1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
464/2014 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, soslai ekonomikoa duen prestakuntza beka baten deialdia onesten duena. Beka Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuan aritzeko da.
Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdi hau onetsi du, graduatuondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa emateko, arlo publikoan zein enpresa pribatuan dagoen eskariari erantzun diezaioten.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Soslai ekonomikoa duen prestakuntza beka baten deialdia onestea. Beka Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuan aritzeko da.
2. Beka emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 16.576 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Giza baliabideen prestakuntza eta teknikarien birziklapena” izeneko 180011 18210 4809 467300 kontu-sailaren kargura.
2015eko ekitaldiari dagokion gastu konpromisoa (24.864 euro, kalkulatu denaren arabera) 2015eko aurrekontuan horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura eginen da, aurrekontuetan kreditu aski izatearen baldintzapean.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Bekaren helburua unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea da, I+G+B bultzatzeko eta ezagutza zientifikoa, teknologikoa eta berrikuntzari lotua hedatzeko jarduerekin zerikusia duen jakintza lor dezaten.
Hori helburu, prestakuntza jarduerak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuko langileen zuzendaritzapean eginen dira, Fuerte del Príncipe I eraikineko 4. solairuan dituen lokaletan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña).
2. oinarria. Beka kopurua.
Beka baterako deialdia egiten da, Ekonomia edo Enpresa Zientzietan edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentzia dutenentzat, edo Enpresa Zientzietako diplomadunentzat, edo jakintza arlo horretan balio berekoa den tituluren bat dutenentzat.
Beste beka bat ere eman liteke. Kasu horretan, Ebaluazio Batzordeak ezartzen duen hurrenkeran lehenengo bekaren onuradunaren atze-atzean agertzen den pertsonari esleituko zaio.
3. oinarria. Beken iraunaldia eta zenbatekoa.
1. Prestakuntza bekaren iraunaldia kontzesioaren ebazpenean agertzen den egunean hasi, eta 2015eko abenduaren 31n bukatuko da.
Organo eskudunak, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, bekaren iraunaldia luzatzen ahalko du gehienez hiru urte bete arte (hasierako aldia eta luzapenak kontatuta).
2. Prestakuntza bekak, hilero, 1.036 euroko zuzkidura du. Horietatik 1.000 euro onuradunari ordainduko zaizkio, hilabete bakoitza bukatutakoan, eta 36 euro gizarte segurantzarako izanen dira.
Beka luzatzen bada, 50 euro gehiago ordainduko dira hilero.
4. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
1. Beka jaso ahal izateko, interesdunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
d) Bigarren oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdia argitaratu aurreko hiru urteen barnean lortu izana.
e) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzea.
Eskatzaileak Nafarroako Zerga Ogasunaren zergadunak baldin badira, eskabide orrian baimena emanen diote departamentuari prestakuntza bekaren emakidaren proposamena egiten den unean zerga betebeharrak eguneratuak ote dituzten egiaztatzeko datuak kontsulta ditzan.
2. Betebehar horiek betetzen direla frogatzeko, 5. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira, eta prestakuntza bekak irauten duen denbora guztian bete beharko dira.
5. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) lortzen ahal den ereduaren araberakoak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Tomás Caballero parkea, 1, 31005), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
2. Eskaera-orriarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) NANaren edo balio bereko agiriaren fotokopia, deialdiaren 4.1 oinarriko a) eta b) ataletako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.
b) Deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen erroldatze-agiria.
c) Curriculum vitae-a, egindako ikasketak, egindako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena. Agiri bidez frogatzen ez den merezimendurik ez da baloratuko.
d) Titulazioaren ziurtagiriaren kopia.
e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria. Bertan, kurtso bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioak, kredituak eta, espresuki, ikasketa espedientearen batez besteko nota adieraziko dira.
f) Ingelesez dakiela frogatzen duen agiriaren fotokopia, noiz eskuratu zuen zehazturik.
g) Zazpigarren oinarrian adierazten diren gainerako merezimenduen egiaztagiriak.
3. Aurkeztutako eskaerak aurreko ataletan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta ebazpen hori jakinaraziko zaiola.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
6. oinarria. Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute Batzordea:
a) Batzordeburua: Ana M.ª Vicente Alzuaz, Berrikuntza Sustatzeko Ataleko burua.
b) Batzordekideak:
–Amaia Arandia Miura, Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Ataleko burua.
