96. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

682/2013 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zitzaizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloak kudeatzeko zituen Estatuko Administrazio Orokorraren eginkizun eta zerbitzuak.

Azaroaren 7ko 3501/2005 TAS Aginduak lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri zituen. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 18ko 4108/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko laguntza horien oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Azken honetan zenbait aldaketa gertatu dira, enplegu publikoaren programa hau berrikusi beharra justifikatzen dutenak eta ekonomia sozialeko enpresetan bazkide gehiago sartzeko laguntza hauetarako beste oinarri arautzaile batzuk onestea gomendatzen dutenak.

Hasteko, ekonomiaren eta lanaren aldetik egoera aldatu egin da, eta horrek eskatzen du indar berezia egitea baliabide publikoak efizientziaz erabiltzeko, lan-munduan txertatzeari dagokionez.

Bigarrenik, lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko diru-laguntza hauek kudeatzen bildutako eskarmentua kontuan harturik, gomendagarria da aldaketa batzuk egitea, laguntza hauen efizientzia hobetzeko eta enplegua lortzeko aukera berdintasuna bermatzeko, lehentasuna emanez lanpostu bat lortzeko zaitasun handienak dituzten langabeei, betiere enpresa eredu horren finantzaketa faboratzeko ikuspuntutik, non baliabide nagusiak pertsonak eta haien lana baitira. Horretarako, ekonomia sozialeko enpresa berriak sortzea eta orain daudenetan enplegua sortzea bultzatuko da.

Azkenik, eta ez horregatik garrantzi txikiagokoa, urriaren 31ko 1542/2011 Errege Dekretuaren bidez Espainiako Enplegu Estrategia onetsi zen 2012-2014rako, eta hark malgutasun handiagoa eman die autonomia erkidegoei enplegurako politika aktiboak lurralde bakoitzeko behar eta berezitasunei egokitzeko.

Horregatik guztiagatik, eta egoera berri hauetara egokitutako deialdia egiteko asmoz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 13ko 2906/2012 Ebazpenaren bidez indarrik gabe utzi zen abenduaren 18ko 4180/2008 Ebazpena, baita horren aldaketak ere, hain zuzen, abenduaren 30eko 3303/2011 Ebazpenaren bidez eta urtarrilaren 25eko 37/2012 Ebazpenaren bidez onetsiak.

Nafarroako Gobernuak, 2013ko martxoaren 13an egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea banakako ebaluazioaren araubidean diru-laguntzak eman ditzan lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartu eta, horrela, enplegua sustatzeko; izan ere, sistema hori egokiagoa da laguntza horientzat, non diru-laguntzaren egitate sortzailea kasu guztietan bera baita.

Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion gastu konpromiso bat hartzeko “Enplegu Plana. Ekonomia sozialeko enpresentzako diru-laguntzak lanpostuak sortzeko” izeneko 15100 170001 4709 241200 kontu-sailaren kargura, urtarrilaren 9ko 2/2013 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituz, garrantzia berezia zuelako.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak.

2. 617.000 euroko gastua baimentzea, 2013ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Ekonomia sozialeko enpresentzako diru-laguntzak lanpostuak sortzeko” izeneko 15100 170001 7709 241200 kontu-sailaren kargura (biltegi zentraleko zenbakia: 4261).

3. 2013. urterako, 2012ko apirilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera arte Gizarte Segurantzan egindako altei buruzko eskaerak aurkezten ahalko dira; kasu horretan, hilabeteko epean aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2013ko apirilaren 29an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Deialdi honen xedea da lan elkartuko kooperatibei eta lan sozietateei diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, langabetuak lan elkartuko kooperatibetan eta laneko sozietateetan sar daitezen bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa, eta, orobat, kooperatiba edo lan sozietate batean aldi baterako lan kontratuarekin aritzen diren langileak bertan bazkide gisa has daitezen, betiere langile finko bihurturik.

Lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gisa sartzeko diru-laguntzak, urte naturaleko urtarriletik abendura bitarte aurkezten direnak, ebatziko dira deialdi honen bidez.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Diru laguntzaren xede izan daiteke pertsona langabeak edo aldi baterako kontratua duten langileak lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa sartzea langile finko bihurturik.

3.–Diru-laguntzaren onuradunak eta betebeharrak.

1. Lan elkartuko kooperatiben edo/eta lan sozietateen arteko lankidetza proiektuen ondorioz sortzen diren kooperatibak, lan sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak izanen dira diru-laguntza hauen onuradunak, baldin eta lan-bazkide bat gutxienez badute eta betebehar hauek betetzen badituzte:

–Legez eratuak egotea.

–Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

–Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zehatua ez izatea.

–Helbide fiskala Nafarroan izatea. Orobat, laguntza hauetara jo ahal izateko, lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan sartu beharko dituzte bazkideak.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri hauek ez zaizkie aplikatuko Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (“de minimis” laguntzetarako Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera, enpresaren jarduera dela-eta laguntza hauetatik baztertuta dauden enpresek egindako eskaerei, ezta, arau-hauste oso larriak egiteagatik, enplegu programen aplikazioaren ondoriozko onuretatik baztertuta izan diren eskaerei ere, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aurreikusitakoari jarraituz.

3. Produkzioarekin, lehen eraldaketarekin edo Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren I. eranskinean (itunaren 39. artikulua) ageri diren produktuen handizkako merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten enpresak ere diru-laguntzatik kanpo daude.

4.–Bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa sartzearen betebeharrak.

1. Bazkide gisa sartzen diren pertsonek betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Gizarte Segurantzan dagokion araubidean alta-egoeran egotea. Alta eman zeneko eguna hartuko da erreferentziatzat betebeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko.

–Langabetuen kasuan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enplegu agentziaren batean inskribaturik egotea.

2. Bazkide langile bihurtzeko bideratzen den diru kopurua 1.000 euro izanen da, salbu eta 5. oinarriko 1. ataleko a) eta b) letretan aipatutako giza-taldeen kasuan, non 500 eurokoa izanen baita.

3. Bazkide gisa sartzean, laguntzaren xede diren bazkide berriak sartu aurreko 6 hilabeteetako batez bestekoaren aldean enplegu gehiago izan beharko dira enpresan. Enpleguaren gehikuntza kalkulatzeko, kontuan hartuko da zenbat bazkide langile edo lan-bazkide diren eta zenbat langilek duten kontratu mugagabea. Lanpostuak gutxitzearen ondorioetarako ez dira kontatuko heriotzaren, erretiroaren edo ezintasunaren ondoriozko galerak.

4. Diru-laguntza hau ez da ematen ahalko bazkide langile edo lan-bazkide bihurtzen direnak aurreko bi urteetan enpresa berean horrelako eginkizunetan aritu badira.

Halaber, enpresa sortu berri batean hasten diren pertsonak kanpo geldituko dira, sartu aurreko hiru urteetan jarduera berean edo antzeko batean aritu badira autonomo gisa edo nor bere kontura.

5.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) 5.000 euro, sartzen den bazkidea giza-talde hauetako batekoa baldin bada:

–30 urtetik beherako langabeak.

–45 urtetik gorako langabeak.

–Langabeziako prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean aitorturik daukaten langabeak, diru-laguntza eskatu duen koperatiba edo lan sozietateko bazkide bihurtzen badira, baldin eta aitorturik daukaten langabeziako prestazioaldia 360 egun baino gutxiagokoa ez bada, 30 urte edo gehiago izanez gero, edo 180 egun baino gutxiagokoa ez bada, 30 urtetik beheitikoak izanez gero.

–Emakumezko langabeak, erditu edo haur bat adoptatu edo etxean hartu eta hurrengo hogeita lau hilabeteko epean bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartzen badira.

–Enpresa eskatzailearekin aldi baterako kontratu bat duten langileak (24 hilabetekoa gehienez), betiere bazkide langile edo lan-bazkide bihurtu baino sei hilabete lehenagotik hasia bada gutxienez.

b) 7.000 euro, sartzen den bazkidea giza-talde hauetako batekoa baldin bada:

–Luzaroko langabeak, azkeneko 18 hilabetetik gutxienez 12 hilabetez lanik gabe eta enplegu agentzia batean inskribaturik egon baldin badira.

