75. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Atarrabiako Kultur Etxearen funtzionamenduaren eta erabileraren gaineko erregelamendua. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2012ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera baetan onetsi zuen Atarrabiako Kultur Etxearen funtzionamenduaren gaineko erregelamendua. 2012ko 172. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 31n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatu baitzen, eta jendaurreko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duelarik, bidezko da erregelamendu hori behin betiko onestea eta haren testu osoa argitara dadin xedatzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Atarrabian, 2013ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Pedro Gastearena Garcia.

ATARRABIAKO KULTUR ETXEAREN FUNTZIONAMENDUAREN
ETA ERABILERAREN GAINEKO ERREGELAMENDUA

1. kapitulua.–Zentroaren definizioa.

1.1. Atarrabiako Kultur Etxea hurbileko kultura-ekipamendua da eta Atarrabiako Udalaren ardura da haren funtzionamendua.

1.2. Atarrabiako Kultur Etxea bi helbururekin sortu zen: kulturarako sarbidea erraztuko duten zerbitzuak eta jarduerak sustatzea eta herritarren parte hartzea eta inplikazioa bultzatzea herriaren garapen kulturalean.

1.3. Kultur Etxeak gela berezituak eskaintzen dizkie erakunde eta artistei jardun artistikorako eta lanerako guneak elkarte eta taldeei taldekako emanaldietarako.

1.4. Kultur Etxearen ikuspegia da kultura-gune berezitua antolatzea, kalitatezkoa eta interesa piztuko duena, agente ezberdinen elkarlanean eta parte-hartzean oinarritua eta Atarrabiak dituen beharrei eta itxaropenei erantzungo diena.

2. kapitulua.–Zentroaren kudeaketa.

2.1. Atarrabiako Udala arduratuko da, Kultura Zerbitzuaren bitartez, Zentroaren funtzionamenduaz eta bertan garatuko diren jardueren koordinazioaz eta jarraipenaz. Atarrabiako Udalak Kultur Batzordearen edota Kultura Batzordeburuaren esku utz dezake kudeaketa hori, delegazio-akordioak berak dioenari jarraikiz.

2.2. Kultura Teknikaria Kultur Etxeko Gerente gisa arituko da eta Kultur Etxearen ekipamenduaren eta bertan garatzen diren jardueren, ikastaroen eta ikuskizunen koordinazioaren eta jarraipenaren arduradun teknikoa izanen da.

2.3. Bere funtzioak, Kultur Etxeari dagokionean, hauek dira:

  • Zentroaren funtzionamendu egokiaz arduratzea eta honen erabilerarako ezarritako araudia betearaztea.
  • Zentroaren administrazio, atezaintza, garbiketa eta mantentze zerbitzuak koordinatzea.
  • Erabilera eskaerak jasotzea eta ordutegien eta gelen banaketa planifikatzea.
  • Herri-ekimenak antolatzen dituen jarduerak Udalak antolatzen dituenekin uztartzea.
  • Aurkezten zaizkion jarduera- eta ikuskizun-proposamen guztiak jaso, bideratu, eta kasua bada, aipatu proposamenak Udalari helaraztea.
  • Erabiltzaileen, taldeen eta erakundeen parte-hartzea bultzatzea Zentroaren bizitzan.

3. kapitulua.–Erabiltzaileak.

3.1. Kultur Etxeko erabiltzailetzat joko dira gune honetan edozein jarduera egiten duten pertsona eta erakundeak eta Kultur Etxean garatzen diren jarduera eta ikuskizunetan ikusle, irakurle edota parte-hartzaile gisa aritzen direnak.

3.2. Erakunde eta pertsona erabiltzaileek oro eskubide berberak dituzte:

  • Kultur Etxeko espazioak eta gelak erabiltzekoa.
  • Kultur Etxeak dituen baliabide materialak erabiltzekoa.
  • Araudi honen kopia bat jasotzekoa eskaera egiten den unean.
  • Erreklamazioak, kexak edota iradokizunak egitekoa. Horretarako Atezaintzan emango zaion instantzia erabili beharko da.

3.3. Kultur Etxea ezin izanen da izan inolako erakunderen edota talderen egoitza. Hala ere, denek dute euren gelak erabiltzeko eskubidea behar duten maiztasunarekin, unean uneko erabilgarritasunaren arabera. Ez zaio emanen espazio bat erakunde edo pertsona bati modu iraunkorrean edota esklusiboan.

