1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
763/2013 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan, enpresaren ondorengoak sartuz eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtuz, enplegua sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.
Azkeneko urte hauetan, gero eta zailagoa da ekonomia sozialeko enpresetan bazkide berriak sartzea ateratzen diren bazkideak ordezkatzeko. Ateratzeak arrazoi askorengatik izan daitezke, erretiroa hartzeagatik esate baterako. Horrelakoetan, askotan, enpresen jarraitutasuna bera jar daiteke arriskuan. Bestalde, negozioari jarraipena ematen ez dioten enpresetako langileak, beren burua langabeziara bidean ikusirik, enpresa hori ekonomia sozialekoa bihurtzeko aukera hartzen ari dira. Dena dela, horretarako finantzaketarik ez dutenez, langileek zailtasun handiak dituzte enpresa erosi eta eraldatzeko.
Kasu horietan guztietan, ekonomia sozialaren filosofiaren arabera, berez datorren konponbide egokia da beste pertsona batzuek, enpresako langile behin-behinekoak edo finkoak izan edo beste enpresa batzuetatik datozenak izan (enpresaren ondorengoak sartzen direnean), ateratzen diren langileen akzio edo partaidetzak eskuratzea edo kooperatibako bazkide eta bazkide langile bihurtzea, etorkizunari begira enpresaren iraupena bermatzearren.
Lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko diru-laguntza hauek kudeatzen bildutako eskarmentua kontuan harturik, gomendagarria da aldaketa batzuk egitea, laguntza hauen efizientzia hobetzeko eta enplegua lortzeko aukera berdintasuna bermatzeko, lehentasuna emanez lanpostu bat lortzeko zailtasun handienak dituzten langabeei, betiere enpresa eredu horren finantzaketa faboratzeko ikuspuntutik, non baliabide nagusiak pertsonak eta haien lana baitira. Horretarako, ekonomia sozialeko enpresa berriak sortzea eta orain daudenetan enplegua sortzea bultzatuko da.
Nafarroako Gobernuak, 2013ko apirilaren 24an egindako bilkuran, erabaki du Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea banakako ebaluazioaren araubidean diru-laguntzak eman ditzan lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enpresaren ondorengoak sartuz eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtuz enplegua sustatzeko; izan ere, sistema hori egokiagoa da laguntza horientzat, non diru-laguntzaren egitate sortzailea kasu guztietan bera baita.
Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion gastu konpromiso bat hartzeko “Enplegu Plana. Ekonomia sozialeko enpresetan enpresaren ondorengoak sartzeko laguntzak” izeneko 15100 170001 7709 241202 kontu-sailaren kargura, urtarrilaren 9ko 2/2013 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituz, garrantzia berezia zuelako.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan, enpresaren ondorengoak sartuz eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtuz, enplegua sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak.
2. 170.000 euroko gastua baimentzea, 2013ko gastuen aurrekontuko “Ekonomia sozialeko enpresetan enpresaren ondorengoak sartzeko laguntzak” izeneko 15100 170001 7709 241202 kontu-sailaren kargura (diru-laguntzen biltegi zentraleko zenbakia: 4262).
3. Lan sozietate batean edo lan elkartuko kooperatiba batean urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte sartu diren bazkideek hilabeteko epea izanen dute eskaera aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 10ean.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Deialdi honen xedea da ekonomia sozialeko enpresetan enpresaren ondorengoak sartzeko eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtzeko diru-laguntzak arautzea.
Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, enpresaren ondorengoak sartzea izanen da bazkide baten ordez izaera hori ez duen beste pertsona bat sartzea.
2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.
Ekonomia sozialeko enpresetan enpresaren ondorengo gisa sartzeko eta enpresak ekonomia sozialekoak bihurtzeko langile bazkideek egiten dituzten kapital-ekarpenak izanen dira diru-laguntzaren xede.
Enpresek Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute helbide fiskala eta lantokia.
3.–Diru-laguntzaren onuradunak eta betebeharrak.
a) Enpresaren ondorengoak sartzea:
Laguntza hau lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan langile bazkide gisa edo lan-bazkide gisa sartzen diren pertsona fisikoentzat da. Sozietate edo kooperatiba horiek gutxienez urtebete eraman beharko dute jardunean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta-egoeran jarri zirenetik.
b) Enpresak ekonomia sozialekoak bihurtzea:
Lanleku duten enpresen izaera juridikoa aldatzearen ondorioz, lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan langile bazkide gisa edo lan-bazkide gisa sartzen diren pertsona fisikoentzat da laguntza hau.