–Desgaitasuna duten langabeak, %33ko edo hortik goitiko desgaitasuna dutenak.

–Gizarteratze-errenta edo lan munduan eta gizartean txertatzeko laguntza jasotzen ari diren langabeak, edo abuztuaren 24ko 23/2012 Legegintzako Errege Dekretuak ezarritako lanbide birkualifikazioaren programaren (PREPARA) onuradun direnak.

–Gizartean eta lan munduan txertatzeko prozesua gizartean eta lan munduan txertatzeko zentroen bitartez bukatu duten langabeak.

b) 2.000 euro, sartzen den bazkide langabea giza-talde horietako batekoa ez bada.

2. Sartzen den bazkide langilearen edo lan-bazkidearen lanaldia partziala denean, laguntzaren zenbatekoa lanaldiaren iraupenaren araberakoa izanen da.

6.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak, urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bazkide gehiago sartzeko programa kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa izanen dute, %50ekoa, “EGF Nafarroa CCI” izeneko 2007 ES 052 PO 009 Eskualdeko programa eragilearen bitartez.

7.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da Gizarte Segurantzan alta ematen denetik hasita. Alta ematen baldin bada Norberaren konturako Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, ondorio guztietarako aintzat hartuko den data Gizarte Segurantzaren diruzaintza orokorrean tramite horretarako erabiltzen den “A-0521” agirian alta-egun gisa agertzen dena izanen da, betiere egun horretatik 30 egun naturaleko epean aurkeztu baldin bada. Epe hori bukatu ondoren aurkezten bada, edo alta-egunik agertzen ez bada agirian, ondorio guztietarako aintzat hartuko den data izanen da Gizarte Segurantzako Lurraldeko Diruzaintzan izan duen erregistroko sarrera-eguna. Betiere, abenduaren 1etik aurrera aurkezten diren eskaerak hurrengo ekitaldiaren kargura erantzun beharko dira, aurrekontuko diru-izendapenik baldin bada.

Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-gunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da). Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Atal honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Entitatea eratzeko eskritura edo akta, estatutuekin batera. Sozietatean sartzen den bazkide berria eraketa eskrituran agertu ezean, bazkideen liburuetako orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako ekarpenen kopiak, non kooperatiban sartzen den bazkidea agertuko baita, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan sozietate batean sartu dela frogatzen duena.

b) Diru-laguntzak emateko prozeduretan pertsona juridiko baten izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren nortasun agiri nazionala eta, horrekin batera, Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko eman zaion ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.

c) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharra duten langilerik ez duten entitateen kasuan, entitatearen legezko ordezkariak horren aitorpena aurkeztu beharko du.

Zergaren batetik salbuetsiak dauden entitateek salbuespen hori egiazki onartu zaiela frogatzen duten agiriak aurkeztuko dituzte.

d) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko diru-laguntzak azalduko dituen aitorpena, eskaeraren inprimakian berean agertzen ahalko dena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen adierazpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako diru-laguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere. Aitorpen horretan “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko dira, indarrean den zergaldian eta aurreko bietan jasoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere.

e) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela adierazten duena.

f) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituelako aitorpena (Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean, www.navarra.es, eskura dagoen eredu ofizialaren arabera).

g) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia.

h) Enpresan sartzen den bazkide langilearen edo lan-bazkidearen nortasun agiri nazionala.

i) Diru-laguntzaren xede izanen den bazkide langile edo lan-bazkide bakoitzak Gizarte Segurantzako kasuko araubidean alta emateko agiria (TA 2/R edo TA 0521/B).

j) Diru-laguntzaren xede izanen den pertsonaren lan-kontratua edo, lan elkartuko kooperatiben kasuan, ziurtagiri bat, non bazkide langilearen edo lan-bazkidearen alta-eguna eta lanean segitzen duela adieraziko den.

