Iragarkia
75. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
226/2013 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzetarako dei egiten duena 2013rako.
Krisi egoerei aurre egiteko gaitasun txikia duten populazio ahuletan naturak edo gizakiak eragindako hondamendien kopuruak gora egin izanak nazioartearen erantzun humanitario azkar eta espezializatua eskatzen du. Nafarroako erakundeak, gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziari adi, funtsak bideratzen ari dira Garapenerako Laguntza Ofizial gisa eta, zehazki, laguntza humanitariorako eta larrialdietarako, laguntza solidario gisa giza tragedia horien ondorioak gutxitzeko eta herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrean laguntzeko.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arloko printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. 14. artikuluan adierazten da funts publikoak ere erabiliko direla garapenerako lankidetzako ekintzak sustatzeko eta, zehazki, 13. artikuluan adierazten da lankidetzako modalitateetako bat dela laguntza humanitarioa, larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan dauden populazioei laguntzeko eta horiek berregokitzeko laguntza ekonomiko gisa.
Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzaileak (2011-2014) bere egiten ditu “Good Humanitarian Donorship-Dohaintza Humanitario Egokiaren” printzipioak. Hark, besteak beste, adierazten du eraginkortasun, eragimen eta profesionaltasun handieneko baldintzetan aritzeko moduko esperientzia eta gaitasuna duten entitateak izan behar dutela ekintza humanitario hori aurrera eramanen dutenak; eta hori bateragarria da gauzak borondatez edo arrazoi altruistek bultzatuta egitearekin.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak esleitu, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, beharrezkoa da urteko deialdiaren bidez ezarri eta finkatzea ekintza humanitario espezializatuko proiektuak 2013an gauzatzeko diru-laguntzak arautuko dituzten oinarriak, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko berdintasuna eta eraginkortasuna ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak, 11/2012 Foru Dekretuaz aldatuak, emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehendabizikoa.–Ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea, 2013rako.
Bigarrena.–Guztira, 300.000,00 euroko gastua baimentzea, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91630 4819 143105 kontu-sailaren kargura, 2013ra luzatutako 2012ko gastuaren aurrekontutik.
Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Bosgarrena.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2013ko martxoaren 8an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
I. ERANSKINA
Ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, 2013rako.
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Gizarte Politiketako Departamentuak 2013rako diru-laguntzen deialdia egiten du, nazioarteko lankidetzan espezializatuta diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE aurrerantzean) garapen bidean diren herrialdeetan ekintza humanitarioaren arloan egindako esku-hartzeak finantzatzeko.
2. Deialdi honen ondorioetarako, ekintza humanitariotzat hartuko dira garapen bidean diren populazioen aldeko jarduketak, ez-baztertzaileak, zehazki populazio ahulenen aldekoak, betiere helburu hau dutenak:
a) Larrialdiko fasean, laguntza eta babesa ematea hondamendien biktimei, izan hondamendi naturalak edo gizakiak sortuak, eta hondamendien zuzeneko ondorioen biktima direnei, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak emanez, bizirik jarrai dezaten bermatzeko eta ukitutako pertsonen sufrimendua arintzeko. Etorkizuneko garapenaren oinarriak ezartzea bilatuko da, ahulezia murriztuz eta tokiko gaitasunak eta giza eskubideak sendotuz.
b) Krisi humanitario kronikoetan, behar den laguntza eta sorospena ematea ukitutako populazioei, bereziki populazio horiek ezin dutenean sorospenik jaso beren agintariengandik, edo inongo aginterik ez dagoenean.
