Iragarkia
100. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko apirilaren 24koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Dorre Elortzibarko Industrias Gráficas Castuera, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Dorre Elortzibarko Industrias Gráficas Castuera, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100622012014) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko apirilaren 3an sartu zena. Enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko apirilaren 3an izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko apirilaren 24an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
INDUSTRIAS GRÁFICAS CASTUERA S.A.REN
HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Alderdiak zehaztea.
Industrias Gráficas Castuera, S.A. enpresaren hitzarmen kolektibo honen sinatzaileak honako hauek dira: enpresako zuzendaritza, enpresaren aldetik, eta langileen delegatua, langileen aldetik.
2. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen honek Industrias Gráficas Castuera S.A. enpresari atxikita dauden langile guztiak hartzen ditu, baita haren indarraldia bitartean enpresan sartu eta alta hartzen dutenak ere, zein den ere enpresan betetzen duten lanpostua.
3. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau Industrias Gráficas Castuera S.A. enpresako langileei aplikatuko zaie soilik, eta, horrenbestez, ez zaie aplikatuko harekin merkataritzako harremana duten beste enpresei.
4. artikulua. Iraupena.
Hitzarmen honek 2014ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra arteko indarraldia du. Indarraldia bukatutakoan, hitzarmena isilbidez luzatutzat emanen da beste akordio bat sinatu arte. Dena den, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluaren babesean, ordainsariei dagokienez bi alderdiek itundu dute bost urteko indarraldia izanen duela, hau da: 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra.
Hitzarmena automatikoki salatuko dute negoziazio batzordea osatzen duten alderdiek haren indarraldia bukatzean.
5. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.
Hitzarmen honen hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa, baina konparazioa urteko guztirakoari begira eginen da, errendimendu normalean eta asistentzia osoa izanik.
Aurrerantzean, aldaketa ekonomikoak dakartzaten xedapenek eraginkortasuna izanen dute baldin eta, batera hartuta eta hitzarmen hau egin baino lehenagotik daudenei gehituta, hitzarmen honen guztizko maila gainditzen badute urtealdietan.
Hemen ezarritakoa orokorrean gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatu eginen dira.
6. artikulua. Urteko lanaldia.
Hitzarmen honen indarraldiko hiru urteetan, urteko lanaldi baliozko eta benetakoa 1.700 ordukoa izanen da.
Hitzarmen honen indarraldian legezko xedapenen batek urteko lanaldi laburragoa onesten badu, legezko xedapen hori beteko da.
7. artikulua. Lan egutegia.
a) Enpresak urtarrilean eginen du lan egutegia, Langileen Estatutuaren 34. artikuluko 6. atalean ezarritakoari jarraituz, eta lantoki guztietan jarriko du ikusgai.
Urteko egutegi horretan, enpresako zuzendaritzak eguneko lanaldia bere kabuz ezarri ahal izanen du, enpresako produkzioaren gorabeherak kontuan hartuta. Betiere egunean 9 ordu jarriko ditu gehienez, horixe baita legezko muga, eta hitzarmen kolektibo honetan ezarritako urteko gehieneko lanaldia errespetatuko du.
Artikulu honetan ezarritakoa betez lanaldia zehazten denean, inoiz ezin izanen dira lan txandak eta abar aldatu, eta indarra duten legezko xedapenei jarraituz zehaztuko dira urteko oporrak.
b) Egutegia moldatzea. Enpresako zuzendaritzak egutegiaren edozein aldaketa aurretiaz jakinarazi behar die langileen legezko ordezkariei, idatziz, gutxienez 24 ordu lehenago.
Ezarritako lanaldia (egunean 9 ordu gehienez) gaindituz gero, enpresako zuzendaritzak hurrengo 90 egun naturalen barnean atseden denbora emanen du ordainetan.
Ezarritako lanaldiaz gaineko lanordu bakoitzeko atseden ordu bat hartuko da.
Urtean benetan egindako lanaldiaren %5 (hau da, 85 ordu) ezartzen da lanaldiaren banaketa irregularraren mugatzat. Produkzioan ezusteko aldaketak izateagatik aplikatu ahalko ditu ordu horiek enpresak, ukitutako langileei gutxienez 24 ordu aurretik abisatuz. Ukipena ahalik eta berdintasun handienarekin eginen da.
8. artikulua. Oporrak.
a) Urteko oporraldia hogeita bost lanegunekoa izanen da.
b) Oporrak hartzeko garaia enpresako zuzendaritzaren eta langilearen artean adostuko da, eta oporraldia bi zatitan hartzea ere adosten ahal dute. Adostasunik izan ezean, hurrengo irizpideak erabiliko dira:
–Enpresak eta langileen plantillak konpromisoa hartzen dute alderdi bakoitzak hautatzen ahal dituen opor-egunak dagokion urteko urtarrilaren 15a baino lehen ezartzeko eta, hori oinarri hartuta, oporraldia onustez negoziatzeko eta oporrak hartu baino lau hilabete lehenago horien berri emateko. Adostasunik ez bada, Lan arloko Epaitegiak erabakiko du.
–Enpresako zuzendaritzak oporrak hartzea eragotzi ahal izanen du enpresaren produkzio handieneko sasoian, langileen legezko ordezkariekin hitz egin eta gero.