k) Ziurtagiri bat, sartzen den bazkide langileak edo lan-bazkideak sartu aurreko bi urteetan sozietate berean izaera hori ez duela izan adierazten duena (sortu berriak ez diren enpresen kasuan bakarrik).

l) Langabeziako prestazioa ordainketa bakarrean ordaintzea aitorturik duten pertsonen kasuan, bazkide gisa sartzen den langileari langabeziako prestazioa ordainketa bakarrean ematea aitortu zaiola adierazten duen ebazpenaren fotokopia, edo bestela, diru-laguntzaren eskaera egiten den egunean prestazioa horrela ordaintzea oraindik ebatzi ez bada, eskaeraren kopia. Diru-laguntza ez da ordainduko ebazpen hori aurkeztu arte. Halaber, langabeziako prestazioa onartu zaiola dioen agiria aurkeztu beharko da.

m) Enpresan bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa sartzen dena emakume langabe bat bada, eta erditu denetik edo haur bat adoptatu edo familian hartu duenetik 24 hilabeteko epea igaro ez bada, honako hau aurkeztu beharko da: Erregistro Zibileko ziurtagiria, familia liburua edo Administrazio eskudunaren Gizarte Zerbitzuek emandako egiaztagiria, umea jaio, adoptatu edo familian hartu zeneko eguna frogatzen duena.

n) Ezgaitasuna duten pertsonak badira: ezgaitasunaren ziurtagiria.

o) Gizarteratze-errenta eta gizartean eta lan munduan txertatzeko laguntza jasotzen ari diren pertsonak badira: egoera hori egiaztatzen duen ebazpena.

p) Gizartean eta lan munduan txertatzeko prozesua bukatu duten pertsonak badira: Gizartean eta lan munduan txertatzeko zentroaren ziurtagiria.

q) Enpresako aldi bateko lan-kontratudunen kasuan, lan-kontratuaren kopia.

r) Langabea lanaldi partzialarekin sartzen bada lan sozietate batean: lan-kontratuaren kopia bat.

Kooperatiba batean sartzen bada, ziurtagiri bat honako hauek adierazita: sartzen den pertsonak finkatua duen lanaldia, eta enpresan ohikoa den lanaldi osoarekin alderatuta, bazkideak bete behar duen lanaldi partzialaren ehunekoa zenbat den.

Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

8.–Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, diru-laguntzaren xedeko jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, diru-laguntza eman eta ordainduko du.

9.–Prozeduraren ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta lau hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.).

Halaber, diru-laguntza onartzean, onuradunek onartzen dituzte egiturazko funtsen gainean egin daitezkeen kontrolak, Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egiten dituztenak, eta dagokion auditoreari laguntzea ere onartzen dute.

10.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.

c) Jarduketak sustatu eta hedatzeko adierazpen guztietan azaltzea jarduketek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza hartu dutela eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu dituela, Batzordeak informazioari eta publizitateari buruz 2000ko maiatzaren 30ean emandako 1159/2000 EE Erregelamenduan ezarririko baldintzetan.

d) Onartzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak egin beharreko egiaztapenak, arlo horretan eskudun diren organoei dagozkien kontrol finantzarioak, eta, orobat, Europar Batasuneko Batzordeak edo Kontuen Auzitegiak edo Espainian edo Europar Batasunean Europako Gizarte Funtsak finantzaturiko jarduketak kontrolatzeko eskudun den beste edozein organok egin ditzaketenak, hala bada.

e) Lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek beren gain hartuko dute laguntzaren xedeko langilea edo langileak bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa gutxienez bi urtez mantentzeko konpromisoa, eta, baja hartuz gero, beste pertsona batekin ordezkatzekoa bi urteko epea osatu arte. Bestela, jasotako diru guztia edo parte bat itzuli beharko dute, 14. oinarrian xedatutakoarekin bat.

