Iragarkia
100. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko apirilaren 22koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Uharteko Vicarli, S.A. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Uharteko Vicarli, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100202012012) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko apirilaren 3an sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko martxoaren 17an izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko apirilaren 22an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
VICARLI, S.A.RAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen honek Vicarli, S.A. enpresan Nafarroako lantokiari atxikita dauden langile guztiak hartzen ditu, baita haren indarraldian sartu eta alta hartzen dutenak ere, zein den ere enpresan betetzen duten lanpostua eta Nafarroako lantokiei atxikita badaude, goi mailako zuzendaritza eta kontseiluko kargudunak izan ezik, horiek indarra duten legeei lotuko baitzaizkie.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen hau Nafarroako lantokietan atxikita zerbitzuak ematen dituzten Vicarli, S.A. enpresako langile guztiei aplikatuko zaie.
3. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau Vicarli, S.A. enpresako Nafarroako lantokietan atxikita dauden langileei bakarrik aplikatuko zaie eta, beraz, ez zaie aplikatuko Vicarli, S.A.rekin merkataritzako harremana duten beste enpresa batzuei. Nafarroatik kanpoko lantokiei atxikita dauden Vicarli, S.A. enpresako langileen kasuan, eskualde geografiko bakoitzeko garraioko hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie.
4. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen honek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hartuko du indarra, eta 2015eko abenduaren 31n bukatuko zaio indarraldia, ondorio guztietarako. Iraupena 2 urtekoa izanen da. Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat izenpetzen duten arte.
Alderdietako edozeinek egiten ahalko du hitzarmenaren salaketa, indarraldia bukatu aurreko hilabetean.
5. artikulua. Osotasunarekiko menpekotasuna.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.
6. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Agintaritza eskudunak, bere dituen eginkizunak erabiliz, hitzarmeneko itunetakoren bat onartzen ez badu, gainerako klausulek bere horretan segituko dute indarrean, eta alderdi sinatzaileak behartuak egonen dira indargabetutako klausula edo artikulua berriz negoziatzen hastera hilabeteko epean.
7. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
Urteko konputuan hitzarmen honetan itundutakoa orokorrean gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatuko dira, hark indarra hartzen duenean. Hitzarmenaren aurretik kobratzen ziren kontzeptu guztiak bere horretan utziko dira. Kontzeptu horiek ezin dira irentsi edo konpentsatu, ezta aldatu ere lan baldintzen funtsezko aldaketaren bidez (Langilearen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritakoa).
8. artikulua. Lanaren antolaketa.
Enpresak ahalmen hauek ditu eta horien arabera arituko beharko du:
1.–Hitzarmen honetan ezartzen diren errendimendu normalak zehaztea eta betetzen ote diren erabakitzea.
2.–Eskatzen ahal den gutxieneko errendimenduari dagokion osagai kopurua edo lana zehaztea.
3.–Zerbitzuaren egokitasuna eta segurtasuna bermatzen duten laneko arauak idatziz zehaztuko dira eta enpresak argitaratuko ditu, interesdunei aldez aurretik jakinarazirik.
4.–Ibilgailuak, tresnak, makinak eta abar ahalik eta hobekien erabili eta zaindu eta ahalik eta garbien izan daitezela eskatzea.
5.–Enpresako langileak mugitu eta beste modu batean banatzea, antolaketa eta ekoizpen beharren arabera, lanbide kategoria errespetatuz eta egokitzeko behar den denbora emanez.
6.–Lansarietan pizgarri sistema bat finkatzea.
Langileak ados ez badaude, ezadostasun hori sindikatuen ordezkarien bidez adieraziko dute, eta, lan arloko agintaritzak ebazpena eman arte, lanaren antolaketa mantentzea izanen da ohiko bidea.
Artikulu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Errepideko Salgaien Garraiorako Enpresetarako II. Akordio Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
9. artikulua. Laneko jarduera eta errendimendua.
Enpresaren ahalmena da laneko jardueraren eta errendimenduaren arauak baldintza berrietara egokitzea, lan metodoak, ibilgailuak, makinak, lanabesak eta abar aldatu izanaren ondorioz. Kasu horietarako ohiko prozedurarekin bat jokatu beharko du enpresak.
10. artikulua. Produktibitatearen oinarriak.
Jarduera normala batez besteko langile batek egiten duena da, lanean trebatua izanik eta bere erantzukizunaren jakitun, baina pizgarrien bidez lansari handiagorik ez duela. Erritmo horri erraztasunez eusten ahalko zaio, egunero, gorputza eta burua sobera nekatu gabe, eta haren ezaugarria ahalegin iraunkor eta zentzuzkoa egitea da.
Produktibitatearen Batzorde Nazionalaren ehun puntuetan adierazten dena hartuko da jarduera normalaren oinarritzat.
Banaketa ibilgailuak gidatzen dituztenek, lanaldian 100 kilometro baino gutxiago egiten badituzte, ezinbesteko baldintza dute, jarduera normala lortzeko, ibilgailuko kaxan zama egokitzen parte hartzea.
11. artikulua. Errendimendua eta pizgarriak.
Jarduera normalari dagokion errendimendua eskatzen ahal den txikiena da. Enpresak noiznahi ere zehaztu eta eskatzen ahalko du. Hala egiten ez badu, ezin ulertuko da bere eskubide horri uko egin diola.
Eskatzen ahal den gutxieneko errendimenduari dagokion lansaria da hitzarmeneko lansaria. Pizgarriak ezartzeko, eskatzen ahal den gutxieneko errendimendutik abiatu beharra dago, horrixe baitagokio arauzko lansaria.
Errendimenduak taldekakoak (atalarenak, katearenak, taldearenak eta abarrenak), edo banakakoak izan daitezke, enpresak zehazten duenaren arabera.
Enpresak lana baloratzeko edo primak edo pizgarriak zehazteko sistema bat ezartzen ahalko du, 10. artikuluko gutxieneko errendimendu normalari dagokionetik aparte.
Pizgarri sistema ezarri ondoren, enpresak aldatzen ahalko du, baldin eta eskatzen ahal den gutxieneko errendimendu gisa adierazten dena baino %40 handiagoak badira lan kopuruak edo jarduera hoberena.
Arrazoiak emanda, enpresak pizgarriak mugatu, murriztu edo kentzen ahalko ditu, pizgarriak langileei banan-banan ezartzen bazaizkie, baldin eta horiek, gaitasun, arreta edo interesik ez izateagatik edo bestelako zergatiko subjektibo batengatik, behar duten errendimendua lortzen ez badute edo ekoizpenaren zenbatekoari edo nolakoari kalte egiten badiote, kasu horretan hartzen ahal diren beste neurriak deusetan galarazi gabe.