–Enpresako zuzendaritza eta langileen legezko ordezkariak ados jarrita, langile guztien oporraldiak finkatzen ahal dira, txandak hurrenez hurren antolatuta edo lan jarduerak erabat etenda, kontserbazioa, konponketak eta antzeko lanak salbuetsiz.
–Opor txandak ezartzen badira, famili ardurak dituzten langileek lehentasuna izanen dute eskola-umeen oporraldietan oporrak hartzeko.
–Alderdien artean adostasunik ez izatera, jurisdikzio eskudunak ezarriko ditu oporrak hartzeko egunak, eta horren erabakiaren kontrako errekurtsorik ezin izanen da jarri. Prozedura sumarioa eta lehentasunezkoa izanen da.
–Oporraldia edo oporraldiaren zati bat eta amatasun baja batera suertatzen badira, langileak amatasuneko baja medikoaren aurreko egunetan hartu ahal izanen ditu oporrak, edo alta medikoaren ondotik, dagozkion opor-egun guztiak agortu arte, baita hurrengo urtean ere, alderdiek ez baldin badituzte beste egun batzuk adosten.
–Enpresaren opor-egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48.bis artikuluetan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor-egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.
–Oporraldi batean aurreko lerroaldean aipatu ez den arrazoi arrunt batengatik aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, aldi baterako ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere oporretako urtea amaitu zenetik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira.
9. artikulua. Ordainsariak.
1.–Soldaten taulak.
Ordainsariei dagokienez, bi alderdiek itundu dute hitzarmenak 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31rako indarraldia izanen duela. Horretarako, hitzarmen kolektibo honen 1. eranskin gisa, urte horietarako soldaten taulak erantsi dira.
Halaber, hitzarmen kolektibo honen 1. eranskin horretan Industrias Gráficas Castuera S.A. enpresak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituen soldaten taulak ere zehazten dira, egun horretatik aurrera ezarriko den negoziazio kolektiboa galarazi gabe.
Orobat, 2013ko abenduko nominan ezarrita zeuden ordainsari-kontzeptu guztiak mantenduko ditu enpresak. 1. eranskineko tauletako kontzeptuetarako ezarri den ehunekoetako murrizketa bera aplikatuko zaie kontzeptu horien zenbatekoei. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, zenbatekoa 2013ko abenduko nominan ezarritakoa izanen da.
2. Soldaten berrikuspena.
Ordainsariei dagokienez hitzarmen kolektiboaren 5 urteko indarraldian Industrias Gráficas Castuera S.A. enpresak mozkinekin ixten badu ekitaldiren bat, Espainiako urte horretako kontsumoko prezioen indizea aplikatuko da urte horretako soldaten berrikuspen gisa. Hurrengo urteko soldaten taulak ez dira aldatuko, hitzarmenaren 1. eranskinean ezarritakoak izanen baitira. Ekitaldia mozkinekin ixten bada eta urte horretako KPI %1etik beherakoa bada, gutxienez %1eko igoera bermatuko da.
10. artikulua. Aparteko eskersariak.
Aparteko bi paga ezarri dira: uztaileko paga eta Eguberrietako paga. Horien zenbatekoa honela kalkulatuko da: hogeita hamar eguneko oinarrizko soldata kontzeptuak eta jarduera plusa, antzinatasuna barne.
Urtean enpresan sartu edo enpresatik alde egiten duten langileek lan egindako denboraren proportzioan kobratuko dituzte eskersari horiek, seihileko naturaletan hainbanatuta.
Mozkinen paga bat ezartzen da. Horren zenbatekoa honela kalkulatuko da: sorrarazpen urteko soldaten tauletako oinarrizko soldataren eta jarduera plusaren 400 egunen parekoaren %8, gehi antzinatasuneko 26 egun, langile bakoitzak dagokion urteko abenduaren 31n onartua duen antzinatasunaren arabera. Urtean behin ordainduko da, hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen, edo, hala adostuz gero, urteko hilabete guztietan hainbanatuta.
11. artikulua. Plusak.
Jarduera plus gisa, hitzarmen honen 1. eranskineko soldaten tauletan zehazten diren kopuruak ordainduko zaizkie langileei.
Arriskuaren, toxikotasunaren eta gaueko lanaren plusak, berriz, hitzarmeneko egiazko soldataren %25 izanen dira.
12. artikulua. Aldi baterako ezintasuneko osagarriak.
Edozein arrazoirengatik (eritasun arrunta, lanbide eritasuna, laneko edo lanetik kanpoko istripua eta haurdunaldiko arriskua) aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek hitzarmeneko soldataren %100 jasoko dute baja egunaren biharamunetik aurrera, enpresak osatuko baititu Gizarte Segurantzak arrazoi horiengatik ematen dituen prestazioak.
Osagarri horretarako eskubidea izateko, behar den garaian eta moduan aurkeztu behar dira alta agiriak, baja agiriak eta baja berrestekoak, indarra duen legerian ezarritakoa betez.
Kontingentzia arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunengatik behar bezala justifikatzen diren absentziak (gaixotasun arrunta edo lanetik kanpoko istripua) ez dira kontuan hartuko Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (3/2012 Legean emandako idazketaren arabera).
13. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak borondatezkoak izanen dira langileentzat. Salbuespenezko eta premiazko kasuetan bakarrik egin ahal izanen dira; halako kasuetarako, ordutegi malguak ezartzeko aukera izanen da.
