1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
68/2013 FORU AGINDUA, maiatzaren 21ekoa, Sustapeneko kontseilariak emana. Horren bidez gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko bidaiari-garraio erregularrerako, Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren lan hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordean ordezkariak dituzten sindikatuek 2013ko maiatzaren 22ko 00:00etatik lanuzte mugagabea egiteko zabaldu duten deia dela-eta.
Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren lan hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordean E.L.A., CC.OO., U.G.T. eta L.A.B. sindikatuek dituzten ordezkariek lanuzte mugagaberako deia egin dute 2013ko maiatzaren 22ko 00:00etatik aurrera.
Era berean, La Tafallesa, S.A., Conda, S.A., Autobuses Río Irati, S.A., Autocares Albizúa, S.L., Eugenio Díez, S.A. eta Autobuses La Pamplonesa, S.A.ko langileen ordezkariek lanuzte mugagaberako deia egin dute aipatu enpresetan 2013ko maiatzaren 22ko 00:00etatik aurrera, enpresarekin hitzarmen propioa lortze aldera.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.
Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etortzeko aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.
Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 Epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.
Hortaz, lanuzterako deia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu, izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, langileen, ikasleen eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera, eta ez da ahantzi behar lanuzterako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela eta herritar horiek, liskarretik erabat aparte, deitutako lanuztearen ondorio kaltegarriak sufrituko dituztela.
Ondorioz, nahitaez bete beharreko zerbitzuak ezarri beharko dira erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregular finkoko zerbitzuetan eta erabilera bereziko garraio publikoko zerbitzuetan. Azkeneko horiek ikasleek eta langileek erabiltzen dituzte nagusiki.
Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Horrenbestez, foru agindu honen xedea da gutxieneko zerbitzuak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko bidaiari-garraiorako, Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren lan hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordean ordezkariak dituzten sindikatuek eta aurretik aipatutako enpresetako langileen ordezkariek 2013ko maiatzaren 22ko 00:00tik aurrera lanuzte mugagabea egiteko zabaldu duten deia dela-eta.
Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, honakoak hartu dira kontuan: lanuztea eginen den lurralde eremua, hots, Nafarroako Foru Komunitate osoa; lanuztearen iraupena, mugagabea izanen dena, eta beraz, zerbitzuaren erabiltzaileei kuantitatiboki eta kualitatiboki eraginen dien nahasmendua lanuzte mugatu batek izanen lukeena baino handiagoa izanen da; eta lanuztearen izaera sektoriala, izan ere, eskaria ez da txikiagoa izanen, joan-etorriak eragiten dituzten beharrak berdinak izanen baitira, lanuzte orokorrarekin ez bezala.
Lanuzterako deialdiak eragina du bai errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako garraio publikoaren zerbitzuetan, bai erabilera bereziko zerbitzuetan.
Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa da zerbitzu horren 39 kontzesioen eta administrazio baimen berezien titularra.
Kontzesio horien ustiapen datuen bidez, Garraio Zerbitzuak kalkulatzen du urtean zehar 162.046 espedizio egiten direla, gutxi gorabehera 2.700.000 bidaiari garraiatuz. Hortaz, hiriarteko autobusa 7.500 lagunek erabiltzen dute egunean, batez beste, beren joan-etorrietan.
Joan-etorri horiek zenbait arrazoirengatik egiten dira, esate baterako, osasun zerbitzuetara, eskolara, lantokira edota administraziora joateko, aisialdian, eta abar. Hori horrela izanik, garraio publikoaren zerbitzurik gabe, kalte handia jasanen dute hala erabiltzaileek nola jarduera edo zerbitzu beraren garapenak.
Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horietako gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako joan-etorri horien beharrak betetzeko.
Deialdi honen ezaugarriak –aurretik aipatutakoak– aintzat hartuta, eta ukitutako biztanleriaren joan-etorri beharrak behar bezala asetzeko, komenigarritzat jo da %28ko gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea. Horrela, bermatuta utziko da kontzesio bakoitzean egunean gutxienez ere joan-etorri bat egitea eta kontzesioaren tituluan baimendutako trafiko guztiak kontuan hartzea.
Erabiltzaile guztientzako garraio erregularreko kontzesio horien bidez egiten diren joan-etorriei gehitu behar zaizkie erabilera bereziko zerbitzu erregularren bidez egiten direnak, hau da, nagusiki ikasle eta langileentzako direnak.
Eskola umeentzako garraio zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa kontuan hartuz gero. Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritako hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, eskola-garraiorako eskubidea aitortzen zaie irakaskuntzako derrigorrezko etapetan dauden ikasleei, baldin eta ikastetxea ikaslearen bizitokia ez den udalerri batean badago.
2012-2013 ikasturtean, ikastetxe eta institutu publikoetan, Nafarroako 10.846 ikaslek erabiltzen dute Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa. Ikasle kopuru horri garraio zerbitzua sare itunduan erabiltzen dutenena gehitu behar zaio. Gaur egun, eskola-garraioko 611 baimen daude indarrean.
Eskola-garraioa babes berezia merezi duen biztanle sektore batez arduratzen da. Babes hori merezi dute adina dela-eta autonomia pertsonalik ez izateak eragindako babesgabetasuna dutelako, eta Ikasleen eta Adingabeen Garraioaren Segurtasun Baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten bestelako garraiobideak gutxi direlako.
Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (bidaiak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio zerbitzuak ezin dira eskola garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.
