95. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Udal baratze sozial eta ekologikoen emakida eta erabilera arautzeko ordenantza. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2013ko otsailaren 28an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Udal baratze sozial eta ekologikoen emakida eta erabilera arautzeko ordenantza. Onespenaren erabakia 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko martxoaren 19an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta ordenantza osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Baztanen, 2013ko maiatzaren 9an.–Alkatea, Garbiñe Elizegi Narbarte.

UDAL BARATZE SOZIAL ETA EKOLOGIKOEN EMAKIDA ETA ERABILERA ARAUTZEKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Baztango Batzar Nagusiak eta Udalak zenbait herri lurzati herritarren eskura jarri nahi ditu baratze sozial modura erabil ditzaten.

Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak bakarrik landatu daitezke eta etxeko erabilerarako lagako dira; horrenbestez, debekatuta dago bertatik ateratako produktuak saltzea.

Ordenantza honen xedea zenbait herri lurzoru erabiltzea eta horiei balioa ematea da.

Era berean, Ordenantza honekin herritarren eskari bati erantzun eta nekazaritza ekologikoa bultzatu nahi da.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea udal baratzeen emakida eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea da. Erabiltzaileek zein Baztango Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Behin-behinean baratze sozial modura erabiliko diren Baztango Batzar Nagusiaren eta Udalaren jabetzako lursail orotan aplikatuko da honako ordenantza hau.

3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.

1.–Ordenantza honek ukitutako herrilur eta udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak Baztango Udalak eginen ditu.

2.–Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onartzea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.

3.–Udal zerbitzu teknikoa, udaltzaingoa, edo Udalak horretarako izendatutako edo jarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Eta bere zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.

4.–Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak adieraziko dituzte, baldin eta ezagunak badira.

II. KAPITULUA

Udal baratzeen emakida eta erabilerarako baimenen araudia

4. artikulua. Baratzeen erabilera ematea.

a. Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek: Baztango udalerrian gutxienez 2 urteko antzinatasuna izatea, Baztanen egiazki eta era jarraituan bizitzea, eta aipatu udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak egunean izatea.

b. Bi lurzati mota izanen dira: 120 m²-koak eta 60 m²-koak.

c. Emakidadun bakoitzak gehienez baratze baten emakida eduki ahal izanen du.

d. Baratzeen erabilera, dena den, prekarioan emanen da. Horren ondorioz, Batzar Nagusiak edo Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezakete emandako erabilera baimena.

Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.

Hori dela eta, emakidaren epea amaitzean edo emakida aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Batzar Nagusiari eta Udalari itzuli beharko dizkio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Baztango Batzar Nagusiak eta Udalak erabateko ahalmena izanen dute laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Batzar Nagusiak eta Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratu ahal dute; era berean, administrazio bidezko lur-utzarazpena berez erabaki eta gauzatu ahal du Toki Erakundeen Ondasunen Arautegiaren arabera.

5. artikulua. Emakida emateko baldintzak, eskaerak aurkezteko epea eta emakida erabakiko duen organoa.

Baztango udalerrian gutxienez 2 urtez erroldatuta daraman edozein pertsona fisikok egin ahalko du eskaera.

Baratzeen erabilera emakida horretarako osatuko den zerrendari jarraikiz eginen da, eta lehentasuna izanen dute honako egoeran daudela egiaztatzen dutenek, betiere ondoko lehentasun hurrenkerarekin bat:

1.–Baztertze egoeran dauden pertsonak (zerbitzu sozialek txostena eginen dute hau hala dela egiaztatuz).

2.–Gizarteratze errenta kobratzen dutenak (zerbitzu sozialek txostena eginen dute hau hala dela egiaztatuz).

3.–Langabezi egoeran 6 hilabete baino gehiago daramatenak.

4.–Jubilatu edo pentsiodunak (kotizatu gabekoen erretiro-pentsioa kobratzen dutenak).

5.–Familia ugariak (3 ume edo gehiago dauzkatenak).

6.–Gainerako eskatzaileak zozketa bidez jarriko lirateke zerrendan, baldin eta eskariak gehiago balira eskura dauden baratzeak baino.

