95. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, administrari-ofizial izateko bi lanpostu huts, euskaraz jakin beharrekoak, oposizio bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2013ko apirilaren 22an egin bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Barañaingo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko bi lanpostu huts, euskaraz jakin beharrekoak, oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren, ondotik heldu baitira.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2013ko apirilaren 23an.–Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

BARAÑAINGO UDALAREN ZERBITZUKO ADMINISTRARI-OFIZIAL IZATEKO (C MAILA) BI LANPOSTU HUTS, EUSKARAZ JAKIN BEHARREKOAK, OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Barañaingo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko plantillako lanpostu huts hauek, euskaraz jakin beharrekoak, oposizio bidez betetzea, 2011ko lan publikoaren eskaintzan baitzeuden. Hona hemen:

–1.3 lanpostua, aktetako idazkaria, Idazkaritza Alorrari atxikia, funtzionarioen araubidekoa, C maila, C1 hizkuntza maila (euskara, nahitaezkoa).

–8.4 lanpostua, Euskara Alorrari atxikia, funtzionarioen araubidekoa, C maila, C1 hizkuntza maila (euskara, nahitaezkoa).

Deialdiko lanpostuetarik, bat txanda irekirako eta bertzea igoera txandarako izanen da, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 15.3 artikuluan ezarririko formulari jarraikiz.

1.2. Izangaiak hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsa, txanda irekikoari gehituko zaio.

Bertzalde, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.3. Lanpostuek C mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta, kasuan-kasuan aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, dagokien plantilla organikoan agertzen badira.

1.4. Orobat, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, C1 hizkuntza eskakizuna duten administrari-ofizialen lanpostua zerbitzuan sortzen diren beharren arabera aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda hauek sortzea:

a) Hautapen prozedura gainditu bai, baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozedurako ariketa guztiak gainditu gabe ere lehenbiziko bi ariketak gainditu dituzten izangaiek osaturiko zerrenda.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetara onartua izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den eremuko estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek edo izatezko bikoteek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontide edo izatezko bikotearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

b) 16 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik diziplinako kaleratze bidez bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

f) Euskararen, C1 mailako ezagutza izatea. Hori egiaztatzen ahalko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak horretarako egiten duen probaren bidez, edo, bertzenaz, eskatutako ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuz eskaerarekin batera. Horretarako, euskara maila egiaztatzen duten titulu eta agirien baliozkotzeak egiteko, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko deialdietan erabiltzeko arau bidez ezartzen den araubidea erabiliko da, deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena.

Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldia baino lehen eginen da.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Orobat, igoera txandako izangaiek, deialdi honetan eskatzen den titulazioa ez badute, horren ordez frogatu beharko dute zortzi urteko antzinatasun onartua dutela Administrazio Publikoetan.

2.2. Izendapenerako proposatutako izangaiek deialdi honen 7.2. oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak, 3. oinarrian xedatu dena kenduta. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte baldintza horiek, eta haien jabe izanen dira hautatze prozeduran harik eta izendapena etorri arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, helbidea Barañaingo Udaletxe plaza, z.g. baitu (Herritarrendako Laguntza Bulegoa, 8:30etik 14:00etara), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Barañaingo Udalaren bulegoetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bertzenaz, Interneten, www.baranain.es helbidean.

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren bat.

Bi.–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

Hiru.–Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Barañaingo Udaleko administrazioko ez bertze Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak badira, lehengoaz gainera, 2.1.2 oinarrian jasotzen diren eskakizunak betetzen direla frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari.

Lau.–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 9,40 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Barañaingo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioei erantzun ondoren, Barañaingo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: José Antonio Mendive Rodríguez, Barañaingo Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: María Lecumberri Bonilla, Barañaingo Udaleko Herritarren Segurtasunerako Alorreko zinegotzia.

–1. mahaikidea: Ana Diez de Ure Eraúl, Barañaingo Udaleko kultur teknikaria eta Barañaingo Udaleko funtzionarioen ordezkari sindikala.

