94. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2013 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, ijitoen gutxiengo etnikoa gizarteratzea eta sustatzea helburu duten proiektuak diruz laguntzeko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen arabera, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren arabera (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarteratzearen arlorako dauden bermatu gabeko prestazioen artean, gizarte-bazterketa egoeran daudenekin lan egiten duten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak daude.

Arau horretako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea du xede deialdi honek, gizartetik baztertuta dauden pertsonak gizarteratzeko arloan aritzen diren irabazi asmorik gabeko entitateentzat.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak, legezkoak.

Gizarte Politiketako Departamentuari dagokio, departamentu horren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatuaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte arloetan bereganatu dituen eskumenak gauzatzea.

Horrenbestez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko erakundeei gutxiengo etnikoak gizarteratzeko eta sustatzeko arloan diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I., II. eta III. eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

400.000,00

900003-91600-4819-231504: PFEZeko %0,7ko funtsa. Diru-laguntzak bazterketa sozialaren eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloetako erakundeendako

2013

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau igortzea Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko apirilaren 24an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

2013. urtean gizarteratzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Gizarte Politiketako Departamentuak 2013ko diru-laguntzetarako deialdia egiten du; horien bidez finantzatuko dira irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateek egiten dituzten gizarteratze proiektuak. Proiektu horiek helburu dute Nafarroan bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonen bizi baldintzak hobetzea, eta lagunduko dute txirotasunaren aurkako borrokan eta pertsona horien sustapenean eta autonomian.

2. Proiektuak hiru mota edo modalitatetakoak izan daitezke.

–A modalitatea: bazterketa sozialaren faktore ugari direla eta, egoera sozial bereziki ahulean dauden pertsonak gizarteratzeko proiektuak, eta/edo arlo horretako entitate sozialak koordinatzea eta sarean lan egitea sustatzeko proiektuak.

–B modalitatea: enplegagarritasunaren babesa, bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonen prestakuntzaren eta bestelako ekintza sozialen bidez, haien baldintza bereziengatik arlo horretarako dauden ohiko baliabideak erabili ezin dituztenean.

–C modalitatea: ijitoen gutxiengo etnikoa sustatzea, Nafarroako Ijitoei Arreta emateko I. Planaren barruko helburuak oinarri izanda.

3. Diru-laguntzen deialdi honetatik kanpo daude beste deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren proiektu eta jarduketak edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoak direnak. Berariaz baztertzen dira, halaber, kultur ekintzak eta aisialdikoak eta astialdikoak egitea eduki bakarra duten proiektuak.

Bigarrena.–Aurrekontu erabilgarria.

Helburu horretarako 400.000 euro erabiliko dira, 2013ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “PFEZeko %0,7ko funtsa. Diru-laguntzak bazterketa sozialaren eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloetako erakundeendako” izeneko 900003-91600-4819-231504 kontu-sailean eskuragarri baitago. Zenbateko osoa honela banatuko da hiru modalitateen artean:

–A modalitatea: 100.000 euro.

–B modalitatea: 200.000 euro

–C modalitatea: 100.000 euro.

Modalitateren batean kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: A modalitatea, B modalitatea eta C modalitatea.

Hirugarrena.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuraduna izateko, entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridikoa izatea, legez eraturik bere izaera juridikoarekin bat, eta inskribaturik egotea, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, Gizarte Politiketako Departamentuaren gizarte zerbitzuen eta berariazko baimenen erregistroan, edo jarduketaren inskripzioa bertan eskatua izatea, edo erregelamenduz dagokien erregistroan.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Estatutuetan berariaz jasota izatea esku-hartze soziala proiektuan eskatzen den modalitaterako.

d) Sozietatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

Laugarrena.–Proiektuen betekizunak.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluari lotzea.

b) Jarduerak 2013an egitea. 2013ko urtarrilaren 1etik deialdia ebazten denetik ondoko hilabetera bitartean has daitezke jarduerak.

c) 6. oinarriko zeharkako kostuak, hala balegokio diru-laguntzaren kargura aplikatuta eta aurrekontuan sartuta, ezin izanen dira haren %10etik gorakoak izan.

d) Gehienez ere 40.000 euro eman daitezke esku-hartze bakoitzeko A modalitatean, 60.000 euro B modalitatean eta 50.000 euro C modalitatean.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdiko epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Diru-laguntza hartzen ahal duten gastuak kontu-sail hauetakoak izaten ahal dira:

A.–Proiektuko jarduerak egiteko beharrezko gastu zuzenak:

a.1. Higigarrien alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, kostu zuzentzat soilik egozten ahal da jarduera horren zati proportzionala entitatearen jarduera guztien artean. Proportzio hori kalkulatzeko, azken bi urteetako jardueren memoriak har daitezke kontuan. Zehaztutako gastu arruntak bakarrik laguntzen ahal dira diruz kostu zuzenen moduan horretarako soilik erabiltzen den lokal batean egiten denean jarduera.

a.2. Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3. Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitatearen langileek egiten dituzten jardueren kasuan, beste eginkizun eta lan batzuk egiten dituztenean diruz lagundutako jarduerak ekarritakoez aparte, kostu zuzentzat soilik egozten ahal da jarduera horren zati proportzionala langile horiek egiten dituzten jarduketa guztien artean. Proportzio hori kalkulatzeko, azken bi urteetako jardueren memoriak har daitezke kontuan.

a.4. Ordaindutako praktikaldietako eskersariak, B modalitateko proiektuetan aintzat hartutakoak.

a.5. Bidaiak eta dietak. Langileen mugikortasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin ikusteko zuzena dutenean.

a.6. Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.