Eskabideak aurkezteko epea irekiko du Alkatetzak, baratzeak irizpide horiekin bat lehenengoz esleitzeko. Lehen esleipen horretatik aitzinera, zerrenda etengabe egonen da zabalik. Aurreko zerrendatuan adierazitako baldintza ekonomikoen arabera, gizarte bazterketan dauden pertsonek lehentasuna izanen lukete zerrendan sartzen diren edozein unetan.

Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta emakidadunen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori behin betikoa izanen da Hirigintza, Obra, Proiektu, Zerbitzu eta Ingurumeneko informazio-batzordean aurkeztu eta Tokiko Gobernu Batzordeak eta Baztango Batzar Nagusiak onartu ondoren.

Hutsik dauden baratzeak banakoei esleitzeko, aski izanen da txosten juridikoa, Tokiko Gobernu Batzordeak eta Baztango Batzar Nagusiak onetsitako zerrendan sarturiko pertsonak badaude.

6. artikulua. Baratzeen erabilera.

a. Erabiltzaileak eman zaion lursaila baratze gisa soilik erabil dezake. Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira.

b. Ezin da zuhaitzik landatu.

c. Ezingo da, inolaz ere, inongo animaliarik eduki eta gorde, hazi eta ustiatu baratzeetan eta ezingo da zakurrik sartu baratzeendako eremuaren barrenean.

d. Erabat debekatuta dago txabolarik edo bestelako eraikinik paratzea baratzeetan. Lursail bakoitzean kutxa bat baino ezingo da jarri, eta gehienez 0,8 metroko altuera, 2,2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen du. Kutxa hori jartzeko, udal zerbitzuen oniritzia beharko da, betiere, egurrezko estaldura eduki beharko du eta kolore gorriz margotu beharko da. Horrez gain, debekatuta dago paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, besteak beste, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak, negutegiak edo antzekoak.

Dena den, baimenduta dago konposterak jartzea konpostajerako hondakinak biltzeko.

e. Udalak izendatutako langileek, udaltzainek edo lan horretarako izendatutako pertsona edo entitateak, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko dute eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aldez aurretik abisatzea.

f. Emakidak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan txarra edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.

g. Batzar Nagusiak eta Udalak Baratze hauetako 3 partzela erreserbatuko dituzte helburu sozialetarako eta partzela bat prestakuntza ikastaroetarako. Gainera, 1.000 metro karratuko eremu bat gordeko dute, bertan egin daitezkeen langabetuen tailerrentzako edo 1. sektoreko irakaskuntzarako.

7. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea.

a. Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.

b. Baratze baten eta beste baten artean hodiak jar daitezke lur-zatiak mugatzeko eta, batez ere eta behar izanez gero, lursailetatik soberako ura ateratzeko.

c. Baratzeetako lur-zatiak zabalik egonen dira eta udal baimenik ez badago ezin izanen dira itxi.

d. Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbideak egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.

8. artikulua. Erabiltzaileek erabilerak besterentzea.

a. Lursailen erabilera ezin dakioke inolaz ere beste inori laga edo besterendu; halaber, debekatuta dago lursailak, osorik edo zati bat, beste pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Dena dela, erabiltzaileetako norbaitek istripu bat izanen balu edo baja egoeran balego, bere lursailaren aprobetxamendua mantentzeko aukera izaten jarraituko du nahiz eta lursail hau ez erabili ahal izan aipatutako egoerengatik. Betebehar horiek ez badira betetzen, emakida automatikoki amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.

Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo ez bazaio interesatzen, Udalaren esku utzi beharko du.

b. Batzar Nagusiak edo Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badaukate, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.

9. artikulua. Aprobetxamendu-epea.

a. Lurraren aprobetxamendua eta/edo erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez ere 7 urtez luzatu ahal izanen da. Urte sail hori iragandakoan, aprobetxamenduarekin jarraitzeko borondateari eusten badio, bertan jarraitzeko aukera izanen du. Baldin eta jendea balegoke zerrendan, baratze baten esperoan, Batzar Nagusia eta Udala bertze eremu bat bilatzen saiatu beharko dira eta hau ezinezkoa gertatuko balitz bertze neurri berriak hartu beharko lirateke.

Emakida bera edo geroko luzapenak bukatu baino hilabete lehenago aldeetako batek ezer adierazten ez badu, luzapenak berez eginen dira.

10. artikulua. Kanona.

