Iragarkia
75. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
573/2013 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, gizarteratze eta laneratze zentroetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuak bazterturik dauden pertsonak gizartean eta lanean txertatzeko programak garatzen dituzten laguntza ekonomikoak arautu ditu, iragan abenduaren 31n indarra galdu arte.
Aipatu foru dekretuaren aplikazio aldian, zenbait inguruabar izan dira, bestelako oinarri arautzaile batzuk onestera eraman dutenak programa horietarako.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean. Laguntzak kontratazioa egitearen ondorioz ematen direnez gero, bidezko da araubide hori baimentzea.
Orobat, bada Europako Gizarte Funtsaren sostengu finantzario bat gizarteratze eta laneratze zentroei ematen zaizkien laguntzetan. Deialdi honen helburuekin bat, Nafarroako EGIF 2007-2013 programa eragilearen lehentasun estrategikoetako bat da, hain zuzen ere, lan-merkatu inklusiboak eratzea, lana erakargarriago bihurtuz eta enplegu eskatzaileei beren lanagatik ordainduz, laguntza behar duten pertsonak eta lanik gabekoak barne.
Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, 2013ko martxoaren 27ko bilkuran, Nafarroako Enplegu Zerbitzua baimentzea erabaki zuen, diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean eman diezazkien gizarteratze eta laneratze zentroei.
Bestetik, aipatu behar da Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi horri dagokion aurrekontuko kontu-saila salbuetsi zuela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren 701/2012 eta 2/2013 Foru Aginduetan adierazitakoari eta Nafarroako Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 9ko Erabakiari jarraikiz, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 2013ko ekitaldiari egotzitako gastu konpromiso berriak hartzeko.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onesten dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1.–Ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak eta gizarteratze eta laneratze zentroei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dauden pertsonak kontratatzeagatik, haiekin gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak eta esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak garatzeko, helburua enpresa arruntean txertatzea izanik.
2.–853.084,30 euroko gasturako baimena ematea “Enplegu plana. Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko programak. PO EGIF Nafarroa CCI 2007ESO052PO009” izeneko 170001-15100-4819-241104 kontu-sailaren kargura, 2013ko gastuen aurrekontutik.
3.–351.000 euroko gasturako baimena ematea “Enplegu plana. Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko jarduketa kofinantzatu gabeak” izeneko 170001-15100-4819-241111 kontu-sailaren kargura, 2013ko gastuen aurrekontutik.
4.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5.–Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2013ko apirilaren 11n.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.
Eranskina
Oinarri arautzaileak
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dauden pertsonak kontratatzeagatik, Nafarroako Foru Komunitatean onartuta diren gizarteratze eta laneratze zentroei diru-laguntzak emateko baldintza eta beharkizunak arautzea dute xede oinarri hauek, haiekin gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak eta esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak garatzeko, helburua enpresa arruntean txertatzea izanik.
Oinarri arautzaile hauek 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorioak.
2.–Zentro onuradunak.
Oinarri hauek argitaratzen diren egunean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gizarteratze eta laneratze zentro gisa kalifikatuta dituen guztiak izaten ahal dira oinarri hauek arautzen dituzten diru-laguntzen onuradun, indarra galdutako apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuaren IV. kapituluaren arabera, baldin eta 2012an jardunean izan badira.
3.–Gizarteratze eta laneratze zentroek bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntzak jasotzeko, gizarteratze eta laneratze zentroek baldintza hauek beharko dituzte bete:
a) Ondasunak ekoizteko edo zerbitzuak emateko legezko jarduera ekonomiko bat izatea, merkatuaren edozein sektoretan.
b) Gizarteratzeko ibilbideen barrenean, gizartetik baztertuta edo horren arriskuan direnei prozesu integratu eta pertsonalizatuak eskaintzea, hau da, ordaindutako lan jardueraren bat, lanbide prestakuntza egokia eta esku-hartzea edo lagun egitea, gero gizartean eta lanean txertatzeko aukera izan dezaten.
c) Bere jarduera ekonomikoaren ondoriozko onurak berriz inbertitzea enpresan edo gizartean eta lanean txertatzeko enpleguari loturiko jarduerak sustatzen.
