92. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104/2013 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautzen dituena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako eginkizunak eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak E eranskineko 2 puntuko g letran ditu sartuta gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa.

Halaber, Animalia basatiak parke zoologikoetan edukitzeari buruzko 1999ko martxoaren 29ko 1999/22/eE Zuzentarauak ezartzen ditu, oro har, haiek baimentzeko baldintzak, helburua izanik basa fauna babestea eta biodibertsitateari heltzea.

Uztailaren 3ko 1082/2009 Errege Dekretuak ezartzen ditu animalien osasunari buruzko baldintzak ehiza ustiapenetako, kontinenteko akuikulturako eta gune zoologikoetako animaliak mugitzeko, baita basa faunako animaliak ere.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak, xedapen orokorretan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari esleitzen dizkio, besteak beste, gune zoologikoen baimenari, sailkapenari, erregistroari eta kontrol zoosanitarioari buruzko eskumenak.

Gune zoologikoek, izan ditzaketen animalien motarengatik, ezaugarri bereiziak dauzkate abeltzaintzako ustiategien aldean; horrenbestez, lehenago adierazitako xedapenekin bat, beharrezkoa da haiek baimentzeko baldintzak ezartzea, baita mantentzeko konplitu behar dituzten betekizunak ere.

Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak, 17. artikulutik 19.era bitarte, ezartzen du gutxienez zer baldintza bete behar dituzten laguntzako animaliak aldi baterako mantentzeko instalazioek, haztegiek eta animaliak saltzeko establezimenduek.

Apirilaren 29ko 196/1996 Foru Dekretuak esleitu zion garaiko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari laguntzako animaliak hazi edo saltzeko instalazioen eta laguntzako animaliak aldi baterako mantentzeko establezimendu edo instalazioen erregistro eta kontrolerako eskumena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak, 17. artikuluan, esleitu dio Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalari laguntzako animaliak hazi, saldu eta mantentzeko establezimenduen erregistrorako eskumena.

Hutsune bat dago araudian establezimendu horiek bete beharreko berariazko baldintzei dagokienez; hartara, komeni da arautzea zein diren bete beharreko gutxieneko baldintzak, baita erregistroa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa arautzea ere.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua eta Abeltzaintza Zerbitzua departamentu berean daudenez gero, egokia da, eraginkortasunaren ikuspuntutik, batu eta barrutik antolatzea gune zoologikoei eta laguntzako animalien establezimenduei dagozkien eskumenak, lehenago aipatutako araudiaren bidez Nekazaritza eta Abeltzaintzako Departamentuari eta Ingurumeneko Departamentuari esleitu zitzaienak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2002ko urriaren 28ko Foru Aginduak gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautu zituen eta Nafarroako gune zoologikoen erregistroa sortu zuen. Bidezkoa da gune zoologikoen baldintza horiek eguneratzea eta erregistro hori zabaltzea laguntzako animalien establezimenduekin.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Nafarroako Foru Komunitatean jarduten duten gune zoologikoen baimenak, erregistroak eta kontrolak foru agindu honen artikuluetan eta eranskinetan xedatutakoari jarraituko diote. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuaren menpe egonen da erregistroa.

2. Foru agindu honi jarraituko diote ugaltzeko eta ekoizteko jarduerek eta gune zoologiko horietako animaliekin egin beharreko osasun ekintzek, ukatu gabe Espainia mailan edo Europa mailan indarra duten erregelamenduzko berariazko beste arau batzuk.

2. artikulua. Definizioak.

–Espezie katalogatuak: babes bereziko araubidean dauden basa espezieen zerrendan edo Espezie mehatxatuko Espainiako katalogoan dauden espezieak, Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen 53. eta 55. artikuluetan ezarri bezala.

–Espezie autoktonoak: Nafarroako Foru Komunitateko ekosistemetan era basatian bizi eta ohiko era naturalean ugaltzen direnak, lurralde hori bere banaketa naturaleko eremua edo migraziokoa izanda, negupasan daudenak edo handik igarotzen direnak barne, bai eta, aurreko egoeretako batean egonda, egun Nafarroan galdu direnak ere.