B.–Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak entitate onuradunaren funtzionamenduko gastu arruntak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

3. Finantza gastuak diruz laguntzen ahal dira baldin eta ikusteko zuzena badaukate diruz lagundutako jarduerarekin, hura egoki prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira eta bere jarduera ez eteteak hirugarrenen kaltetan ekartzen badu bankuko mailegua eskatzea. Gastu horiek gastu zuzenak izanen dira, eta diru-laguntzari soilik egozten ahal zaizkio haren lehendabiziko ordainketa egin arte sorrarazitako gastuak.

4. Ez dira inola ere diruz lagunduko ekipamenduak eta ondasun inbentariagarriak, protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.) eta amortizazioak; joan-etorrien gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate eskatzaile bakoitzak diruz laguntzeko eskaera bakarra aurkez dezake.

2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan. Gainera, eskabidea ez bada Gizarte Politiketako Departamentuaren Erregistroan aurkezten, entitate interesdunak egun berean jakinarazi beharko dio Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuari, telefaxaren bidez (948240108), eskaera igorri duela. Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo notariotzaren edo administrazioaren bidez kautotutako fotokopiak izan beharko dute):

A.–Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a.1. Entitatearen estatutuak.

a.2. Entitatea Gizarte Politiketako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan edo erregelamenduz dagokion beste erregistro batean inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo bestelako frogagiria.

a.3. Identifikazio fiskaleko txartela.

a.4. Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

a.5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

a.6. Nafarroako Gobernuak eta/edo Espainiako Zerga Agentziak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egindakoa, frogatzen duena tributu arloko betebeharrak eguneratuak dituela.

a.7. Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

a.8. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

a.9. Hala behar izanez gero, eta 14. oinarrian xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena.

B.–Dokumentazioa baloraziorako:

b.1. Proiektuen memoria inprimaki ofizialean, paperezko euskarrian eta informatikoan. Eredua Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web gunean (www.cfnavarra.es/Ayudas y Becas) eskuratzen ahalko da.

b.2. Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

2. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden datuak badira, ez da beharrezkoa izanen .1), a.2), a.3), a.7) eta a.8) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du agiri horiek ez aurkeztea, baina idatziz adierazi beharko du noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura amaitu zenetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, entitateek frogatutako antzinatasuna errespetatuko da, baldin eta aurkezteko nortasun juridikoa baizik aldatu ez badute, betiere hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.

Bederatzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua izanen da instrukzio organoa. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:

a) Eskaeran identifikazio datuak ez jasotzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak edo hutsak izatea.

c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo desbideratze horiei aurre egiteko.

d) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein kasu.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak bereiz eta bere aldetik baloratuko dira, bere modalitatearen arabera (1. oinarrian adieraziak), 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzarako eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 30 gutxienez II. eranskinaren B atalari lotutakoak izanen dira.

3. Diru-laguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.

4. Positiboki baloraturiko programetarako eskatu diren zenbateko guztiek modalitateren batean aurrekontuetan modalitate horretarako ezarritako dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera diru-laguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuan eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko erabiltzen ahal den zenbatekoa, diru-laguntza proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta horretarako 11. oinarriko 2. atalean aurreikusitako tramiteari jarraituko zaio.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzara egokitzeko. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenen ondorioz. Foru dekretu hori urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuak aldatu zuen.

2. Ebazpen horretan agertuko dira diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitzen zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazteko duen beharkizuna.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira diru-laguntzak, jarduera egin dela justifikatu ondoren 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Ordainketa partzialak egiten badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, gastuak eta kofinantzaketa –horrelakorik bada– justifikatu ondoren.

2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena emanez gero, ordainketa aurreratua egitea onar dezake organo laguntza-emaileak, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik eduki beharra justifikatzen baldin bada. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak agertuko baitira, ekitaldi horretako diruzaintzaren fluxua, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera ez geldiarazteko edo hasteko dirua izan beharra frogatuko duen edozein agiri.

3. Ordainketa aurreratua onartzen den kasuetan, honela eginen da: ebazpena sinatzearekin batera emandako guztiaren %25 ordainduko da. Bigarren ordainketa eta hurrengoak kasuan kasuko gastuak eta kofinantziazioa -halakorik balego- justifikatu ondoren eginen dira, proportzionalki betiere. Ordainketaren ondoren justifikatu gabeko zenbatekoak ezin izanen du inoiz emandako zenbatekoaren %25 gainditu.

