94. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

166E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Uharte Arakilgo udal mugapean aluminiozko alanbrea produzitzeko instalazio baterako. Jardueraren titularra Uhalrod, S.L. da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 2.5.b) epigrafean sarturik dago: “Burdinazkoak ez diren metalak galdatzeko instalazioak, aleazioa barne, baita berreskuratze produktuak ere (fintzea, galdaketan moldatzea), egunean 4 tona baino gehiago galdatzeko ahalmena dutenak, berunaren eta kadmioaren kasuan, edo 20 tona baino gehiago, gainerako metalen kasuan”. Beraz, Ingurumen baimen integratua eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar dute nahitaez. Erregelamendu hura abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Halaber, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.5.b) epigrafean sarturik dago, “Burdinazkoak ez diren metalak galdatzeko instalazioak, aleazioa barne, baita berreskuratze produktuak ere (fintzea, galdaketan moldatzea), egunean 4 tona baino gehiago galdatzeko ahalmena dutenak, berunaren eta kadmioaren kasuan, edo 20 tona baino gehiago, gainerako metalen kasuan” izenekoan; eta Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. taldeko f) atalean ere bai.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi ziren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Gainera, industria emisioei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/UE Zuzentarauan ezarritako xedapen eta baldintza berriak erantsi dira, zuzentarau horrek zenbait aldaketa sartu baititu kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko araudian. Hartara, bete egiten da zuzentarau horren 80. artikuluan xedatua.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen V. eranskinean dago.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku uzten dira indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Ingurumen baimen integratua ematea Uharte Arakilgo udal mugapean aluminiozko alanbrea fabrikatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra Uhalrod, S.L. da.

Bigarrena.–Instalazio hori berritik ezartzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 0001-0038-2012-000011 espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatzea, eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Laugarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bosgarrena.–Instalazioa hondakin arriskutsuen ekoizleen erregistroan inskribatzea 15G04123090012013, 15P01123090012013 erregistro zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen sorreran egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Seigarrena.–Instalazioa hondakin ez arriskutsuen kudeatzaileen erregistroan inskribatzea 15G04123090012013, 15P01123090012013 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakin arriskurik gabeak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi egin behar dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Zazpigarrena.–Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, baita ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoaren arabera ere. Aipatu erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Hamargarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Uhalrod, S.L.ri, Uharte Arakilgo Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1306677