–Espezie aloktonoak: autoktonoak ez diren espezieak.

–Etxeko fauna: gizakiak laguntzarako dauzkan espezieetako animaliak, edo baliabideak eskuratzeko, zamarako edo nekazaritzan erabiltzeko hazten diren espezieetakoak.

–Basa espezieak: etxekoak ez direnak.

–Ehizako espezieak: debekualdiei buruzko urteroko xedapen orokorrean ehizako espezie izendatutako basa animalien espezieak, subespezieak eta populazioak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Gizakiak abeltzaintzarako ez diren animaliak edukitzeko erabiltzen dituen gune edo zentro guztiak, ondoko ezaugarrietakoren bat betetzen badute, gune zoologikotzat hartuko dira foru agindu honen ondorioetarako:

a) 3 hilabetetik gorako 10 zakur edo katu baino gehiago dituztenak.

b) 50 hegazti baino gehiago dituztenak.

c) 25 ugaztun baino gehiago dituztenak.

d) Edozein espezietako animaliak izanda, haien kopuruarengatik edo izaerarengatik, haien babeserako eta ongizaterako arriskua ekartzen dutenak, edo osasunaren edo ingurumenaren arloko arriskua hirugarrenei ekartzen dietenak, bilduma edo talde zoologikotzat jotzen baditu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen organoak.

2. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean, animaliak edukitze horiek laguntzako animalien edukitze partikularra izanen da, eta ez da gune zoologiko bezala erregistratu behar.

3. Aurrekoa gorabehera, animalien multzo batek ez baditu gutxieneko kopuru horiek erdiesten eta foru agindu honetako baldintzak betetzen baditu, erregistratu daiteke, foru agindu honen 16. artikuluan deskribatutako betekizunak borondatez bere gain hartuta.

4. artikulua. Gune zoologikoen sailkapena.

Foru agindu honen ondorioetarako, honela sailkatzen dira gune zoologikoak:

a) Haztegiak: halakoak izanen dira animaliak haztea eta ugaltzea helburu nagusitzat dituzten establezimenduak.

b) Salmentako establezimenduak: halakoak izanen dira animalien trukaketa komertziala helburu nagusitzat duten establezimenduak, kalez kaleko salmentakoak barne.

c) Laguntzako animaliak mantentzeko establezimenduak: bizilekuak, hezteko eskolak eta laguntzako etxeko animaliak mantentzeko sortutako gainerako instalazioak, 3. artikuluko mugak gainditzen dituztenak.

d) Bilduma zoologikoak: aurreko epigrafeetan jasotzen ez diren gune zoologikoak. Horren barnean daude parke edo lorategi zoologikoak, zoosafariak eta erreserba zoologikoak edo animalien bankuak, bilduma zoologiko pribatuak eta bestelako taldekatze zoologikoak, helburuak izanda zientifikoak, kulturalak, jostaketakoak, merkataritzakoak, ugaltzekoak, berreskurapenekoak eta kontserbaziokoak.

5. artikulua. Animaliak edukitzea.

1. Animaliak edukitzean, bai norberak laguntzako animaliak dituenean bai gune zoologikoei dagokienez, xedapen zoosanitarioak bete beharko dira, oro har Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak edo osasuna mantentzeko eskumena duten beste administrazio batzuek eskatzen dituztenak.

2. Debeku da, berariaz baimendu ezean, espezie autoktonoko animaliak edukitzea, ehizakoak barne, gune zoologikoetan nahiz norberaren esparruan.

3. Animalien jatorria egiaztatzeak haiek edukitzea baimentzea ekartzen du, foru agindu honetako gainerako baldintzak edo beste arau aplikagarrietakoak betetzen ez diren bitartean.

4. Ez da baimenduko gizakiak edukitako animaliak natur ingurunean askatzea, non ez duen agintaritza eskudunak berariaz baimentzen.

6. artikulua. Bilduma zoologikoak.

1. Instalazio horiek beteko dituzte foru agindu honen I. eta II. eranskinetan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak.

