94. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186/E EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoaren eta kanpoko TZaren proiekturako, Ribaforadako 3. poligonoko 532. lurzatian dagoen aisiarako hipikako ustiategia elektrizitatez hornitzeko. Sustatzailea Montajes Eléctricos Tudelanos da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako instalazioaren xedea da banaketarako 13,2 kV-eko aireko linea bat eta kanpoko transformazio zentro bat, 50 kVA-koa, egitea, Ribaforadako 3. poligonoko 532. lurzatia elektrizitatez hornitzeko, bertan aisiarako hipikako ustiategia jarri nahi dutelako.

Aireko linearen luzera, guztira, 233 metrokoa izanen da, hiru tartetan banatuta; Iberdrola de Distribución Eléctrica, S.A.U.ren 13,2 kV-eko banaketa linearen 5307. euskarrian hasi eta aipatutako lurzatiaren inguruan amaituko da (Ribaforadako 3. poligonoko 532. lurzatia).

Ribaforadako Udalaren txostena dago, espedientearen aldekoa, betiere bi baldintza hauek betez gero: zutoinek ez dutela traba izan behar nekazaritzako makinak ongi pasatzeko, eta bigarren zutoinak bidean dagoen ezponda errespetatu behar duela.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen, baldintza batzuekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoaren eta kanpoko TZaren proiekturako, Ribaforadako 3. poligonoko 532. lurzatian dagoen aisirako hipikako ustiategia elektrizitatez hornitzeko. Sustatzailea Montajes Eléctricos Tudelanos da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

–Elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira deribazio zubiak, lineako eroaleen eta XS zirkuitu-etengailuen arteko lotura zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta loturako botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak eta terminalak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira. Lotzeko katea guztietan erabiltzen diren isolagailuak aurkeztutako dokumentazioak aipatzen den eredukoak izanen dira.

–Linearen euskarriek bide publikoen zortasun eremua errespetatu beharko dute, eta horien kanpoko ertzetik hiru metrora kokatu beharko dira, gutxienez.

Aipatutako guztia, eskaera beste organo edo administrazio batzuek baimendu beharra ukatu gabe, betiere.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ribaforadako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1306840