Langileak diruz kobratuko ditu aparteko orduak, edo, bestela, ordubeteko atseden denbora hartu ahal izanen du aparteko ordu bakoitzeko.
14. artikulua. Antzinatasuna.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek aurreko artikuluetan aipatzen diren ordainsariak jasoko dituzte, bakoitzak bere kategoriaren arabera, eta gainera eskubidea izanen dute zerbitzu-urteengatik aldiroko igoerak kobratzeko, hain zuzen ere hitzarmen honetako oinarrizko soldataren %5eko bi hirurteko, eta ondoren bosturtekoak, horiek ere %5ekoak.
15. artikulua. Erretiro aurreratua.
Langileek 64 urte betetzean erretiro aurreratua eskatu ahal izanen dute, uztailaren 17ko 1194/85 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (1.985eko bilduma, 1.791 eta 1.975-85eko gehigarria, 12.753).
Erretiro partziala erraztuko da aplikatu behar den legedian ezarritako baldintzak betetzen badira.
16. artikulua. Istripu-asegurua.
Enpresak istripu-aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko du enpresako langileentzako, laneko istripuaren ondoriozko heriotzako eta ezintasun iraunkorreko arriskuak estaliko dituena, kapital hauekin:
Heriotza, 31.491,27 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Baliaezintasun handia, 37.789,52 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Erabateko ezintasun iraunkorra, 31.491,27 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Ezintasun iraunkor osoa, lan kontratua eten gabe, 15.745,64 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko, eta kontratua amaituz gero, 20.994,18 euro.
Jarduneko langileek izaniko lan istripuetan izanen dituzte ondorioak polizek; hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egunera hartuko dute indarra.
Izaniko istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta, horren arabera, enpresa behartua bada langileari edo honen eskubidedunei kalte-ordain bat pagatzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian ezarririko kopuruaren kontu izanen da.
Hitzarmen honetan itundutako kapitalak hurrengo hitzarmen kolektiboan eguneratuko dira, hitzarmen honen indarraldiko urteetako KPIen guztizko igoeraren arabera.
Enpresak sinatutako polizaren kopia emanen die urtero langileen ordezkariei.
17. artikulua. Lizentziak.
Hitzarmen honen menpeko langile guztiek eskubidea izanen dute ondoren azaltzen diren kasuetan baimen ordainduak izateko, behar bezala justifikaturik, hala tokatzen denean:
a) Hamabost egun natural, ezkonduz gero edo langilearen helbideari dagokion Bikote Egonkorren Udal Erregistroan inskribatuz gero, Bikote Egonkorrei buruzko Foru Legean eta udal bakoitzeko araudi indardunean ezarritakoarekin bat.
Bateraezinak izanen dira bikote egonkorra erregistroan inskribatzearen ondoriozko lizentzia eta ezkontzaren ondoriozkoa, eta, hala, lizentzia bat erabiltzeak bestea deuseztatuko du.
b) Hiru egun natural, semea edo alaba jaiotzean edo adoptatzean.
Gainera, behar den denbora emanen da seme edo alaba baten jaiotza eta horien nahiz aita edo amaren heriotza Erregistro Zibilean inskribatzeko, betiere ondoko baldintza hauek betetzen badira: horiek langilearekin bizitzea, erregistro hori aurretik egiterik ez izatea aipatu den bi eguneko absentzia egun ez-baliodunetan gertatu delako, eta betiere Erregistro Zibileko inskripzio hori langilearen eginbeharra izatea eta aipatutako bi eguneko epe horretan legeari jarraikiz ezin egin izan duela frogatzea.
c) Odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuneko bigarren gradura arteko ahaideen eritasun larria edo operazio kirurgikoa (gutxienez ospitalizazioa behar duena) edo heriotza: bi egun natural. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea lau egunekoa izanen da. Bidaiatzat 100 km baino gehiagoko bidea joko da, joanekoa eta etorrikoa batu gabe, eta kasu horretan egunetako bat gutxienez laneguna izanen da; bidaia 400 km-tik gorakoa bada, baldintza berberetan, bi izanen dira lanegunak.
Eritasuna larritzat hartzeko beharrezkoa izanen da sendagileak hala deklaratzea.
Salbuespen gisa, aitaren, amaren, ezkontidearen edo seme-alaben ebakuntza kasuetan, betiere langilearekin bizi badira eta bi eguneko ospitalizazioa behar ez bada, behar horri erantzuteko ezinbestekoa den denborarako emanen da baimen ordaindua, lanegun bat gehienez, eta erabilitako denbora justifikatu beharko da zirujauak ontzat emandako frogagiria aurkeztuz.