4.–Hartzaileak.
1. Oinarri hauetan xedatutakoaren ondorioetarako, gizarteratze eta laneratze zentroetako langileek egoera edo talde hauetako batean egon beharko dute:
a) 50 urtetik gorako pertsonak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan langabe gisa inskribatuta daudenak hamabi hilabetez, gutxienez ere, kontratazioaren aurreko hemezortzi hilabetean.
b) Gizartetik baztertuta eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan langabe gisa inskribatuta dauden pertsonak, gizartean eta lanean txertatzeko akordio bat sinatuta dutela. Talde horretan sartzeko, zentroak irizpen bat eskatuko dio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari, izangaien profil egokiari buruz. Irizpen horretan, baztertze egoera benetakoa dela agertaraziko da.
Langabe gisa inskribatuta egoteko, a) eta b) taldeetako pertsonek enplegu eskatzaile gisa egon beharko dute inskribatuta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren agentzietan, eta lanik gabe inskribatuta dauden aldietan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostenaren arabera.
c) Gizarteratze zentro batean zerbitzuak ematen ari diren 40 urtetik gorako langabeak, zentroak diru-laguntza jasotzen duela haiek 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen kontratatzeagatik.
d) Gizarteratze zentroak 2013ko urtarrilaren 1etik oinarri hauek argitaratu arte kontratatuak dituen 40 urtetik gorako langabeak, enplegu bulegoetan hamabi hilabetez edo luzaroago etenik gabe inskribatuta direnak. Ondorio horietarako, enplegu eskaera etendakotzat joko da laurogeita hamar egunez edo luzaroago lan egin bada kontratazio aurreko hirurehun eta hirurogeita bost egunean.
2. Kontratazio aurretik, zentroek informazioa eskatzen ahalko diote kudeaketa organoari, hartzaileek oinarri honetan eskatutako baldintzak betetzen ote dituzten.
5.–Gizarteratze eta laneratzeko kontratazioa zentroetan.
1. Gizarteratze zentro gisa legez eratuta dauden zentroen eta 4.1 oinarriaren a), b), c) edo d) letretan adierazitako taldeetako batekoak diren hamasei urtetik gorako langileen artean bakarrik egiten ahalko da gizartean eta lanean txertatzeko lan kontratua.
2. Gizartean eta lanean txertatzeko lan kontratua iraupen jakin batekoa izanen da eta lanaldi erdikoa edo luzeagoa, legeak baimentzen dituen kontratazio modalitateetako edozeinetan. Kontratuak jasotako jarduera guztiak garatzen ematen den denbora sartzen da lanaldiaren kontzeptuan.
3. Gizarteratze zentroarekin egindako kontratua ez da hiru urtekoa baino luzeagoa izanen. Epe hori gehienez ere hiru urtekoa izanen da diru-laguntza lortu ahal izateko, kontratatu den pertsona bakoitzagatik.
Lan kontratuaren hiru urteko iraupena bukaturik, langile hori ezin izanen da kontratatu diru-laguntzarako eskubidearekin ez gizarteratze eta laneratze zentro berean ez beste batean.
4. Hiru urteko epe horretan, gizarteratze prozesuan den langileak, enpresa arruntean sartu delako, bere gain jarri delako edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen dituen beste egoera batzuk direla eta, gizarteratze zentroarekin duen kontratua bukatzen badu, eta gero berriz langabe bihurtzen bada edo bere gain aritzeari uzten badio, berriz kontratatzen ahalko dute gizarteratze zentroek hiru urteko gehieneko epea agortu arte, baldin ez badu bukatu gizartean eta lanean txertatzeko ibilbidea. Kasu horietan, ez da 4. oinarrian ezarritako baldintzarik eskatuko.