40 euro urtero ordaintzeko eskatuko diete Batzar Nagusiak eta Udalak emakidadunei. Kopuru hori urtero eguneratuko da, Nafarroako KPIarekin bat.

Dena dela, pertsonaren bat egoera ekonomiko larrian egongo balitz eta zerbitzu sozialetako arduradunek hau egiaztatuz txostena eginen balute, guttiago ordaintzeko edo ez ordaintzeko aukera ere egonen litzateke.

11. artikulua. Guztionak diren instalazioen erabilera eta mantentze-lanak.

a. Emakidaren titularrek Batzar Nagusiarekin eta Udalarekin hitz egiteko batzorde bat izendatuko dute.

b. Era berean, instalazioen funtzionamenduaren, txukuntasunaren eta segurtasunaren erantzule solidarioak izanen dira.

c. Debekatuta dago instalazioen barruan (baratze, bide publiko, zerbitzuen eremua, etab.) lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea, aparkatzea berariaz baimenduta dagoen tokietan izan ezik (motoak, quad-ak...).

d. Landa-bideetatik, edo baratzeetara joateko bideetatik, lau gurpileko ibilgailu arinak (< 2 t) pasatu ahalko dira eta bakar-bakarrik zamalanak egiteko.

12. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.

Ezingo da putzurik ireki ez eta ubidetik ura mekanikoki hartu ere.

Udalak ura lortzeko puntu edo sistemarik ezartzen badu, orduan, ordenantza fiskaletan –hala izanez gero– aurreikusitako ordainarazpenak sortuko dituzte kontsumoek.

Nolanahi ere, ureztatzeko ura eskuzko bitartekoen bidez baino ez da lortuko.

13. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa bultzatzea.

a. Batzar Nagusiak eta Udalak baratzezaintza ekologikoa sustatuko du interesdunei prestakuntza eskainiz eta egokitzat jotzen dituen bestelako neurrien bidez.

b. Baratzeen erabiltzaile guztiek Batzar Nagusiak edo Udalak ezar ditzakeen baldintzak bete beharko dituzte; esate baterako, zuhaixka jakin batzuk landatzea, laborantza jakin batzuk egitea, substantzia berriak gehitzea, ongarri naturalak erabiltzea, herbizida eta produktu fitosanitarioen erabilera galaraztea... Nekazaritza Ekologikoari buruzko CEE 2092/1991 Erregelamenduko printzipioetan adierazi bezala.

14. artikulua. Guztionak diren eremuen ikuskapena.

a. Instalazio guztiak, pertsona bakarrak zein taldeka erabiltzekoak, ikuskatzera joan daitezke, edozein momentutan, horretarako izendatutako udal langileak, eta helburua araudia behar bezala betearaztea da. Hortaz, Batzar Nagusiak eta Udalak ikuskapena egiteko eskumena izanen dute eta erabiltzaileak ezingo du, inolaz ere, ikuskapena galarazi.

III. KAPITULUA

Erantzukizunak

15. artikulua. Kalteak eta galerak ordaintzea.

Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalteak eragiten dituzten pertsona guztiek ordaindu egin beharko dituzte eta bidezko diren isunak ere jarriko zaizkie.

Leku edo instalazio horien kalte-galeren zenbatekoa Baztango Udalak zehaztuko du eta balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean eginen da kalte-ordainen akordioa eta eragindako kalte eta galerak adieraziko ditu.

Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan betearazi behar dira eta errekurtsoa aurkeztu arren, aurka egindako egintza gauzatu eginen da eta ez da etengo, baldin eta organo eskudunak antolamendu juridikoaren arabera kontrakoa agintzen ez badu.

Kalte-ordaina adierazitako epearen barruan ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidezko ordainarazpenari ekingo dio.

Era berean, hirugarrenei eragindako kalte edo galerak ere ordaindu egin beharko ditu.

16. artikulua. Kalteak konpontzea presazko egoeretan.

Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako arrazoiengatik, kalte eta galeren konponketa ezin bada atzeratu, berehala konpondu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatuko zaio kaltearen eragileari, betiere aldez aurretik aurreko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea irekiz edo jurisdikzio arruntera joz.

17. artikulua. Beste erantzukizun batzuk.

Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, kalteak eragin dituzten egintzak delitu edo falta izan badaitezke, espedientea zigor arloko jurisdikziora igorriko da eta konpentsazioa eskatzeko espediente administratiboen izapidetzea eta ebazpena etenda geldituko dira, kausa artxibatzea erabaki edo epai irmoa hartzen ez den bitartean.

Halaber, diligentzia judizialetan, baldin eta diligentziak hasten badira, tokiko administrazioa alderdi gisa eratu behar da dagokion kalte-galeren ordaina jaso ahal izateko, horretarako “Kalteak eta galerak ordaintzea” 15. artikuluan aipatu den ebaluazioa aurkeztuz.

Batzar Nagusia eta Udala ez dira kargu egingo baratzeen eremuaren barrenean gerta daitezken istripuetaz.

IV. KAPITULUA

Zehapenak

18. artikulua. Arau-hausteak.

Emakida baliogabetu egin dakiekeela ohartarazi eta/edo baliogabetu daiteke, ondorengo gertakariengatik:

1.–

a. Baratzearen instalazioak eta bere sarbideak ez mantentzea.

b. Baratzea ixtea.

c. Ibilgailuak baimendu gabeko tokietan aparkatzea.

d. Ur-hartze mekanikoak egitea ureztaketarako.

e. Baratzezaintza ekologikorako Batzar Nagusiak eta Udalak ezarritako betebeharrak ez betetzea.

f. Baimendu gabeko elementuak instalatzea, besteak beste, txabolak, negutegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak e.a.

g. Baimendutakoa baino pisu handiagoa duten ibilgailuekin ibiltzea.

2.–

a. Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.

b. Baratzeko udal ondasunak kaltetu edo lapurtzea.

c. Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.

d. Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.

e. Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.

f. Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.

g. Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.

h. Emakidak irauten duen bitartean bi ikuskapen-txosten txar edukitzea.

i. Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.

j. Laga zaion lur-zatia epearen barruan ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Batzar Nagusiak eta Udalak emakida baliogabetzea erabakitzen badute.

k. Edozein ekintza egin eta lagapena baliogabetu dakiokeela ohartarazita ere, ekintza horiek berriro ere egitea.

l. a. idatz-zatian bildutako edozein errekerimendu aipatu epean bete nahi ez izatea.

19. artikulua. Zehapenak.

Arestian adierazitako arau-hausteak honela zehatuko dira:

1.–18.1 artikuluan bildutako zehapenei ohartarazpena egin eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; eragindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera ordainduko beharko da, hain zuzen. Balioa zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

2.–18.2 artikuluan bildutako arau-hausteek emakida baliogabetzea ekarriko dute, fidantza ere galduko da eta, hala bada, eragindako kaltea konponduko da. Arau-haustea baratzeko produktuak merkaturatzea bada, 60 eta 1.000 euro arteko diru-zehapen bat ere jartzerik izanen da.

3.–Emakida baliogabetu zaien pertsona fisikoek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.

20. artikulua. Prozedura administratiboa.

a. Udal organo eskudunei dagokie emakida baliogabetu dakiekeela, edo hala badagokio, emakida behin betiko baliogabetuko zaiela ohartarazteko prozedura hastea, instruitzea eta erabakitzea.

b. Udaltzaingoak, mendizainek edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga-balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean bidezko lege betekizunak betez formalizatzen badira. Hala ere, administratuek ere beren eskubide eta interesen aldeko frogak aurkeztu ahal izanen dituzte.

V. KAPITULUA

Emakida bukatzea

21. artikulua. Emakida bukatzeko arrazoiak.

Aurreko artikuluetan adierazitako adibideak gorabehera, emakida bukatzeko arrazoi garbiak izanen dira honakoak:

1.–Emakidaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.

2.–Erabiltzaileak berak baja eskatzea.

3.–Titularraren heriotza edo elbarritasuna.

4.–Baztango Herritarren Udal Erroldan baja ematea.

5.–Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Batzar Nagusiak eta Udalak lursaila behar izatea.

6.–Halaber, Ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lursailaren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabilera-emakida baliogabetu ahal izanen du 18. artikuluaren b. idatz-zatian ezarritako eran.

Emakida bukatzeak izanen dituen ondorioak indarrean dauden araudietan eta Ordenantza honetako 4. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L1306912