Pertsona onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
c) Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zehatuak ez izatea.
d) Enpresaren ondorengoak sartzen diren kasuetarako, izaera hori eskuratu aurreko bi urteetan enpresan bazkide gisa aritu ez izana.
e) Eraldaketa kasuetarako: eraldatu nahi den enpresaren plantillakoa izatea.
4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.
Bazkide langilearen edo lan-bazkidearen izaera eskuratzeko jartzen den diru kopuruaren %30ekoa izanen da laguntza, 6.000 euro gehienez.
Eskatzaileak langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatu baldin badu langile bazkide bihurtzeko behar den diru ekarpena finantzatzeko, kapitalizatutako diru kopurua ez da kontuan hartuko laguntza hau kalkulatzeko.
Jartzen den zenbatekoak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du. Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatuz gero, enpresari egindako diru ekarpenaren eta zenbateko kapitalizatuaren arteko aldeak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du.
5.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskabideak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, lan sozietate batean edo lan elkartuko kooperatiba batean bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa alta hartzen duen egunetik aurrera. Betiere, abenduaren 1etik aurrera aurkezten diren eskaerak hurrengo ekitaldiaren kargura erantzun beharko dira, aurrekontuko diru-izendapenik baldin bada.
Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-gunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
2. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten pertsonek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Enpresan sartzen den bazkide langilearen edo lan-bazkidearen nortasun agiri nazionala.
b) Bidezko denean, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietako debekurik urratzen ez dela frogatzen duen agiria, artikulu horren 7. idatz-zatian xedatutakoaren arabera egina.
d) Hala badagokio, langile bazkide edo lan-bazkide bihurtu aurreko bi urteetan sozietateko bazkide ez dela izan frogatzen duen agiria.
e) Langile bazkide bihurtu dela frogatuko da bazkideen liburuetako orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako diru ekarpenen fotokopia konpultsatua aurkeztuz, non adieraziko baita kooperatiban sartzen den bazkidea, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan sozietatean sartu dela frogatzen duena.
f) Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean pagatzeko ebazpena, ekonomia sozialeko enpresa batean bazkide gisa sartzeko behar den diru ekarpena egiteko eman bazaio.
6.–Prozeduraren instrukzioa.
Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, diru-laguntzaren xedeko jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, diru-laguntza eman eta ordainduko du.
7.–Prozeduraren ebazpena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta lau hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.
Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.).
8.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.
c) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.
d) Onuradunak bere gain hartuko du enpresan gutxienez ere hiru urte langile bazkide gisa edo lan-bazkide gisa egoteko konpromisoa, sartzeko egindako diru ekarpenari eutsiz, edo kobraturiko dirua eta berandutza interesak (ez betetzea gertatu zenez geroztik) itzultzeko, eta horren berri eman beharko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, hilabeteko epean.
9.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza eman eta ordaindu aurretik, onuradunak diru-laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egin izana frogatu beharko du, kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa.
10.–Jarraipena eta kontrola.
Pertsona onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerako egiaztatzeak.
11.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Diru-laguntza hauek bateragarriak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Edozein kasutan, haien diru kopurua ez da egindako ekarpenaren %100 baino handiagoa izanen.
12.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutzako interesa ordaintzeko eskatzea.
2. Langile bazkideak enpresan baja hartzen badu enpresan egoteko oinarri hauetan eskatzen den denboraren %60 edo gehiago bete delarik, itzulketa partziala eskatuko da, eskatutako denbora osatzeko falta den denboraren arabera. Baja gertatzen bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz, ez da berandutza interesik ordaindu beharko, 35. artikuluaren 1. atalaren c) letran xedatutakoa aplikatuz. Bestela, ordaindu beharko dira, artikulu bereko 2. ataleko i) letran xedatutakoaren arabera.
3. Enpresan egondako denbora %60tik beherakoa bada, diru-laguntza osorik itzultzeko eskatuko da, baina berandutza interesik gabe, 35. artikuluko 1. atalaren c) letran adierazitakoarekin bat, betiere langile bazkidearen baja gertatu bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz.
4. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen ez badu, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela agintzeko, berandutzako interesak barne.
13.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira.
Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz ezarriko dira.
14.–Publizitatea.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
15.–Arau osagarriak.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
16.–Administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta garapenerako egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F1306921