5. Gizarteratze kontratua idatzita formalizatu beharko da eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan erregistratuko da. Kontratuarekin batera, aldeko txostena, gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuak emana, erantsiko da.
6.–Laguntzako teknikarien kontratazioa zentroetan.
1. Hartzaileen ekoizpen lana laguntzen, orientazio lanetan edo gizarteratzen laguntzen duten neurriak garatzen ariko dira laguntzako teknikariak.
2. Zentroak behartuta daude 9 B) oinarrian adierazitako laguntzako teknikarien gutxieneko kopurua izatera, eta haietako batek gutxienez orientazio neurriak edo/eta gizarteratzen laguntzekoak garatzen ari beharko du. Kopuru hori zehazteko, zentroaren aurreko urteko batez besteko plantilla hartuko da kontuan.
3. Oinarri hauek argitaratzen direnetik aurrera kontratatzen diren laguntzako teknikari berriek lanpostu bakoitzeko lanak egiteko beharrezko jarduera eta gaitasunen jabe izan beharko dute. Horretarako, gizarteratzen orientatzeko edo/eta lagun egiteko teknikariek, gutxienez ere, erdi mailako unibertsitateko titulua izan beharko dute, hezkuntza, pedagogia, psikosoziologia, terapia eta gizarteratze eremuarekin zerikusia duena, edo urtebeteko esperientzia arlo sozial horietan.
Gainerako teknikariek, gutxienez ere, erdi edo goi mailako lanbide heziketaren titulua izan beharko dute, edo gutxienez urtebeteko esperientzia frogatu eskatzen zaizkien jarduera tekniko edo/eta produktiboetan.
7.–Gizartean eta lanean txertatzeko ibilbidea eta esku hartzeko eta lagun egiteko zerbitzuak.
1. Diru-laguntza duten gizarteratze eta laneratze zentroek gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak garatu eta aplikatuko dituzte, eta hartzaileak onartu beharko ditu, bera lan merkatu arruntean integratzea helburu izanik, esku hartzeko eta lagun egiteko behar diren neurriak zehaztuta.
2. Hainbat zerbitzu, prestazio, tutore-lan, lanpostuko prestakuntza eta lanera eta gizartera ohitzekoak izanen dira esku hartzeko eta lagun egiteko neurriak, baztertze egoeraren ondoriozko berariazko arazoak konpontzera bideratuak, horiexek zailtzen baitute behar bezalako garapena zentroko ibilbidean.
8.–Zentro onuradunen betebeharrak.
Hauek dira gizarteratze eta laneratze zentroen betebeharrak:
a) Kontratuaren xedeari egokitutako prestakuntza eta lana ematea langileari, baita beharrezko bitarteko eta baliabideak ere, gauza izan dadin beharrezko ohitura sozialak eta lanekoak bereganatzeko eta behar liratekeen esku-hartze edo laguntza sozialeko neurriak hartzeko.
b) Gutxienez ere, oinarri hauek eskatzen duten teknikari kontratatuen kopurua izatea.
c) Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egiturazko funtsei buruz eska ditzaketen kontrolak onartzea, dagokien auditoreari laguntza emanez.
d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuek, Espainiakoek zein atzerrikoek diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, baita diru-laguntzak emateko kontuan hartutako helburuak edo baldintzak aldatu diren ere. Laguntza lortu edo aldaketa egin eta hilabeteko epean jakinarazi beharko da.
e) Diru-laguntza ordaindu baino lehen, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea.
f) Diru-laguntza hauen onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez urratzea.
h) Egiten diren lan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraziko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa jaso dela, Batzordeak 2006ko abenduaren 8an emandako 1828/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat. Erregelamendu horren bidez, Europako Gizarte Funtsari buruzko 1083/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak finkatu ziren.
i) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean. Bereziki, zentroek gastuekin eta auditoretzekin lotutako frogagiri guztiak gorde beharko dituzte; horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, Europako Batzordearen eta Europako Kontuen Auzitegiaren esku egonen dira, gutxienez ere hiru urteko epean “Egokigarritasuna eta Enplegua 2007-2013” programa eragilearen itxiera partziala gertatu bada, urte horretatik zenbatuta, dagoeneko gauzatu diren gastuen eta auditoretzen dokumentuei dagokienez.
j) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari laguntzen jarraipena egin ahal izateko behar duen informazio guztia helaraztea eta, bereziki, Europako Gizarte Funtsaren esku-hartzea, kofinantzatutako laguntzei dagokienez.
k) Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren xedeko eragiketekin lotutako transakzioetarako kontabilitate sistema bereizia mantentzea, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kodifikazioa izatea.