3.4. Erakundeen Udal Erregistroan izena emana duten erakundeek Kultur Etxean izan ahalko dute euren egoitza soziala.

3.5. Erakunde eta pertsona erabiltzaileen betebeharrak hauek dira:

  • Gelen eta orduen esleipena errespetatzea.
  • Zentroa eta bertako gelak garbi mantentzea.
  • Zentroko ekipamendua eta altzariak egoki erabiltzea.
  • Zentroko langileek egindako oharrei men egitea.
  • Zentroak espazio eta gela bakoitzerako ezarritako erabilpen-arauak betetzea.
  • Esleitutako gelan sartzeko txartela Atezaintzan jasotzea, jarduera amaitzean itzuli egin beharko dena.
  • Gela erabili ondoren leihoak itxita, argiak itzalita, eta atea itxita utzi beharko dira.
  • Eragindako edota atzemandako kalteak Zentroko langileei jakinaraziko zaizkie.
  • Ordainketaren kopia bat eman (ordainketa-gutuna, transferentzia) Zentroko Administrazioko edota Atezaintzako langileei, gela erabiltzeko tasa ordaindu behar den kasuetan.

3.6. Kultur Etxeko atondoa igarolekua da. Hortaz, ezinen da bertan modu iraunkorrean egon.

3.7. Ezin da Zentrora sartu animaliekin, bizikletan edota patinetan.

3.8. Gelak behar ez bezala erabiltzeak edota Araudi honetako 3.5 ataleko betebeharrak ez betetzeak, zigorra ezartzea ekar lezake. Alkateak paratuko ditu zigor hauek, dagokion espedientea bideratu ondoren. Kultura Batzordeak bideratutako espedienteei buruzko informazioa jasoko du.

4. kapitulua.–Jarduerak.

4.1. Kultur Etxean eginen diren jarduerak artistikoak, kulturalak, hezkuntzakoak eta soziokulturalak izanen dira nagusiki. Hala bada, halakotzat joko dira hauexek:

  • Ikastaroak eta tailerrak.
  • Hitzaldiak, mintzaldiak eta mahai inguruak.
  • Mintegiak, jardunaldiak eta biltzarrak.
  • Antzerki eta dantza emanaldiak.
  • Kontzertuak eta entzunaldiak.
  • Erakusketak.
  • Proiekzioak eta ikus-entzunezkoak.
  • Liburuak eta literatura sustatzeko ekintzak.
  • Liburutegi orokorra eta haurrentzakoa.
  • Musika, antzerki eta dantza taldeen entseguak.
  • Arte plastikoen, ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren praktikak.
  • Elkarteen, taldeen eta auzokide-elkarteen bilerak.

5. kapitulua.–Ordutegia.

5.1. Kultur Etxearen ohiko ordutegia hauxe izanen da:

  • Urtarriletik ekainera eta abuztuko 4. astetik abendura: irekita astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:30 arte eta 15:00etatik 21:30 arte.
  • Uztaileko 4. astetik abuztuko 3. astera: irekita 09:00etatik 15:00ak arte, astelehenetik ostiralera. Itxita 15 egunez uztailean.
  • Ikuskizunen bat dagoen larunbat edota igandeetan emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago.

5.2. Atarrabiako Udalak, Zentroko Gerentziaren txostena medio, aipatu ordutegia aldatu ahalko du, antolatu edota baimendu daitezkeen jarduera ezberdinek eskatzen dituzten beharren arabera. Aldaketa honek ez du Udalarentzako kalte ekonomikorik ekarriko ez eta Zentroko langileen eskubideen urraketarik suposatuko.

6. kapitulua.–Kultur Etxeko guneak.

6.1. Kultur Etxean lau gune ezberdin bereizi ditugu, haien ezaugarrien arabera:

Erabilera anitzeko guneak:

–1., 2., 4., 9., 11. eta 13. gelak.

Berariazko erabilera duten guneak:

–Antzokia.

–Erakusketa aretoa.

–Antzerki eta dantza entseguetarako aretoa (14. gela).

–Musika entseguetarako aretoak (5., 6., eta 7. gelak).

–Haurrentzako plastika gela (8. gela) eta helduentzakoa (12.).

–Argazki laborategia.

Erabilera esklusiboko guneak:

–Liburutegi publikoa.

–Erakusketa gelaren biltegia.

–Erraldoien eta Buruhandien biltegia.

–Kabalgataren eta Olentzeroren karrozen biltegia.

–Irratirako gela (3. gela).

–Erakunde artistikoen 8 biltegi.

Kudeaketa guneak:

–Administrazioa eta Atezaintza.

–Zentroaren Zuzendaritza.