Garaia baino lehen jaiotako umeen kasuan edo, beste edozein arrazoirengatik, erditzearen ondotik ospitalizaturik egon behar duten umeen kasuan, amak edo aitak eskubidea izanen dute lantokia ordubete uzteko. Frogagiria aurkeztu beharko dute. Orobat, lanaldia lau orduz, gehienez, murrizten ahal dute, eta soldata ere proportzionalki murriztuko zaie. Baimen hori hartzeko, Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Lizentzia hori, gertaera eragileak irauten duen bitartean, lanaldi osotan erabiltzen ahalko da.
d) Seme-alaben jaiotza -b) letra-, aitaren, amaren, ezkontidearen edo seme-alaben ebakuntza (gutxienez bi eguneko ospitalizazioa behar duena) -c letra- izaten denean, aurreko ataletan ezarritako epe orokorrak (hiru eta bi egun, hurrenez hurren) luzatzen ahalko dira, gehienez hiru egun gehiago, baldin eta ahaidea langilearekin bizi bada, laguntza berezia behar badu eta laguntza hori eman diezaiokeen beste pertsonarik ez badu. Epe horren luzapena ezin izanen zaio joan-etorrietarako ezarritako lau eguneko epeari metatu.
e) Osasun Publikoaren Zerbitzuko mediku espezialista baten kontsultara joateko 16 urtetik beherako semea edo alaba edo desgaitasun neurologiko edo sentsoriala duen adinez nagusiko semea edo alaba laguntzera, egun horretarako hitzordua badute, beharrezkoa den denbora, hori guztia frogatuta.
f) Egun bat ohiko bizilekuz aldatzeagatik.
g) Odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidetasuneko edo adopzio ahaidetasuneko ahaide zuzenen (aitona-amonak, gurasoak, seme-alabak eta bilobak) eta anai-arreben ezkontza: egun bat.
h) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
i) Norberaren kontuetarako, bi egun hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzean. Enpresak eta langileak itunduko dute langileak egun horiek hartuko dituen edo diru konpentsazioa jasoko duen. Azken kasu horretan, langileak eguneko soldata arruntaz gain jaso beharreko kopurua ere itundu eginen da. Egun horiek hartzeko, gutxienez 24 ordu lehenago abisua eman beharko zaio enpresako zuzendaritzari.
j) Ezkontidearen, aitona-amonen, gurasoen, seme-alaben eta iloben kirurgia anbulatorioa: egun bat.
c) letran ezarritako salbuespenarekin, artikulu honetan araututako lizentziak horiek sortzen dituen egoera gertatzen denean hartuko dira, alde batera utzita jaiegun batean edo lanekoa ez den egun batean gertatzen den. Dena den, odol edo ezkontza bidezko edo adopzio bidezko ahaidetasuneko lehen graduko ahaideen kasuetan, ordaindutako baimenak lanegunak izanen dira.
Artikulu honetan aipatzen diren lizentzia ordainduak izatezko bikoteei ere aplikatuko zaizkie. Aplikazio horretarako baldintza izanen da langileak enpresari jakinaraztea, idatziz edo bikotearen bizikidetza eta identifikazioa frogatzen dituen beste edozein bideren bitartez, eta 30 eguneko gabezialdia izatea. Ezarritako guztia gorabehera, egunen batean izatezko bikoteen erregistro ofizial bat sortzen bada, bertan ezarritakoari jarraikiz eginen da bikotearen elkarbizitzaren eta identifikazioaren egiaztapena.
Ezkontidea aipatzen denean, ezkontza bidezkoa ez ezik bikote egonkorra ere jasotzen da, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarritako legezko baldintzei jarraikiz, eta izatezko bikoteen erregistro ofizialean inskribatuta egotearen ziurtagiriaren bidez frogatuko da egoera hori.
Haurrari bularra emateko baimenean, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoan, emakumezko langileak aukera izanen du lizentzia artikulu horretan adierazi bezala hartzeko edo amatasun baimena beste hamabi lanegun gehiago luzatzeko.
18. artikulua. Lanaldiaren murrizketa.
Legezko zaintza dela eta, langileren batek adingabekoren bat bere kargu izanez gero, Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan aipatzen den lanaldi murrizketa haurrak 12 urte egin arte luzatuko da.
Ahaideak edo seme-alabak zaindu behar dituen langileari lanaldia murrizten zaionean, langileak eskubidea izanen du lanaldi murrizketaren ordutegia ezartzeko, eta, txandaka lan egiten badu, ordutegi hori txanda bakarrean ezartzeko.
Enpresak langilea kaleratuz gero (bidezko kaleratze objektibo eta kolektiboa barne), lanaldi osoari dagokion soldata hartuko da kontuan kalte-ordainak kalkulatzeko.
19. artikulua. Amatasuneko edo aitatasuneko atsedenaldia.
Seme-alabaren bat jaiotzen bada behar baino lehenago edo erditu ondoko beste edozein arrazoirengatik ospitalean iraun beharra izanez gero, aitak eta amak etenaldia izateko duten eskubidea ospitalean alta eman ondotik kontatzen ahalko da. Kontaketa horretatik salbuesten dira erditu ondoko lehenbiziko 6 asteak, denbora hori ama bizkortzeko baita.
20. artikulua. Lana uztea.
Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, idatziz, aurreabisurako epe hauek betez:
a) Teknikariak, administrariak, informatikako langileak eta komertzialak: hilabetea.
b) Gainerako langileak: 15 egun.
c) Kualifikazio gabeko langileak eta lanerako prestakuntzakoak: 7 egun.
Langileak aurretik abisua emateko baldintza hori behar den epean betetzen ez badu, enpresak likidaziotik kentzen ahalko dio egun bateko soldataren zenbatekoa, atzerapen egun bakoitzeko.
