84. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Noaingo “El Mirador-Ikustegi Hiritartegia” gizarte etxeko onarpenaren araudia, erabiltzaileen araudia eta barne araubidearen erregelamendua eguneratzea. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2013ko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Noaingo “El Mirador-Ikustegi Hiritartegia” gizarte etxeko onarpenaren araudia, erabiltzaileen araudia eta barne araubidearen erregelamendua eguneratzea.

Erabaki hori 2013ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 19an.

Argitaratu zenetik 30 eguneko epea iragan baita inork espedientearen kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Udalak, 2013ko apirilaren 3an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen. Hona hemen testu osoa:

NOAINGO GIZARTE ETXEKO ONARPENAREN ARAUDIA

1.–Onarpenaren baldintzak.

1.1.–Lokala.

Noaingo gizarte etxea erabiltzen ahalko dute Noain Elortzibarren erroldatuta dauden pertsona guztiek, hala nahi badute, baita beren laguntzaileek ere.

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak lokalaren erabiltzaileen araudiko 15. eta 16. artikuluetan ageri dira.

1.2.–Aretoak.

Taldeek erabiltzeko aretoen erabiltzaile izan daitezke Noain Elortzibarren erroldatuta dauden talde guztiak, baldin eta Nafarroako Gobernuaren elkarteen erregistroan inskribatuta badaude eta Partaidetza Kontseiluaren baimena badute.

Aretoen erabilera izanen da eskaeraren hurrenkeraren, garatu beharreko jardueraren izaeraren eta aretoak erabiltzeko egutegi orokorraren araberakoa.

2.–Tarifak eta prezioak.

2.1.–Lokala.

Lokalaren erabiltzaileek ez dute ezer ordaindu beharko lokalaren egongelak erabiltzeagatik. Ostatu-kafetegian egiten dituzten kontsumizioengatik soilik ordaindu beharko dute.

3.–Eskabideak eta agiriak.

3.1.–Lokala.

Erretiratuek eta pentsiondunek soilik izanen dute erabiltzaileen txartel berezi bat ostatu-kafetegiko kontsumizioak ordaintzeko. Txartel hori lortzeko, eskatzaileek fitxa bat bete beharko dute beren datu pertsonal guztiekin, eta Noaingo Erretiratuen eta Pentsiodunen Klubekoak diren adierazi beharko dute.

3.2.–Aretoak.

Zentroko aretoetakoren bat erabiltzeko, fitxa bat beteko da, datu hauekin:

–Talde eskatzailearen izena.

–Arduradunaren izena.

–Jardueraren izaera.

–Aretoa zein egun eta ordutarako eskatzen den.

–Jardueraren aldizkakotasuna.

–Jarduera garatzeko erabiliko diren materialak.

Arau horiek guztiak Gizarte Etxeko Erabiltzaileen Araudiari, bertako Barne Araubidearen Erregelamenduari eta bien Azken Xedapenei lotuta daude, eta sistema beraren bidez aldatzen ahalko dira.

NOAINGO GIZARTE ETXEKO ERABILTZAILEEN ARAUDIA

Funtzionamenduaren arau orokorrak

1. artikulua. Noaingo Gizarte Etxea honela banatuta dago:

–Sukaldea.

–Ostatu eremua, mahaiez eta aulkiz hornitua; pertsona guztiak sar daitezke bertan. Toki hori mahai jokoetarako, bazkarietarako, solasaldietarako ... erabiltzen ahalko da. Mahaietara ostatuko kontsumizioak eramaten ahalko dira. Ezin izanen da kanpoko edari edo janaririk eraman.

–Erabilera anitzeko gela. Erretiratuentzat eta gazteentzat. Gela hori handiena da eta bi eremu ditu. Lehena, sarrera atetik hurbilen dagoena, mahai jokoetarako eta solaserako izanen da; eremu horretan zilegi izanen da ostatutik ekarritako kontsumizioak hartzea, baina ez kanpotik ekarritakoak. Irakurketarako izanen da bigarren eremua. Bigarren eremu horretan ezin da kontsumiziorik hartu, kasu zehatz batzuetan izan ezik. Bi eremuak batu egin daitezke hitzaldiak, bazkariak, dantzaldiak eta gela handia izatea eskatzen duten jarduerak egiten direnean.