–Bilera gela (10. gela).

–Kultura Zerbitzuaren biltegia.

6.1. Erabilera anitzeko guneak hauek dira: ikastaroak, bilerak, hitzaldiak .. eta abar egiteko diseinaturikoak eta erakunde eta talde ezberdinek elkarren segidan erabili ahal dituztenak.

6.2. Berariazko erabilera duten guneak hauek dira: praktika artistikorako diseinaturikoak eta erakunde eta talde ezberdinek bata bestearen segidan erabili ahal dituztenak.

6.3. Erabilera esklusiboko guneak dira zerbitzu bat emateko diseinaturikoak eta utzi ezin daitezkeenak.

  • 6.3.1. Liburutegi Publikoak bi gune izanen ditu, arkitektonikoki beheko solairuan eta lehenean zehaztu direnak. Gune hauek bakar bakarrik Nafarroako Gobernuaren Liburutegien Sareak erabiliko ditu, egun indarrean dagoen hitzarmenaren arabera. Sareak zehaztuko ditu jendearentzako ordutegi/egutegia eta funtzionamendu arauak.
  • 6.3.2. 8. eta 12. gelak, tailerrak eta plastikako udal ikastaroak egiteko daudenak, ezin izanen dira erabil daitezen utzi, Zentroko Gerentziak salbuespenez baimentzen duen kasuetan izan ezik.
  • 6.3.3. Erraldoiak, Buruhandiak eta Erregeen Kabalgatako eta Olentzeroko karrozak jasotzeko diseinaturiko guneak erabilera esklusiboko guneak dira; hortaz ezin izanen dira erabil daitezen utzi, Udalak beste erabilera bat ematen ez badie behintzat. Zentroak gune hauetarako sarrera-txartela eman die Erraldoien, Buruhandien eta Erregeen Kabalgatako eta Olentzeroko karrozen kudeaketaren erakundeetako ordezkariei hala eskatzen duten guztietan.
  • 6.3.4. Erakundeen biltegiak lagapenaren erakunde onuradunak dagokion lagapen denboran bakarrik erabiltzeko guneak dira.

6.4. Kultur Etxea Udalaren Kultura Zerbitzuaren egoitza da. Kultura Zerbitzuak kudeaketa guneak izenekoak erabiliko ditu bere funtzioak garatzeko; aipatu guneak ezin izanen dira erabil daitezen utzi.

7. kapitulua.–Guneen eta gelen lagapena: baldintzak eta irizpide nagusiak.

7.1. Kultur Etxean jarduera ezberdinak antola daitezke: aldizkakotasun iraunkorrekoak edota puntualak eta izaera arrunta edota apartekoa dutenak, betiere baimenarekin.

7.1.1. Jarduera iraunkorrak dira gutxienez hilabeteko eta gehienez urtebeteko aldian garatzen direnak.

7.1.2. Jarduera puntualak egun batean zehar garatzen direnak dira.

7.1.3. Jarduera arruntak arlo hauetako batekoak dira: artistikoak, kulturalak, hezkuntzakoak edota soziokulturalak (4.1. artikulua).

7.1.4. Gainerakoak jarduera apartekoak dira.

7.2. Kultur Etxeko gerentziaren erantzukizuna izanen da Zentroko guneen eta gelen erabileraren plangintza eta banaketa egitea.

7.3. Aldizkakotasun iraunkorreko jarduerak, arruntak zein apartekoak, egiteko guneen eta gelak erabiltzeko lagapenaren baimena ematea Udalaren esku egonen da. Berdin jokatuko da aldizkakotasun puntualeko izaera apartekoekin ere.

7.4. Aldizkakotasun puntualeko izaera arrunteko jarduerak egiteko guneen eta gelak erabiltzeko lagapenaren baimena ematea Zentroko gerentziaren esku egonen da. Honek baimen emate hori Zentroko Administrazio edota Atezaintzako langileengan utz dezake.

7.5. Ez da baimenduko genero, arraza, ideologia edota sexu-joeragatiko diskriminazioa suposatzen duen jardueretarako gune edota gelen erabilpenik.

7.6. Hauteskunde-kanpaina aldian hauteskundeetara aurkeztutako alderdi politikoen edota hauteskunde-elkarteen erreserbek lehentasuna izanen dute beste guztien gainetik, are aurrez egindakoenetik ere.

7.7. Guneak eta gelak erabiltzeko baimenak, Atarrabiako Udalak bere udal egitarauak garatzeko dituen erabilpen-beharren menpe egonen dira.