Enpresak abisu hori behar den epean jasotzen badu, langileari likidazioa ordaindu beharko dio epea amaitutakoan. Enpresak obligazio hori betetzen ez badu, langileak eskubidea izanen du egun bateko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko, aurreabisuko egun kopuruaren mugarekin betiere.
21. artikulua. Lan arriskuen prebentzioa.
Enpresa behartua dago behar diren neurriak hartzera, enpresaren zerbitzuko langileen bizimoduan, integritatean eta osasunean eragina izan dezaketen arriskuen prebentzioaren antolakuntza ahalik eta hoberena eta guztiz eraginkorra izan dadin. Horretarako, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea, hori garatzeko erregelamenduak eta arlo horretan indarra duten gainerako arau aplikagarriak beteko dituzte, legezko arau horietan jasotakoa langileen gutxieneko eskubidetzat jotzen baita. Arriskuen ebaluazioa eta horren araberako prebentzio jardueraren plangintza burutuko ditu, bai eta enpresan prebentzioa kudeatzeko beste jarduketa guztiak ere. Ondorio horietarako, behar diren prestakuntza ikastaroak programatuko dira langileentzat eta enpresentzat.
Horretarako, enpresako zuzendaritzak eginbehar hauek izanen ditu:
–Arriskuak saihestea.
–Saihestu ezin diren arriskuak ebaluatzea.
–Arriskuei hasiera-hasieratik aurre egitea.
–Lana enpresari egokitzea, bereziki lanpostuen ikuskerari dagokionez, baita lanerako eta produkziorako ekipamendu eta lan-metodoen hautapenari dagokionez ere; horrela, batez ere, lan aspergarri eta errepikakorra leunduko da eta osasunean duen eragina gutxituko.
–Teknikaren bilakaera kontuan hartzea.
–Arriskugarria dena arrisku txikiko edo arriskurik gabeko beste zerbaitekin ordeztea.
–Prebentzio jarduera planifikatzea.
–Balizko larrialdiak planifikatzea.
–Langileei ondoko gaiei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea: langileen segurtasun eta osasunaren kontrako arriskuak, enpresa osoari eragiten diotenak nahiz lanpostu edo eginkizun mota bakoitzari dagozkionak.
Arriskuei aurre egiteko aplika daitezkeen babes neurriak eta jarduerak.
Larrialdietan erabili beharrekoak.
Langile bakoitzari zuzenean jakinaraztea zein arrisku dituen bere lanpostuan edo eginkizunetan, eta arrisku horietarako zein babes eta prebentzio neurri erabili behar diren.
–Istripuak ikertzea.
–Langileen osasuna zaintzea. Enpresek urtero osasun azterketa eginen diete langileei, horretarako antolatutako zerbitzuen edo lan-istripuetarako mutuen bitartez.
Enpresaren barnean bereizi egin behar dira haurdun dauden langileentzat arrisku berezia duten lanpostuak eta langile horientzako ordezko lanpostuak. Ordezkari sindikalek horretan aktiboki parte hartu behar dute. Legeak langileei laneko arropa emateko agintzen duen kasuetan, langile haurdunei beren egoerarako arropa egokiak emanen zaizkie, inola ere ez arropa deseroso edo estuegiak.
22. artikulua. Prebentzioko delegatuak.
Prebentzioko delegatua Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea zaindu, kontrolatu eta garatzeko organo eskuduna da, bakoitza bere ordezkaritza-eremu funtzional eta geografikoetan eta bere funtzionamendu erregelamenduan ezarritako eremuan. Ordezkaritza organo horietan parte hartzen duen alderdiren batek laneko arriskuen arloan, langileen osasuna babesteko helburuz, prebentziozko neurri eta praktikak proposatzen dituenean, enpresako zuzendaritzek gauzatu egin beharko dituzte.
Ordezkaritza organo horiek eskumen eta ahalmen hauek izanen dituzte: azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta harekin bat datozen arauek prebentzioko delegatuei eta hitzarmen kolektibo hau sinatu duten alderdien artean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 35.4 artikuluaren babesean eratzen ahal diren ordezkaritza organoei ematen dizkietenak.
Enpresak gertakizun arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren kudeaketa ekonomikoa edo laneko gertakizunengatiko aldi baterako ezintasunaren kudeaketa aldatu edo mutualitatearen batekin berriro ituntzen badu, edo kanpoko entitate baimendu batekin ituna egin nahi badu, kanpoko prebentzio zerbitzu gisa jardun dezan, aldez aurretik horren berri eman beharko dio langileen delegatuari.
23. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta hura garatzen duten erregelamenduek aurrerapen nabarmena ekarri dute laneko osasun kontuetan, lehengo egoeraren aldean. Hitzarmen hau negoziatu duen batzordeak uste du lege esparru orokor hori edukitzea berez elementu positiboa dela, laneko osasunari buruzko politika orokorra garatzeko bide ematen baitu, eta lehentasunezko xedetzat hartu du, lanaren beste edozein alderdiren gainetik, langileen osasuna zaintzea eta laneko arriskuei aurrea hartzea.
Horrenbestez, aplikatzekoak izanen dira laneko segurtasun eta osasunari buruz indarra duten eta nahitaez bete behar diren legezko xedapen guztiak. Erakunde eskudunek zehazten dituzten aplikazio eta balorazio irizpideei jarraituko zaie. Istripuren bat gertatzen denean, haren kopia bat emanen zaio istripua izan duen langileari eta beste bat segurtasun eta osasun arloko delegatuari; horrek konfidentzialtasunari eutsi eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean ezarritakoa bete beharko du.