Jarduketa hauen bidez, ondasun eta zerbitzu hauez hornitzen ahalko da:
a) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza herritarrentzat, hondamendi naturalak, gatazka armatuak eta endemia, pandemia eta epidemien gorakadak daudenean. Arreta psikosozialeko esku-hartzeak egiten ahal dira, gatazka armatu edo hondamendi natural baten eraginpeko populazio ahulenaren kaltea arintzearren.
b) Hezkuntza zerbitzuak: kalitateko hezkuntza emateko helburuz larrialdietan edo krisi kronikoetan, eragina izan dezan krisiaren ondorio psikosozialean eta haurrak izan daitezen onuradun nagusiak.
c) Elikagaien banaketa eta nutrizioa, elikagaien segurtasuna bermatzeko, gaizki elikatutako populazioan bereziki.
d) Ura eta saneamendua, herritarrek edateko ura, behar den kopuruan eta kalitatekoa, izan dezaten.
e) Elikagaiez bestelako elementuak, higieneko kit-ak eta herritarren bizitzarako oinarrizko babes egiturak, batez ere herritar desplazatu eta errefuxiatuentzat.
3. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.
4. Esku hartzeko proposamenak kontingentzia plana izanen du eta, bertan, hondamendi egoera baten aurrean erantzuteko estrategiak, akordioak eta erabili beharreko prozedurak jasoko dira; alegia, hondamendi horrek larri kaltetutako jendearen behar humanitarioak asetzeko erabiliko direnak. Gizarte Politiketako Departamentuaren eta entitate onuradunen artean erabakiko da nola jokatu aurrera eramaten diren misio jakinetan, larrialdi edo krisi egoerak gertatzen diren unean.
Bigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) betebehar hauek izanen dituzte:
a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak bere izaera juridikoaren arabera, eta inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.
b) Entitatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xedeko diru-laguntzen onuradun izan.
d) Plan estrategikoa edo antzeko dokumenturen bat, ekintza humanitarioari buruzkoa, edukitzea, eta nazioarteko ekintza humanitarioa izatea erakundearen helburua, estatutuetan hala berariaz jasota.
e) Berariazko esperientzia frogatzea laguntza humanitarioko eta larrialdietako ekintzetan, deialdiaren dataren aurreko zortzi urteetatik azkeneko seietan, eta gutxienez 12 ekintza eta bi milioi euroko kudeaketa.
Hirugarrena.–Esku-hartzeek bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten ekintza humanitarioko esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdiaren 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei egokitzea.
b) Zeharkako kostuak ez dira izanen esku-hartzearen kostu osoaren %10etik gorakoak.
c) Ekintzak 2013. urtean eginen dira.
d) Gehienez ere 150.000,00 euro emanen da.
Laugarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.
a) Diru-laguntza hauek bateraezinak dira Gizarte Politiketako Departamentutik, 2013an, garapenerako laguntzako urteko proiektuetarako beste diru-laguntza batzuk ematen dituen ebazpenarekin.
b) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu nahiz publikoen laguntzekin batuta, esku-hartzearen kostua.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian (Abejeras kalea, 1, 31007 edo González Tablas kalea, 7, 31005 - Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (848 423818), eskaera igorri dela. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu baino lehen.
Seigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:
A) Entitate eskatzailearen agiriak:
a) Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute:
a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.
a.2) Bigarren oinarriaren c) atalaren arabera onuradun izatea galarazten duten arrazoirik ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
a.3) Plan estrategikoa edo antzeko dokumentua, ekintza humanitarioari buruzkoa.
a.4) Entitatearen estatutuak.
a.5) Ekintza humanitarioko eta larrialdietako esku-hartzeen zerrenda, azken zortzi urteetakoa, ekintza bakoitzaren zenbateko ekonomikoa zehaztuta.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek ekintza humanitarioan parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateragarria dela dioena.
B) Baloraziorako dokumentazioa:
b.1) Jarduteko proposamena, inprimaki ofizialean, paperean zein euskarri informatikoan.
b.2) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, segurtasun protokoloak dituela dioena, kontingentzia eta ebakuazio planak barne, eta protokolo horiek bere langileei aplikatzen zaizkiela, bai atzerriratuei bai bertakoei. Baita haien kopia ere.
b.3) Azken 4 urteetako bakoitzeko kontuak.
b.4) Dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta eskaeraz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa.
Zazpigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.