7.8. Iraileko lehen hamabostaldian aldizkakotasun iraunkorreko jarduerak garatzeko guneak eta gelak eskatzeko epea irekiko da, hilaren amaierarako ebatzita egon beharko duena.

7.9. Kultur Etxeko gune eta gelak doan emanen dira jarduerak egiteko, eskaerak ondokoek eginak direnean:

  • Atarrabiako Udaleko zerbitzu eta arloak.
  • Erakundeen Udal Erregistroan izena emana duten erakundeak, elkarteak eta taldeak.
  • Herriko Ikastetxeak eta Osasun Zentroa.
  • Udal-korporazioan ordezkaritza duten talde politikoak.
  • Kultura Zerbitzuarentzat interesgarria den ordainen bat eskaintzen duten Erakunde edota artistak. Kasu hauetan, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da.

7.10. Guneak eta gelak erabiltzeko gainerako eskaerek dagokion tasa ordaindu beharko dute, Kultur Etxeko lagapenen eta prezioen ordenantza arautzaileak ezarritako indarreko tarifei jarraiki (I. Eranskina).

7.11. Ezarritako tasetan hobariak edota hauek ordaintzeko salbuespenak ezarri ahalko dira onura kulturala edota soziala kontuan hartuta Udalak egoki irizten duenean, betiere aurrez eskatu eta justifikatuta dagoenean.

8. kapitulua.–Erabilera anitzeko gelak eta berariazko erabilera duten gelak: hauek lagatzeko eta erabiltzeko baldintzak.

8.1. Kultur Etxeko erabilera anitzeko gelak (1., 2., 4., 9., 11. eta 13. gela) eta berariazko erabilera duten gelak (5., 6., 7. eta 14. gela) uzteko ondoko baldintzak finkatu dira:

  • Eskaerak idatziz egin beharko dira, dagokion eskabidea beteta. Hamabost egun aurretik egin beharko dira jarduera iraunkorren kasuan, hamar egun aurretik aparteko jarduera puntualen kasuan eta hiru egun lehenago ohiko jarduera puntualenean.
  • Eskabidean ondoko informazioa agertuko da: eskabidea egiten duen pertsona edota erakundea, egin behar den jarduera, eguna, ordua, iraupena eta aurreikusten den parte-hartzaile kopurua.
  • Araudi honetako 3.5 atalean ezarritakoak beteko direlako konpromisoa.
  • Jardueren egutegi/ordutegiak bat etorriko dira Kultur Zentroaren irekiera/itxiera egutegi/ordutegiekin.
  • Tasaren ordainketa dagokionean egin beharko da, banku-transferentziaren edota ordain-gutunaren bidez. Kontu zenbakia edota ordain-gutuna Zentroko Administrazio/Atezaintzan emanen da.

8.2. Tasa ordaindu behar den kasuetan, gela erabiltzeko baimenak baliorik ez du izanen, bertara sartu aurretik tasa ordaindu izanaren kopia (ordain-gutuna edota transferentzia) Zentroko Administrazio/Atezaintzako langileei ematen ez bazaio.

8.3. Aipatu gelak lagatzeko orduan, segidako irizpideak hartuko dira kontuan, aplikazio hurrenkeran zerrendatzen direnak:

  • Eskatutako ordutegian gelak libre dauden ala ez.
  • Udal Zerbitzuen eta Erakundeen Udal Erregistroan izena emana duten elkarteen eta taldeen eskaerek lehentasuna izanen duten, hurrenkera honetan, gainerako eskaeren aurrean.
  • Erabilera iraunkorreko eskaerek lehentasuna izanen dute erabilera puntualeko eskaeren aurrean.
  • Eskaeren aurkezpen-ordena kontuan hartuko da.
  • Aurreko urtean jarduerak antolatu dituzten erakundeek eta taldeek lehentasuna izanen dute.

8.4. Ez zaio inolako pertsona edota erakunderi erabilera esklusiboko gunerik emango.

9. kapitulua.–Antzokia: hau lagatzeko eta erabiltzeko baldintzak.

9.1. Kultur Etxeko Antzokia udal programaren zabalkunde artistikoa (musika, antzerkia, dantza, zinea eta ikus-entzunezkoak) eta kulturala (hitzaldiak, jaialdiak, sari-banaketak, etab) garatzeko erabiliko da nagusiki.

9.2. Erakundeei, elkarteei eta taldeei antzokia erabiltzeko emandako baimenak, Udalaren Kultura Zerbitzuaren, zabalkunde artistikoko eta kulturaleko programak dituen erabilpen-beharren menpe egonen dira.