Hamabosgarrena.–Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuan eskura daiteke, edo Nafarroako Ataritik behera ekarriz (www.cfnavarra.es).

2. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partzialak:

a.1. Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, ezarritako ereduaren araberakoa, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen (orduak, prezioa, parte-hartzaile kopurua, etab.) eta gastatutako diru-kopuruaren arabera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatzean.

Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.

a.2. Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, emailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu zen adieraziz. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, honako hauek adierazi beharko dira: jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, hartutako diru-laguntza justifikatzeko Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izanaren adierazgarri.

a.3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

a.4. Diru-laguntzaren bidez finantzaturiko langileen lan-kontratuak eta dagokien ikasketa tituluak, aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak ez baditu.

b) Azken txostena, ereduaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:

b.1. Txosten teknikoa proiektuaren betetze mailari buruz, eredu ofizialaren araberakoa, lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena gutxienez; horri guztiari egiaztatze-bideak erantsiko zaizkio.

b.2. Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen balantzea, kontzeptuen arabera sailkaturik.

b.3. Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketak egiteko oinarri honen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan.

b.4. Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratu dena adierazita.

b.5. Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatzen baita jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

b.6. Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan -edo justifikazio partzialetan, hala balegokio- diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Hala ez bada, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.

4. Diru-laguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala 2013ko abenduaren 3a baino lehen aurkeztuko da.

5. Azken txostena, beranduenez, 2014ko urtarrilaren 31n aurkeztu beharko da, egun hori barne.

Hamaseigarrena.–Hornitzaileak hautatzea eta azpikontratatzea.

1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratazen ahalko du diru-laguntzaren xede den jardueraren betetze partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

2. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu beharko du diru-laguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

3. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak laguntzako edo aholkularitzako enpresek zerbitzuak egiteko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, hura eman zuen organoaren aurrean frogatu behar dute hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabiliz hautatu dela. Horretarako, xede hori betetzeko gaitasuna duten hiru enpresari galdetu eta haiekin negoziatu beharko dituzte kontratuaren baldintzak, eta hura sinatu beharko dute eskaintzarik onuragarriena egin zuenarekin. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

4. Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea hartzen du bere baitan, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Diruz lagundutako entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 211/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orrokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

j) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

k) Entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute proiektuaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Proiektua aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, edo, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Hemezortzigarrena.–Ez betetzeak.

1. Proiektua gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako laguntza itzuli beharko da, osorik edo partez. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutzako interesa ordaintzeko eskatzea.

2. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

–Txostenak zenbat egunen ondoren aurkezten diren epetik kanpo.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari. Itzulketa eskatzekoprozedura 12 hilabeteko epean ebatziko da, hasten denetik kontatuta.

Hemeretzigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Ebazpenaren aurka (espresa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

II. eranskina

Gizarteratze proiektuak baloratzeko irizpide objektiboak

a) Bidezkotasun instituzionala (%20):

a.1. Oinarri soziala eta ezarpena Nafarroan (3 puntu bitarte).

a.2. Gaitasun finantzarioa (7 puntu bitarte).

a.3. Gaitasun operatiboa eta esperientzia gizarteratzearen arloan (10 puntu bitarte).

b) Proiektuaren kalitate teknikoa (%50).

b.1. Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia aztertzea (10 puntu bitarte).

b.2. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (5 puntu bitarte).

b.3. Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen analisia (10 puntu bitarte).

b.4. Bateragarritasuna eta koordinazioa aztertzea beste entitateekin eta baliabide sozialekin (10 puntu bitarte).

b.5. Onuradunen parte-hartzea aztertzea (10 puntu bitarte).

b.6. Efizientzia eta eraginkortasuna aztertzea aurreko urteetako jarduerek jarraitzen badute (5 puntu bitarte).

c) Egokitasuna III. eranskinean ezarritako lehentasunekin (%30).

III. eranskina

Lehentasunak A modalitaterako

a.1. Akonpainamendu sozial espezializatuko jarduerak, zerbitzu publikoek estali gabeak, hain zuzen ere prostituzioan aritzen diren pertsonei zuzenduak.

a.2. Bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonen parte-hartzea sustatzeko jarduerak gizarteratzeko lanerako ikastegietan.

a.3. Elkarteen sareen edo antzekoen funtzionamendua laguntzea, beren kide gehienak gizarteratzearen esparruan esku hartzen duten entitateak direnean.

Lehentasunak B modalitaterako

b.1. Trebetasun sozialak eta lan ohiturak eskuratzeko proiektu integralak, onuradunen gizarteratzeko eta laneratzeko ahalmenak hobetzen dituztenak.

b.2. Prestakuntzako jarduerak, onuradunen betebeharretara egokituak, onuradun horiek prestakuntzako ohiko eskaintzara erdiesten ez direnean haien kualifikazio profila dela eta.

b.3. Praktika ordainduak, gizarteratzeko eta laneratzeko akonpainamenduarekin.

Lehentasunak C modalitaterako

c.1. Hezkuntzako babesa eta laguntza adingabeentzat.

c.2. Harrera eta orientabideko programa.

Iruñean, 2013ko apirilaren 24an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1306147