94. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

192/2013 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Etxarri Aranazko (Nafarroa) hondakin uren hustubidearen berrikuntza” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 100/2013 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Aipatu epean alegazio bakarra jaso da. Hona hemen alegazioa eta erantzuna:

1.–Feliciana Lizarraga Igoa andrea.

Bi aukera proposatzen ditu egin gogo den kolektorearen trazadura aldatzeko, bere finkaren aprobetxamenduan egiten den kaltea ahalik eta txikiena izan dadin.

Alegazioari erantzuteko, adierazi behar da, bi alternatibak aztertuta, “1. aukera” izeneko alternatiba onartu dela, hau da, putzu berri bat egitea finka ondoko bidean, herriko ekialdeko isurketa konektatzeko, eta P3 erregistroko putzua mugara eramatea, finkaren barrenean. Puntu horretatik eraikiko da hustubidea ibairaino, erantsi den planoaren arabera.

Hauek dira behin betiko ukipenak:

185 ml-ko hodia, 555 m²-ko bide-zorra duena. 5.259 m² okupatu beharko dira aldi baterako, baita 3 erregistro putzuren instalazioa ere, 6 m² okupatzen baitituzte guztira.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Etxarri Aranazko (Nafarroa) hondakin uren hustubidearen berrikuntza” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, eta aurkeztutako alegazioa ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Etxarri Aranazko Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Etxarri Aranazko Udalari eta alegatzaileari jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2013ko apirilaren 23an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Francisco Pérez Arregui.

Iragarkiaren kodea: F1306045