83. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

642/2013 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Minusbaliatuen Integrazio Sozialari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 42 artikuluko 1. zenbakian xedatutakoarekin bat, enplegu-zentro bereziak dira lan produktiboa egitea xede nagusia dutenak, merkatu eragiketetan erregulartasunez parte hartuz. Zentro horien helburua da desgaitasuna duten langileei lan ordaindua bermatzea eta egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuak ematea. Halaber, desgaitasuna duten pertsonek, ahalik eta gehienek, lan araubide normalean integratzeko bidea da.

Enplegu-zentro bereziak arautzen dituen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren VI. kapituluak zentro horiek finantzatzeko moduak zehazten ditu. Zehazki, administrazio publikoek ezartzen dituzten enplegurako laguntza programen ondoriozko mantentze laguntzen artean, kapitulu horren 10. artikuluaren e) letran azaltzen direnak, desgaitasuna duten pertsonek betetzen duten lanpostu bakoitzeko diru-laguntzak daude.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren bidez, desgaitasuna duten pertsonak lan autonomoko eta enpleguko zentro berezien bitartez lan munduan sartzea sustatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren. Enplegu-zentro berezietako lanpostuei eusteko, agindu hartan ezartzen da diru-laguntzak ematen ahalko direla desgaitasuna duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko, langileak lanaldi normala badu eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran badago. Diru-laguntza horren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 izanen da. Lanaldi partzialeko lan-kontratuen kasuan, diru-laguntza murriztuko da lanaldi osoa murrizten den proportzio berean.

Lan Merkatuaren Erreformarako Presako Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen hamabigarren azken xedapenaren 3. puntuan adierazten da Gobernuak, legegintzaldi honetan, enplegurako politika aktiboen estatu-neurrien lege-esparru berri bat arautuko duela, desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sar daitezen laguntzeko. Araudi horretan ezarriko dira Estatu osoan aplikatu beharreko gutxieneko edukiak. Bitarte batean, autonomia erkidegoek desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-politika aktiboen gainean hartzen dituzten neurrietan eta ekintzetan errespetatu beharko dira desgaitasuna duten pertsonak lan munduan txertatzeko estatu-neurrietan jasotzen diren eduki komunak, hots, urriaren 31ko 1542/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Espainiako Enplegurako 2012-2014 urteetarako Estrategian aurreikusitakoak.

Bestalde, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 3ko 2307/2012 Ebazpenaren bidez, irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lana izateko aukerak indartzeko diru-laguntzen deialdia onetsi zen, 2012ko ekitaldirako. Horren bitartez, lanbidearteko gutxieneko soldataren %25eko diru-laguntza ematen da lanaldi osoa duen langile bakoitzeko, 1998ko Ministro-Aginduaren bidez ezarrita dagoen %50az gainera.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2013ko martxoaren 6an egindako bilkuran erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea diru-laguntza batzuk emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliz, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko.

Azkenik, adierazi beharra dago Europako Gizarte Funtsaren sostengu finantzarioa dagoela enplegu-zentro bereziei ematen zaizkien laguntzetarako. Deialdi honen helburuekin bat, Nafarroako EGIF 2007-2013 programa eragilearen lehentasun estrategikoetako bat da, hain zuzen ere, lan-merkatu inklusiboak eratzea, lana erakargarriago bihurtuz eta enplegu eskatzaileei beren lanagatik ordainduz, laguntza behar duten pertsonak eta lanik gabekoak barne.

Oinarri arautzaile hauek 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.

Bestetik, aipatu behar da Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi hori dagokion aurrekontuko kontu-saila salbuetsi zuela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren 701/2012 eta 2/2013 Foru Aginduetan adierazitakoari eta Nafarroako Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 9ko Erabakiari jarraikiz, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 2013ko ekitaldiari egotzitako gastu konpromiso berriak hartzeko.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, bai, halaber, ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak.

2.–5.646.687,51 euroko gastua baimentzea, 2013ko gastuen aurrekontuko 170001-15100-4709-241109 kontu-sailaren kargura (Enplegu plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak eragiketa arruntetarako. PE EGIF Nafarroa CCI 2007ESO052PO009), eta 900.000 euroko gastua 2014. urteko aurrekontuan antzekoa den kontu-sailaren kargura.

Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontu-sailetik erabiliko da.

3.–2012ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei erantzutea, 2013ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

4.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2013ko apirilaren 22an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea.

Deialdi honen bidez urte naturaleko urtarriletik abendura bitarteko soldatetarako diru-laguntzak ebatziko dira.