Ezarri ondoren, pizgarriak atalka eta/edo banaka kentzen ahalko dira, sistemaren bidez lortu nahi diren helburuak ezin erdietsi direnean, enpresan jarduera gutxitzeagatik, edo lan berrien saiakuntzak egitegatik, edo instalazioak konpondu edo berritzeagatik. Kasu horietan, langileek eskatzen ahal den gutxieneko errendimenduari dagozkion lansariak eta 22. artikuluko norberaren plusa hartuko dituzte.
Enpresa eta langileak ados daudela, egunean eginiko kilometro bakoitzeko plus edo prima bat ezartzen da; plus edo prima horretan sartzen da langileak ibilbidea egiteko behar izan duen lanaldi luzapenaren balizko balioa.
12. artikulua. Langileak.
Salgaien Garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorraren III. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio, arau orokorrei eta lanbide sailkapenari dagokienez.
13. artikulua. Aldez aurretik abisatzeko epea eta probaldia.
Enpresa utzi nahi duten langileek gutxienez ere zazpi egun lehenago jakinarazi beharko diote enpresari.
Aldez aurretik abisatzeko epea bete ezik, jakinarazpena atzeratu zeneko egunetan sortuko zatekeen zenbatekoaren adinakoa galduko da likidazioan.
Probaldiaren gehieneko denbora Salgaien Garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorraren IV. kapituluan ezarritakoa izanen da.
14. artikulua. Lanaldia.
Sektoreko lanaldia 40 ordukoa izanen da astean. Hala ere, norberak ez ditu 1.744 ordu baino gehiago eginen egiazki urtean, hitzarmenaren indarraldiko bi urteetan, eta egutegian banatzen ahalko dira, enpresaren eta langileen beharren arabera. Eskatu ahalako garraioaren kasuan, zerbitzuaren ezaugarriak kontuan izanik, astelehenetik igandera arautzen ahal dira lanaldiak.
Lantoki edo jarduera arlo bakoitzerako lan egutegia prestatuko da, eta sindikatuen ordezkaritzari proposatuko zaio, urte bakoitzeko urtarrileko lehen hamabostaldian. Hala ere, ekoizpen beharrak edo beste arrazoi batzuk direla-eta, aldatzen ahalko da, langileak ados daudela.
15. artikulua. Ogitartekoaren atsedenaldia.
Lanaldiaren banaketaren ondorioz 6 orduko lan saioak egiten diren lantokietan, jateko geldialdi edo atsedenaldia eginen da eguneko lanaldiaren barnean, eta horren iraupena sindikatuen ordezkariekin itunduko da; desberdina izan daiteke lantoki bakoitzean zerbitzu beharren arabera, baina ez 15 minutu baino gutxiago egunean. Geldialdi horiek ez dira inolaz ere benetako lan denbora gisa zenbatuko, beste arrazoi batzuengatik egiten direnak bezalaxe (kafea, zigarroa etab.).
16. artikulua. Itxaronaldiak.
Matxurengatik edo abiapuntukoa eta helburukoa ez beste herrietan itxaronaldietan emaniko denbora kontatzeko, 1561/1995 Errege Lege Dekretuan eta 561/2006 EE Erregelamenduan gorabehera horiei buruz ezartzen diren aginduak eta indarra duten lege xedapenak edo horien ordezkoak hartuko dira kontuan.
17. artikulua. Baliaezintasuna.
Ohiko lanbiderako baliaezintasun iraunkorra eta osoa indarra duten legeen arabera adieraziko da.
Hala ere, egoera horretan dauden langileek, urtebeteko epearen barruan, adierazpena ematen denetik hasita, eskubidea izanen dute enpresan bete gabe gelditzen diren lanpostuetan kokatuak izateko, lanpostu horiek beren gorputz edo prestakuntza arloetako gaitasunetarako egokiak badira, baita beste ekoizle batzuen aurretik ere.
18. artikulua. Baldintza ekonomikoak.
2014 eta 2015erako hitzarmen honetan itunduriko baldintzak eranskineko soldata tauletan ageri dira.
–Soldata igoera 2014. urtean: %1,5, 2013an indarra duten tauletako oinarrizko soldataren gainean.
–Soldata igoera 2015. urtean: %2,5, 2014rako itundutako soldata igoera aplikaturik ateratzen diren tauletako oinarrizko soldataren gainean.
Gainerako baldintza ekonomikoek ez dute aldaketarik.
19. artikulua. Soldata egitura.
Hitzarmen honek diraueino, Akordio Orokorraren VI. kapituluan aipatzen den lansari sistemara egokituko ditu enpresak lansariak, langileen diru-sarrerak testu itundu horretan aipatzen diren kontzeptuekin bat etor daitezen.
Gizarte Segurantzan kotizatzearen ondorioetarako, unean-unean indarra duten legezko xedapenek agindu bezala jokatuko da.
20. artikulua. Aparteko eskersariak.
“Udako” eta “Gabonetako” aparteko eskersari bakoitza honela ordainduko da: oinarrizko soldataren hilabeteko bat, ad personam, plus pertsonala eta jasomakinako gidarien plusa.
Udakoa uztailaren lehen hamabostaldian pagatuko da, eta Gabonetakoa pagatzeko abenduaren 20a izanen da azkeneko eguna.
“Udako” eta “Gabonetako” eskersari bakoitza seihileko bakoitzean konputatuko da: lehenbizikoa urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte. Langile batek, seihileko horretan enpresan sartuz gero edo hori utziz gero, eskubidea izanen du seihilekoan lanean egiazki emaniko denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.
Enpresa eta langileak ados jartzen badira, uztaileko eta abenduko ordainsariak hilabetez hilabete hainbanatzen ahalko dira, betiere hori ituntzen bada.
21. artikulua. Mantenuko eta egonaldiko gastuak.
Mantenuko eta egonaldiko gastuak kalkulatzea zaila denez, konpentsazio sistema hau erabaki da: egindako kilometro bakoitzeko 0,07 euro aplikatuta ateratzen den kopurua ordainduko da. Kopuru horren bidez ordaintzen dira gidariak bai Estatuan bai atzerrian dabilenean izaten dituen mantenu eta egonaldiko gastu guztiak.
Zerbitzu arrazoiengatik, eskatu ahalako zerbitzuetan egin ibilbideetan, mantenu eta egonaldi gastuak banan-banan itunduko dira, kontuan harturik zerbitzuaren ezaugarriak eta zein inguruabarretan egiten diren, erreferentzia hauek hartuz:
HERRIALDEA | BAZKARIA | AFARIA | OSTATUA ETA GOSARIA | GUZTIRA |
Espainia | 11,33 | 10,34 | 12,32 | 33,99 |
Alemania | 15,86 | 15,86 | 21,13 | 52,85 |
Belgika | 15,84 | 15,84 | 21,09 | 52,77 |
Frantzia | 13,68 | 13,68 | 18,28 | 45,64 |
Herbehereak | 15,41 | 15,41 | 20,50 | 51,32 |
Erresuma Batua | 17,15 | 17,15 | 22,89 | 57,19 |
Italia | 16,47 | 16,47 | 22,02 | 54,96 |
Portugal | 10,52 | 10,52 | 14,01 | 35,05 |
Gainerako herrialdeak | 13,68 | 13,68 | 18,28 | 45,64 |
Oharrak:
Gosaria gaua etxetik kanpo ematen duten langileei soilik ordainduko zaie.