9.–Gizartean eta lanean txertatzeko laguntzak.
A) Diru-laguntza, hartzaileak kontratatzeagatik.
1. Soldaten araberako diru-laguntza.
Diru-laguntza emanen da, ondotik aipatzen diren portzentajeak aplikatuta:
a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50eko diru-laguntza, egindako lanaldiaren proportzioan, 4.1 oinarriko a), c) eta d) letretako langileentzat.
b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75eko diru-laguntza, egindako lanaldiaren proportzioan, 4. oinarriko b) letrako langileentzat.
Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko langileak jasotzen duen ordainsaria, eta hartu gabeko oporren ordainketa ez da inoiz aintzat hartuko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.
c) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50eko diru-laguntza, langileak egindako lanaldiaren proportzioan, laugarren egunetik hamabosgarren egunera bitarte, biak barne, gaixotasun arruntaren edo lanekoa ez den istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik baja ematen denetik aurrera.
2. Gizarte Segurantzaren enpresa kuoten araberako diru-laguntza.
Gizarte Segurantzaren enpresa kuotaren %100eko diru-laguntza emanen da, lan istripuena eta lanbide-eritasunena barne, eta lanbide arteko gutxieneko soldatari dagozkion baterako diru-bilketaren kuotena, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.
A) letran ezarritako diru-laguntzak Nafarroako Programa Eragileko CCI 2007ESO52PO009 delakoan sartuak daude, 2007-2013 urteetarako, eta Europako Gizarte Funtsak %50eko finantzaketa ematen du. Horregatik, funts horrek kofinantzaturiko laguntzei Europako arautegia aplikatuko zaie.
B) Laguntza teknikorako diru-laguntzak.
Lanaldi osoko gutxieneko teknikari kopurua, edo horren parekoa lanaldi partzialean, bat bakarra izanen da lanean txertatzeko orientatzen edo/eta lagun egiten aritzeko eta, 14 langiletik gorako zentroen kasuan, bi teknikari; horietako bat ekoizpen lanetan ari daiteke.
8 langile arteko gizarteratze eta laneratze zentro bat bada, onuradunak lanaldi erdiko teknikari bat izaten ahalko du lanean txertatzen eta orientatzen aritzeko, eta lanaldi erdiko beste teknikari bat, ekoizpen lanetan aritzeko.
Diru-laguntza ematen ahalko zaie gizarteratze eta laneratze zentroei teknikariak kontratatzeagatik, hurrengo taulari jarraituz:
Zentroak gizarteratze egoeran dituen langileen kp. | Zentroak, gutxienez ere, lanaldi osoan izan behar dituen teknikarien kp. | Diru-laguntza izan dezakeen lanaldi osoko teknikari kp., gehienez ere | Lanaldi osokoei urtean dagokien diru-laguntza, gehienez ere |
8 langile arte | Teknikari bat | Teknikari bat | 18.000 euro |
9 - 14 langile | Teknikari bat | 2 teknikari | 36.000 euro |
14 langiletik gora | 2 teknikari | 3 teknikari | 54.000 euro |
Teknikarien lan kontratua lanaldi osokoa zein partzialekoa, %50ekoa gutxienez, izan daiteke, eta diru-laguntza lanaldiaren proportzioan kalkulatuko da.