9.3. Atarrabiako Udalak, ekipamenduaren kultur errentagarritasun handiagoa lortze aldera, Antzokiaren erabilpenaren lagapena hitzartu ahalko du erakunde, talde edota artistekin ordain baten truke. Kasu hauetan, dagokion lankidetza hitzarmena sinatu beharko da.

9.4. Salbuespen gisa eta toki-beharra dela eta, antzokia herritarren, sindikatuen eta alderdi politikoen ekitaldi edota bileretarako laga ahalko da. Lagapen horiek Udalaren baimena beharko dute.

9.5. Ikusleak izanen dituzten kultur jarduerak egiteko Antzokia lagako den kasu guztietan fidantza jarri beharko da (II. eranskina). Fidantza hau gunearen eta bertako ekipamenduen erabilera zuzenaren, gerta daitezkeen kalteen eta garbitasun egoera egokiaren bermea izanen da.

9.6. 9.5. azpiataleko kasuetan erakunde antolatzaileak Ikuskizun publikoak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/89 Foru Legean ezarritakoa zorrotz beteko dela begiratuko du. Eskatzailea zein ordezkatutako erakundea izanen dira bertan zehazten dena bete ez izanaren erantzuleak. Era guzietara, erakunde antolatzailearen eginbeharra izanen da jarduera egitearen ondorioz jabetza intelektualaren eskubidea dela eta lortu beharreko baimena eskuratzea eta egin beharreko ordainketak egitea, jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzeko dagokion erakundearen aurrean.

9.7. Kultur Etxeko Antzokia lagatzeko ondoko baldintzak bete beharko dira:

  • Eskaerak idatziz egin beharko dira, dagokion eskabidea beteta. Hau egiteko gutxieneko epea hamabost egunekoa da eta sei hilabetekoa gehienezkoa.
  • Eskabidean ondoko informazioa agertuko da: eskabidea egiten duen pertsona edota erakundea, egin behar den jardueraren deskripzioa eta xedea, eguna, ordua, zamalanen iraupena, aurreikusten den parte-hartzaile kopurua eta sarreren prezioa.
  • Fidantzaren (II. eranskina) eta tasaren (I. eranskina) ordainketa dagokionean eginen da, lagapena egin ondoren eta lagapen eguna baino astebete lehenago.
  • Araudi honetako 3.5 atalean ezarritakoak beteko direlako konpromisoa.
  • Jardueren egutegi/ordutegiak bat etorriko dira Kultur Zentroaren irekiera/itxiera egutegi/ordutegiekin.

9.8. Lagapen hauen ordutegia eta baldintza teknikoak Kultura Zerbitzuko Gerentziak ezarritakoak izanen dira.

9.9. Fidantza jarduera egin eta ondoko hilabeteko epean itzuliko da, aurrez idatziz eskatu beharko dena. Halaber, 9.5. puntuan ezarritakoa bete den eta laguntza teknikoko zerbitzuak, eskatu badira, ordaindu diren egiaztatu beharko da.

9.10. Antzokia erabiltzeko arauak:

  • Puntualtasuna: behin emanaldia hasita ezin izanen da Aretora sartu.
  • Ezinbestekoa da sarrera erakustea Aretora sartu ahal izateko.
  • Ikusleak isilik egonen dira ikuskizunak dirauen bitartean. Kultur Etxeko langileek sarrera ukatzeko eskubidea dute.
  • Hots-seinaleak: Antzokira sartu ahal izateko telefono mugikorren eta bestelako alarmak deskonektatu egin beharko dira.
  • Grabaketak eta argazkiak: Erabat debekaturik dago esparru itxietan edonolako filmaketarik edota grabaketarik egitea, Antzokiko zuzendaritzak idatziz baimena ematen duenean izan ezik.
  • 6 urtetik beherakoak: pertsona heldu batekin sartuko dira.
  • Ezin da inolako jaki-edaririk sartu. Erretzea ere debekatua dago.
  • Ezin da animaliekin sartu.
  • Ezinen da Antzokira sartu pertsona arduradunek baimena eman arte.
  • Sarrera-irteerak, larrialdietako ateak bezalaxe, erabilgarri eta inolako oztoporik gabe egonen dira ikuskizunak dirauen bitartean. Ezin da aulkitxorekin Aretora sartu. 2/1989 Foru Legea(1).
  • Ezinen da sartu edukierak zehazturiko baino pertsona gehiago (294 eserleku). 2/1989 Foru Legea(1).
  • Sarrerak, Kultur Etxeko leihatilan eta 012 telefonoaren eta interneten bitartez (www.villava.es; www.entradas.com) eskuratu ahalko dira. Ikuskizunaren egunean leihatila saioa hasi baino ordu erdi lehenago irekiko da eta ikuskizuna hasi baino 5 minutu lehenago itxiko.
  • 012 eta internet bidez erositako sarrerak leihatilan edota Kultur Etxeko sarrera-saltzailean eskuratu ahalko dira.
  • Aldaketak programazioan: baldintzek hala eskatuko balute, Kultur Etxeak iragarritako datak, orduak, programak eta artistak aldatu ahalko ditu.
  • Kultur Etxeko langileek baimena dute araua hauek betearazteko.