Egin beharreko zerbitzuak etxetik kanpo bazkaltzera behartzen duenean pagatuko da bazkariari dagokion dietaren zatia eta, betiere, 12:00ak baino lehen atera eta 14:00en ondoren ailegatuz gero.
Eginiko zerbitzuak ohiko bizilekutik kanpo afaltzera behartzen duenean pagatuko da gaueko janariari (afariari) dagokion dietaren zatia, eta, betiere, ekoizlea 21:00ak baino lehen atera eta 22:00en ondoren itzultzen denean.
22. artikulua. Sustapen ekonomikoaren sistema.
“Antzinatasuneko saria” kalkulatu eta ordaintzeko lehengo sistema kentzearen ondoriozko kopuruak plus pertsonalean finkatu ziren. Kontzeptu hori behin ere ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.
23. artikulua. Irabazietan partea izatea.
Partaidetza hori honako hauen 30 egunekoa izanen da: oinarrizko soldata, ad personam eta plus pertsonala.
Enpresa eta langileak ados jarriz gero, zilegi izanen da irabazien ordainsari hori hilabeteetan hainbanatzea.
24. artikulua. Jaiegunetako lana.
Jaiegun batean lan egiten duen gidariak eskubidea izanen du hurrengo astean konpentsaziozko atsedena izateko.
Gidariaren jarduera etengabea denez, indarra duten legezko xedapenetan ezarritako baldintzetan egin behar du lan eta, halakoetan, hitzarmen honen indarraldian, 60 euro ordainduko dira gunetik edo ohiko helbidetik kanpo aritzen denean, egindako gidatze aldia zein den kontuan hartu gabe; 30 euro ordainduko dira gidariak 4,5 ordutik beherako gidatze aldia egiten duenean eta lanaldia bere helbidean osatzen duenean.
25. artikulua. Plus bereziak.
a.–Gidatze saria: 11. artikuluan azaldutako egoera konpentsatzearren, kilometroei dagokien pizgarria edo saria ezarri da gidarientzat, hain zuzen ere 0,005 euro egindako kilometro bakoitzeko.
b.–Gaueko lanaren plusa.–22:00etatik 06:00ak bitarte lan egiten duten langileek gaueko lanaren gehigarria hartuko dute, hau da, eguneko oinarrizko soldataren %25 adinakoa, baldin eta aldi horretan gutxienez lau ordu ematen badituzte lanean.
Lan txandak direla-eta lanaldia ordu horietan egiten dutenek hartuko dituzte hobari horiek. Lana gauez eginagatik ere, espresuki ordu horietan lan egiteko kontratatuak izan diren langileek ez dute gehigarri hori kobratuko, ez eta, horretarako kontratu ez diren arren, nahita hala eskatu dutenek ere.
c.–Gai arriskutsuak garraiatzeko plusa.–Plus bat ezartzen da, 50 euro hilean, hitzarmen honen indarraldian, ADR-k arriskutsutzat jotzen dituen gaiak dedikazio esklusiboz eta lanaldi osoz garraiatzen dituzten gidarientzat, haiek garraiatzeko legeak gidaria behartzen baitu baimen administratibo berezi bat izatera. Dedikazio esklusiboa eta lanaldi osoa hauxe da: hilabeteko lanegunen erdietan baino gehiagotan eta/edo egunero bost lanordu baino gehiagoz gai horiek garraiatzeko behar diren zerbitzuetan aritzea.
Lanaldi osoz (lehenago esan bezala ulertuta) hamabi lanegun baino gutxiagotan aritzen diren gidariek 2,50 euro hartuko dituzte lan horretan diharduten egun bakoitzeko 2014an eta 2015ean.
Hilabete naturalak kontatuko dira.
d.–Jasomakinako gidari kategoriarako plusa.–Jasomakinako gidari kategoria aitortua duten langileei ordainduko zaie plus hau. Hilean 15 euro izanen dira, hitzarmen honen indarraldian.
e.–Zamalanen plusa: zerbitzuko beharren ondorioz beharrezkoa bada gidariak gaien zamalanetan laguntzea, ezinbestekoa izanen da enpresako trafiko saileko langileek lan horiek aldez aurretik baimentzea. Kasu horretan, plus bat ezarriko da ibilgailuan zamalanak egiteagatik, eta 6 euro ordainduko dira salgaiek hartzen duten kartola bakoitzeko (ibilgailu bakoitzeko lau), erdiatoi osoaren 24 euro bitarte.
f.–Lanaldiaren banaketa irregularraren plusa: astean 64 euroko plusa izanen dute Aretako zentroko jasomakinako gidariek, beren asteko lanaldia astelehenetik larunbatera bitartekoa denean, arratsalde eta goizeko txanda konbinatuetan.
g.–Igandeko plusa: gidariak igandean lan egiten badu, 60 euro jasotzeko eskubidea izanen du lanaldi osoan arituz gero (helmugara iristea edo eguneko gidatze aldi osoa), 30 euro lanaldia erdia bada (4,5 ordu baino gutxiagoz gidatzea); bi kasuetan berariazko baimena eman beharko du trafikoko sailak.
26. artikulua. Aparteko orduak.
1983ko martxoaren 1ean eman eta 1983ko martxoaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Aginduko lehen artikuluan aipatzen direnak joko dira egiturazko aparteko ordutzat. Hona hemen hitzez hitz:
‘’Urtarrilaren 19ko 92/1983 Errege Dekretuaren 7. artikuluak xedatutakoaren ondorioetarako, hauexek dira egiturazko aparteko orduak: ustekabeko eskaerengatik, puntako ekoitzaldiengatik, ustekabeko absentziengatik, txanda aldaketengatik edo kasuan kasuko jardueraren ezaugarrien ondoriozko egiturazko bestelako gorabeherengatik behar direnak, baldin eta legeetan aurreikusiriko kontratazio modalitateak erabiliz ezin ordeztu badira.”
Zuzendaritzak aldian-aldian Enpresako Batzordeari, langileen ordezkariei eta sindikatuen ordezkariei jakinaraziko dizkie eginiko aparteko orduak, zergatikoak eta ataletan nola banatu diren azalduz.