–1. gela. Erabilera anitzeko gelaren ondoren dago eta ez du aurrez ezarritako erabilerarik. Hitzaldiak, bilerak, ikastaroak, erakusketak ... egiteko erabiliko da. Gela erabili nahi duten taldeek, erretiratuek barne, jarduera hasi baino bi egun lehenago gutxienez eskatu beharko dute, horretarako sortuko diren inprimaki batzuen bidez. Baimena eskatuko zaio Noain Elortzibarko Udalari, eta, tasari dagokionez, Udalaren lokalak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantzan (18. ordenantzan) ezarritakoari jarraituko zaio.

–Bulegoa. Bulegoa lagako zaie egoitza gisa erabiltzeko eskatzen duten taldeei, erretiratuen taldeei lehentasunez, betiere kontuan hartzen badute taldeen eskaera bat baino gehiago izanez gero ados jarri beharko dutela bulegoa erabiltzeko egun eta orduei buruz. Bulegoaren giltza emanen zaie erabiltzaileen taldeei. Hasierako altzariez gain, talde bakoitzak egokia iruditzen zaiona gehitzen ahalko du, gelaren eremu osoa erabilezin bihurtzen ez badu behintzat.

2. artikulua. Ezin da erre Gizarte Etxeko areto bakar batean ere.

3. artikulua. Gizarte Etxeko talde eta erabiltzaileek konpromisoa hartuko dute instalazioak zaintzeko, bai ondasun higigarriak bai higiezinak.

4. artikulua. Gizarte Etxea egunero irekita egonen da Partaidetza Kontseiluak ezartzen dituen orduetan, eta ordutegi hori aldatu egin ahalko da eta baita zenbait ordu edo egunez eten ere, aurrez ikus daitezkeen edo ikus ez daitezkeen arrazoiek horretara behartzen badute. Iragarki oholean agertuko dira Gizarte Etxea ireki eta ixteko ohiko ordutegiak.

5. artikulua. Nahi duten pertsona guztiak sar daitezke zentroan, eta erabiltzaileen txartel berezia erretiratu eta pentsiodun guztiek izanen dute ostatu-kafetegiko kontsumizioak ordaintzeko soilik.

6. artikulua. Ostatu-kafetegiko zerbitzuak prezioen bi zerrenda izanen ditu, bata erretiratuentzat eta bestea erretiratuak ez direnentzat, Partaidetza Kontseiluak araututa. Erretiratu eta pentsiodunek prezio murriztua ordainduko dute beraiek bakarrik hartzen dutenerako.

7. artikulua. Erabiltzaileek barran eskatuko dituzte kontsumizioak, eta, mahaian hartu nahi izanez gero, barran eskatu eta berehala ordaindu beharko dituzte, eta beraiek eramanen dituzte kontsumizioak mahaietara, baita ontzia barrara itzuli ere bukatu eta gero. Hori guztia ageriko ezintasunen bat izan ezean, halakoetan errentariak zerbitzatu eta bildu beharko baitu mahaikoa. Erretiratuen kasuan, errentariak edozein kasutan eman beharko du zerbitzu hori, eskatzen bazaio.

8. artikulua. Edukirik gabe gelditu da.

9. artikulua. Zentroaren barnean ezin izanen da dirurik jokatu edo diruzko apusturik egin kopuru nabarmenak jarriz, baina zilegi izanen da kontsumizioak edo diru kopuru oso txikiak jokatzea, jokatzaileen arteko eragingarri gisa.

10. artikulua. Erabiltzaileek oro har erabiltzeko aulki eta besaulkiak ezin izanen zaizkie erreserbatu zentroan ez dauden pertsonei. Salbuespenez, Partaidetza Kontseiluak erreserbak egiten ahal ditu ospakizunen bat dagoenean.

11. artikulua. Debekatua dago animaliak sartzea, zakur gidariak izan ezik.

