2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Laguntzak emateko deialdiaren onespena, Alde Zaharreko eta Lehen zein Bigarren Zabalguneetako eraikinak zaharberritzeko jadanik aurkeztu diren eskaerei erantzuteko. 2013. urtea
Iruñeko Udaleko alkateak, 2013ko maiatzaren 14an, honako ebazpen hau eman zuen:
RAL 14-MAY-13 (1/UV).
“Ikusirik banakako ebaluazio-araubidean laguntzak emateko deialdia (2013. urtea), jadanik aurkeztu diren eskaerei erantzuteko, Alde Zaharreko eta Lehen zein Bigarren Zabalguneetako eraikinak zaharberritze aldera, eta IKUSIRIK, bestalde, espedientean jasotako txostenak eta 2013000731 zenbakiko gastu-baimenen zerrenda, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Alorrak 2013ko apirilaren 16an emana, zeinak guztira 2.197.920,81 euro jotzen baitu, honako xehetasunarekin:
DOK. ZK. | TITULARRA | KONTUSAILA | EURO |
A-2013011799 | Etxe zaharberri. Transf. Familiei | 30/43100/780000 | 2.197.920,81 |
GUZTIRA (eur) | 2.197.920,81 |
Ondokoa EBATZI DUT:
1.–Banakako ebaluazio-araubidean laguntzak emateko deialdia (2013. urtea) onestea, jadanik aurkeztu diren eskaerei erantzuteko, espedientean jasotako Alde Zaharreko eta Lehen zein Bigarren Zabalguneetako eraikinak zaharberritze aldera.
2.–Kontabilitate-agirien 2013000731 zenbakiko zerrenda onestea, aipatu zenbatekoak adierazten duen gehieneko gasturako baimena emanez, adierazitako 2013ko aurrekontuko kontusailaren kargura, laguntza horiek emate aldera.”
Iruñean, 2013ko maiatzaren 14an.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.
BANAKAKO EBALUAZIOAREN ARAUBIDEAN LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ALDE ZAHARREKO ETA LEHEN ZEIN BIGARREN ZABALGUNEETAKO ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO JADANIK AURKEZTU DIREN ESKAEREI ERANTZUTEKO. 2013. URTEA
1.–Xedea.
Hona deialdi honen xedea: Alde Zaharreko eta Lehen zein Bigarren Zabalguneetako eraikinak zaharberritzeko jada aurkeztuta dauden laguntza-eskaerak asetzea, zein eta horretarako baldintzak beterik edukita ere oraindik laguntzak jaso gabe dituztenak xede horretarako 2012. urtean berariaz egindako deialdian aurreikusitako kreditu nahikorik ez zelako.
Hori guztia Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 17.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, zeina Tokiko Gobernu Batzarrak 2007ko apirilaren 11n hartutako erabakian onetsi eta 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2007ko irailaren 5ekoan, argitara eman baitzen.
Deialdi hau Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan xedatutakoari lotzen zaio, eta, bertan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrari eta gainerako araudi aplikagarriei.
Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 3. artikuluak agintzen duenarekin bat, 2012ko abenduaren 14an onetsi zen Hirigintza eta Etxebizitza Alorrerako Diru-laguntzen plan estrategikoa, 2013. urterako.
2.–Aurrekontua.
Deialdi honi gehienez ere ondoko kopurua esleituko zaio aurrekontuetan:
2.197.920,81 euro, 2013ko aurrekontuko 30/43100/780000 kontusailaren kargura, Iruñeko Alde Zaharrean eta Lehen zein Bigarren Zabalguneetan eraikinak zaharberritzeko obretarako Udalaren diru-laguntza gisa.
Onuradun bakoitzari laguntza-mota bakoitzetik gehienez ere zenbat emanen zaion Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan dago zehaztuta, zein bere atalean.