1561/1995 Errege Dekretuaren eta indarra duten lege xedapenen arabera, jarduera aldia, benetako lanaldiaren gainetik, honelakoa izan daiteke:
a) Lanaldiaren luzapena, aipatu errege dekretuaren 8. eta 10. artikuluetan zehaztu bezala.
b) Aparteko orduak.
b) idatz-zatian aurreikusten diren baldintzetan eginiko soberako lanorduak, langileak nahi duelako eginez gero, ordu arruntak bezala pagatuko dira.
Ordu gehiagoko lanaldiaren ondoriozko aparteko orduak, artikulu honen b) idatz-zatian zehaztuak, 16 euroz ordainduko zaizkie, 2014. eta 2015. urteetan, enpresako biltegietan lan egin duten langileei. Ordu horiek igandean edo jaiegunean egiten badira, orduko 23 euroko ordaina emanen da, eta 19 eurokoa, berriz, lanalditik kanpoko larunbatean eginez gero.
Pagatzen ez den aparteko ordu bakoitza ordu eta erdiko atsedenaldiarekin ordainduko dira, langileak eskaturik. Horretarako, soberako orduak metatu eta lanaldi osoak osatzen ahalko dira. Langileak nahi duenean gozatuko ditu eta halaxe emanen zaizkio, salbu eta enpresak modu nabarmenean ezin badu. Kasu horretan bigarrengoz eskatzean emanen zaio atsedenaldia.
Ordu horiek hartzeko eta baimentzeko jakinarazpena gutxienez ere 72 ordu lehenago egin beharko da.
27. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak, lan motak eskatzen duenean, beharrezkoa den arropa emanen die langileei, esate baterako: prakak, elastikoak, jantzi polarra eta berokia.
Halaber, langile guztiei emanen zaizkie eskuzorroak, segurtasuneko oinetakoak, kaskoak eta norberaren babeserako beste edozein ekipamendu, hau da, lanean aritzeko ezarrita daudenak.
28. artikulua. Laneko istripuak eta eritasunak.
Laneko istripuagatik edo eritasunagatik aldi baterako baja hartua duten langileek soldataren 100eko 100 arte kobratuko dute, lehenbiziko egunetik hasita, egoerak diraueino. Kasu horretan oinarrizko soldatak, ad personamek, plus pertsonalak eta jasomakinako gidariaren plusak bakarrik osatuko dute lansaria.
29. artikulua. Oporrak.
Oporrak 22 egun baliodunekoak izanen dira. Batera hartzen ez badira, 23 egun baliodunekoak izanen dira: 12 egun enpresak dioenean eta 11 egun langileak nahi duenean.
Betiere, enpresaren zerbitzuaren jarraitasuna bermatuko da.
Langileak bi hilabete lehenagotik jakin beharko du noiz hartuko dituen oporrak.
30. artikulua. Lizentziak eta baimenak.
Lizentzia eta baimen pagatu guztiek indarra duten xedapenek diotena baino egun bat gehiago izanen dute, salbuespen hauetan izan ezik:
1. Langileek ezkontzeagatik duten lizentziak 16 egun iraunen du.
2. Ezkontidea hilez gero zazpi egun emanen dira. Langilea joan-etorrian bada, heriotzaren eguna ez da kontatuko. Gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, 4 egun probintzian gertatzen bada eta 6 egun kanpoan gertatuz gero.
3. Ezkontidea, gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak eta horien pareko ezkon-senideak larriki gaixo edo ospitalean badaude, baita emazteak haurra izaten badu ere, 3 egun probintzian gertatzen bada eta 5 egun kanpoan izanez gero.
Kasu berean, baina ezkontidearen, gurasoen eta seme-alaben kasuan bakarrik, lizentzia beste lau egun luzatzen ahalko da, baina soldatarik gabe.
4. Gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak eta horien pareko ezkon-senideak ezkonduz gero, 2 egun probintzian gertatzen bada eta 3 egun kanpoan bada; ezkontza egunak baimenaren erdikoa izan behar du.
5. Elkarrekin bizitzen gutxienez ere bi urte egin dituztela frogatzen duten bikoteendako lizentzia soldatadun bat ezartzen da. Lizentziak elkarrendako laguntza edo sostengua izanen du xede. Beraz, ezin zabalduko da ezkontza bidezko ahaideen bestelako eskubideetara.
6. Norberaren aukerako egunak.–Hiru egun ordaindu dira, horietarik bi langileak eskatu beharrekoak eta bat enpresak aukeratzen duen egunean hartu beharrekoa.
Enpresak eman egin beharko dizkio lizentziako bi egun horiek langileari, ezinezkoa denean izan ezik. Lehenbizikoz eskatzean ezin eman bazaizkio, bigarrengoz eskatzean eman beharko zaizkio nahitaez.
Urte naturala bukaturik enpresak ez badu idatziz adierazi zein den norberak hartzeko eguna, hartu gabeko atseden gisa ordaindu beharko da, nominako kontzeptu finkoekin batera, hurrengo urteko urtarrileko nominan; edo, bestela, hurrengo urtean izanen diren norberaren aukerako egunei gehituko zaie.
Enpresa eta langileak ados jartzen badira, norberaren egun horiek edo ateratzen diren orduak lantokiko lan egutegiaren barnean arautzen ahalko dira.
Kapitulu honetan ematen diren lizentziak unean uneko legezko xedapenetan ezartzen diren baldintzekin hobetuko dira.
31. artikulua. Gidabaimena kentzea.
Gidari bati gidabaimena kenduz gero, baldintza hauek ezartzen dira:
1.–Lau hilabete bitarteko zehapenetarako, enpresak benetako soldata eta enplegua bermatuko ditu. Lau hilabetetik goitiko zehapenetarako, gidariari nahitaezko eszedentzia emanen zaio, zehapen epea bukatutakoan berehala itzultzeko eskubidearekin. Gehienez ere hiru zehapen lau urtean.
Kanpo geldituko dira zehapenak gidariaren arduragabekeria nabarmenaren, zuhurtziagabekeria ausartegiaren, mozkorraldiaren edo drogatzearen ondoriozkoak direnean.
2.–Lanetik kanpo eginiko arau-hauste batengatik gidabaimena kentzen zaion gidariari enpresak zehapenak diraueino eszedentzia emanen dio, lanpostua gordeta.
3.–Gidabaimena kentzen bada:
a) Gidabaimenik gabe egoteko aldia langilearen oporraldian izateko aukera negoziatuko da enpresarekin.
b) Gidabaimenik gabe egoteko aldia enpresan lan gutxien dagoen garaian izateko aukera kudeatuko da.
4.–Enpresek aseguru-etxe batekin poliza bat sinatuko dute hala nahi duten gidarientzat. Poliza horren bidez eszedentzian dagoen gidariari, aurreko 1. puntuan ageri dena gertatzen bada, –gidabaimena kenduz gero, gehienez ere urtebeterako–, 661,11 euro adinako diru kopurua emanen diote egoera horretan egon beharreko hilabeteko, edo proportzioan dagokiona. Primaren zenbatekoa erdi bana ordainduko dute enpresak eta langileak, eta enpresek baimena izanen dute diru hori nominatik kentzeko.