24. artikulua. Osasun azterketa.
Enpresak urtero osasun azterketa egiteko eskatu beharko dio erakunde ofizial eskudunari, enpresako langileek nahi badute.
25. artikulua. Eskubide sindikalak.
Arlo honetako arau orokorrak aplikatuko dira eta ondoko eskubideak onartuko:
a) Enpresako langileek eskubidea dute lanorduetatik kanpo lantokian bildu eta batzarrak egiteko, lanari buruzko arazoak jorratzeko, enpresak aurretik baimena ematen badu.
Langileek urtean 2 ordu hartu ahal izanen dituzte lan ordutegiaren barnean batzarrak egiteko, gehienez ere ordu erdi egunean, eta batzarra egin baino 24 ordu lehenago abisua emanda.
b) Langile bat arrazoi ideologiko, sozial edo sindikalengatik atxilotuta egoteagatik lanera joaten ez bada, ez du kobratzeko eskubiderik izanen baina ez zaio hutsegitetzat hartuko lanera ez joatea, baldin eta gerora karguetatik absolbitzen badute edo auzia artxibatzen bada. Alabaina, ondorio guztietarako, lanera agertu gabe emandako denbora hori ez da lan denbora gisa zenbatuko.
c) Enpresako langileen ordezkarien ordu sindikalak hiruhilekoetan metatu ahal izanen dira.
26. artikulua. Hizkuntzak.
Enpresak matrikula eskubideak ordainduko ditu langileek euskara ikastaroak egin ditzaten zentro publikoetan edo AEK-k edo IKA-k onartutako zentroetan. Betiere langileak, ikastaroa amaituta, gaitasun agiria (gainditu izanaren agiria) aurkeztu beharko dio enpresari.
Ikastaro horiek lanorduetatik kanpo eginen dira.
Modu berean jokatuko da beste hizkuntza batzuk ikasten direnean, enpresaren jarduerarekin zerikusirik baldin badute.
27. artikulua. Langabeziaren kontrako neurriak.
Langile baten kontratua bi urte arteko aldirako eteten denean eta lanpostua gordeta daukanean, enpresako zuzendaritzak langile horrek utzitako hutsunea betetzeko ordezko langile bat kontratatu beharko du, ordeztuaren lanbide kualifikazio berekoa eta lanpostuan aritzeko behar adinako lanbide gaitasuna duena betiere.
Horrelako kontratuak martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren Legeari buruzko Testu Bateginaren 15. artikuluko c) idatz-zatiaren babesean eginen dira. Enpleguko zerbitzu publikoan inskribatutako langileak kontratatuko dira.
28. artikulua. Lanbide Prestakuntza.
Enpresak prestakuntza ikastaroen kostu osoa ordainduko die langileei. Aldez aurretik enpresaren oniritzia beharko da, eta langileak frogatu egin beharko ditu ikastaroaren kostua eta asistentzia.
Ikastaroaren edukia enpresaren jarduerarekin zerikusirik izanez gero, enpresak nahitaez eman beharko du oniritzia.
Prestakuntzako ikastaroetan eman beharreko denbora langilearen kargura izanen da soilik, langileak eta enpresako zuzendaritzak besterik itundu ezean. Betiere, enpresa langilearekin batera ordutegia moldatzen saiatuko da, langileari ikastarora joateko erraztasunak emateko.
29. artikulua. Emakumeak kontratatzeko ekintza positiboa.
Barne igoera: Enpresaren barnean ezin izanen da langilerik diskriminatu ideologia, erlijioa, arraza, sexua, afiliazio politiko edo sindikala eta antzeko arrazoiak direla eta. Lanpostua eskuratzeko berdintasunaren printzipioa errespetatuko da enpresako lanpostu guztietan.
Horretarako, beheko lanpostu eta/edo kategorietan lantokiko prestakuntza sustatuz barne igoera erraztuko da, emakume gehiago daudelako beheko lanpostuetan goikoetan baino. Barne igoera horren bidez, kategoriak sexuaren arabera bereizteari utzi nahi zaio.
30. artikulua. Sexu jazarpena.
Hutsegite oso larritzat joko da sexu jazarpena, alegia, langileek hitzen bidezko erasoak zein eraso fisikoak egitea, edozein dela ere enpresan edo lantokian betetzen duten lanpostu, kargu edo zerbitzua, asmo sexual nabarmenez pertsonen duintasunari eta intimitateari erasotzen zaienean. Hortaz, erabat debekaturik dago enpresa antolatu eta zuzentzeko jardueretan, lan-harremanetan edo lan-harremanen ondorioz inorenganako sexu jokabide iraingarria edo biktimak nahi ez duen sexu jarrera agertzea, enpleguari eta lan baldintzei eragiten dien egoera eta/edo biktimaren kontrako giro laidogarri, mehatxuzko eta umiliagarria sortuz.
31. artikulua. Kontratazioa.
Praktikaldiko lan-kontratua: enpresako hitzarmen kolektibo honen indarraldian, kontratazioa egiten den unean ezarrita dagoen legediari jarraituko zaio.