12. artikulua. Esleipen-hartzailea izanen da altzariak, jokoak, liburuak eta lanabesak ongi erabiltzearen arduraduna, eta berak proposatuko ditu konponketak, ordezpenak eta erosketak, beharrezkoak izanez gero.

13. artikulua. Ordutegia, erabiltzaileen araudia, onarpenaren araudia eta kontsumizioen prezioak toki egoki batean jarriko dira, erraz ikusteko moduan. Ordutegien, arauen eta halakoen aldaketak iragarki oholean azalduko dira.

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

14. artikulua. Gizarte Etxeko erabiltzailetzat joko da Noain Elortzibarko Udalean erroldatuta dagoen pertsona oro. Gizarte Etxeko erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Barne Araubidearen Erregelamendua ezagutu eta betetzea, baita Partaidetza Kontseiluaren erabakiak eta jarraibideak ere.

–Zentroaren barnean bizikidetzako eta elkar errespetatzeko arauak betetzea, baita haren instalazioekin lotuta dagoen beste edozein tokitan ere.

–Mahai jokoak arretaz erabiltzea ahalik eta egoera onenean egon daitezen, eta gauza bakoitza bildu eta bere tokian uztea partida bukatutakoan; aulkiak ere txukun utziko dira dagokien tokian.

–Lurrera paperik etab. ez botatzea.

–Komunetan eta konketetan behar den garbitasun eta higienea izatea.

–Aldizkariak eta egunkariak zentzuzko denbora batez irakurtzea, zain dagoen beste erabiltzaileren batek ere irakurtzeko aukera izan dezan.

–Telebista, bideoa eta gainerako aparatuak lokalaren arduradunak edo Partaidetza Kontseiluak izendatzen duen pertsonak soilik maneiatuko ditu.

–Gizarte aretoa ezin izanen da erabili bazkariak edo afariak egiteko, Noain Elortzibarko Udalak berariaz baimendu ezik.

–Asteburuetan eta jai bezperetan ostatuko mahaiak libre utzi beharko dira arratsaldeko 20:30erako.

Arau hauek betetzen ez badira eta zer larritasun duten kontuan harturik, zilegi izanen da kanporatzea, kargu-hartzea edo aldi bateko etenaldia ezartzea.

15. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak:

–Partaidetza Kontseiluari ematea ikusitako okerren edo irregulartasunen berri, nork bere izenez identifikatutako idazkiaren bidez, zentroaren funtzionamendu onari traba egiten badiote.

–Mota guztietako iradokizunak egitea, lokala hobeki aprobetxatu edo jarduerak hobeki egiteko.

–Gizarte Etxean prest jarri diren lanabesez eta ekipamenduez baliatu ahal izatea.

Instalazioen erabilera
eta funtzionamenduko arau partikularrak

16. artikulua. Lokalaren errentariak soilik maneia ditzake telebista, bideoa, pertsianak, leihoak edo beste aparatu batzuk, eta berari dagokio, halaber, gizarte aretoa zaintzea.

17. artikulua. Lokalaren errentariak baizik ez du izanen berokuntzako eta airea girotzeko aparatuen eta gainerako aparatu garrantzitsuen kontrola. Errentariak bere gain hartu beharko ditu aparatu horiek guztiak konpontzeko gastuak, baldin eta gaizki edo axolagabeki erabiltzeagatik gertatu badira matxurak.

18. artikulua. Udala alderdi kontratugilea izanen da Gizarte Etxeko jolas makinen instalazioan. Makina horietan biltzen den diruaren banaketa honela eginen da: bildutako guztiaren %100 honela banatuko da: %50 makinen jabearentzat, %25 errentariarentzat, eta beste %25a Noain Elortzibarko Udalarentzat. Udalaren ordezkari baten aurrean eginen da beti diru-bilketa.

Partaidetza Kontseilua

19. artikulua. Partaidetza Kontseilua honako hauek osatuko dute:

–Kontseiluburua: Noain Elortzibarko Udaleko burua izanen da, edo eskuordetzen duen pertsona.