2. Halaber, kasuan kasuko jarduera sailkatuaren lizentzia edo kasuan kasuko ingurumen baimena eduki behar dute, eta Nafarroako gune zoologikoen erregistroan egonen dira erregistraturik.

7. artikulua. Haztegiak, salmentarako establezimenduak eta laguntzako animaliak mantentzeko establezimenduak.

1. Establezimendu horiek beteko dituzte foru agindu honen III. eta IV. eranskinetan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak.

2. Kasuan kasuko jarduera sailkatuaren lizentzia edo kasuan kasuko ingurumen baimena eduki behar dute, eta Nafarroako gune zoologikoen erregistroan egonen dira erregistraturik.

8. artikulua. Nafarroako gune zoologikoen erregistroa.

Aldatu egiten da gune zoologikoen erregistroa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2002ko urriaren 28ko Foru Aginduaren bidez onetsia, erregistroan erantsiko baitira laguntzako animalien establezimenduak, 4. artikuluan zehaztuak. Erregistro hori Abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorrean sartzen da (Abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezartzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarria). Haren kudeaketa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari esleitzen zaio.

9. artikulua. Erregistroan inskribatzeko eskaera.

Nafarroako gune zoologikoen erregistroan inskribatzeko eskaerak instalazioaren edo establezimenduaren titularrak edo bere legezko ordezkariak aurkeztuko ditu, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura zuzendua. Hona hemen aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Izena edo sozietatearen izena.

b) Ondoko datuak dauzkan dokumentazioa: kokapenaren memoria deskriptiboa, planoak edo krokisa, okupatzen dituen poligonoa eta luzatiak aipatuta, baita eraikuntzen, instalazioen, gelen eta sarbideen banaketa eta dauzkan baliabide materialak eta ezaugarri teknikoak ere.

c) Txosten teknikoa, foru agindu honen 6. eta 7. artikuluetan zehaztutako baldintza zoosanitarioak aipatuta, baita establezimendua edo gune zoologikoa osatuko duten animalien kopurua eta espezien zerrenda ere. Espezie autoktonoko animaliak edukitzen baditu, haien jatorriaren frogagiriak aurkeztu beharko ditu, 5. artikuluan aurreikusi bezala.

d) Albaitaritza laguntzako zerbitzu baten eskuragarritasun tekniko-sanitarioaren egiaztagiria.

e) Jarduera sailkatuaren lizentzia edo ingurumen baimena, kasuan kasukoa, jardueraren tamainaren arabera.

10. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Erregistroan gune zoologikoak inskribatzea jakinaraziko da Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez, Abeltzaintza Zerbitzuak eta, hala balegokio, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak, gune zoologikoan zer espezie mota dagoen, txostena egin ondoan aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta instalazioetan kontrol bisita eginda.

11. artikulua. Osasun tratamenduko liburua.

Laguntzako animalien establezimenduek osasun tratamenduko liburu bat eduki behar dute, non txertaketak eta osasun tratamenduak idatziko baitira, banakakoak zein orokorrak, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat.

12. artikulua. Erregistro liburua.

Gune zoologikoek erregistro liburu bat eduki behar dute, une oro agintaritza eskudunaren esku egonen dena. Bertan, honako hau jasoko da:

a) Eskuratutako animalien sarrera edo alta data eta jatorria, zein espezietakoak diren eta haien zenbakia zehaztuta, eta, halakorik balego, norberaren edo taldearen identifikazioa ere bai.

b) Animalien irteeren edo bajen oharra, zehaztuta zein egunetan egin ziren eta animalia eskuratu zuenaren datu pertsonalak. Irteera erregistroa eramatetik salbuetsita daude partikularrei edo azken kontsumitzaileei txikizkako salmenta egiten dieten establezimenduak, salmenta horretako espeziak autoktonoak ez direnean.

c) CITES agiriaren zenbakia, CITES eranskinetan sartuta dauden animalien kasuan.

d) Osasun dokumentazioaren kopia edo gordekina, eta mugimenduak baimentzen dituzten gidenak eta animalien legezko erosketa babesten duen Espainiako edo nazioarteko dokumentazioenak.