Orobat, eskola-garraioan ezin dira bidaiak kendu; izan ere, ikastetxera joateko bidaia bat egiten da eta beste bat erabiltzaileen etxeetara itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatuta eta, kasu gehienetan, erabat okupatuta daudelako.
Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera doazen zerbitzuei eustea.
Langileentzako erabilera bereziko garraio erregularrari dagokionez, gaur egun lanerako garraioko 42 baimen daude indarrean.
Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, aintzat hartu da ea baden erabiltzaile guztientzako garraio erregular alternatibo bat lanerako garraio zerbitzuarekin bat datorrena. Ez badago bat datorren erabiltzaile guztientzako garraio erregular alternatiborik, espedizio guztiak mantenduko dira gutxieneko zerbitzu gisa.
Erabilera bereziko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezartzeko jarraitu den irizpidea bat dator erabiltzaile guztientzako garraio erregularrari dagokionez hartutakoarekin, non bermatuta uzten baita, kasu guztietan, kontzesio guztietan joan-etorri bat egitea, bai eta trafiko guztiak kontuan hartzea ere. Irizpide hori eskolako eta lanerako garraioari aplikatzeak dakar garraio hori dagoen bezala mantentzea.
Bestalde, zerbitzu horiek ikasleentzako eta langileentzako erabilera bereziko garraio erregularrean ezartzeko, aintzat hartu dira aurretik sektore berean eta iraupen mugagabearekin deitutako lanuzteetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak.
Zehazki, 2008ko ekainaren 3tik aurrerako lanuzte mugagaberako deia egin zenean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 22ko 47/2008 Foru Aginduaren bidez, foru agindu honetan erabilera bereziko garraio erregularrerako ezartzen diren gutxieneko zerbitzu berdinak ezarri ziren. Lanuzterako deialdi hura Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordean ordezkariak zituzten sindikatuek egin zuten.
Era berean, hitzarmen horretako negoziazio mahaian izandako sindikatuetako ordezkariek 2001eko maiatzaren 21etik aurrera deitutako lanuzterako, antzeko zerbitzuak ezarri ziren erabilera bereziko garraio erregularrerako maiatzaren 18ko 119/2001 Foru Dekretuaren bidez. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak azaroaren 9an emandako 1305/2001 Epaiaren bidez, ezetsi egin zen aipatu foru dekretuaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hona hemen zergatik: foru dekretuak ez zuen grebarako eskubidea urratu, izan ere ikasleak eta langileak garraiatzeko zerbitzuak garrantzitsuenak dira gizartearentzat. Zerbitzu horiek gabe, hezkuntza geldiaraziko litzateke eta horrek familien bizitzan ere eragina izanen luke, eta langileen garraiorik gabe ekonomia ekonomia ere geldiaraziko litzateke.
Ildo beretik, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 1992ko azaroaren 16ko Epaiak hauxe adierazten du: “lanuztea egiteko eskubideak ezin ditu gainerako herritarren bestelako eskubideak mugatu; horrela, lanuztea egiteko eskubidea garrantzitsua baldin bada, hezkuntza jasotzeko eskubidea eta ikasleen garraioa edukitzekoa, edo lan egiteko eskubidea eta langileen garraioa edukitzekoa, hura bezain garrantzitsuak dira.”
Desgaitu fisikoak eta psikikoak ikastetxeetara eta lanerako ikastegietara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. idatz-zatia, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluak kontuan harturik, Garraio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako errepideko bidaiari-garraioko lan hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordeko sindikatuen ordezkariek 2013ko maiatzaren 22ko 00:00etatik lanuzte mugagaberako egindako deia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko errepideko bidaiari-garraioko gutxieneko zerbitzu hauek ezartzea:
a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:
–Hiriarteko kontzesio erregularrak eta baimen administratibo bereziak: zerbitzuen %28.
Edonola ere, gutxienez, joan-etorri bana eginen da egunero kontzesio bakoitzean. Bidaia horiek kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dituzte kontuan.
b) Erabilera bereziko garraio erregularra:
–Ikasleen garraioa: etxetik ikastetxera doazen zerbitzu guztiak.
–Langileen garraioa: bat datorren erabiltzaile guztientzako garraio erregular alternatiborik ez duten zerbitzu guztietan.
–Desgaitu fisikoak edo psikikoak ikastetxeetara eta lanerako ikastegietara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.
c) Autobus geltokiak: aipatu diren gutxieneko zerbitzuei erantzuteko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.
2. La Tafallesa, S.A., Conda, S.A., Autobuses Río Irati, S.A., Autocares Albizúa, S.L., Eugenio Díez, S.A. eta Autobuses La Pamplonesa, S.A.ko langileen ordezkariek 2013ko maiatzaren 22ko 00:00etatik aurrera deitutako lanuzteak foru agindu honen 1. atalean adierazitako gutxieneko zerbitzuak errespetatuko ditu.
3. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.
4. Aurreko idatz-zatietan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan dauden langileei aitortzen dizkien eskubideei.
5. Sustapen Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen kontzesioa duten enpresei.
6. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako errepideko bidaiari-garraioaren hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordean diren sindikatuetako ordezkariei, Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística-ri (ANET) eta La Tafallesa, S.A., Conda, S.A., Autobuses Río Irati, S.A., Autocares Albizúa, S.L., Eugenio Díez, S.A., eta Autobuses La Pamplonesa, S.A. enpresei, eta enpresa horietako greba batzordeei, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 21ean.–Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.
Iragarkiaren kodea: F1307442