Behin-behineko kontratuak, produkzioaren inguruabarrengatik. Produkzioaren inguruabarrengatiko aldi baterako kontratuen gehieneko iraunaldia amaiturik (hamabi hilabete, hemezortzi hilabeteko tartean), kontratu horiek mugagabe bilakatuko dira, haiek eragin zituzten arrazoiek irauten badute.
Enpresak konpromisoa hartzen du, baita bere burua behartu ere, hitzarmenaren indarraldian (bost urtekoa, ordainsariei dagokienez) kaleratzeak ez izateko modalitate hauetan: iraungitzeko EEE kolektiboa, banakako kaleratzea arrazoi objektiboengatik eta enpresak bidegabetzat aitortutako kaleratzea. Orobat, lan kontratuak eteteko EEE bat planteatu behar bada, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute solas egiteko kontsultaldiaren aurretik.
32. artikulua. Mugikortasun funtzionala eta maila-igoerak.
Enpresak, beharrezkoa denean, goragoko maila bateko lanetan jartzen ahal ditu langileak, eta aldaketa egiteko arrazoiak desagertzen direnean lehengo lanpostura itzuliko dira.
Aldaketa hori ez da izanen eten gabeko lau hilabeterako baino denbora gehiagorako, ez bada behintzat gaixotasun, haurdunaldi, laneko istripu, lizentzia eta eszedentzia kasuetan ordezkapenak egiteko, halakoetan inguruabar horiek bukatu arte luzatuko baita egoera.
Langile batek goragoko maila bateko lanak lau hilabetez baino denbora gehiagoz egiten dituenean, aurreko atalean aipatutako kasu bereziak izan gabe, goragoko maila hori finkatuko da. Kasu horretan, goragoko lanetan diharduten bitartean langile horien ordainsaria maila horri dagokiona izanen da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehendabizikoa.–Batzorde paritarioa.
Negoziazioaren alderdiek batzorde paritarioa eratu eta osatzen dute hitzarmena interpretatzeko eta aplikatzeko eta haren jarraipena egiteko, bai eta legeak esleitzen dizkion eginkizunak gauzatzeko ere.
Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritzak eta enpresaren ordezkaritzak aholkularien laguntza izaten ahal dute. Aholkulariek hitza izanen dute, baina botorik ez.
Batzorde paritarioaren akordioek baliozkotasuna izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute.
Batzorde paritarioak 15 eguneko epean, gehienez ere, hartu beharko du erabakia planteatzen zaizkion kontuei buruz. Epe horretan erabakirik hartzen ez badu, ulertuko da tramitea bete dela.
Batzorde paritarioak, bere baitan sortutako desadostasunak konpontzeko, gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurak erabili ahalko ditu, betiere nahitaezko arbitrajea bazterturik, oro har.
Bigarrena.–Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzak ez aplikatzea.
Hitzarmena aldatzeko edo ez aplikatzeko, sindikatuen ordezkariekin akordio bat lortu beharko da. Beraz, enpresak hitzarmen honen ez-aplikatzea erabili nahi badu Langileen Estatutuen 82.3 artikuluko prozedurari jarraikiz, lehenik kontsultaldi bati hasiera emanen dio, langileen ordezkariekin akordio bat lortzen saiatzeko. Akordio bat lortu ezean, hitzarmenaren batzorde paritarioaren irizpenari jarraituko zaio. Batzordeak zazpi eguneko epean hartu beharko du erabakia. Horretan ere akordiorik ez badago, Nafarroako Lan Auzitegiak berezkoak dituen prozeduren menpe jarriko dira, ondoko lerroaldeetan ezartzen den moduan.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute desadostasunak konpontzeko aginduko duten prozesuak Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekotzakoak izanen direla, betiere. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.
Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzeko, alderdiek horixe erabaki beharko dute.