10. kapitulua.–Erakusketa Aretoa: hau lagatzeko eta erabiltzeko arauak.

10.1. Kultur Etxeko Erakusketa Aretoa arte plastikoen (pintura, eskultura, argazkigintza, ilustrazioak, grabatuak, bideo-artea...), dekorazio-artearen eta artisautza lanen udal programa garatzeko erabiliko da nagusiki. Halaber, agirien, etnografiaren eta zientziaren ondarearen zabalpen-ekintzak burutu ahalko dira bertan.

10.2. Erakundeei eta artistei erakusketa aretoa erabiltzeko emandako baimenak, Udalaren Kultura Zerbitzuaren, arte plastikoen, dekorazio-artearen eta artisautza lanen programen erabilpen-beharren menpe egonen dira.

10.3. Atarrabiako Udalak bere Erakusketa Aretoa lagako du, bertan paratu beharreko erakusketek izaera kulturala, didaktikoa, zientifikoa edota etnografikoa dutenetan bakarrik.

10.4. Kultur Etxeko Erakusketa Aretoa lagatzeko eta erabiltzeko ondoko baldintzak bete beharko dira:

10.4.1. Eskaera:

Aretoan erakusketaren bat paratu nahi duten artistek idatziz eskatu beharko dute, dagokion eskabidea beteta (III. eranskina). Eskabideko atal guztiak bete ondoren interesatuak sinatu egin beharko du. Eskabidea Atarrabiako Kultur Etxeko Administrazioan/Atezaintzan utzi beharko, kale Nagusia 38. PK: 31610. Atarrabia.

Eskabideari ondokoak erantsi beharko zaizkio:

  • Ibilbide profesionala (ikasketak, egindako erakusketak, jasotako sariak, prentsan ateratako kritiken gaineko informazioa, etab.).
  • Aurreko erakusketen katalogoak.
  • Koloretako hiru argazki, 9 x 12 cm.koak gutxienez (erakutsi beharreko lanena) edota dvd-a lan guztiekin.

10.4.2. Iraupena, ordutegia:

Erakusketek, orokorrean, bi aste iraunen dute gutxienez eta hilabete bat gehienez. Kultura Zerbitzuak erabakiko du iraupena.

Aretoa 18:00etatik 21:00etara egonen da zabalik jendearentzat, astelehenetik ostiralera. Salbuespen gisa ordutegia larunbatera eta igandera zabaldu ahalko da, Udalak egoki ikusten badu.

Kultur Etxeko langileek ireki/itxiko dute Aretoa.

10.4.3. Eskaeren onarpena:

Eskaerak onartzeko orduan ondokoak hartuko dira kontuan: erakusketa-egilearen “Curriculum Vitae”-a, lanen kalitatea, lanen originaltasuna, etab.

Udalak idatziz jakinaraziko dio egileari bere eskaera onartua ala baztertua izan den eta, onartu izan bada, erakusketa paratzeko dituen egunak. Bere eskaerari erantzunez erakusketa paratzeko egunen jakinarazpena jasotzen duen artistak, bere adostasuna agertu beharko du 20 eguneko epean. Hala egiten ez badu, aipatu egunei uko egiten diela ulertuko da.

10.4.4. Garraioa eta asegurua:

Lanen garraioak, bidalketak eta itzulketak eragindako gastuak, lanaren interesak kontrakoa aholkatuta Udalak bestelako erabakirik hartzen ez badu, egilearen kontura izanen dira. Halaber, egileak lanak aseguratu ahalko ditu bere kontura, egoki ikusten badu.

Atarrabiako Udalak ez du bere gain hartzen, istripua, lapurreta, sutea, hondamendia eta abarrengatik sor daitezkeen eta lanak bere osotasunean edota zati batean suntsitzea ekar dezaketen kalteen ardura.