10.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
1. Diru-laguntzarako eskaerak, hartzaileak kontratatzeagatik:
a) Urtero, urtarrilean, gizarteratze eta laneratze zentroek aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 arteko soldatei eta Gizarte Segurantzako enpresa kuotei dagokien diru-laguntza eskatuko dute gizartean eta lanean txertatzeko dituzten langileentzat. Organo kudeatzaileak, eskaera aurreko urtean justifikatutako plantilla eta zentroak egiten ahal dizkion oharrak kontuan hartuta, eskatutako epealdi osorako diru-laguntza emanen du, epealdi bukaeran, benetan izandako plantilla kontuan izanda, egin daitezkeen doikuntzak galarazi gabe.
Aipatu epean diru-laguntza eskatzen ez bada, zentroak uko egiten diola ulertuko da. Hortik aurrerako eskaerak ez dira onartuko.
Ezin izanen da %10 baino gehiago igo gizartean eta lanean txertatzeko diru-laguntzaren xedeko langileen gehieneko kopurua, aurreko urtean diru-laguntza izan zutenen aldean. Dena dela, 8 langile arteko zentroa bada, 2 langile gehitzen ahalko dira.
b) Hilero, zentroek ordaintzeko eskaera aurkeztuko dute, gizarteratzearen xedeko langileei ordaindutako soldatak eta Gizarte Segurantzaren kuotak frogatuta, organo kudeatzaileak diru-laguntza ordaintzeko agindua eman ahal dezan.
Hilabetekoa da diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea, zentroek soldatak eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzen dituztenetik. Ez bada epe barrenean eskatzen, zentroak hilabete horretako ordainketari uko egiten diola ulertuko da, eta ez da onartuko.
Diru-laguntza eman aurreko hilabeteetarako, diru-laguntzarako eskaerarekin batera eskatuko da ordainketa, non ez den bukatu aurreko lerroaldean adierazitako epea, orduan bidezkoa denean egiten ahalko baita.
2. Laguntza teknikorako diru-laguntzaren eskaerak.
a) Urtero, urtarrilean, gizarteratze eta laneratze zentroek aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 arteko eperako diru-laguntza eskatuko dute; eskaeran, aurreko urtean gizartean eta lanean txertatzeko egoeran izan dituzten langileen batez bestekoa justifikatuko dute.
Organo kudeatzaileak diru-laguntza emanen du eskatu den epealdi osorako.
Aipatu epean diru-laguntza eskatzen ez bada, zentroak uko egiten diola ulertuko da. Hortik aurrerako eskaerak ez dira onartuko.
b) Hiru hilabetean behin, zentroek teknikariei ordaindutako soldatak frogatuko dituzte, organo kudeatzaileak diru-laguntza ordaintzeko agindua eman dezan.
Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, aurreko hiruhilekoa bukatzen denetik.
Diru-laguntza eman aurreko hiruhilekoetarako, diru-laguntzarako eskaerarekin batera eskatuko da ordainketa, non ez den bukatu aurreko lerroaldean adierazitako epea, orduan bidezkoa denean egiten ahalko baita.
Epe barrenean eskatzen ez bada, zentroak hiruhileko horren ordainketari uko egiten diola ulertuko da, eta ez da onartuko.
3. Aurkezteko tokia.
Ahal dela, eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izanen dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
4. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
5. Eskaera aurkezteak berarekin dakar zentro bakoitzak onartzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, zentro horiek Ogasun Publikoarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituzten.
11.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.
1. Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.
2. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
3. Eskaerak erregistroko sarrera dataren hurrenkerari jarraikiz tramitatuko dira.
12.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
1. Soldatetarako diru-laguntzak hilabetean behin ordainduko dira, zentro bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio hau aurkeztuta:
a) Eskabidea.
b) Diru-laguntza jasoko duten langileen zerrenda.
c) Nominen eta ordainketa agirien kopia.
d) Plantillan izandako aldaketen inprimakia, dagokien dokumentazioarekin batera.
e) Ziurtagiriak edo, zein den kasua, erantzukizuneko aitorpena:
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearena.