–Ordezkoa: David Villagómez Martínez, Barañaingo udaltzaina eta Barañaingo Udaleko funtzionarioen ordezkari sindikala.

–2. mahaikidea: Luis Marcelo Los Arcos Pérez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko erdi mailako euskara teknikaria.

–Ordezkoa: Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko erdi mailako euskara teknikaria.

–3. mahaikidea: María Jesús Eugui Iráizoz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Mercedes Melero Echauri, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Mahaikide idazkaria: María José Azpíroz Zabaleta, Barañaingo Udaleko Idazkaritza Alorreko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Guillermo Ruano Ampudia, Barañaingo Udaleko Herritarren Segurtasun Alorreko administrari-ofiziala.

5.2. Epaimahaia hautaprobak baino lehenago eratuko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa epaimahaiak adierazten duen egunean hasiko da; aurreikusia dago 2013ko irailean izatea. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen egintza berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Horren ondotik, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Barañaingo Herriko Etxeko iragarkien oholean eta Interneten, www.barañain.es helbidean.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa; 50 galdera teoriko-praktiko dituen galdetegi bat erantzun beharko da, eranskineko gai zerrendako gaien gainean. Galdera bakoitzean hiru aukera emanen dira, eta bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun baliozko bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du; erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren 0,25eko penalizazioa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere hiru ordu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: praktikoa; bi agiri idatzi beharko dira, biak gaztelaniaz eta euskaraz, epaimahaiaren jarraibideei zehatz-mehatz segituz. Ariketaren iraupena gehienez ere 2 ordu izanen da.

–Hirugarren ariketa: proba informatikoa, Word eta Excel programak aplikatuta.

–Laugarren ariketa: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiek deialdiko lanpostuetarako duten egokitasuna neurtzeko; Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko langileek baloratuko dituzte objektiboki.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 50 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

–Laugarren ariketa: 10 puntu gehienez.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

6.5. Ariketak pliken sistemaren bidez eginen dira, laugarren ariketa izan ezik, bere ezaugarriak direla eta.

6.6. Ariketa bakoitza burututakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin den lekuan eta Barañaingo Herriko Etxeko iragarki oholean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adieraziko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.barañain.es web orrian.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako kalifikazioekin, Barañaingo Herriko Etxeko iragarki oholean. Zerrenda hori Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barrenean sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditzen dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Delako zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.barañain.es web orrian.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioko lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde trenkatuko dira. Berdinketak iraunez gero, bigarren ariketan eta hirugarrenean eskuratzen den puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horretan, eta hura trenkatzen ez bada, jendaurreko zozketa eginen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batenak.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia edo diziplinako kaleratze bidez bidalia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aitzineko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, Barañaingo Udalak puntuazioen zerrendan, 7.1.atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Barañaingo Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, bertzeren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan ekarri beharko du.

8.–Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aitzineko oinarrian xedatu dena betetzen duten izangaiek, Barañaingo Udalak hartarako jartzen dien epean, aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo bertze batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditu dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aldean.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen duen erabakiaren bitartez, Barañaingo Udaleko funtzionario izendatuko dira aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie, administrari-ofizialen lanpostuan ari daitezen.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, indarra duten xedapenek Barañaingo Udalaren zerbitzuko funtzionarioendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Erranak erran, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: eskubide pasiboen araubide horretan babesturik jarraitzea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

9.4. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Barañaingo Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.5. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan bertze administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4 atalak agintzen duen gisan beteko da.

9.6. Aitzineko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Hautapen prozesuaren ondorioz sortzen diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak, 1. oinarriko 4. atalean ezarritakoak, Barañaingo Herriko Etxeko iragarkien oholean argitaratuko dira eta Interneten ere ikusten ahalko dira, www.barañain.es helbidean.

10.2. Lortutako puntuazioak erabakiko du zein den ordena administrari laguntzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendan.