10.4.5. Muntaketa eta arte-lanak:

Artistaren eginbeharra da, pertsonalki edota behar bezala kreditatutako bere konfiantzazko pertsona bat baliatuta, erakusketaren muntaketa/desmuntaketa egitea. Paretak kaltetuko duen materialik ezinen da erabili (iltzeak, txintxetak, itsasgarriak, etab.), salbu eta Kultura Zerbitzuak espresuki baimentzen ez badu.

Erakusgai ipini beharreko lan kopurua artistak eta Kultura Zerbitzuak adostuko dute.

10.4.6. Publizitatea:

Udalak erakusketaren gaineko txartela argitaratuko du (19x10 cm-koa koloretan), herriko etxebizitzetan banatuko duena. Halaber, Udalaren Informazio Aldizkarian iragarriko du erakusketara eta Erkidegoko komunikabideetara prentsa-oharra igorriko ere. Gainera, aipatu txartela herri eta erkidego mailako erakundeetara eta kultura-erakundeetara ere igorri ahalko du.

Herriko artisten kasuan, Udalak katalogoa argitaratu ahalko du, betiere artistaren oniritzia jaso beharko duena.

Partikularrei egindako gonbidapenen edota katalogoen igorketa artistaren kontura izanen da.

10.4.7. Segurtasuna:

Aretoa zaintzeko bi segurtasun-kamera eta hauei dagokion irudien grabaketa- sistema ditugu instalaturik.

Artistak, Udalaren baimenarekin, egoki irizten dituen segurtasun-neurriak hartu ahalko ditu bere kontura. Alderdi honen inguruan sor daitekeen edozein gertakari artistak hartu beharko du bere gain; hortaz, Udalak ez du bere gain hartuko inolako kalte-ordainketarik.

10.4.8. Doakotasuna:

Aretoa doan lagako da.

Artistak baimena eskatu ahalko du erakusketak dirauen bitartean lanak saldu ahal izateko.

10.4.9. Baldintzen onartzea:

Honako Araudia aplikatzeko orduan sor daitezkeen eztabaidak argitzeko, artistak, bestelako edozein eskumeni uko eginda, Iruñea hiriko Epaitegien eta Auzitegien eskumenari eta aginpideari men egin beharko die espresuki.

Aurreikusita ez dagoen guzian eta arau hauek interpretatzeak ekar ditzakeen zalantzen eta eztabaiden inguruan, Atarrabiako Udalak ebazten duenari men egin beharko zaio; Udalaren erabakia apelaezina izanen da.

11. kapitulua.–Materialak.

11.1. Jendaurrean paratuko da Zentroak dituen baliabide materialen zerrenda. Erakundeek zein pertsonek erabili ahalko dituzte baliabide hauek.

11.2. Baliabide material hauen eskatzea idatziz eginen da, gutxienez hiru egun aurretik, instantzia ofiziala beteta. Instantzia honetan datuok agertu beharko dute: erakundearen edota pertsona erabiltzailearen izena, beharraren justifikazioa eta behar den materialen zerrenda zehaztua.

11.3. Materiala eskatu duen erakundea edota pertsona izanen da honen erabilera okerragatik suerta daitezkeen kalteen edo matxuren erantzulea. Kasu honetan gastuei dagokion faktura ordaindu egin beharko da 15 eguneko epean.

11.4. Ordainketa egiten ez bada Araudi honetako 3.5. oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

12. kapitulua.–Armairuak eta takilak.

12.1. Zentroan 23 armairu eta 18 takila daude, hala nahi duten erakunde erabiltzaileek, betiere bere ardurapean, euren lan-materialak utzi eta gorde ditzaten, gela erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean.

12.2. Armairu eta takila hauen eskatzea idatziz eginen da, gutxienez hamabost egun aurretik, instantzia ofiziala beteta. Instantzia honetan datuok agertu beharko dute: erakundearen edota pertsona erabiltzailearen izena, beharraren justifikazioa eta utzi behar den materialen zerrenda zehaztua.

12.3. Ez Udalak ezta Kultur Etxeak ere ez dute euren gain hartuko Erakundeek Kultur Etxeko armairu eta takiletan utzitako materialaren galtzearen, ebasketaren edota kaltetu izanaren inolako erantzukizunik.

13. kapitulua.–Biltegiak.

13.1. Zentroan 8 biltegi daude, Erakundeen Udal Erregistroan izena emana duten hala nahi duten erakunde artistikoek, betiere bere ardurapean, euren lan-materialak utzi eta gorde ditzaten, gela erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean.