–Hemen diruz laguntzen ari den xede bererako beste laguntzarik ez hartzearena, edo hartuz gero, ez dela guztien artean kostua gainditzen.
–Europako Gizarte Funtsak publizitateari buruz ezarritako betekizunak.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearena.
2. Gizarte Segurantzaren kuotetarako diru-laguntzak hilabetean behin ordainduko dira, zentro bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio hau aurkeztuta:
a) Eskabidea.
b) Diru-laguntza jasoko duten langileen zerrenda.
c) Gizarte Aseguruen eta ordainketa agiriaren kopia.
d) Ziurtagiriak edo, zein den kasua, erantzukizuneko aitorpena:
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearena.
–Hemen diruz laguntzen ari den xede bererako beste laguntzarik ez hartzearena, edo hartuz gero, ez dela guztien artean kostua gainditzen.
–Europako Gizarte Funtsak publizitateari buruz ezarritako betekizunak.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearena.
3. Laguntza teknikorako diru-laguntzak hiru hilean behin ordainduko dira, zentro bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera.
a) Teknikari berri bat kontratatu behar bada:
–Lan kontratuaren kopia.
–Gizarte Segurantzako alta-agiriaren kopia.
–Teknikariarentzat urtean aurreikusitako jarduera jasotzen duen txostena, egin behar diren jarduketak zehaztuta.
–6. oinarrian ezarritakoari buruzko egiaztapena, titulazioari edo/eta esperientziari buruz.
b) Kontratu baten luzapena bada:
–Haren kopia.
–Teknikariarentzat urtean aurreikusitako jarduera jasotzen duen txostena, egin behar diren jarduketak zehaztuta.
c) Ordaintzeko eskatzen den aldiro, honako hauek aurkeztuko dira:
–Eskabidea.
–Ezarritako inprimakia, diru-laguntzari dagozkion kalkuluak adierazita.
–Teknikari kontratatuen nominen kopia, zer hiruhilekotarako eskatzen diren, haiei buruzkoa, eta haien ordainketa.
–Ziurtagiriak edo, zein den kasua, erantzukizuneko aitorpena:
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearena.
–Hemen diruz laguntzen ari den xede bererako beste laguntzarik ez hartzearena, edo hartuz gero, ez dela guztien artean kostua gainditzen.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearena.
13.–Ebazpena eta jakinarazpena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpena, zeinaren bidez eman edo ukatuko baitzaie interesdunei eskatutako diru-laguntza. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea Europako Gizarte Funtsaren Kudeaketa Autoritatearen web orrietan onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.).
Halaber, diru-laguntza onartzean, zentro onuradunek onartzen dituzte egiturazko funtsen gainean Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egin ditzaketen kontrolak, eta dagokion auditoreari laguntza ematea ere onartzen dute.
14.–Aurrekontuko diru-zuzkidura.
1. Urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko programak. PO EGIF Nafarroa CCI 2007ESO052PO009” izeneko programak kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira hartzaileak kontratatzeagatiko diru-laguntzak, aurrekontuko diru-izendapenaren gehieneko muga arte. Europako Gizarte Funtsak finantzatzen ditu diru-laguntza horien %50.
2. Urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko jarduketak” kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira laguntza teknikorako diru-laguntzak, aurrekontuko diru-izendapenaren gehieneko muga arte.
15.–Bateragarritasuna.
Oinarri hauen xedeko diru-laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ez da inoiz proiektua gauzatzean sortutako kostuaren %100 baino handiagoa izanen, laguntza bakar bat izan edo jarduera horiek finantzatzen dituzten beste administrazio batzuek nahiz entitate publiko edo pribatuek, Estatukoek edo nazioartekoek, emandako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei gehituta izan.
16.–Jarraipena eta kontrola.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko zeregin guztiak eginen ditu diruz lagundutako jarduketak kontrolatzeko eta haiei jarraipena egiteko. Zentro onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraitzeko eta kontrolatzeko.