–Kontseilukideak:

  • Noain Elortzibarko Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotziak, hitza eta botoa dituztela.
  • Egoitza Gizarte Etxean duen talde bakoitzeko kide bat, hitza eta botoa dituela. Talde horretako kideen kopurua, guztira, ez da inolaz ere zinegotzien kopurua baino handiagoa izanen.
  • Lokala kudeatzeko ardura duen enpresaren pertsona ordezkaria, hitza izanik baina botorik ez.

–Idazkaria: Kontseiluko kideek hautatuko dute kontseilukideen artetik.

20. artikulua. Partaidetza Kontseiluak urtean behin gutxienez eginen ditu bilera arruntak, eta bilera bereziak, berriz, beharrezkoa den guztietan, interesa eta garrantzia duen gairen bat bada.

21. artikulua. Partaidetza Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

–Lokalaren funtzionamenduari dagozkion arauak prestatzea.

–Ostatu-kafetegiko prezioen zerrendak egitea.

–Funtzionamendu arauak betetzea eta, hala behar denean, betetzen ez dituztenei zehapenak ezartzea.

–Erabiltzaileen araudi honetako artikuluetan agertzen direnak.

–Udalbatzaren osoko bilkurari proposatzea erabiltzaileen araudi honetan beharrezkoak diren aldaketak.

21 bis artikulua.

–Noain Elortzibarko Udala izanen da Gizarte Etxea egoitza gisa erabili nahi duten talde edo elkarteeen eskaerak ebazteko arduraduna. Eskaerak Noaingo Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira (Foruen plaza, 3).

Zehapenak

22. artikulua. Jarraian aipatzen diren gertaerek zehapena ekarriko dute, bai Partaidetza Kontseiluko kideentzat bai Gizarte Etxeko instalazioen gainerako erabiltzaileentzat:

–Jabetzaren kontrako hutsegite eta delituak.

–Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea.

–Zentroko ondasun higigarri edo higiezinetan edo zentroan dagoen beste edozein lanabesetan kalteak edo galerak eragitea.

–Partaidetza Kontseiluaren erabakiak ez betetzea.

–Zentroko edozein langile edo erabiltzaileren kontrako irainak, mehatxuak edo beldurrarazteak.

Aipatu zerrenda ez da zehatza eta, beraz, antzeko beste edozein egintza ere hutsegitetzat joko da eta Partaidetza Kontseiluak epaituko du.

23. artikulua. Aipatu egintzei dagozkien zehapenak Partaidetza Kontseiluak ezarriko ditu, gehiengoz hartutako erabakiaren bidez.

24. artikulua. Partaidetza Kontseiluak gehienez ere hilabeteko epean ebatziko ditu zehapenei loturik aurkezten zaizkion kasuak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.

Partaidetza Kontseilua, bere funtzionamenduari dagokionez, arau hauen mende egonen da: araudi hau, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko Erregelamendu Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatu beharreko gainerako xedapen administratiboak.

Bigarrena.

Noain Elortzibarko Udalaren Osoko Bilkurak baizik ez du araudi hau partez nahiz osorik aldatzeko ahalmena, Partaidetza Kontseiluaren proposamena entzun ondoren.

NOAINGO GIZARTE ETXEAREN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

Atarikoa

Gizarte Etxeak lekua eman nahi dio Noainen dagoen era honetako beharrari.

Gizarte Etxea establezimendu publiko bat da, herritar guztien arteko bizikidetza erraztera bideratua, eta laguntza ematen du, gainera, erretiratuek eta gazteek gizartean integratuta jarrai dezaten, inolako bereizkeriarik egin gabe adina, erlijio edo politikako sinesmena, sexua, hizkuntza edo gizarte maila dela eta.

Gizarte Etxeko gelak beste talde batzuek erabiltzen ahalko dituzte arte edo kulturako lanak erakusteko, bideo emanaldiak, solasaldiak, hitzaldiak eta tailerrak egiteko eta zentroko bizikidetza bultzatzen duten interes orokorreko beste jarduera batzuk ere egiteko.

