1,28 AU/m²

0,99

–Homogeneizazio koefizienteak:

  • Hirigintza araudiaren 131.3 artikuluan ezarritakoak.
  • Etxebizitza babestuen gutxieneko portzentajea: BOE: %94,44.

UE-R-1.1 unitaterako dagokion hirigintza fitxaren bidez ezarritako 18 etxebizitzaren kopurua mantentzen den bitartean, babes ofizialeko etxebizitzen gutxieneko kopurua 17 izanen da.

Determinazio xehakatuak.

Alde Zaharreko BBPBak xehetasunez antolatzen du UPOaren aldaketa honek plan horretarako ezarritako esparrua, betiere MOD.-NOR. planoaren bidez.

SR-1 sektoreko gainerako lurzoruaren antolamendu xehakatua Udal Plan Orokorrean ezarrita dago: NOR 2.2 eta NOR.3.2 serieetako planoek forma baldintzak jasotzen dituzte (lerrokadurak eta garaierak); NOR.2.2 serieko planoetan adierazten diren ordenantzei dagozkien hirigintza fitxak; eta UE-R-1.1 exekuzio unitatearen fitxa, NOR.4.2B planoan mugatua.

SR-6

SR-6 sektoreak Montealtoko eremua okupatzen du, Alde Zaharraren ondoan. Arau Subsidiarioen aldaketak, 564/2005 Foru Aginduaren bidez onetsiak, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu, bizitegi gisa kalifikatu eta xehetasunez antolatu zituen sektore honen esparruan kokatuta dauden lurzoru batzuk, Udal Plan Orokorrak lurzoru urbanizagarriko sSR-6.1 azpisektore gisa sartutakoak. Antolamendu xehakatua aldatu egin zen geroago, eta antolamendu horren exekuzioa ere hasi zen, nahiz eta ez zen aurkeztu Udalean beharrezkoa zen birzatiketa proiektua.

Alde Zaharreko BBPBaren esparruaren aldaketak zertxobait aldatu du planaren esparrua, azpisektorea ukituz; egiturazko antolamendua ezarri da horrentzat, Plan Orokorrean aurreikusiaren antzekoa, eta antolamendu xehakatua aurreragoko Plan Partzialera bideratu da.

Sektorean garaiena den lurzatian, egun etxebizitza bakarra dago; kontuan hartuz lurzatiaren azalerak aise ematen duela hainbat etxebizitza eraikitzeko aukera, lurzati horrekin eta hartarako sarrera egokia egiteko behar den lurzoruarekin exekuzio unitate bat osatu da.

Egiturazko determinazioak

Lurzoruaren sailkapena eta kategoriak.

Hiri lurzorua:

–Finkatua.

–Finkatugabea.

Lurzoru urbanizagarria:

–Sektorizatua.

Banaketa eremua.

Ez da banaketa eremurik mugatu hiri lurzorurako.

Lurzoru urbanizagarri sektorizatua banaketa eremu bakar batean sartzen da: AR-R6.

Erabilera orokorra.

Bizitegia.

Sektorearen garapena.

Hiri lurzoruko azpisektorea xehetasunez antolatu du Plan Orokorrak.

Lurzoru urbanizagarriko azpisektorea xehetasunez antolatuko da Plan Partzial baten bitartez, eta plan horrek gehieneko aprobetxamendua eta fitxa honetan aipatzen diren antolamendu irizpideak errespetatuko ditu.

Antolamendu xehakatuan ahalik eta gutxien aldatuko da egungo topografia eta, horretarako, beharrezkoak diren eustormei ahalik eta garaiera txikiena emanen zaie eta haien ikusizko eragina ere ahal den neurrian txikituko da. Bideen profilaren neurria ezartzean, tarte bakoitzaren trazadura eta malda hartuko dira kontuan.

Bideen trazadurak, orokorrean, kontuan hartuko ditu Alde Zaharrarekin lotzeko bideak, nahiz eta ibilgailuendako bide nagusia Manuel María de León kalean barnakoa izanen den.

Indarra duen legedian aurreikusitako ekipamenduen eta eremu libreen erreserbak jaso beharko dira antolamenduan.

Hiri lurzoru finkatugabean.

EXEKUZIO UNITATEA

GEHIENEKO
APROBETXAMENDUA

ZONAKO KOEFIZIENTEA

UE-R.6.1

0,33 AU/m²

0,26

–Homogeneizazio koefizienteak.

  • Udal Plan Orokorreko Hirigintza Araudiaren 131. artikuluan ezarritakoak.
  • Etxebizitza babestuen gutxieneko portzentajea: ez da arlo horretan inolako betekizunik ezarri.

Lurzoru urbanizagarriko azpisektorean (SR-6.1.)

Aprobetxamendurako eskubidea duen azalera: 50.599,83 m².

Ereduko aprobetxamendua AR-R6an: 0,6277 AU/m²

Homogeneizazio koefizienteak:

–Udal Plan Orokorreko Hirigintza Araudiaren 131. artikuluan ezarritakoak.

  • Etxebizitza kopurua, gehienez: 120.
  • Prezio tasatuko etxebizitzen portzentajea: %33.

Hiri lurzoruko determinazio xehakatuak.

Sektoreko hiri lurzoruko antolamendu xehakatua ezartzen da NOR.2.2 eta NOR.3.2 serieetako planoetan aipatzen diren forma baldintzen bidez (lerrokadurak eta garaierak), eta NOR.2.2 serieko planoetan adierazten diren ordenantzei dagozkien hirigintza fitxen bidez.

Gainera, hiri lurzoru finkatugabea bada, kontuan hartu beharko da NOR.4.2 serieko planoetan zehazten den exekuzio unitatearen fitxa.

Iragarkiaren kodea: L1407138