13. artikulua. Abeltzaintzako etxeko espezieen animaliak.

1. Gune zoologikoan abeltzaintzako etxeko espezieen animaliak baldin badaude, horiek aplikatu beharreko araudiei jarraituko diete, animaliak identifikatzeko arloan, animalien osasunaren arloan, animalien ongizatearen arloan eta unean-unean jarraitu beharreko beste edozein arlotan.

2. Gaixotasunik zabaldu ez dadin, gune zoologikoko animaliak ezin izanen dira abeltzaintzako ustiapenetan berriz sartu, eta ezin izanen dira herrilarreetara eraman, non ez duen berariaz baimentzen Abeltzaintza Zerbitzuak.

14. artikulua. Jarraipen txostena.

Gune zoologikoaren ardura duen albaitariak urte bakoitzeko urtarrilean txosten bat igorriko dio Abeltzaintza Zerbitzuari, non jasoko baitira hautemandako eritasunak eta prebenitzeko eta sendatzeko egindako tratamenduak, bai eta animalien gobernua egokia ote den beren betebehar fisiologiko eta etologikoetarako ere. Hori guztia ukatu gabe segituan jakinarazi behar zaiela Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko albaitaritza zerbitzu ofizialei hautematen den edozein eritasun larri, indarreko araudian kontsideratzen bada nahitaez jakinarazi behar dela.

15. artikulua. Egiaztapena eta ikuskapenak.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eginen dituzte foru agindu honetan eskatutako baldintzen egiaztapena eta ezarrita dauden edo ezar daitezkeen beste guztiena, baita osasun programen ikuskapena eta kontrola ere. Ondorio horietarako, zerbitzu horietako langileei, behar bezala kreditatuta daudenean, erraztuko zaie animalien ustiapenarekin ikusteko duten tokietan sartzea eta nahitaezko erregistro liburuetan begiratzea, ikuskatzeko eginkizunak une oro erraztuz.

2. Agintaritza eskudunak establezimendu horiek kontrolatzeko plan bat onetsiko du, non ezarriko baitira arrisku irizpideak eta gutxienez egin beharreko kontrolak.

16. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Gune zoologikoen titularrek betebehar hauek dituzte:

a) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea jardueraren edozein aldaketa (handitzea, lekuz aldatzea, titulartasuna aldatzea edo jarduketa uztea), animalien testuinguru higieniko-sanitarioaren aldaketak eta guneko albaitari arduradunaren aldaketa.

b) Jarduerak garatzea espezien kontserbazioa errespetatzen den esparru batean, haien ezaugarriekin bat eta araudi aplikagarrian aurreikusitakoa betez, animalien tratuari eta betebeharrei dagokienez, halako eran non arrazoizko ongizatea ematen baitzaie, haiek erabiltzearekin bateragarria izanik.

c) Animaliak higiene eta osasun baldintza egokietan mantentzea, osasun arloan aplikatu beharreko araudia betez, eta albaitaritzako aginduzko tratamendu guztiak egitea, baita helburu horretarako beharrezkoak diren ekintza guztiak ere.

d) Saihestea, ahal dela, gune zoologikoko animaliek eragoztea pertsonen eskubidea lasaitasunerako, segurtasunerako, osasungarritasunerako eta ingurumenerako.

e) Administrazioak egin ditzakeen kontrol administratiboetan zein ikuskapenetan laguntzea, eskatzen diren datuak emanez eta, beharrezkoa denean, instalazio eta lokaletara sartzea eta dokumentazioa begiratzea erraztuz.

17. artikulua. Zehapen araubidea.

Foru agindu honetan xedatua betetzen ez denean, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean ezarritakoarekin bat zehatuko da.

Lehen xedapen iragankorra.–Gune zoologikoak erregularizatzea.