32. artikulua. Osasun azterketa.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen enpresek eta langileek laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna zaintzeko unean-unean indarra duten arauak nahitaez bete beharko dituzte.
Kontuan harturik kolektibo batzuek hirugarren pertsonen aurrean duten erantzukizuna, bai gidariek bai jasomakinako gidariek osasuna zaintzeko probak egin beharko dituzte, eta izaten ahal diren salbuespenak baloratuko dira.
33. artikulua. Atzerriko laguntzak.
Laguntza, istripua atzerrian gertatuz gero.
Langileak Gizarte Segurantzaren arloan Espainiarekin elkarrekiko hitzarmenik izenpetu ez duen edozein estatutan osasun laguntza behar badu edo ospitaleratu behar badute, enpresak osasun laguntzaren gastu guztiak hartuko ditu bere gain, eta langileak ez du dirurik pagatu beharko.
Enpresak aurrerakin gisa pagatutako dirua berreskuratuko du, Gizarte Segurantzatik, konpainiatik edo bidezko den beste edozein entitatetatik, eta horretarako langileek konpromisoa hartzen dute beren izenean kasuan kasuko erreklamazioa egiteko, pagatutako dirua enpresari itzul dakion.
Ahaideen joan-etorriak, istripua atzerrian gertatuz gero.
Laneko istripuagatik gidaria atzerrian ospitaleratu behar baldin bada, enpresak baimena emanen dio haren ahaide bati egonaldian laguntzeko hara joan dadin, gehienez ere hamabost egunez eta enpresaren kontu. Atzerrira joaten den pertsonaren gastuak enpresaren kontu izanen dira. Egonaldiaren zenbatekoa hitzarmeneko dieta izanen da.
Heriotza.
Ekoizleren bat ohiko bizilekutik kanpo hilez gero, enpresak aginduta lekuturik egoteagatik, gorpua hautaturiko ehorzte tokira eramateko gastuak pagatuko ditu enpresak, betiere Espainia penintsularrean bada.
34. artikulua. Konpentsazioa, kontratua amaitzeagatik.
Lan kontratua amaitzeagatik, zergatikoa edozein dela ere, enpresan gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duten langileek ondoren aipatzen den ordaina hartzeko eskubidea izanen dute, iraungitzean, adin hauek bete badituzte:
60 urterekin: 10 oinarrizko soldata.
61 urterekin: 8 oinarrizko soldata.
62 urterekin: 6 oinarrizko soldata.
63 urterekin: 4 oinarrizko soldata.
35. artikulua. Eskubide sindikalak.
Honakoak ezarri dira:
Langileen ordezkarien askatasuna biltzarretarako dei egiteko. Enpresako batzordeen ekintza-askatasuna, indarra duten xedapenetan ezarririko mugen barruan. Langileen ordezkariendako edo Enpresa Batzordeko kideendako 240 ordu gordeko dira urtean. Ordu erreserba hori hitzarmena negoziatzen ari den denboran luzatuko da negoziazio mahaiko kideendako. Enpresako Batzordearendako toki egoki bat izanen da. Enpresako Batzordeak edo langileen ordezkariek enpresaren hedabideak erabiltzen ahalko dituzte, enpresaburuari jakinarazi ondoren, gehiegikeriarik gabe.
Langile guztiei 12 ordu emanen zaizkie urtero biltzarretan parte hartzeko, lanorduetan, gehienez ere 2 ordu hilabetean, enpresaburuari ordua jakinarazi ondoren eta harekin ados jarrita. Propaganda sindikal, kultural edo politiko oro askatasunez zabaltzen ahalko da lantokiko sarreran eta irteeran, baina izenpetua egon beharko du.
Sei langile baino gutxiago dituzten enpresetan langileen ordezkari bat onartuko da. Horri hamabi ordu emanen zaizkio urtean erakunde ofizialetan enpresako lan harremanen ondoriozko lanetan aritzeko.
Enpresa guztietan iragarki ohol bat paratuko da.
Langileen Estatutuan xedaturikoa galarazi gabe, erabaki da:
Plantillaren berregituraketak, itxialdi osoak edo hein batekoak, behin betikoak edo aldi batekoak eta lanaldi murrizketak jakinarazi beharko zaizkie langileen ordezkariei eta Enpresa Batzordeko kideei, enpresak horiek gauzatu baino lehen.
Langileek, enpresako langileen ordezkariak ez badira ere, sektoreko hitzarmenaren negoziazioan parte hartzen ahalko dute, baldin eta negoziazio horretan beren sindikatua ordezkatzen badute.
Horretarako, estatutuak ordezkariari emaniko orduak baliatzen ahalko ditu, baldin eta enpresaren ordezkariak negoziazio horretan parte hartzen ez badu. Ordezkariak ere negoziazio horretan parte hartuz gero, ematen zaizkion orduak metatuko dira eta 30 langiletik beheitiko enpresetan ezin erabiliko dira batera.
Hitzarmen kolektiboak ordezkariei eta Enpresa Batzordeko kideei beren eginkizunetan aritzeko finkatzen dizkien ordu pagatuak urteko ordu poltsa batean metatzen ahalko dira, sindikatu bereko ordezkarien ordu sindikalekin. Ordezkarietako edozeinek erabiltzen ahalko ditu. Halaber, behar bezala osaturiko atal sindikalaren ordezkariari ere ematen ahalko zaizkio ordu sindikalak. Kasu horretan Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 10.3 artikuluan xedaturikoa izanen da aplikatzekoa. Hala ere, horrek ez du inola ere esan nahi hitzarmen kolektiboan ezartzen diren ordu sindikalak baino gehiago izanen dituenik.
Aurreko lerroaldean aipatzen diren atal sindikal osatuek idatziz jakinaraziko diote enpresari atal sindikalaren ordezkari izendatu den langilearen izena, horrek ordu poltsa erabili ahal dezan.
36. artikulua. Lan osasuneko neurriak eta arriskuei aurrea hartzekoak.
Une oroz, arlo horretan indarra duen legerian xedaturikoa aplikatuko da.
37. artikulua. Istripu asegurua.
Enpresak istripuetarako aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko du langileentzat. Hauek izanen dira baldintzak:
Istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa: Lan kontratua desegin gabe, 23.304,58 euroko kapital aseguratua 2014. eta 2015. urteetarako.
Istripuaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorra edozein lan ordaindutarako eta baliaezintasun handia: 54.377,34 euroko kapital aseguratua 2014. eta 2015. urteetarako.
Istripuaren ondoriozko heriotza: 38.840,96 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko, 2014. eta 2015. urteetarako.
Jarduneko langileek izaniko lan istripuetan izanen dituzte ondorioak polizek, hitzarmen hau argitaratzen denetik hasita.
