1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
117/2013 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezartzen dituena 2013. urteko hurrengo hilabeteetarako.
Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak, apirilaren 17ko 15/2013 Foru Legeak emandako testuaren arabera, 33. artikuluan dioenez, merkataritzaren arloan eskumenak dituen departamentuak, Nafarroako Merkataritzaren Kontseiluari entzun ondoren, hurrengo urteko egutegia ezarriko du, horren barne direla Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak. Artikulu horretan irizpideak ezartzen dira, bai eta irekitzeko igande eta jaiegun baimenduak hamar izanen direla ere.
Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiaren abenduaren 4ko 330/2012 Ebazpenaren bidez, merkataritzako establezimenduak igande eta jaiegunetan ireki ahal izateko 2013ko egutegia ezarri zen, artikulu horren aurreko testuarekin bat. Ebazpen hori eman zenetik, merkataritzan aritzeko egun balioduntzat jotzen ziren hamar egunetatik hiru iragan dira dagoeneko. Hortaz, bidezkoa da 2013an establezimenduak irekitzeko gainerako egun baimenduak zein diren ezartzea.
Establezimenduak irekitzeko egun baimenduen egutegia ezartzeko apirilaren 17ko 15/2013 Foru Legeak onetsitako irizpideak aplikatuta, gaurko egunean sei egun baizik ezin dira finkatu 2013ko hurrengo hilabeteetarako.
Ebazpen honen gainean entzutea eman zaio Nafarroako Merkataritzaren Kontseiluari, eta 2013ko maiatzaren 10ean egindako bilkuran erabaki zuen, egutegiaren berri izan ondoren, aldeko txostena ematea.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartzen diren igande eta jaiegunak hauek izanen direla 2013ko hurrengo hilabeteetarako:
Uztailaren 25a.
Abuztuaren 15a.
Urriaren 12a.
Azaroaren 1a.
Abenduaren 3a.
Abenduaren 22a.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 20an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Carlos Erce Eguaras.
Iragarkiaren kodea: F1307341