1. Foru agindu honek indarra hartzean existitzen diren gune zoologikoek erregistroan inskribatzeko eskatu behar dute, eta, horretarako, 9. artikuluko dokumentazioa aurkeztu behar dute 12 hilabeteko epean gehienez ere. Epe horretan erregistratzen ez den establezimendua gune zoologiko berritzat hartuko da erregistroaren ondorioetarako, eta foru agindu honetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

2. Erregistratuta dauden instalazioek 12 hilabeteko epea dute, arau hau argitaratzen denetik hasita, instalazioei, gobernuari eta funtzionamenduari buruzko baldintzak betetzeko. Kokapenaren baldintzei dagokienez, egokitu ezin badira, gehienez ere 10 urtean jarrai dezakete funtzionamenduan.

Bigarren xedapen iragankorra.–Baimenik gabeko ehizako basa fauna erregularizatzea.

1. Foru agindu honek indarra hartzean ehizako basa faunako animaliak baimenik gabe dauzkaten pertsona fisikoek edo juridikoek egoera hori jakinarazi beharko diote Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari sei hilabeteko epean. Jakinarazpen horretan pertsonaren datuak jasoko dira (izena, deiturak, nortasun agiri nazionala, helbidea eta telefonoa), bai eta zein den animalia horren espeziea eta zein diren arrazoiak eta inguruabarrak animalia etorkizunean edukitzeko tokiari buruz.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, aurkeztutako arrazoiak, osasun arriskuak eta interesgarri juzgatzen dituen beste inguruabar aintzat hartuta, erabaki dezake animalia konfiskatzea, hiltegira bidaltzea, “in situ” akabatzea edo gordailuan uztea hura mantentzen duen pertsonaren erantzukizunpean. Kasu horretan, arduradunak bermatu behar du bere zaintzapeko animaliak betetzen duela Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, eta haren kargura izanen dira jarduketa horrek ekartzen dituen gastuak.

3. Sei hilabeteko epea iraganda, ehizako animaliak edukitzeko osasun dokumentaziorik eta baimenik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen ehizako animaliei atxikiko zaie, eta, hala balegokie, isolatu eginen dira, eritasun infekzioso-kutsagarri edo parasitarioa balute bezala, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean ezarri bezala. Animalia horiek konfiskatu daitezke, baita hiltegira bidali edo “in situ” akabatu ere. Animalia horiek gobernatzeak ekarritako gastuak animaliei atxikitzean haien arduraduna den pertsonaren kargura izanen dira.

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe uzten da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2002ko urriaren 28ko Foru Agindua, gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautu eta Nafarroako gune zoologikoen erregistroa sortu zuena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko apirilaren 12an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINAK

ERANSKINAREN KODEA

IZENA

I. eranskina

Bilduma zoologikoen gutxieneko betekizunak

II. eranskina

Bilduma zoologikoko instalazioen distantziak

III. eranskina

Laguntzako animaliak mantentzeko instalazioak. Haztegiak eta animaliak saltzeko establezimenduak

IV. eranskina

Haztegien eta laguntzako animaliak mantentzeko instalazioen distantziak

I. ERANSKINA

Bilduma zoologikoen gutxieneko betekizunak

Bilduma zoologikoek ondoko betekizunak konplitu behar dituzte, ukatu gabe aplikagarri dituzten gainerako xedapenak:

1. Kokapenari buruzkoak:

a) Establezimendu horiek distantziak errespetatu behar dituzte II. eranskinean ezarritako beste elementuetatik.

2. Instalazioei buruzkoak:

a) Isolamendu egokiko kokapena, kanpoko animaliak sartzea eta gune zoologikoko animaliak ateratzea galarazteko.

b) Eraikuntzek, instalazioek eta ekipoek giro higienikoa emanen dute, animaliak arriskuetatik babestuko dituzte eta ekintza zoosanitarioak erraztuko dituzte.

c) Instalazioek eta gobernuak espeziearen portaera naturala eta animaliaren ongizatea ekarriko dituzte. Animalia bakoitzaren gutxieneko azalera, aurreikusitako alojamendua edozein delarik ere, 0,10 metro koadrokoa izanen da pisu biziko kilogramo bakoitzeko. Kanidoen eta felidoen kasuan, pisua 10 kilogramotik beherakoa bada, 0,20 metro koadrokoa izanen da pisu biziko kilogramo bakoitzeko. Kaiolan mantentzen bada, esparruko altuera izanen da, gutxienez, animaliaren altuera bider 1,5. Neurri horiek handiagoak izan daitezke hala behar bada animaliaren ohiko portaeragatik.