3.–Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen helburua Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren aurreikuspenak garatzea da, honako laguntza hauei dagokienez:
1. Eraikinak zaharberritzeko diru-laguntzak.
Laguntzen onuradunak behartuta daude Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzera, baita arau horrek laguntza-mota honetarako berariaz jasotakoak ere.
4.–Diru-laguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.
Deialdi honi pertsona fisikoek edo juridikoek, publiko edo pribatu izaki, heltzen ahalko diote, baldin eta baldintza orokorrak betetzen badituzte, Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 4. artikuluan ezarritako debeku bakar batek ere ukitzen ez baditu eta, gainera, zer laguntza motari heldu nahi dioten eta Ordenantza horretan laguntza horretarako ezarritako berariazko baldintzak betetzen badituzte.
Laguntza-eskaera guztietarako baldintzak izango dira espedienteak zaharberritze babestuaren kalifikazioa edukitzea eta 16.2 artikuluak aipatutako agiriak aurkeztea.
Bestetik, laguntza bakoitzerako bete beharreko baldintzak eta horien frogabideak II., III. eta IV. tituluetan ezarritakoak dira.
5.–Diru-laguntzak bideratu eta ebazteko organo eskudunak.
Zaharberritze Bulegoa arduratuko da, Idazkari Teknikoaren bitartez, diru-laguntzen prozedura bideratzeaz. Horrek bere kabuz eginen ditu ebazpen-proposamena egiteko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak.
Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du, edo kasuan-kasuan eskuordetutako organoak.
6.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.
Kontuan harturik deialdi honen xedea dela jadanik aurkeztuta dauden eta dagokien gastu-baimena agortzen duten laguntza-eskaerei erantzutea, ez da ezarri eskaerak aurkezteko eperik.
Eraikinak Zaharberritzeko Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 17.5 artikuluarekin bat, honako hau izanen da laguntzak emateko eta ordainketak onesteko hurrenkera: Ordenantzak laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazio osoa Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan noiz aurkeztu eta horren araberako sarrera-datena.
7.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Sei hilabeteko epea izanen da, gehienez ere, laguntzetarako ebazpena emateko eta jakinarazteko, deialdi honek indarra hartu eta hortik aitzina.
Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du.
Deialdi bateko gastu-baimenak agortuz gero, edo abenduaren 31ra diru-laguntzak ebatzi gabe iritsiz gero, baldintzak betetzen dituzten onuradunek lehentasuna izanen dute beren eskaera hurrengo ekitaldiko deialdian betea izan dadin, baldin eta deialdirik egiten bada eta horrek behar adinako diru-zuzkidurarik badu, betiere.
8.–Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.
Ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta horrek administrazio-bidea amaituko du.
Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta ondoko datuak adieraziko ditu: deialdia, horri lotutako aurrekontu-programa eta -kreditua, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea. Aurrekoa gorabehera, ondoko kasuetan ez da argitara eman beharrik:
a) Emandako diru-laguntzak, banan-banan hartuta, 3.000 euro baino gutxiago badira. Kasu horretan, Udalaren iragarki-oholean argitaratuko da.
b) Diru-laguntzaren xedea dela-eta onuradunaren datuak argitaratzea ohorearen errespetuaren eta babesaren aurkakoa edo pertsona fisikoen intimitate pertsonal eta familiarraren zein norberaren irudia izateko eskubidearen aurkakoa bada, Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
9.–Babespeko aurrekontua.
Babespeko aurrekontuan jasotako kontzeptuengatik diru-laguntzak jaso daitezke, Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzan modalitate bakoitzerako adierazten den moduan.
10.–Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Eraikinak Zaharberritzeko Udalaren Laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
11.–Ordainketa.
Bi hilabeteko epean ordainduko da, diru-laguntza ematen denetik aitzina.
Ezin izanen zaie onuradunei ezer ordaindu, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta hura gauzatzeko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:
–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.
Iragarkiaren kodea: L1307163