Izena eta helburuak

1. artikulua. Noainen Gizarte Etxea izenarekin eratu da Noain Elortzibarko Udalak xede horretarako sortutako zentro bat, Noaingo Aireportuaren errepidean, z.g.

2. artikulua. Gizarte Etxearen helburuak hauek dira:

–Noain Elortzibarko erretiratuen eta gazteen harrera zentroa izatea.

–Aisiako eta denbora libreko jarduera soziokulturalak egitea bertan, informazio maila altuagoak lortzera bideraturik.

–Adinekoen eta gazteen arteko harreman sozialak eta gainerako talde sozialekikoak sustatzeko tokia izatea, belaunaldien arteko jardueren bitartez eta kulturara, aisiara eta adinekoen eta Noain Elortzibarko gainerako erroldatuen entretenimendura bideratutako baliabide eta ekipamenduen erabilera komunaren bidez.

Mendekotasun hierarkikoa eta ondareari lotua

3. artikulua. Gizarte Etxea Noain Elortzibarko Udalaren mende dago hierarkikoki.

4. artikulua. Zentroa zuzenduko duen organoa Partaidetza Kontseilua da, Noain Elortzibarko Udalaren mendekoa.

5. artikulua. Partaidetza Kontseilua honako hauek osatuko dute:

–Kontseiluburua: Noain Elortzibarko Udaleko burua izanen da, edo eskuordetzen duen pertsona.

–Kontseilukideak:

  • Noain Elortzibarko Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotziak, hitza eta botoa dituztela.
  • Egoitza Gizarte Etxean duen talde bakoitzeko kide bat, hitza eta botoa dituela. Talde horretako kideen kopurua, guztira, ez da inolaz ere zinegotzien kopurua baino handiagoa izanen.
  • Lokala kudeatzeko ardura duen enpresaren pertsona ordezkaria, hitza izanik baina botorik ez.

–Idazkaria: Kontseiluko kideek hautatuko dute kontseilukideen artetik.

Partaidetza Kontseiluaren eginkizunak Erabiltzaileen Araudiko 19. eta 20. artikuluetan ageri dira.

Langileak

6. artikulua. Gizarte Etxeak honako eginkizun hauek betetzeko nahikoa langile izanen du, Udalaren Osoko Bilkurak ezartzen duen formularen arabera (zerbitzu enpresa kontratatzea, zuzeneko kontratazioa, enkantea...):

–Lokala dinamizatzea eta bertan egiten diren jarduerak koordinatzea.

–Etxezaintza eta zerbitzari zerbitzua.

–Instalazioen garbitasuna eta mantentze-lanak.

7. artikulua. Gizarte Etxean lan egiten duten langileek eginkizun hauek izanen dituzte:

–Lokaleko jarduerak kudeatzea.

–Lokaleko gainerako zerbitzuekin (garbiketa, etxezaintza, ostatua, taldeak...) koordinatzea.

–Ostatu-kafetegiko kontsumizioak zerbitzatzea.

–Erabiltzaileen lehen informazio gune gisa jokatzea.

–Gizarte Etxe guztiko instalazioak garbi edukitzea.

–Lokalaren garbiketa sakon eta orokorra egitea bi hilean behin.

–Zentroaren mantentze hoberena lortzeko guztiak.

8. artikulua. Lokala goizeko 10etan ireki eta gaueko 10etan itxiko da, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean izan ezik, orduan goizeko 10etatik gaueko 11ak arte izanen baita, esleipen-hartzaileak eskaintza hoberik egin ezean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Partaidetza Kontseilua, bere funtzionamenduari dagokionez, arau hauen mende egonen da: araudi hau, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko Erregelamendu Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatu beharreko gainerako xedapen administratiboak.

Bigarrena.

Noain Elortzibarko Udalaren Osoko Bilkurak baizik ez du araudi hau partez nahiz osorik aldatzeko ahalmena, Partaidetza Kontseiluaren proposamena entzun ondoren.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2013ko apirilaren 10ean.–Alkate udalburua, Oscar Arizcuren Pola.

Iragarkiaren kodea: L1305274