d) Alojamenduko lokalen giroa. Animaliak aire zabalean badaude lokaletan, azalera estali bat eduki beharko dute, haien kabuz sartzeko, eguraldi txarretik babesteko, baita eguzkiak edo haizeak zuzenean jotzen duenean ere. Animaliak eraikuntzen barrenean badaude, aireberritze egokia bermatzen duten sistemak eduki behar dituzte. Leihorik ez duten lokaletan, argiztapen sistema bat paratu beharko da, animalia espezie bakoitzaren betebehar biologikoak asetzeko.

e) Edateko ura izatea. Uraz eta elikagaiez hornitzeko ekipoak egokituko dira espezie bakoitzaren betebeharretara.

f) Barruti, lokal edo kaiolak garbitzen eta desinfektatzen errazak, animaliak isolatu, bahitu eta behatzeko, errazago identifikatu eta kontrolatu ditzaten, balizko eritasunen kasuan.

3. Gobernuari eta funtzionamenduari buruz:

a) Erregistroa eramatea bertan sartzen diren animalia bakoitzaren datuekin eta jabearen edo arduradunaren datuekin. Erregistro hori eskumena duten administrazio publikoen eskura egonen da, haiek hala eskatzen dutenetan. Erregistroak honako hau jasoko du gutxienez: azalpen osoa, txertaketaren eta desparasitazioaren ziurtagiria eta osasun egoera bertan utzi zen momentuan, bi alderdien idatzitako adostasunarekin.

b) Animaliek janari egokia izanen dute, behar adina, baita ura, lo egiteko tokia eta langile trebatuak ere haiek zaintzeko.

c) Albaitaritzako arreta izanen dute, bertako animalien egoera fisikoa eta jasotzen duten tratamendua ikuskatzeko ardura izanen duena. Sartzen den momentuan irizpena emanen da animaliaren osasun egoerari buruz.

d) Zentroko arduradunak edo jabeak begiratu beharko du animaliak egoera berrira egokitzen direla, elikadura egokia jasotzen dutela eta kalterik ekar diezaiekeen egoerarik gerta ez dakiela, kasu bakoitzean beharrezko neurriak hartuz.

e) Gorotzak eta hondakin urak kentzeko bide eraginkorra izatea; horretarako, haiek kentzeko edo kudeatzeko plana aurkeztuko du.

f) Animalien gorpuak higienearekin suntsitu edo deuseztatzeko bide baimendua izatea.

g) Animalien higiene, profilaxi eta gobernurako programa zehatza izatea.

h) Gune zoologikoan animalia haragijaleak daudenean, haiek elikatzeko haragia eta erraiak ekarri beharko dira animaliak hil eta prestatzeko eta produktu horiek merkaturatzeko baimena duten zentroetatik.

i) Espezie autoktonoko animaliek banan-banan markatzeko sistema aldaezin bat izanen dute, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

Hegaztiak: eraztunetan oinarrituta. Hala identifikatu beharko dituzte adinean 30. eguna egiten dutenetik aurrera, harraparien kasuan izan ezik, epe hori 45. egunera luzatuko baita.

Ugaztunak: mikrotxipean oinarrituta. Untxiak eta erbiak salbuesten dira.

Gainerako fauna taldeak: agintaritza eskudunak ezartzen duena.

II. ERANSKINA

Bilduma zoologikoko instalazioen distantziak

Ondoko osasun distantziak beteko dira, indarra duen udaleko, Nafarroako edo Espainiako gainerako araudian erregulatutakoez gainera.

