96. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat barne igoeraren bidez mailaz igota betetzeko lehiaketa

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdiaren xedea da Azkoiengo Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat barne igoeraren bidez mailaz igota betetzea. Lanpostua funtzionario araubidekoa eta C mailakoa da, eta Azkoiengo Udaltzaingora atxikia dago.

Lansariak:

Haietaz jabetzean indarra duten xedapenekin bat aplikatzekoak diren oinarrizko lansariez eta lansari osagarriez ordainduko dira lanpostuak.

2. Aplikatu beharreko arauak.

Prozedura honetarako, gaiari buruz ondoko arauetan xedatuari jarraituko zaio: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Azkoiengo Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua.

3. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Mailaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.–Gutienez hiru (3) urteko antzinatasuna izatea, enpleguaren jabetza hartzen duenetik, Azkoiengo udaltzainaren enpleguan.

2.–Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.2. Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.

4. Parte hartzeko eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar (30) egun natural izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak Azkoiengo Udaleko Erregistroan aurkeztuko dira (Plaza Principal, z.g., 31350 Azkoien), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdi honetako I. eranskinean dago. Erregistro orokorrean berean eskuratzen ahalko da.

4.2. Bertzelako dokumentazioa, barne igoera txandako izangaiek aurkeztu beharrekoa.

Barne igoerako txandako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren aitzinaldearen eta gibelaldearen fotokopia behar bezala egiaztatua.

b) Azkoiengo udaltzain enpleguan, jabetza hartuz geroztik hiru (3) urteko antzinatasuna, gutxienez ere, baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere. Dokumentazio hori ofizioz kreditatuko du Administrazioak, Udal Idazkaritzak deialdia egin duen organoari dokumentazioa bidali ondoan.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak.

4.3. Jatorrizko agirien bitartez edo behar bezala egiaztatutako kopien bitartez erakutsi beharko du izangaiak prozedura honetan parte hartzeko betebeharrak betetzen dituela eta alegatutako merezimenduak.

5. Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaituta, Alkatetzak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bortz (5) egun naturaleko epean interesdunek erreklamazioak egin ditzaketela organo dei egileari zuzenduak eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Alkatetzak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Aitzineko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan udaltzainaren zenbakia agertuko da soilik.

6. Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: María José Vidorreta Alfaro, Azkoiengo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: José Luis Olloqui Busto, Azkoiengo Udaleko 2. alkateordea.

–Mahaikidea: José Benito López García, San Adriango udaltzainburua.

Ordezkoa: Rafael Rández Garbayo, Cintruénigoko Udaltzaingoko burua.

–Mahaikidea: Nafarroako Segurtasun Eskolak hautaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Segurtasun Eskolak hautaturiko ordezkari bat.

–Mahaikidea: langileak ordezkatzen dituzten kasuan kasuko organoek proposaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: langileak ordezkatzen dituzten kasuan kasuko organoek proposaturiko ordezkari bat.

–Mahaikide idazkaria: Miguel Chivite Sesma, Azkoiengo Udaleko idazkaria edo legez haren ordez aritzen dena.

Ordezkoa: María Jesús Hernández Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost (5) eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. Mailaz igotzeko lehiaketaren osagaiak.

7.1. Epaimahaiak, elkarren segidan eta bere hurrenkeran, mailaz igotzeko lehiaketako hurrengo osagaiak baloratuko ditu:

a) Merezimenduak:

–Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabortz (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertzelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bortz (25) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogei koma berrogeita hamar (20,50) puntu.

b) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita bortz (25) puntu.

c) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabortz (15) puntu.

7.2. Merezimenduak.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimendu horiek lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera alegatu beharko dira eta agirien bidez frogatu, jatorrizko agirien edo fotokopia egiaztatuen bidez. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Fase hau bukatzean, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak eta erreklamazioak aurkezteko bortz (5) egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alega dezaten.

Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean epaimahaiak ebatzi ondotik, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta Azkoiengo Udaleko iragarki oholean argitaratuko ditu.

7.3. Lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba praktikoa.

2013ko abuztuan eginen da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Idatziz eginen da eta Udaltzaingoko kabo lanpostuaren edukia eta eginkizunei buruz epaimahaiak proposatutako txostenak idatzi edo kasu praktikoak landu beharko dira, edo bi gauzak. Pliken bidez eginen da eta izangaiek lau ordu izanen dituzte egiteko.

Proba hau baztergarria izanen da eta, gainditzeko, 12,50 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketaren gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko du proba praktikoa gainditu dutenen zerrenda, ateratako puntuazioekin, Azkoiengo Herriko Etxeko iragarki oholean.

7.4. Txosten psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Atalak, lanpostuaren edukiei eta eginkizunei buruzko proba praktikoa egin ondoren, gainditzen duen izangai bakoitzari buruzko txosten psikoteknikoa eginen du. Horretan, izangai bakoitza deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da.

Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Egin baino lehen, Alkatetzak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoak onets ditzala proposatuko dio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

7.5. Behin-behineko kalifikazioak eta erreklamazioak.

Lehiaketaren elementuen balorazioa bururatu ondoan, epaimahaiak parte hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Azkoiengo Herriko Etxeko iragarki oholean, eta bortz (5) eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen alde komeni zaiena erreklama dezaten balorazio horri buruz.

8. Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Deialdiaren aurkako erreklamazioak egiteko epea iraganda eta haiek ebatzita, epaimahaiak Azkoiengo Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko du lanpostuaren edukiei eta eginkizunei buruzko proba praktikoa gainditzen duten izangaien zerrenda, eta mailaz igotzeko lehiaketaren elementu bakoitzean lortutako puntuazioen batuketaren ondorioz bakoitzak guztira lortutako puntuazioa.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hori eginda ere, berdinketak oraindik jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9. Mailaz igotzeko ikastaroa.

9.1. Zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa.

Udaltzaingoko kabo izateko Segurtasun Eskolak ematen duen ikastaroa egiteko, lehiaketa gainditu duten eta eman beharreko lanpostu hutsen kopuruan sartzen ahal diren izangaiek zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa eskatuko diote kide diren administrazio publikoari. Hori dena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Udaltzaingoko kabo izateko prestakuntza ikastaroaren hasierako egunetik ondorioak dituena.

9.2. Izaera baztergarria.

Nafarroako Segurtasun Eskolako prestakuntza ikastaroa baztergarria da. Hura bururatzean, izangaiak “gai” edo ez-gai” izanen dira, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.

9.3. Araubide Juridikoa eta ordainsariak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren arabera arautuko da prestakuntza ikastaroa.

Ikastaroak irauten duen bitartean, izangaiei Udaltzaingoko kabo lanpostuari dagozkion hasierako lansaria eta berariazko osagarria emanen dizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, baita hasierako lanpostuak aitorturik zeuzkaten gradu, antzinatasun eta familiarendako laguntzari dagozkienak ere.

Ikastaroa bururatu ondoan, aitzineko lerroaldean aipatu diren lansariak ez dira gehiago kobratuko.

Prestakuntza ikastaroa bururatu ondoan, izangaiek bertzerik gabe beren jatorriko administrazioan ari ziren lanpostuetara itzuli beharko dute.

Prestakuntza ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak ikastaroa gainditu duten izangaien zerrenda igorriko dio Azkoiengo Udalari, izendatu ditzan eta lanpostu hutsak banatu diezazkien.

10. Izendapena eta lanpostuen esleipena.

10.1. Izendapena.

Eskatzen zaion dokumentazioa gainditu ondoan, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Azkoiengo Udaltzaingoko kabo izendatuko du mailaz igotzeko lehiaketa gainditu duen izangaia. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Atxikipena.

Izendatua Azkoiengo Udaltzaingora atxikiko da.

10.3. Lanpostuaz jabetzea.

Izendapenean erabakitzen den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza. Behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek igoerarako eskubidea galduko dute.

Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiekin.

10.4. Aurreikuspen sozialeko araubidea.

Deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioak aurretik zuen araubidean jarraituko du, dela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak jasotzen duen eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren araubidean dela gizarte segurantzan lehenagotik zuen araubidean.

10.5. Bizilekuaren betebeharra.

Lanpostuaren ezaugarriak eta behar duen ardura direla-eta, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 58.2 artikuluan oinarriturik, izangaiak Azkoienen bizi beharko du, eta horretarako haren udal mugapean finkatuko du, egiazki, bizilekua.

11. Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru (3) hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru (3) hilabetera hasiko da.

Aitzineko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabete bateko (1) epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Azkoienen, 2013ko apirilaren 25ean.–Alkatea, María José Vidorreta Alfaro.

I. ERANSKINA

Azkoiengo Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu
bat betetzeko deialdia

Izena: ................................., Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ................., letra ....................., sorteguna: ........., sorlekua: ............., probintzia: ........................, gaurko bizitokia: .............., probintzia: .................., karrika: ...................., zenbakia: .........., solairua: ....., letra: .................., posta kodea: ..................., etxeko telefonoa: ..................., laneko telefonoa: ...................., sakelako telefonoa: .......................

Agertzen naiz eta adierazten dut Azkoiengo Udaltzaingoko kide naizela.

Azkoiengo Udaltzaingoko kabo izateko lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)an), zehazten dudan txandan: ......

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Deialdiaren 4.2. oinarrian xedatutakoaren arabera, honako agiriak aurkezten ditudala:

–NANaren aitzinaldearen eta gibelaldearen fotokopia egiaztatua.

–Bertze orri batean alegatu eta aipatzen ditudan merezimenduen frogagiriak.

Azkoienen, 2013ko .......aren .....(e)an (Sinadura)

AZKOIENGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

1) Nafarroako polizia kidego batean, polizia edo agente lanetan, edo udaltzain gisa, egiazki eta lanpostu finko eta jabetzakoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: bat eta berrogeita hamar (1,50) puntu.

2) Nafarroako Polizia Kidego batean egiazki eta kabo lanpostu aldi baterakoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: bat eta hiruretan hogeita bortz (1,65) puntu.

3) Administrazio publiko baten menpeko bertze segurtasun Indar eta kidego batean langile finko gisa, edo bertze administrazio batean udaltzain gisa, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia edo agente lanetan.

4) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo antolaketa unitate bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

2) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6) Epamahaiak baloratu beharreko bertze merezimendu batzuk: bertzeak bertze, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez.

c) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere 20,50 puntu.

Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Halako titulaziorik ez dutenei, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik puntu bat emanen zaie.

Iragarkiaren kodea: L1306138