Izaniko istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta, horren arabera, enpresa behartua bada langileari edo honen eskubidedunei kalte-ordain bat pagatzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian ezarririko kopuruaren kontu izanen da.
Polizek lehen aipatu diren kapitalak mantenduko dituzte, hurrengo hitzarmenetan haiek aldatu arte behintzat.
38. artikulua. Eszedentziak.
Langile finkoek urtebetetik bi urtera bitarteko borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, kategoriari eta lanpostuari eutsiz.
Lanera itzultzeko, langileak eszedentzia bukatu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio enpresari.
Artikulu honek gaur egungo kontratazio aukerek iraun bitartean balioko du.
39. artikulua. Aldi baterako laneko enpresekiko harremanak.
Enpresak konpromisoa hartzen du ABLEei eskatzeko langileak lagatzeko kontratuetan langileei berma diezaietela hitzarmen honetan ezarritakoaren pareko soldata, lanbide kategoriaren arabera.
40. artikulua. Kultur sustapena.
Enpresak erraztasunak emanen ditu edozein ikasketa edo lanbide heziketa egiteko, horretan ari direla frogatzen duten langileentzat. Horretarako, ordutegi bereziak jarriko dira, baldin eta ordutegi horiek zerbitzuaren bilakaera normalean eraginik ez badute.
41. artikulua. Langile atxilotuak.
Enpresarekin zerikusirik ez duten zergatikoengatik edozein langile atxilotuz gero, enpresak konpromisoa hartzen du langilea ez zehatzeko, Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren lehen puntuan xedatutakoarekin bat.
42. artikulua. Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa.
Hitzarmen kolektibo honen aplikazioak sor ditzakeen gatazka guztiak konpontzearren, bi aldeei ongi iruditzen zaie Batzorde Paritarioa sortzea, edozein aldek biltzera deitu dezan, dei egin eta hamabost eguneko epean. Batzorde Paritarioak hiruna kide izanen ditu enpresaren aldetik eta langileen aldetik. Beharrezko bileren ondotik, Batzordeak erabakia hartuko du eta gehienez ere 7 eguneko epean emanen, bilera egunetik hasita. Epe hori edo deialditik edo eskaeratik hasitako hogeita bi egunekoa amaiturik, eskaera ukatutzat eta tramitea bukatutzat joko da, eta zilegi izanen da auzia arbitrajearen esku uztea Nafarroako Lan Auzitegian, hitzarmen honen 46. artikuluan ezarritako salbuespenarekin.
43. artikulua. Diziplina araubidea.
Hutsegiteak dira langileek lanean, lanarekin lotuta edo lanaren ondorioz egiten dituzten ekintzak eta omisioak, ordenamendu juridikoan, II. Akordio Orokor honen 41.ean, hitzarmen kolektiboetan eta gainerako arau eta itunetan, banakakoak edo kolektiboak izan, langileari ezartzen zaizkion mota guztietako betebeharrak ez betetzea ekartzen dutenak, eta arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
43.1.a artikulua. Hona hemen hutsegite arinak:
1) Hilabete batean lanera hirutan berandu iristea bidezko arrazoirik gabe.
2) Lanera ezin dela joan eta horren arrazoia ez jakinaraztea aldez aurretik, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera izanez gero.
3) Lanaldiaren barruan lanetik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere.
4) Arreta falta edo zabarkeria materiala zaintzean.
5) Errespetu eta adeitasun eza, arina bada, enpresako langileekin eta publikoarekin, tartean norberaren garbiketa falta.
6) Enpresak emandako jantziak eta ekipamendua ez erabiltzea, erabiltzeko jarraibideak eman badira.
7) Lanera huts egitea egun batez hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.
43.1.b artikulua. Hona hemen hutsegite larriak:
1) Hilabeteko epean hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2) Lanera bi egunez huts egitea hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.
3) Lanaldiaren barruan edozein jolasetan aritzea, zerbitzuari kalte eginez.
4) Enpresaburuak lanaren edozein gaitan ematen dituen agindu eta jarraibideei kasurik ez egitea, asistentziaren kontrola barne, baita langileak bete beharreko jardueraren baldintza edo ondorio diren tramite administratiboak ez betetzea ere.
5) Kausa faltsuak alegatzea lizentzietarako.
6) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean behin eta berriz, zerbitzuaren kaltetan.
7) Zuhurtziarik edo axolarik gabe jokatzea zerbitzuak egitean. Zehazki, zerbitzuak egitean zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da nahitaezkoak diren segurtasuneko arropak eta tresnak ez erabiltzea.
8) Norberarentzako lanak egitea laneko orduetan, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako materiala norberarentzat erabiltzea ere, ezarritakoetatik kanpokoak barne, betiere egoera pertsonalei mesede egiteko asmoz.
9) Errespetu eta adeitasun eza, larria bada, enpresako langileekin, erabiltzaileekin eta publikoarekin, haiei Konstituzioan aitortzen zaizkien eskubideak urratzea ekartzen duenean.
10) Lanean agintekeriaz jokatzea, eta hori izanen da egintza arbitrario bat egitea, baldin eta legezko agindu bat nahita eta nabarmen urratzen bada eta kalte nabaria ekartzen badio menpeko bati.
11) Lanera ezin dela joan eta horren arrazoia ez jakinaraztea aldez aurretik, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera dagoenean, baldin eta aldez aurretik ez jakinarazte horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.
12) Lanetik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere, baldin eta horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.
13) Lanera huts egitea egun batez hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe, baldin eta horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko garapenean.
14) Enpresaren materiala eta instalazioak zaintzean ardurarik gabe edo axolagabekeriaz jokatzea, ibilgailuak garbi ez edukitzea eta segurtasuneko elementuak ez zaintzea, nahiz eta horrek enpresari kalterik ez sortu.
15) Jarraian eta ohitura gisa, norberaren garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideen bidezko kexak sorrarazten dituenean.
16) Langileak uko egitea alkohol edo droga kontroleko probak egiteari, arlo horretako agintaritza eskudunak agindu dituenean.
17) Atseden tarteak murriztea eta eguneko gidatze aldiak handitzea; zehazki, indarra duten legeek ezarritakoaren gainetik %10etik %15era bitarte.
18) Hiruhileko berean beste hutsegite arin bat egitea edo horretan berrerortzea (puntualtasuna salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu-hartzea ez den zehapena jarri bazaio; baita aurreko hutsegiteen antzekoa den beste edozein ere.
43.1.c artikulua. Hona hemen hutsegite oso larriak:
1) Sei hilabeteko aldian hamar aldiz baino gehiagotan berandu iristea, edo urtean hogei aldiz, bidezko arrazoirik gabe.
2) Ondoz ondoko 3 egunetan edo ondoz ondokoak ez diren 5etan lanera huts egitea sei hilabeteko epean, edo ondoz ondokoak ez diren 10 egunetan urtebeteko epean, arrazoirik gabe.
3) Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean. Hutsegite oso larritzat joko da diziplina urratzen denean edo horrek enpresari edo lankideei kaltea ekartzen dienean.
4) Enpresaburua, enpresan lan egiten dutenak nahiz horien senideak ahoz zein egitez iraintzea.
5) Kontratuaren fede ona haustea eta konfiantza abusua lanean jardutean, eta halakotzat joko dira iruzurra egitea edo leialtasunik gabe jokatzea manatutako kudeaketetan; lapurreta edo ebasketa egitea, bai lankideei, bai enpresari bai edozeini, enpresaren barruan edo enpresaren ibilgailuetan, edo beste nonbait zerbitzuak betetzen ari diren bitartean; gutuneriaren sekretua urratzea edo arrotzei kontatzea lanagatik ezagutzen diren datuak.
6) Ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
7) Mozkortuta edo toxikatuta maiz egotea, baldin eta lanean ondorio okerrak badakartza.
8) Lanetik alde egitea, denbora laburrerako bada ere, istripuren bat eragiten badu.
9) Zuhurtziarik edo axolarik gabe jokatzea zerbitzuak egitean, istripua edo makineriaren, ibilgailuaren edo instalazioen matxura izateko arriskua ekartzen badu.
10) Sexu jazarpena edo sexuagatiko jazarpena, lanaren esparruan egiten direnean eta hura pairatzen duen langilearen duintasunaren kontra larri jotzen dutenean.
11) Laneko jazarpena (mobbinga), ukitutako langilearen duintasunaren kontra larri eta etengabe jotzen duenean.
12) Langilearen eskura jarritako enpresako ibilgailua, materialak eta instalazioak zaintzean ardurarik gabe edo axolagabekeriaz jokatzea, horrek enpresari kalte ekonomikoa edo beste nolabaitekoa ekartzen badio. Ibilgailuko kontrol elementuak manipulatzea, esate baterako takografoa, abiadura mugatzeko gailuak, GPSa eta beste.
13) Atseden tarteak murriztea eta eguneko gidatze aldiak handitzea; zehazki, indarra duten legeek ezarritako parametroen %15etik gora.
14) Hutsegite larrietan berrerortzea, desberdinak badira ere, hiruhileko berean egiten badira eta aurretik zehatu badira; edo aurreko hutsegiteen antzeko beste edozein.
43.2. artikulua. Zehapen prozedura.
43.2.a. Hutsegite larriengatik edo oso larriengatik zehapenak ezarri baino lehen, enpresek idatziz jakinaraziko dizkiete gertatutakoak langile interesdunei, horiek, hala nahi badute, idatziz adieraz dezaten, hiru laneguneko epean, horren inguruan egoki iruditzen zaiena. Langileen ordezkariei eta/edo enpresa batzordeari ere jakinaraziko zaie hori.
43.2.b. Ustezko hutsegite oso larrien kasuan, enpresak, aurreko ataleko jakinarazpena egitearekin batera edo hura egin ondoren, erabaki dezake langileari enplegua etetea, ordainsaria ukitu gabe, kautelazko neurri gisa, zer gertatu zen argitu bitartean soilik, eta hilabete batean gehienez ere, azkenean jar daitekeen zehapena gorabehera. Langileen ordezkariei ere emanen zaie etete horri berri.
43.3 artikulua. Zehapenak.
43.3.1. Ondoren azaltzen dira diziplinako hutsegiteengatik langileei ezartzen ahal zaizkien zehapenak:
a) Hutsegite arinengatik: hitzezko kargu-hartzea nahiz idatzia, eta bi egun arteko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Hutsegite larriengatik: hirutik 15 egun bitarteko enplegu-soldaten etenaldia; igoerarako epea 3 urtez luzatzea.
c) Hutsegite oso larriengatik: 16tik 45 egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia, behin betiko desgaitzea igoerarako, kaleratzea.
Trafikoari eta bide segurtasunari buruzko xedapenak urratzeak ekartzen dituen isunak haien erantzuleak ordaindu beharko ditu.
43.4. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
Langileen hutsegite arinak 10 egunen buruan preskribatzen dira, larriak 20 egunen buruan eta oso larriak 60ren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun izandako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
44. artikulua. Errepideko Salgaien Garraioko Enpresetarako Akordio Orokorra.
Hitzarmen kolektibo honetan arautzen ez diren gai eta baldintza guztiak Errepideko Salgaien Garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorrean xedatutakoaren arabera arautuko dira.
45. artikulua. Errelebo kontratua.
Enpresak, legedi orokorrean eta Gizarte Segurantzan indarra duen bitartean, baimena emanen du langileen erretiro partzialerako, baldin eta Gizarte Segurantzako erretiroko kotizaziopeko pentsioa kobratzeko eskubidea izateko baldintza orokorrak biltzen badituzte, adinaren baldintza izan ezik, Vicarliko akordio kolektiboan erretiro partzialari buruz 2013-2018 urteetarako ezarritakoaren arabera (2013ko martxoaren 27koa).
Erretiro partziala zeukan langileak erretiro osoa hartuta, erreleboko langilea enpresako plantillan sartuko da, harreman mugagabearekin, enpresak lanpostua amortizatzen ez badu behintzat.
46. artikulua. Hitzarmena ez betetzeari uko egitea.
Ekonomia, teknika, antolaketa edo produkzio arloko arrazoiak direla eta, enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batez ez aplikatzea nahi badu eta langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez bada, eta gatazkak konpontzeko prozedurek desadostasuna ebazten ez badute, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa), aplikazio ezaren gaineko desadostasuna CCNCCren edo autonomia erkidegoetan sortzen ahal den hirualdeko organoaren menpe jartzeko. Konpromiso hau 2016ko abenduaren 31ra arte soilik mantenduko da, data horretan bukatuko baita enpresako zuzendaritzaren beharkizuna, hitzarmenaren edukiak aurreraeraginagatik indarra izaten segitu ala ez.
47. artikulua. Salaketen ordainketa.
Enpresak behar diren baliabideak jarriko ditu atzerrian izaten diren salaketak laster pagatzeko, horren ondoriozko atxikipenek ahalik eta gutxien iraun dezaten, edonork izanda ere salaketa sorrarazi duen arau-haustearen erantzukizuna.
Enpresak bere gain hartuko ditu ibilgailuaren, haren zamaren, dokumentazioaren eta antzekoen egoerarekin lotuta dauden salaketak, eta Akordio Nazionalaren 19.1 eta 55.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da kasu guztietan.
48. artikulua. Gizonen eta emakumeen arteko tratu berdintasuna.
Enpresetako lan harremanek berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak izanen dituzte gidari; besteak beste, ez da sexuarengatiko bereizkeriarik onartuko.