–Augusto Olite Tainta, Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuko teknikaria.
c) Idazkaria: Isabel Akerreta Larraz, Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.
Ebaluazio Batzordeak prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatzen ahalko dizkio dagokion organoari.
7. oinarria. Eskaerak ebaluatzea.
1. Eskaerak ebaluatzeko, behar bezala dokumentatutako merezimenduak baloratuko dira, baremo honen arabera:
a) Ikasketen espedientea: Espedientearen batez besteko nota 50 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:
BATEZ BESTEKO NOTA | PUNTUAK |
6tik behera | 10 |
7tik behera | 20 |
8tik behera | 30 |
9tik behera | 40 |
BATEZ BESTEKO NOTA | PUNTUAK |
9 edo 9tik gorakoa | 50 |
b) Ingelesez jakitea: Hizkuntza eskola ofizial batek emandako ziurtagiria izanez gero, 10 puntu bitarte.
H.E.O.ko KURTSOA | MAILA | ZIURTAGIRIA | PUNTUAK |
1.a | | A1 | 2 |
2.a | Oinarrizkoa | A2 | 4 |
3.a | Erdikoa | B1. | 6 |
4.a | Erdikoa | B2 | 8 |
5.a | Aurreratua | C1 | 10 |
Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, ziurtagirian berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zeinen baliokide diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.
c) Informatika jakitea: 2 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 10 puntu egin arte.
d) Datu baseen bidez informazioa kudeatzen jakitea: 2 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 10 puntu egin arte.
e) I+G+B bultzatzeko eta ezagutza zientifikoa, teknologikoa eta berrikuntzari lotua hedatzeko jarduerekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak.
10 puntu arte. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
2. Berdinketa kasuetan, a) atalean lortutako notari erreparatuko zaio.
8. oinarria. Beka emateko ebazpena.
Aurreko oinarrian ezarritako merezimenduen baremoari jarraikiz eskaerak ebaluatu ondoren, Ebaluazio Batzordeak organo eskudunarentzat lotzailea izanen den ebazpen proposamena eginen du, hautatua izan den eskatzailearen alde, onartutako bekadun bakoitzari emandako guztirako puntuazioa adierazita. Hala badagokio, deialdia osorik edo partez bete gabe uztea xeda daiteke proposamenean.
Beka nori eman ebazteko organo eskuduna Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da. Ebazpena eman eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratzeko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik.
Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunez ezetsitzat joko dira. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
9. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Bekaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:
a) Beka emateko arrazoitzat jo den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.
b) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea.
c) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.
d) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
e) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
f) Organo eskudunari adieraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.
h) Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuaren barneko eta funtzionamendurako arauei men egitea, han arituko delako.
2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak proposaturik eta interesdunari entzun ondoren.
Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, hori dena eskatzen ahal diren diru-itzultzeak eta berandutza interesak deusetan galarazi gabe.
10. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
1. Prestakuntza bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean.
Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
2. Bekari uko eginez gero, Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea beka, deusetan galarazi gabe lehenengo bekadunak uko egin arte zituen betebeharrak.
11. oinarria. Prestakuntza jarduera eta tutoretza.
1. Prestakuntza jarduera Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuaren egoitzan eginen da, hark zuzendu eta gainbegiratuta. Bekaduna, astean, gehienez hogeita hamar orduz arituko da lanean.
Onuradunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko ditu, eta eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio onuradunari.
2. Organo eskudunak prestakuntzarako beka eteten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripu kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak daudenean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraunen du, eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.
3. Prestakuntza lana tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko du. Tutoreak, orobat, bekadunaren eginkizun zehatzak agindu eta haren ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
12. oinarria. Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko bestelako eskubiderik ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
2. Bekadunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.
Horren ondorioetarako, prestakuntzan dauden bekadunek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuko istripuengatiko estaldura izanen dute.
13. oinarria. Beken bateraezintasuna.
Deialdi honetako prestakuntza bekak bateraezinak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste beka batzuekin.
14. oinarria. Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
16. oinarria. Emandako beken publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) jarriko dira jendaurrean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1407096