13.2. Biltegi hauen eskatzea idatziz eginen da, gutxienez hamabost egun aurretik, instantzia ofiziala beteta. Instantzia honetan datuok agertu beharko dute: erakundearen edota pertsona erabiltzailearen izena, beharraren justifikazioa eta utzi behar den materialen zerrenda zehaztua.

13.3. Ez Udalak ezta Kultur Etxeak ere ez dute euren gain hartuko Erakundeek Kultur Etxeko biltegietan utzitako materialaren galtzearen, ebasketaren edota kaltetu izanaren inolako erantzukizunik.

I. ERANSKINA

Tasak

Atarrabiako kultur etxea guneak erabiltzeagatiko prezio publikoak-2012

1. Tarifa:

Nori aplikatzen zaio:

  • Euren egoitza soziala Atarrabian duten Erakunde, Elkarte, talde, auzokideen elkarte eta herriko taldeak, Erakundeen Udalaren Erregistroan izena emana ez dutenak.
  • Atarrabian erroldaturiko pertsonak.
  • Erakundeen Udalaren Erregistroan izena emana duten Elkarte eta taldeak eta euren emanaldietan sarrera kobratzen dutenak.

GELAK

2 ORDU ARTE

4 ORDU ARTE

8 ORDU ARTE

1, 2, 4 eta 11 gelak

10 euros

20 euros

40 euros

13 eta 14 gelak

15 euros

30 euros

60 euros

5, 6 eta 7 gelak

5 euros

10 euros

20 euros

Antzokia

5 ordu arte

10 ordu arte

Eszenatokia

150 euros

270 euros

Eszenatokia eta aretoa

225 euros

405 euros

2. Tarifa:

Nori aplikatzen zaio:

  • Atarrabiaz kanpoko irabazi asmorik gabeko Elkarteak.
  • Euren egoitza soziala Atarrabian duten Erakundeen Udalaren Erregistroan izena emana ez duten Erakunde, Elkarte, kolektibo eta taldeak eta euren emanaldietan sarrera kobratzen dutenak.

GELAK

2 ORDU ARTE

4 ORDU ARTE

8 ORDU ARTE

1, 2, 4 eta 11 gelak

20 euros

40 euros

80 euros

13 eta 14 gelak

30 euros

60 euros

120 euros

5, 6 eta 7 gelak

10 euros

20 euros

40 euros

Antzokia

5 ordu arte eguneko

10 ordu arte eguneko

Eszenatokia

200 euros

360 euros

Eszenatokia eta aretoa

275 euros

495 euros

3. Tarifa:

Nori aplikatzen zaio:

  • Atarrabiaz kanpoko irabazi asmorik gabeko eta euren emanaldietan sarerra kobratzen duten Elkarteak.

GELAK

2 ORDU ARTE

4 ORDU ARTE

8 ORDU ARTE

1, 2, 4 eta 11 gelak

30 euros

60 euros

120 euros

13 eta 14 gelak

40 euros

80 euros

160 euros

5, 6 eta 7 gelak

15 euros

30 euros

60 euros

Antzokia

5 ordu arte eguneko

10 ordu arte eguneko

Eszenatokia

250 euros

450 euros

Eszenatokia eta aretoa

350 euros

630 euros

4. Tarifa:

Nori aplikatzen zaio:

  • Atarrabiaz kanpoko pertsonak, enpresak eta antzeko erakundeak.

ANTZOKIA

5 ORDU ARTE EGUNEKO

10 ORDU ARTE EGUNEKO

Eszenatokia

375 euros

675 euros

Eszenatokia eta aretoa

450 euros

810 euros

Prezio hauen barruan dago: alokaturiko gunearen erabilera, klimatizazioa urtaroaren arabera eta garbitasun oinarrizkoa aretoa erabili ondoren, betiere aparteko garbitasuna egitea suposatzen ez badu.

Antzokiaren kasuan, prezio honen barruan ez dago: zerbitzu teknikoa, soinu- eta argiztapen-ekipoen erabilera eta aretoan sartzeko zerbitzua.

Zerbitzu hauek eskatzen badira bereizirik kobratuko dira, unean-unean Udalak kobratzen dituen prezioen arabera.

Antzokia erabiltzeagatiko fidantza instalazioen egoera aztertu ondoren itzuliko da. Hala badagokio, kalteengatiko eta aparteko garbitasuna egiteagatiko (egiten bada) diru-kopurua kenduko da.

ERANSKINA

Fidantza

Antzokia erabiltzeagatiko fidantza: 300 euros.

Iragarkiaren kodea: L1305302