Helburu horretarako, urtero maiatzean, zentro bakoitzak txosten bat aurkeztuko dio organo kudeatzaileari, gizarteratze eta laneratze zentro horrek aurreko urtean egindako jarduerei buruz, nahiz gizarteratze zentro bati dagozkionez bestelako jarduketak izan, hurrengo puntuen gainean:
–Zentroaren titulartasuna.
–Kokapena.
–Jarduera nagusia eta osagarria.
–Egoeraren balantzea.
–Ustiapen kontua.
–Hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren proiektua.
–Teknikariek ekitaldian egindako jarduerari buruzko txosten zehatza.
–Gizarteratutako langileen zerrenda.
2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, diru-laguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenei egokitzen ote zaizkion egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu diru-laguntza jasotzen duten jarduerak egiten diren tokietara.
17.–Publizitatea.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.
2. Entitate onuradunek publizitatea eginen dute, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera.
18.–Diru-laguntzen aldaketak.
1. Diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik, baimen ditzan.
2. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa handitu, gutxitu edo bertan behera uzteko, egindako aldaketen garrantziaren arabera.
Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.
19.–Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea.
1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Ezarritako epean hala justifikatu ezik, epe horri dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
3. Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutza interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.
4. Laguntzako teknikari batek bere lana utziz gero, zentroak beste teknikari batekin ordeztu beharko du, hilabetean gehienez ere, oinarri hauetako baldintzei jarraituz, eta horren berri emanen dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.
Zentroak, hura ordezteko duen hilabetea iraganik, ez badu betetzen gutxieneko teknikari kopurua izateko betebeharra, ez du jasoko gizartean eta lanean txertatzeko laguntza teknikorako eta kontrataziorako diru-laguntza, baldintza betetzen ez duen bitartean. Gainera, betetzen ez duen epealdiari dagokion zatia itzuli beharko du zentroak, lana utzi duen teknikariaren aldera ordaindu zaion diru-laguntzatik, berandutze-interesak barne. Kasu horretan, diru-laguntza aldatzen duen ebazpena emanen du organo kudeatzaileak teknikari berriak alta hartzen duenean edo diruz lagundutako epea bukatzean, baldintza bete ez den denborari dagokion diru-laguntza gutxituta.
5. Urtero, ez bada maiatzean aurkezten 16. oinarrian aipatu txostena, eten eginen da diru-laguntzen ordainketa, txostena aurkezten den arte kontzeptu hauetan: laguntza teknikoa eta kontratazioa, ebatzi eta ordaintzeko zain, edo ordaintzeko zain bakarrik. Txostena ez bada urriaren 31 baino lehen aurkezten, zentroak urte horretako ekainaren 1etik aurrera erregistratutako eskaerei uko egin diela ulertuko da. Kasu horretan, diru-laguntza aldatzen duen ebazpena emanen du organo kudeatzaileak, baldintza bete ez den denborari dagokion diru-laguntza gutxituta.
20.–Zehapen araubidea.
Arau-hauste eta zehapen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.
21.–Arau osagarriak.
Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Oinarri hauetan zehaztutako pertsonak kontratatzeagatiko diru-laguntzak Nafarroako EGIF 2007-2013 programa eragilean sartuak daude (CCI: 2007ES052PO009), eta Europako Gizarte Funtsak %50eko finantzaketa ematen du. Horregatik, funts horrek partez finantzatzen dituen diru-laguntzen gaineko Europako eta Estatuko araudia aplikatuko zaie, zehazki hauek: Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezarri eta 1260/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duen uztailaren 11ko Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua; Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1080/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ematen dituen abenduaren 8ko Batzordearen 1828/2006 (EE) Erregelamendua; Europako Gizarte Funtsari buruzko eta 1784/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak uztailaren 5ean emandako 1081/2006 (EE) Erregelamendua; eta Europako Gizarte Funtsak 2007tik 2013ra bitarte diruz laguntzen ahal dituen gastuak zehazten dituen urriaren 14ko TIN/2965/2008 Agindua.
22.–Oinarri arautzaileen aurkako administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta aplikazio egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F1305325
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
