75. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

127/2013 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa sortu, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen duena.

Ekonomia suspertzeko ekintzen artean eta hazkunde ekonomikoaren nahiz enplegu sorkuntzaren helburuak erdiesteko xedez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren berrogeita laugarren xedapen gehigarriak zerga araubide berritzailea ezarri du, ekintzailetzat jotzen diren pertsona edo entitateei eta horietan inbertitzen dutenei aplikatzekoa.

Xedapen gehigarri horrek xedatzen duenez, zerga araubide hori aplikatzeko, subjektu pasiboek pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatzeko eskaera egin beharko dute. Horrekin batera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari ahalmena ematen dio inskripzio hori egiteko prozedura arau dezan eta, halaber, araubidea zein kasutan aplikatu behar den zehazteko.

Lege ahalmen horretan oinarrituta, foru agindu honek pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa sortu, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren esku uzten du haren kudeaketa. Horrez gain, erregistro horretan inskribatzeko eskaera nola egin ezartzen du, eta zein izanen diren inskripzioa gauzatzeaz arduratuko diren organo eskudunak.

Orobat, inskribatzeko eskaera egiten dutenei Nafarroako Zerga Ogasunak egin beharko dizkien jakinarazpenak arautzen ditu, eta isiltasunaren esanahia argitzen, denbora epe jakin batean espedientearen ebazpenaz jakinarazpenik jasotzen ez den kasurako.

Azkenik, erregistrotik kanpo uzteko eskaera ezartzen da, ez-betetzeak gertatzen direnean egin beharrekoa.

Horrenbestez, lege agindu hori betetzeko eta emandako gaikuntzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroa.

Ekintzailetzat jotzen diren pertsonen edo entitateen eta horietan inbertitzen dutenen zerga araubidea aplikatu ahal izateko, subjektu pasiboek inskribatuta egon beharko dute foru agindu honen bidez sortu den pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan. Aipatutako zerga araubidea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean araututa dago, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako horretan, berrogeita laugarren xedapen gehigarrian. Erregistroa kudeatzea Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio.

2. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

Pertsona edo entitate ekintzaileen erregistroan inskribatzeko eskaera organo eskudunari zuzendutako eskabidearen bitartez eginen da; bertan, eskatzailearen izen-deiturak, edo sozietatearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbide fiskala adieraziko dira. Bete beharreko jardueraren deskribapen labur bat ere erantsi beharko da, eta haren kokapena ere.

3. artikulua. Erregistroan inskribatzea. Organo eskudunak.

Xedapen gehigarri horren 2. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunak erregistroan inskribatuko ditu.

Egiaztapena eta inskripzioa egiteko organo eskuduna hauxe izanen da:

a) Eskatzailea tributuak errenta-egozpenaren araubidean ordaintzen dituen pertsona fisiko edo entitate bat denean, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa denean, Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendaria.

4. artikulua. Jakinarazpenak. Isiltasunaren esanahiaren ondorioak. Onura fiskalak aplikatzeko eguna.

Pertsona edo entitate eskatzaileei jakinaraziko zaie bai erregistroko inskripzioa egin dela bai inskripzioa egiteko eskaera ukatu zaiela edo, inskribatutako subjektu pasiboen kasuan, erregistrotik kanpo gelditu direla.

Interesdunek erregistroan inskribatzeko eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ez badute espedientearen ebazpenari buruzko jakinarazpenik jasotzen, inskribatzeko eskaera baietsi dela ulertu ahal dute.

Aldeko ebazpena emanez gero edo inskripzioa isiltasun positiboaren ondorioz eginez gero, ekintzailearen kalifikazioa duten pertsona edo entitateen eta horietan inbertitzen dutenen zerga araubideko onura fiskalak inskripzioaren egunetik aurrera aplikatuko dira.

5. artikulua. Ez-betetzeak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako horretan, berrogeita laugarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak edo betebeharrak ez betetzeak erregistrotik kanpo gelditzea ekarriko du, xedapen gehigarri horren 6. atalean ezarritako ondorioekin.

Subjektu pasiboak behartuta egonen dira erregistrotik kanpo gelditzeko eskaera egitera aipatutako inguruabar edo baldintzetako bat betetzeari uzten badiote. Ez-betetzea gertatu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko apirilaren 11n.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1305349