DISTANTZIAK HONETATIK

5 AzLUra edo
BALIOKIDERA
BITARTE

5 AzLUtik edo
BALIOKIDETIK
GORA

1.–Bizilagunak dituzten etxebizitzetatik, 1.000 biztanle bitarteko herriguneetan daudenean

15 metro

30 metro

2.–Bizilagunak dituzten etxebizitzetatik, 1.000 biztanle baino gehiagoko herriguneetan daudenean

25 metro

50 metro

3.–Bizilagunak dituen etxebizitza bakartu batetik

10 metro

20 metro

4.–Eranskin honetan aintzat hartu ez diren beste elementu batzuetatik

Ingurumenari buruzko araudian edo indarra duten beste batzuetan ezarritakoak

AzLU: azienda larriko unitatea, behi edo zaldi heldu baten baliokidea.

III. ERANSKINA

Laguntzako animaliak mantentzeko instalazioak.
Haztegiak eta animaliak saltzeko establezimenduak

Laguntzako animaliak mantentzeko instalazioak.

Animalien egoitzek, hezteko eskolek eta laguntzako animaliak mantentzeko gainerako instalazioek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte, aplika dakizkiekeen gainerako xedapenak ukatu gabe:

1. Kokapenari buruzkoak:

a) Establezimendu horiek distantziak errespetatu behar dituzte IV. eranskinean ezarritako beste elementuetatik.

2. Instalazioei buruzkoak:

a) Instalazioak egokiak izanen dira bertan edukitzea aurreikusten den espezie bakoitzaren betebehar etologikoetarako.

b) Zakurren kasuan, metro koadro 1 bermatuko da gutxienez 10 kilogramo bitarteko zakurrentzat eta 2 metro koadro 10 kilogramotik gorako zakurrentzat.

c) Alojamenduko lokalen giroa. Animaliak aire zabalean badaude lokaletan, azalera estali bat eduki beharko dute, haien kabuz sartzeko, eguraldi txarretik babesteko, baita eguzkiak edo haizeak zuzenean jotzen duenean ere. Animaliak eraikuntzen barrenean badaude, aireberritze egokia bermatzen duten sistemak eduki behar dituzte. Leihorik ez duten lokaletan, argiztapen sistema bat paratu beharko da, animalia espezie bakoitzaren betebehar biologikoak asetzeko.

d) Edateko uraren hornidura box edo barruti guztietan. Uraz eta elikagaiez hornitzeko ekipoak egokituko dira espezie bakoitzaren betebeharretara.

3. Gobernuari eta funtzionamenduari buruz:

a) Erregistroa eramatea bertan sartzen diren animalia bakoitzaren datuekin eta jabearen edo arduradunaren datuekin. Erregistro hori eskumena duten administrazio publikoen eskura egonen da, haiek hala eskatzen dutenetan. Erregistroak honako hau jasoko du gutxienez: azalpen osoa, txertaketaren eta desparasitazioaren ziurtagiria eta osasun egoera bertan utzi zen momentuan, bi alderdien idatzitako adostasunarekin.

b) Animaliek janari egokia izanen dute, behar adina, baita ura, lo egiteko tokia eta langile trebatuak ere haiek zaintzeko.

c) Albaitaritzako zerbitzu bat izanen dute, bertako animalien egoera fisikoa eta jasotzen duten tratamendua ikuskatzeko ardura izanen duena. Sartzen den momentuan irizpena emanen da animaliaren osasun egoerari buruz.

d) Zentroko albaitaritzako zerbitzuak begiratu beharko du animaliak egoera berrira egokitzen direla, elikadura egokia jasotzen dutela eta kalterik ekar diezaiekeen egoerarik gerta ez dakiela, kasu bakoitzean beharrezko neurriak hartuz.

e) Animalia bat eritzen bada, zentroak segituan jakinaraziko dio jabeari edo arduradunari, eta horrek baimena eman dezake albaitaritzako tratamendu bat egiteko edo hura biltzeko, eritasun infekto-kutsakorren kasuan izan ezik, halakoetan beharrezko osasun neurriak hartuko baitira.

f) Animalien egoitzen edo antzeko instalazioen titularrak saiatuko dira beharrezko neurriak hartzen kutsatzerik gerta ez dadin bertako animalien eta ingurukoen artean, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko albaitaritzako zerbitzuei jakinaraziko dizkie nahitaez aitortu beharreko eritasunak.

g) Zoonosiaren hedapena saihesteko, katuen eta zakurren gorotza edo eginkariak hondakinen kudeatzaile baimendutako bati eman behar zaizkie, edo hondakinak kasuan kasuan kudeatzen dituen mankomunitateari.