Azken xedapena.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, arau izanen dira Nafarroako Arte Grafikoen eta Industria Osagarrien, Paper eta Kartoizko Manipulazioaren eta Argitaletxeen sektorerako azken hitzarmen kolektibo aplikagarria (edo unean uneko hitzarmen indardunean) eta gainerako lege aplikagarriak. Aipatu hitzarmen kolektiboa 2010eko ekainaren 23ko Nafarroak Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
I. ERANSKINA
Soldaten taulak
2019 (egungoak):
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA | JARDUERA PLUSA | MOZKINEN PAGA | GUZTIRA |
17 (1,40) | 686,00 | 719,56 | 124,94 | 1530,50 |
16 (1,47) | 710,83 | 736,40 | 128,64 | 1575,87 |
15 (1,55) | 737,14 | 751,63 | 132,34 | 1621,11 |
14 (1,63) | 751,10 | 757,99 | 134,14 | 1643,23 |
13 (1,70) | 774,12 | 768,56 | 137,13 | 1679,81 |
12 (1,80) | 801,46 | 785,11 | 141,03 | 1727,60 |
11 (1,90) | 840,78 | 812,05 | 146,92 | 1799,75 |
10 (2,00) | 880,17 | 839,01 | 152,82 | 1872,00 |
9 (2,10) | 919,63 | 865,84 | 158,71 | 1944,18 |
8 (2,20) | 970,89 | 896,21 | 165,97 | 2033,07 |
7 (2,30) | 1004,34 | 921,47 | 171,18 | 2096,99 |
6 (2,40) | 1037,79 | 946,72 | 176,40 | 2160,91 |
5 (2,60) | 1116,41 | 1000,76 | 188,19 | 2305,36 |
4 (2,80) | 1195,10 | 1054,35 | 199,95 | 2449,40 |
3 (3,00) | 1273,83 | 1108,67 | 211,78 | 2594,28 |
2 (3,10) | 1313,26 | 1135,81 | 217,70 | 2666,77 |
1 (3,90) | 1626,69 | 1439,81 | 272,58 | 3339,08 |
2014:
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA | JARDUERA PLUSA | MOZKINEN | GUZTIRA |
17 (1,40) | 548,80 | 575,65 | 99,95 | 1224,40 |
16 (1,47) | 568,66 | 589,12 | 102,91 | 1260,70 |
15 (1,55) | 589,71 | 601,30 | 105,87 | 1296,88 |
14 (1,63) | 600,88 | 606,39 | 107,31 | 1314,58 |
13 (1,70) | 619,30 | 614,85 | 109,70 | 1343,85 |
12 (1,80) | 641,17 | 628,09 | 112,82 | 1382,08 |
11 (1,90) | 672,62 | 649,64 | 117,53 | 1439,80 |
10 (2,00) | 704,14 | 671,21 | 122,25 | 1497,60 |
9 (2,10) | 735,70 | 692,67 | 126,97 | 1555,34 |
8 (2,20) | 776,71 | 716,97 | 132,77 | 1626,45 |
7 (2,30) | 803,47 | 737,18 | 136,95 | 1677,59 |
6 (2,40) | 830,23 | 757,38 | 141,12 | 1728,73 |
5 (2,60) | 893,13 | 800,61 | 150,55 | 1844,29 |
4 (2,80) | 956,08 | 843,48 | 159,96 | 1959,52 |
3 (3,00) | 1019,06 | 886,94 | 169,42 | 2075,42 |
2 (3,10) | 1050,61 | 908,65 | 174,16 | 2133,41 |
1 (3,90) | 1301,35 | 1151,85 | 218,06 | 2671,26 |
2015-2016:
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA | JARDUERA PLUSA | MOZKINEN PAGA | GUZTIRA |
17 (1,40) | 583,10 | 611,63 | 106,20 | 1300,92 |
16 (1,47) | 604,21 | 625,94 | 109,35 | 1339,49 |
15 (1,55) | 626,57 | 638,89 | 112,48 | 1377,94 |
14 (1,63) | 638,44 | 644,29 | 114,02 | 1396,75 |
13 (1,70) | 658,00 | 653,28 | 116,56 | 1427,84 |
12 (1,80) | 681,24 | 667,34 | 119,87 | 1468,46 |
11 (1,90) | 714,66 | 690,24 | 124,88 | 1529,79 |
10 (2,00) | 748,14 | 713,16 | 129,89 | 1591,20 |
9 (2,10) | 781,69 | 735,96 | 134,90 | 1652,55 |
8 (2,20) | 825,26 | 761,78 | 141,07 | 1728,11 |
7 (2,30) | 853,69 | 783,25 | 145,51 | 1782,44 |
6 (2,40) | 882,12 | 804,71 | 149,94 | 1836,77 |
5 (2,60) | 948,95 | 850,65 | 159,96 | 1959,56 |
4 (2,80) | 1015,84 | 896,20 | 169,96 | 2081,99 |
3 (3,00) | 1082,76 | 942,37 | 180,01 | 2205,14 |
2 (3,10) | 1116,27 | 965,44 | 185,04 | 2266,75 |
1 (3,90) | 1382,69 | 1223,84 | 231,69 | 2838,22 |
2016ko aparteko pagak: 2017ko ordainsari bera.
2017-2018:
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA | JARDUERA PLUSA | MOZKINEN PAGA | GUZTIRA |
17 (1,40) | 617,40 | 647,60 | 112,44 | 1377,45 |
16 (1,47) | 639,75 | 662,76 | 115,78 | 1418,29 |
15 (1,55) | 663,43 | 676,47 | 119,10 | 1458,99 |
14 (1,63) | 675,99 | 682,19 | 120,73 | 1478,91 |
13 (1,70) | 696,71 | 691,70 | 123,42 | 1511,83 |
12 (1,80) | 721,31 | 706,60 | 126,93 | 1554,84 |
11 (1,90) | 756,70 | 730,85 | 132,23 | 1619,77 |
10 (2,00) | 792,15 | 755,11 | 137,53 | 1684,80 |
9 (2,10) | 827,67 | 779,26 | 142,84 | 1749,76 |
8 (2,20) | 873,80 | 806,59 | 149,37 | 1829,76 |
7 (2,30) | 903,91 | 829,32 | 154,07 | 1887,29 |
6 (2,40) | 934,01 | 852,05 | 158,76 | 1944,82 |
5 (2,60) | 1004,77 | 900,68 | 169,37 | 2074,83 |
4 (2,80) | 1075,59 | 948,92 | 179,96 | 2204,46 |
3 (3,00) | 1146,45 | 997,80 | 190,60 | 2334,85 |
2 (3,10) | 1181,93 | 1022,23 | 195,93 | 2400,09 |
1 (3,90) | 1464,02 | 1295,83 | 245,32 | 3005,17 |
Iragarkiaren kodea: F1406101
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
