94. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2013 EBAZPENA , apirilaren 29koa, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko buruak emana, kontseilu horrek 2013ko urtarrilaren 22an hartutako Erabakia aldatzen duena eta bertako akats bat zuzentzen duena. Erabaki horren bidez erakunde autonomoak zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuen tarifak eguneratu ziren.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 7.e) artikuluaren arabera, gizarte zerbitzuen hartzaileek “zerbitzuaren kostua finantzatzen lagundu behar dute, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean”.

Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak gizarte zerbitzuen hartzaileek prestazio bakoitzean izanen duten partaidetzaren araubidea ezartzen du. Hala, horietako batzuetan, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren eskumenekoak badira ere, koordainketaren araubidean eskaintzen zaizkio erabiltzaileari.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, erakunde autonomo horrek zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuak emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak eguneratu ziren urte honetarako.

Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzak prestatu duen txostenean proposatu du erabaki hartan aldaketa hauek egitea: a) Zentroak udako oporretako hilabete batez zerbitzua eteten badu, zerbitzuaren erabiltzailea ez da behartua egonen epe horren tarifa ordaintzera. b) Tarifa berezi bat ezartzea eguneko arreta emateko ezgaitasun fisikoa edo adimenekoa duten 21 urtetik beherakoei hezkuntza arreta ematen duten zentroetan. Pertsona horiei ez zaizkie aplikatuko Erabakiaren 5.2 atalean ezarritako salbuespenak eta hobariak. c) Pertsona bakarreko familia unitateen kasuan, erabiltzaileak askatasunez erabiltzeko kopurua Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa adinakoa izanen da.

Era berean, 2013ko urtarrilaren 22ko Erabakian akats bat harrapatu da, larrialdiko telefono zerbitzuaren erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifari dagokionez, eta zuzendu beharra dago.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluak agentzi horren Gobernu Kontseiluari esleitzen dio sistema publikoko zentroak eta zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea.

Estatutuen 7.b) artikuluak ahalmena ematen dio Gobernu Kontseiluko buruari beharrezkoak diren ebazpenak eta probidentziak emateko presako egoeretan, eta horien berri Gobernu Kontseiluari eman beharko dio, egiten den lehen bilkuran.

Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 114. artikuluan ezarrita dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde autonomoen jardunari Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan administrazio prozedura arautzen duen legedian biltzen diren arauak aplikatuko zaizkiola.

Ildo horretan, abenduaren 3ko 15/1994 Foru Legearen 55.1 artikuluan adierazten da administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko eta egitatezkoak zuzentzea haiek eman dituen organoari dagokiola.

Artikulu beraren bigarren idatz-zatiak xedatzen du akats zuzenketan aipatu beharko direla zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, aginduz jakinarazi edo argitaratu beharko dela zuzenketa.

Horrenbestez, eta Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutuek emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko (gaur egun Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia da) Gobernu Batzordeak 1997ko ekainaren 18an hartutako Erabakiaren 4. eta 5. artikuluak aldatzen dituen 2013ko urtarrilaren 22ko Erabakiaren 1. puntua aldatzea, ebazpen honen eranskinean azaltzen den bezala. Erabaki horren bidez, erakunde autonomoak zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuak emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak onetsi ziren.

2. Erabaki horren 4. artikuluko 4 a) puntuan harrapatutako akatsa zuzentzea, honela:

Honela dioen tokian: “Larrialdietarako telefono zerbitzua: 6,59 euro hilean.

Honela behar du:

Larrialdietarako telefono zerbitzua:

Mendekotasun egoera aitortua duten pertsona onuradunak: 6,4 euro hilean, gehi KPIa.

Mendekotasun egoera aitortua ez duten pertsona onuradunak: 7,3 euro hilean.

3. Ebazpen honen bidez onetsitako tarifek, salbuespenek eta hobariek eta aplikazio arauek 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.

4. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluari ebazpen honen berri ematea, hark egiten duen lehenengo bilkura arruntean.

5. Ebazpen hau Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2013ko apirilaren 29an.–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko idazkaria, José Antonio Marañón Oricain.

Iragarkiaren kodea: F1306777