2.–Azkeneko jasotzaileak.

Diru-laguntza honen azkeneko jasotzaileak, desgaitasuna izanik, enplegu-zentro berezietan aritzen diren langileak izanen dira.

Desgaitasunaren maila eta mota egiaztatzeko, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio, horretan ezarrita baitaude desgaitasuna duten pertsonatzat hartzeko irizpideak, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako.

Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileak honako hauek izanen dira:

a) Garun-perlesia, eritasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

a) Diru-laguntza izanen da desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuen soldata-kostuak finantzatzeko. Lanbidearteko gutxieneko soldataren %50ekoa izanen da laguntza, benetan egiten den lanaldiaren arabera.

b) Irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako ehunekoari %25 gehituko zaio, benetan egiten den lanaldiaren arabera.

Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko orduan, ez da inola ere aintzat hartuko gozatu ez diren opor-egunen ordainketa.

4.–Diru-laguntzaren onuradunak.

Diru-laguntza honen onuradun izan daitezke enplegu-zentro berezien entitate titularrak, berezko nortasun juridikoa badute eta Nafarroako Foru Komunitateko Erregistroan halako gisara inskribaturik baldin badaude, Enplegu-zentro bereziak arautzen dituen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat. Aurrekoaz gain, onuradunek oinarri hauetan ezartzen diren gainerako betebehar eta baldintzak bete behar dituzte.

5.–Aurrekontuko diru-zuzkidura.

Deialdi honetan ezartzen diren diru-laguntzak finantzatuko dira 2013ko gastuen aurrekontuko 170001-15100-4709-241109 kontu-sailaren kargura (Enplegu plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak eragiketa arruntetarako. PE EGIF Nafarroa CCI 2007ESO052PO009), eta 2014. urteko aurrekontuan antzekoa den kontu-sailaren kargura.

Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontu-sailetik erabiliko da.

Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izanen dute, %50ekoa, “Nafarroako EGIF PE” izeneko CCI 2007ES052PO009 eskualdeko programa eragilearen bitartez.

6.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Hona hemen entitate onuradunen betebeharrak:

1. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

2. Langileei dagokien soldata ordaindua izatea.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetariko batean ere ez egotea. Hori “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.

4. Deialdi honetako 3. oinarriko 2. paragrafoan adierazitako diru-laguntzen onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro bereziek onura publikoaren eta ezinbestekotasunaren aitorpena izan beharko dute.

7.–Eskaerak.

1. Aurkezteko epea.

a) Urtero, urtarrilean, entitate onuradunek urte natural osoari dagokion diru-laguntza eskatu beharko dute.

2013. urteari dagokion laguntza eskatzeko epea hilabete batekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.

Organo kudeatzaileak, kontuan harturik aurreko urtean justifikatutako plantilla eta zentroak egiten ahal dizkion oharrak, urte osorako diru-laguntza emanen du, ezertan galarazi gabe epealdiaren bukaeran egin litezkeen doikuntzak, benetan izan den plantilla kontuan harturik.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

b) Hilero, zentroek ordaintzeko eskaera aurkeztuko dute, desgaitasuna duten langileei aurreko hilean ordaindutako soldatak frogatuta, organo kudeatzaileak diru-laguntza ordaintzeko agindua eman ahal dezan.

Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, zentroek soldatak ordaintzen dituztenetik aurrera. Epe horren barrenean eskatzen ez bada, zentroak hilabete horretako diru-laguntzari uko egiten diola ulertuko da, eta ez da onartuko.

2. Aurkezteko tokia.

Ahal dela, eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkezten ahalko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3. Dokumentazioa.

a) Diru-laguntza eskaerak eskabide ofizialean aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztagiria.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen aitorpena.

b) Ordaintzeko eskaerak eredu normalizatuetan aurkeztu behar dira, honako agiri hauekin batera:

–Desgaitasuna duten langileen izenen zerrenda eta eskatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa.

–Nominak eta haiei dagozkien ordainketaren frogagiriak.

–Desgaitasuna duten langileen aldaketen inprimakia (altak eta bajak), dagozkion agiriekin batera.

–Hilabetean izandako gorabeheren zerrenda.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztagiria.

–Europako Gizarte Funtsak publizitateari buruz ezarritako betekizunak bete izanaren aitorpena.

–Jasotako diru-laguntza guztien diru-zenbatekoak, guztira, desgaitasuna duen langile bakoitzaren soldata-kostu osoa gainditzen ez duela adierazten duen aitorpena.

4. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5. Eskaera aurkezteak berarekin dakar zentro bakoitzak onartzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, zentroak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

8.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

9.–Diru-laguntza emateko ebazpena eta ordaintzeko ebazpena.

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du behar den ebazpena, zeinaren bidez eman edo ukatuko baitzaie interesdunei eskatutako diru-laguntza. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Lehenbizi, 3 a) oinarrian adierazitako diru-laguntza ebatziko da, eta aurrekontu-kreditua izanez gero, 3.b) oinarrian adierazitako diru-laguntza.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean, benetan justifikatutakoaren arabera bidezkoa dena ordaintzeko agintzen duen ebazpena emanen du. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea Europako Gizarte Funtsaren Kudeaketa Autoritatearen web orrietan onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.).

Halaber, diru-laguntza onartzean, zentro onuradunek onartzen dituzte egiturazko funtsen gainean Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egin ditzaketen kontrolak, eta dagokion auditoreari laguntza ematea ere onartzen dute.

10.–Onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.

b) Diru-laguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, horren berri ematea, baita onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutako aldaketen berri ere.

c) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izan duela, Batzordeak 2006ko abenduaren 8an emandako 1828/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat. Erregelamendu horren bidez, Europako Gizarte Funtsari buruzko 1083/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak finkatu ziren.

d) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean. Bereziki, zentroek gastuekin eta auditoretzekin lotutako frogagiri guztiak gorde beharko dituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, Europako Batzordearen eta Europako Kontuen Auzitegiaren eskura izan daitezen, gutxienez ere hiru urteko epean “Egokigarritasuna eta Enplegua 2007-2013” programa eragilearen itxiera gertatzen den urtetik aurrera, horrelakorik gertatzen bada, betiere itxiera partzial horren xede izanik, gauzatuak dauden eragiketen gastuen eta auditoretzen dokumentuei dagokienez.

e) Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren xedeko eragiketekin lotutako transakzio guztietarako kontabilitate sistema bereizia mantentzea, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kodifikazioa izatea.

f) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten dituen egiaztapenei men egitea, bai eta Europako Gizarte Funtsaren legezkotasuna egiaztatzeko edozein erakunderenei ere (Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioa, Europako Batzordea, Europar Batasuneko Kontu Auzitegia, etab.).

g) Urtero, maiatzean, aurreko urteko jardueraren gaineko memoria aurkeztea. Honako hauek sartu beharko dira:

–Zentroaren titulartasuna.

–Kokapena.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Plantillaren osaera.

–Agiri ekonomikoak:

–Aurrekontuaren likidazioa.

  • Egoeraren balantzea.
  • Ustiapen kontua.
  • Hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren proiektua.

–Helburu ekonomikoak noraino bete diren, baita egokitzapen pertsonalari eta sozialari begira finkatzen direnak ere.

–Lanean sartutako langileen zerrenda.

Memoria hori maiatzean aurkezten ez bada, eten eginen da ordaindu gabe gelditzen diren diru-laguntzen ordainketa, harik eta memoria aurkeztu arte.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, diru-laguntza hauek, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuei gehituta, ez dute inoiz gaindituko desgaitasuna duen langile bakoitzaren soldata-kostu osoaren %100.

12.–Diru-laguntzak itzultzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan, hartutako dirua itzuli egin beharko da, osorik edo parte bat, eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzulketa egitea erabakitzen den egunera arteko denborari dagokion berandutza interesa eskatuko da.

Dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio.

13.–Publizitatea.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

2. Entitate onuradunek publizitatea eginen dute 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.

14.–Zehapen araubidea.

Arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

15.–Arau osagarriak.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Oinarri hauetan zehaztutako diru-laguntzak, hots, desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuei dagozkien soldata-kostuetarakoak, Nafarroako EGIF 2007-2013 programa eragilean daude sartuak (CCI: 2007ES052PO009), eta Europako Gizarte Funtsak %50eko finantzaketa ematen du haientzat. Hortaz, funts horrek partez finantzatzen dituen diru-laguntzen gaineko Europako eta Estatuko arauak aplikatuko zaizkie, zehazki honako hauek: 2006ko uztailaren 11ko Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezarri eta 1260/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duena; abenduaren 8ko Batzordearen 1828/2006 (EE) Erregelamendua, Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ematen dituena; Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko uztailaren 5ean emandako 1081/2006 (EE) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa, 1784/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duena; eta urriaren 14ko TIN/2965/2008 Agindua, Europako Gizarte Funtsak 2007tik 2013ra bitarte diruz laguntzen ahal dituen gastuak zehazten dituena.

16.–Oinarri arautzaileen aurkako administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1305924