11.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren eta bere oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, errekurtsoaren xedeko egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: …………….…..………….…………….., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: …….……. (edo balio bereko bertze agiriren bat), sorteguna: ……………………………, sorterria: ……...……………………… (..............), nazionalitatea: ............................................, egungo helbidea: ............................... (..............), karrika: ..............., posta kodea: ........, telefonoa:..............., laneko telefonoa:...............

Honako hau adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Barañaingo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko bi lanpostu, C mailakoak, oposizio bidez eta funtzionario moduan betetzeko (........ zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ............), adierazten den txandan (markatu bidezkoa dena):

–Txanda irekia.

–Txanda murriztua.

Hautapen probak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, deialdi honetan ezarriari jarraikiz.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela bereizia izan ezta diziplinako kaleratze bidez bidali ere ezein administrazio publikoren zerbitzutik eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

Euskararen C1 mailako ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):

–Euskararen C1 mailako ezagutza izatearen ziurtagiriaren kopia kautotua gehitzen diodala eskabide honi.

–Euskararen C1 mailako ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.

Eskabide honi erantsi diodala txanda murriztuan parte hartzeko ahalmena ematen dion ziurtagiria. (Ezabatu, bidezko ez bada).

Epaimahaiari baimena ematen diodala nire sakelako telefonora deitzeko hurrengo hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren ohartaraz diezadan.

Horiek horrela,

Eskaera hau ontzat har dezatela eta aipatu deialdian onar dezatela eskatzen du.

Barañainen, 2013ko............aren .....(e)an. (Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan. Konstituzio Auzitegia.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa: Nafarroako foru erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa.

3. gaia.–Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, euskarari buruzkoa.

4. gaia.–Barañaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

5. gaia.–Administrazio zuzenbidearen iturburuak: legeak eta lege motak. Erregelamendua eta erregelamendu ahalmena.

6. gaia.–Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta osagaiak.

7. gaia.–Administrazio egintza (II): Administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

8. gaia.–Administrazio agiriak: ofizioa, eskabidea, egiaztagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena.

9. gaia.–Administrazio prozedura erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera.

10. gaia.–Administrazio prozedura erkidea (II): administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

9. gaia.–429/1993 Errege Dekretua, martxoaren 26koa, Administrazio Publikoen Ondareko Erantzukizunaren Prozedura onesten duena. I. kapitulua: Aplikazio eremua. II. kapitulua: Prozedura orokorra.

12. gaia.–1398/1993 Errege Dekretua, abuztuaren 4koa, Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozedura onesten duena.

13. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. Titulua: Udalerria: Lehenbiziko kapitulua: lurraldea eta biztanleria: II. kapitulua: Antolaketa. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Lehenbiziko kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

14. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola. Bereziki Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

15. gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena. III. titulua: Toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Toki entitateen antolaketa osagarria.

16. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. I. titulua: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak: I. kapitulua: Baliabide motak. II. kapitulua: Ordainarazpen guztiendako xedapenak. IV. kapitulua: 7. atala Tasak.

17. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa. Atariko titulua, 2. kapitulua: Diru-laguntza publiko guztiendako xedapenak. I. titulua: Diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. Titulua: Diru-laguntzen itzulketa. IV. titulua: Diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

18. gaia.–35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. Udal planeamendua, plan motak. V. titulua: Administrazioaren esku hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina, hirigintzako lizentziak.

19. gaia.–6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (II): Administrazio publikoen kontratuak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak. Administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak.

20. gaia.–6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (III): Esleitzeko prozedurak. Publizitate arauak eta epeak. Esleipena, hobekuntza eta formalizazioa.

21.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Jabari publikoko ondasunen eta ondareko ondasunen erabilera eta aprobetxamendua.

22. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua (I): Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea.

23. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua (II): Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Lansariak.

24. gaia.–11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa. Atariko titulua: Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Lehen titulua: Herritarraren eskubidea Administrazio Publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko.

Iragarkiaren kodea: L1306083