95. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

577/2013 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Reina Sofia Ospitaleko Batzorde Tekniko-Asistentzialeko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egiten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak 83. artikuluan arautzen du zein izanen diren Tuterako Reina Sofia Ospitaleko Batzorde Tekniko-Asistentzialaren eginkizunak eta kideak.

Bestalde, Osasuneko kontseilariak martxoaren 21ean emandako 78/1996 Foru Aginduak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gobernu organoetako eta zerbitzuari atxikitako zentroetako eta organo zentraletako eta periferikoetako batzorde tekniko-asistenzialetako langileen ordezkariak hautatzeko araudia arautzen du. Azaroaren 28ko 154/1997 Foru Aginduak aldatu zuen hein batean foru agindu hori, batez ere Oinarrizko Osasun Laguntzako Batzorde Tekniko-Asistentzialerako hauteskunde prozedurari dagokionez; Osasuneko kontseilariaren azaroaren 7ko 125/2011 Foru Aginduak ere aldaketak egin zizkion.

Horrenbestez, uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduaren 2. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Reina Sofía Ospitaleko Batzorde Tekniko-Asistentzialerako hauteskundeetarako deialdia egitea. Uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, honako kide hauek hautatuko dira:

–Zerbitzuburuen, atalburuen eta bulegoburuen ordezkari bat.

–Fakultatibo espezialista albokoen bi ordezkari.

–Barruko Fakultatibo Egoiliarren ordezkari bat.

–Harreraren arduraduna.

–Elikaduraren arduraduna.

–Gizarte-laguntzaren arduraduna.

–Erizaintza Unitateko buruen ordezkari bat.

–Osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.

–Osasun arloko langile titulugabeen ordezkari bat.

Hauteskundeak martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduan xedatutakoak arautuko ditu, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 28ko 154/1997 Foru Aginduak eta azaroaren 7ko 125/2011 Foru Aginduak egindako aldaketekin.

2. Reina Sofía Ospitaleko Batzorde Tekniko-Asistentzialerako hauteskundeetarako deialdia argitaratzen den egunean, 08:00etan, hautaketa prozesua eta bozketa, hurrenez hurren, gainbegiratuko dituzten Hauteskunde Batzordeko eta Hauteskunde Mahaiko kideen jendaurreko zozketa egitea, eta behin-behineko hautesle-errolda argitaratzea Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren iragarki oholean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web orrian.

3. Juan Rábade Iraizoz jauna eta Ana Beamonte Aréjula andrea Hauteskunde Batzordearen mahaiburu eta ordezko mahaiburu izendatzea, hurrenez hurren.

4. Rosa Ferrer García andrea eta Marta Beamonte Aréjula andrea (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Juridikoaren Ataleko Administrazio Publikoaren teknikariak, arlo juridikokoak) Hauteskunde Batzordearen idazkari eta ordezko idazkari izendatzea, hurrenez hurren.

5. Martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduan aurreikusitakoari jarraikiz, Hauteskunde Mahai bat eratuko da, egoitza Reina Sofia Ospitalean izanen duena.

6. Martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduan, azaroaren 28ko 154/1997 Foru Aginduak emandako testuan, 15 artikuluan ezarritakoarekin bat, honako arau hauek onetsi dira bozketetarako:

a) Oro har, hautesleek Reina Sofía ospitalean bozkatuko dute, eta, horretarako, bertara joan beharko dute bozkatzeko eskubideaz baliatzera, Hauteskunde Batzordeak bozketarako ezartzen duen epean.

b) Reina Sofía Ospitaleko Batzorde Tekniko-Asistentzialean ordezkaturik dauden sektore edo langile-taldeen hautagaitzen boto-paperak ikusgai egonen dira aipatutako lantokian Hauteskunde Batzordeak bozketetarako ezartzen duen egunean.

c) Bozketa egiteko, hautesleak boto-papera gutun-azal batean sartuko du; ondoren, gutun-azala itxi eta nortasun agiri nazionalaren fotokopia batekin batera beste gutun-azal handiago batean sartuko du, eta gutun-azala itxi ondoren kasuan kasuko lantokiko bozketen arduradunari emanen dio. Gutun-azal handiaren kanpoaldean, hautesleak bozketarako dagokion sektorearen edo langile-taldearen izena idatziko du.

d) Bozketen arduradunak nork bozkatzen duen jasoko du sektore edo langile-taldeen arabera, eta eskatzen duenari, botoa eman izanaren ziurtagiria emanen dio.

e) Bozkatzeko epea bukatuta, Hauteskunde Mahaiak hautestontzi bakoitzean sektore edo langile-talde bakoitzerako sartutako botoak kontatuko ditu.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Reina Sofía Ospitaleko zuzendariari, Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Langileria Zerbitzuko buruari eta Rosa Ferrer García andreari eta Marta Beamonte Aréjula andreari, hots, Hauteskunde Batzordeko idazkariari eta ordezko idazkariari hurrenez hurren, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 15ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Ángel Sanz Barea.

Iragarkiaren kodea: F1307243