Enpresak eginahalik handiena eginen du genero berdintasuna lortzeko. Horretarako, neurriak hartuko dira gizonen eta emakumeen artean inolako laneko bereizkeriarik ez izateko.
250 langile baino gehiagoko enpresetan, betiere enpresa bakoitzean zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkarien arteko adostasuna badago, aurreko lerroaldean aipaturiko berdintasun neurriak Berdintasun Plan baten bitartez hartzeko ahalegina eginen da. Legez ezarritako moduan eta baldintzetan garatu beharko da plan hori.
Berdintasunerako hartzen diren neurriak ondoko aurreikuspen hauei egokituko zaizkie:
Enpresak berdintasunerako plan bat prestatu eta aplikatuko du, aldez aurretik langileen legezko ordezkariekin negoziatu edo hitz eginda, egoki bada, baldin eta lan arloko aginteak zehapen prozedura batean erabaki badu zehapen osagarrien ordez plan hori prestatu eta aplikatzea, aipatutako erabakian ezartzen den moduan.
250 langile baino gutxiagoko enpresetan ere berdintasunerako planak prestatu eta ezartzen ahalko dira, aldez aurretik langileen legezko ordezkariekin hitz eginda.
Enpresetako berdintasun planak neurri multzo antolatuak dira, egoeraren diagnosia egin ondoren hartuak, eta helburu dutenak enpresan emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdintasuna izatea eta sexuagatiko bereizkeria desagerraraztea.
Artikulu honetako bigarren lerroaldean aipatutako adostasuna lortuz gero, berdintasunerako planek ondoko helburu hauek ezarriko dituzte: lortu beharreko berdintasuneko helburu zehatzak, horiek lortzeko estrategiak eta praktikak eta ezarritako helburuei jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema eraginkorrak.
Ezarritako helburuak lortzeko, berdintasun planek arlo hauek uki ditzakete, besteak beste: enplegua lortzea, lanbide sailkapena, sustapena eta prestakuntza, ordainsariak, laneko denbora antolatzea laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako eginkizunak uztartzen laguntzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, eta sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena.
Agindu honetako aurreikuspenekin bat ezartzen diren berdintasunerako planek enpresa guztia barne hartuko dute. Hala ere, lantoki batzuei egokitutako ekintza bereziak ere ezartzen ahalko dira.
Bermatzen da langileen legezko ordezkariek, edo, horrelakorik ez bada, langileek berek eskura izanen dutela berdintasunerako planei eta horien helburuak lortzeari buruzko edukia.
Aurreko lerroaldean aurreikusitakoak ez du alde batera utziko, dagokien hitzarmen kolektiboen arabera, eskudun den batzorde paritarioak berdintasunerako planen jarraipena egitea.
I. ERANSKINA
Vicarliko salgaien garraioko soldaten taula, 2014-2015 aldirako
KATEGORIA | 2014 OINARRIZKO SOLDATA | 2014 GUZTIRA URTEAN | 2015 OINARRIZKO SOLDATA | 2015 GUZTIRA URTEAN |
1. taldea. Goi mailako langileak eta teknikariak | ||||
A AZPITALDEA | ||||
Zerbitzuburua | 1.442,34 | 21.635,16 | 1.478,40 | 22.176,03 |
2. taldea. Administrazioko langileak. | ||||
Atalburua | 1.138,19 | 17.072,79 | 1.166,64 | 17.499,61 |
Bulegoburua | 1.094,73 | 16.421,01 | 1.122,10 | 16.831,53 |
1. mailako ofiziala | 1.039,88 | 15.598,19 | 1.065,88 | 15.988,14 |
2. mailako ofiziala | 1.009,45 | 15.141,73 | 1.034,69 | 15.520,28 |
Adminis. laguntzailea | 981,27 | 14.719,08 | 1.005,80 | 15.087,06 |
3. taldea. Mugimenduko langileak | ||||
A azpitaldea 2. atala | ||||
Garraio agentzietako langileak | ||||
Arduradun nagusia | 1.094,74 | 16.421,13 | 1.122,11 | 16.831,65 |
Biltegiko arduraduna | 1.039,88 | 15.598,19 | 1.065,88 | 15.988,14 |
Jasomakinako gidaria | 1.002,41 | 15.036,13 | 1.027,47 | 15.412,03 |
Langilezaina | 997,18 | 14.957,71 | 1.022,11 | 15.331,65 |
Morroi espezializatua | 990,81 | 14.862,21 | 1.015,58 | 15.233,76 |
Zamalanetako morroia | 978,41 | 14.676,14 | 1.002,87 | 15.043,04 |
B azpitaldea. Salgaien garraioa | ||||
1. trafikoburua | 1.094,74 | 16.421,13 | 1.122,11 | 16.831,65 |
2. trafikoburua | 1.039,88 | 15.598,19 | 1.065,88 | 15.988,14 |
3. trafikoburua | 1.017,18 | 15.257,68 | 1.042,61 | 15.639,12 |
Gidari mekanikaria | 1.030,44 | 15.456,62 | 1.056,20 | 15.843,04 |
Gidaria | 1.018,08 | 15.271,27 | 1.043,54 | 15.653,06 |
Furgonetako gidaria | 1.002,42 | 15.036,25 | 1.027,48 | 15.412,16 |
Laguntzailea | 994,13 | 14.911,88 | 1.018,98 | 15.284,68 |
Jasomakinako gidaria | 1.002,41 | 15.036,13 | 1.027,47 | 15.412,03 |
4. taldea. Tailerreko langileak | ||||
Tailerburua | 1.155,46 | 17.331,87 | 1.184,34 | 17.765,16 |
Arduraduna | 1.048,00 | 15.720,03 | 1.074,20 | 16.113,03 |
1. mailako ofiziala | 1.020,83 | 15.312,41 | 1.046,35 | 15.695,22 |
2. mailako ofiziala | 1.013,16 | 15.197,42 | 1.038,49 | 15.577,36 |
3. mailako ofiziala | 999,05 | 14.985,73 | 1.024,03 | 15.360,38 |
Tailerreko morroia | 990,81 | 14.862,21 | 1.015,58 | 15.233,76 |
16-17 urteko ikastuna | 817,23 | 12.258,44 | 837,66 | 12.564,90 |
5. taldea. Menpeko langileak | ||||
Telefonista | 977,54 | 14.663,03 | 1.001,97 | 15.029,61 |
Eguneko zaintzailea | 978,41 | 14.676,14 | 1.002,87 | 15.043,04 |
Gaueko zaintzailea | 983,40 | 14.750,95 | 1.007,98 | 15.119,73 |
Garbitzaileak (gutxienez 4 ordu) | 562,02 | 8.430,37 | 576,08 | 8.641,13 |
Mandataria | 978,41 | 14.676,14 | 1.002,87 | 15.043,04 |
Iragarkiaren kodea: F1406099
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