Laguntza eman baldin bada giza talde jakin bateko pertsona bat kontratatzeagatik, diru-laguntza hauen onuradun izan daitekeen giza talde bateko beste pertsona batek ordezkatuko du baja hartzen duen langilea, eta, zehazki, diru-laguntza berdina edo handiagoa dagokion giza talde bateko pertsona batek.

Laguntzaren xede izan den pertsonari baja ematen zaion egunetik hiru hilabeteko epean ordeztu beharko da, eta ordezkapena egiten denetik hilabeteko epean horren berri eman beharko zaio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

f) Esleitutako diru-laguntza eskuratu ahal izateko, entitate onuradunak gutxienez bi urtez mantendu beharko du eskatutako izaera juridikoetako bat.

g) Kontabilitate-sistema bereizi bat eramatea Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

11.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza eman eta ordaindu aurretik, onuradunak diru-laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egin izana frogatu beharko du, kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa.

12.–Jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerako egiaztatzeak.

Jarduketa garatu eta burutu dela frogatzeko eta egindako gastuak justifikatzeko, diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloan Egiturazko Funtsei aplikatu beharreko xedapen guztiak bete beharko dira, honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1081/2006 (EE) Erregelamendua (Europako Gizarte Funtsari buruzkoa; haren bidez 1784/1999 (EE) Erregelamendua indargabetu zen), Kontseiluaren 2006ko uztailaren 11ko 1083/2006 (EE) Erregelamendua (haren bidez xedapen orokorrak ezarri ziren Erregioen Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruz, eta 1260/1999 Erregelamendua indarrik gabe utzi zen), Batzordearen 2006ko abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamendua (Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ezarri zituen; erregelamendu horren bidez xedapen orokorrak ezarri ziren Erregioen Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruz) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1080/2006 (EE) Erregelamendua (Eskualde Garapeneko Europako Funtsari buruzkoa).

Egiturazko funtsak kontrolatzeko betebeharrak bete ahal izateko, enpresa onuradunek diru-laguntzarekin lotutako dokumentazio guztia gorde beharko dute, programa eragilea itxi eta laur urtez bederen.

13.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin.

Bateraezintasun horretatik kanpo geldituko dira, langabeak lan elkartuko kooperatibetan edo lan sozietateetan langile bazkide gisa edo lan-bazkide gisa sartzeagatik, Gizarte Segurantzaren kuotetan egiten diren hobariak, betiere hobari hori arautzen duen araudian ezarritako mugak errespetatzen badira eta lan merkatua erreformatzeko presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege-Dekretuan adierazitako laguntzak, izan ere, horiek bateragarriak dira kontratazioa dela-eta lor daitezkeen zerga kenkariekin eta Gizarte Segurantzan egin litezkeen beste hobar batzuekin.

14.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutzako interesa ordaintzeko eskatzea.

Langile bazkideak enpresan baja hartzen badu enpresan egoteko oinarri hauetan eskatzen den denboraren %60 edo gehiago bete delarik, itzulketa partziala eskatuko da, eskatutako denbora osatzeko falta den denboraren arabera. Baja gertatzen bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz, ez da berandutza interesik ordaindu beharko, 35. artikuluaren 1. atalaren c) letran xedatutakoa aplikatuz. Bestela, ordaindu beharko dira, artikulu bereko 2. ataleko i) letran xedatutakoaren arabera.

Enpresan egondako denbora %60tik beherakoa bada, diru-laguntza osorik itzultzeko eskatuko da, baina berandutza interesik gabe, 35. artikuluko 1. atalaren c) letran adierazitakoarekin bat, betiere langile bazkidearen baja gertatu bada erabateko ezintasunaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz.

Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen ez badu, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela agintzeko, berandutzako interesak barne.

15.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz ezarriko dira.

16.–”De minimis” araubidea.

Diru-laguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE Erregelamenduan zehaztu bezala, hartan ezarrita baitago nola aplikatu Itunaren 87. eta 88. artikuluak “de minimis” laguntzei.

17.–Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakitera emanen ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Enpleguaren Atarian argitaratuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, eta, orobat, Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

Enpresa onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan agerrarazi beharko dute Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dela.

18.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta garapenerako egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1306347