Haztegiak eta animaliak saltzeko establezimenduak.

Laguntzako animaliak saltzeko edo hazteko establezimenduek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe:

1. Kokapenari buruzkoak:

a) Laguntzako animaliak saltzeko edo hazteko egoitzek distantziak errespetatu behar dituzte IV. eranskinean ezarritako beste elementuetatik.

b) Salmentako establezimenduak herriguneetako edo industrialdeetako merkataritza eremuetan paratu daitezke, baldin eta neurri egokiak hartzen badira establezimenduko animaliek sortzen dituzten usain edo asotsak saihesteko.

2. Instalazioei buruzkoak:

a) Instalazioak berariazkoak izanen dira jarduerarako, beste jardueretatik edo etxebizitza partikularretik bereiz.

b) Instalazioak egokiak izanen dira bertan edukitzea aurreikusten den espezie bakoitzaren betebehar etologikoetarako.

c) Instalazio egokiak izanen dituzte kutsatzerik gerta ez dadin eritasunen kasuan edo, hala balegokio, berrogeialdiak mantentzeko.

d) Ura izanen dute eskuragarri box edo barruti guztietan.

e) Animalien alojamenduek eta biltegiak edo elikagaiak saltzeko eremuak bereizi egon behar dute, eta neurriak hartuko dira elikagaiak kutsa ez daitezen.

3. Gobernuari eta funtzionamenduari buruz:

a) Erregistro bat eraman behar dute, administrazio publiko eskudunen eskueran egonen dena, non jasoko baitira erregelamenduz ezartzen diren datuak eta aldizkako kontrolak.

b) Higiene eta osasun baldintza onak izan behar dituzte, bertako animalien betebehar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Janari osasungarria izanen dute, behar adina, baita ura, lo egiteko tokia eta langile trebatuak ere haiek zaintzeko.

d) Albaitaritzako zerbitzu bat izanen dute, haien osasun zaintzaz arduratuko dena.

e) Zoonosiaren hedapena saihesteko, katuen eta zakurren gorotza edo eginkariak hondakinen kudeatzaile baimendutako bati eman behar zaizkie, edo hondakinak kasuan kasuan kudeatzen dituen mankomunitateari.

f) Animaliak parasitorik eta eritasunik gabe saldu behar dituzte, hori frogatzen duen albaitaritzako ziurtagiria daukatela.

g) Zakurrak eta katuak 8 aste baino gehiago dauzkatela salduko dira. Zakurrek identifikazio elektronikoa izanen dute (transpondedore injektagarria).

h) Jabeari agiri bat emanen zaio, animaliaren ezaugarriak, aholkuak eta horrek osasun ona izan dezan bermatzeko mantenimendu baldintzak dakartzala.

IV. ERANSKINA

Haztegien eta laguntzako animaliak mantentzeko
instalazioen distantziak

Ondoko osasun distantziak beteko dira, indarra duen udaleko, Nafarroako edo Espainiako gainerako araudian erregulatutakoez gainera.

DISTANTZIAK HONETATIK

10 ZAKUR HELDURA
EDO BALIOKIDERA
BITARTE

10 ZAKUR HELDUTIK
EDO BALIOKIDETIK
GORA

1.–Bizilagunak dituzten etxebizitzetatik, 1.000 biztanle bitarteko herriguneetan daudenean

50 metro

150 metro

2.–Bizilagunak dituzten etxebizitzetatik, 1.000 biztanle baino gehiagoko herriguneetan daudenean

100 metro

300 metro

3.–Bizilagunak dituen etxebizitza bakartu batetik

25 metro

50 metro

4.–Eranskin honetan aintzat hartu ez diren beste elementu batzuetatik

Ingurumenari buruzko araudian edo indarra duten beste batzuetan ezarritakoak

Iragarkiaren kodea: F1305718