84. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Ordainsariak zehaztea alkatetza erabateko dedikazioan eramateagatik eta bilkuretan parte hartzeagatik

Lizarrako Udalak ondotik osorik ematen den erabakia hartu zuen, bertzeak bertze, 2011ko uztailaren 13an egin bilkuran:

“Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.1 artikuluaren arabera, Udalbatzetako kideek ordainsariak jasoko dituzte beren karguetako eginkizunetan erabateko dedikazioan aritzeagatik eta kasu horietan Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanen zaie. Udalbatza horiek ordainduko dituzte ordaindu beharreko enpresa kuotak, lege beraren 74. artikuluan xedatutakoa salbu.

Lege bereko hirugarren idatz-zatian xedatzen du ‘Soilik erabateko dedikazioa ez eta dedikazio partziala ere ez duten Udalbatzako kideek jasoko dituzte laguntzak organo kolegiatuen bilkuretara joaten direnean, baldin eta haietako partaide badira. Osoko Bilkurak erabakiko du bilkurako zenbatekoa.’

Ikusirik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 56. artikuluak xedatzen duena, Nafarroako toki korporazioek diru kopuruak jartzen ahal dituztela aurrekontuetan, beren kideei kargua betetzeagatik ordainsariak edo kalte ordainak emateko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak martxoaren 23an eman 266/2011 Ebazpenean ezartzen da Udalek 2011n gehienez ere jaso dezaketen diru kopurua, beren alkate eta zinegotzien lanarengatik. Lizarrako Udalarentzat, 2011. urterako gastu horiek konpentsatzeko gehieneko ekarpena 81.739,27 eurokoa da.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) 14. artikuluak ezartzen du:

‘2. Nolanahi ere, hauek hartuko dira lanaren etekintzat:

b) Nafarroako Parlamentuko, Europako Parlamentuko, Gorte Nagusietako, Autonomia Erkidegoetako Legebiltzarretako eta Toki Korporazioetako kideei duten karguagatik ordaintzen zaizkien zenbatekoak, aipatutako erakundeek gastuetarako horietatik erabiltzen dituzten zenbatekoak kendurik.’

Kontuan hartuz –aurreko legealdietan bezalaxe– Lizarrako Udaleko alkate karguaren erantzukizunek erabateko dedikazioan aritzea eskatzen dutela, eta ikusirik Kontu-hartzailetza Zerbitzuak egindako txostena, aurrekontuan baliabiderik badela adierazten duena, erabakitzen da:

1 Lizarrako Udaleko alkate kargua betetzeko erabateko dedikazioa ezartzea, atzeraeragineko ondorioekin 2011ko ekainaren 11tik aurrera. Urtean jasoko duen lansaria 43.294,44 euro izanen da 14 pagatan banatuta eta ordainsari hori Lizarrako Udalaren 2011ko ekitaldiko aurrekontu luzatuko ‘Erabateko dedikazioa’ izeneko 1110-100011 kontusailaren kargura eginen da.

2 Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoa betez, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta ematea -atzeraeragineko ondorioekin- Begoña Ganuza Bernaolari. Erakundeak bere gain hartuko du ordaindu beharrekoa, urtean 12.616,80 euro eta ordainsari hori Lizarrako Udalaren 2011ko ekitaldiko aurrekontu luzatuko ‘Hautetsien Gizarte Segurantza’ izeneko 1110-160010 kontusailaren kargura eginen da.

3 Ez erabateko dedikazioa ez eta dedikazio partziala ere ez duten Udalbatzako kideek osoko bilkuretara joateagatik -2011ko ekainaren 11tik atzeraeragineko ondorioekin- 446,50 euro jasoko dituztela xedatzea. Zenbateko gordin horri dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga kenduko zaio. Gainerako organo kolegiatuek egiten dituzten bilkuretara joateagatik 89,54 euroko kopuru gordina jasoko dute.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kontura egindako atxikipenetik salbuetsiak deklaratzea Udalbatzako kideek bilkuretan egoteagatiko dieten zenbatekoen ehuneko laurogei (%80), kideek erabateko dedikaziorik ez badute, gastuak baitira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 14-2-b) artikuluaren arabera.

4 Hilabeteka ordainduko dira aurreko puntuan bilkura-sarietarako adierazitako diru kopuruak, bilkuretan parte hartu dutela frogatu ondoren. Hilabetero honako muga hau izanen da:

–Udalbatzako organo kolegiatuko burua: 583,32 euros.

–Udalbatzako gainerako kideak: 446,50 euro.

Muga hauek (583,32 eta 446,50 euro) udalkide eta hilabete bakoitzeko dira, edozein dela legegintzaldia.

5 Aipatu bilkura-sarien ondoriozko gastua Lizarrako Udalaren 2011ko ekitaldiko aurrekontu luzatuko ‘Udalbatzako dietak’ izeneko 1110-100010 kontusailaren kargura eginen da.

6 Ordainsariak eta bilkura-sariak urtero eguneratuko dira, betiere aurreko urtean Kontsumorako Prezioen Indizeak Nafarroan eman duenari jarraituz.

7 Erabaki honen berri ematea Lizarrako Udaleko Ogasun eta Langileen Alorrei; baita organo kolegiatuetako idazkariei ere, eta adieraziko zaie erabaki hau betetze aldera, hilabete bakoitzaren hamabosgarren eguna baino lehen, posta elektronikoaren bidez, Udaleko Kontu-hartze Zerbitzuari jakinarazi beharko diotela udalbatzako kideak aurreko hilabetean zenbat bilkuratara joan diren.

8 Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoa betez, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita entitate honetako iragarki oholean ediktuak jartzea ere, eta dagokion espedientean sartzea.”

Argitara ematen da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.5 artikuluan xedatzen dena betez eta lege beraren 21.1.r) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta ohartarazten da ezen, ekintza hau irmo izanik bide administratiboan, errekurtso hauetakoren bat para daitekeela, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, deialdia egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Lizarran, 2013ko apirilaren 10ean.–Alkate udalburua, María Begoña Ganuza Bernaola.

Iragarkiaren kodea: L1305354