1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, oinarri hauen arabera.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala eskatuko zaio interesdunari hamar egun balioduneko epean, ondoko kasuetan; eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:
a) Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, hala eskatutako diru-laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak.
b) Seigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak izatea.
c) Hirugarren oinarrian aipatutako esku-hartzearen baldintzetan akats materialak izatea.
d) Aurrekontua aldatzea eskatzen duten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautatu ezin diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta organo instruktoreak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo desbideratze horiei aurre egiteko.
e) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein.
Beste edozein kasutan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazio guztia, ez da zuzenduko.
Zortzigarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak zein bere aldetik baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskalan, hurrengo irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta, eta eskaeraren inprimakian eskatzen den informazio guztiari jarraituz.
a) Entitate eskatzailearen egokitasun instituzionala (%25).
a.1) Gaitasun estrategikoa (ekintza humanitarioaren misioa eta ikuspegia, esku-hartzearen xedeko gune edo uneak aukeratzeko irizpideak, tokiko agenteekin koordinatzeko protokoloak eta segurtasun protokoloak): (10 puntu gehienez).
a.2) Gaitasun operatiboa eta finantzarioa (langile profesionalak eta boluntarioak, gaitasun teknikoa eta logistikoa, baliabide teknikoak eta azpiegiturak, erreakzionatzeko denborak, entitatearen kontuen analisia eta arloko esperientzia): (10 puntu arte).
a.3) Nafarroan duen ezarpena (5 puntu, gehienez).
b) Esku hartzeko proposamen orokorraren kalitatea (%75):
b.1) Egokitasuna Nafarroako lankidetzarako II. Plan Zuzentzailearen dohaintza humanitario egokirako printzipioekin eta zeharkako ikuspegiekin (15 puntu, gehienez).
b.2) Esku-hartzeen metodologia eta prozedurak (30 puntu arte).
b.3) Helburuen, emaitzen, jardueren eta baliabideen analisia (30 puntu, gehienez).
2. Diru-laguntzarako eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 60 puntu lortu beharko ditu.
3. Diru-laguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, eta esku-hartze bakar batek izanen du diru-laguntza entitate bakoitzeko.
4. Positiboki baloraturiko programetarako eskatu diren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.
5. Gehienez ere, esku-hartze bakar baterako diru-laguntza emanen da entitate bakoitzeko.
Bederatzigarrena.–Baloratzeko epeak eta ebazpena.
1. Instrukzio organoak eskaeren balorazio txostena igorri beharko du haiek aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere.
2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenen ondorioz. Foru dekretu hori urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuak aldatu zuen.
3. Ebazpen horretan diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, haien helburua, zenbatekoa, haiek ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
4. Eskaerak ezetsitzat joko dira, baldin eta aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetetara ebazpen espresik jakinarazten ez bada.
Hamargarrena.–Jakinarazpena.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.
Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren aurrerakinak.
Diru-laguntza emateko ebazpenean ordainketa aurreratua aginduko da.
Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. Entitate onuradunek jarraipenaren txostena aurkeztu beharko dute 2013ko azaroaren 30a baino lehen, baita azken txostena ere esku-hartzea(k) bukatu eta hiru hilabeteko epean; bi kasuetan, txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute esku-hartzearen exekuzioari buruz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan; Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuan eskuratzen ahal da edo Nafarroako Ataritik (www.cooperacion.navarra.es) deskargatu. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak epe luzeagoa baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.
2. Txostenek justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, gastua justifikatzen duten agiriekin batera, eta kontu horrek hurrengo elementuak izanen ditu:
a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b) Txosten teknikoa esku-hartzearen betetze mailari buruz, eredu ofizialaren araberakoa, lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena gutxienez; horri guztiari egiaztatze bideak erantsiko zaizkio.
c) Esku-hartzearen diru-sarreren eta gastuen balantzea; bertan, zehazki adieraziko dira jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.
d) Gastu osoen zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera sailkatuta. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia, noizkoa den, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontua gauzatzeari buruzko memoria zehaztua aurkeztuko da.
Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin dela frogatu beharko dute. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizkoak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.
e) Truke tasak frogatzen dituen bankuko dokumentuak.
f) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratu dena adierazita.
g) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze edo martxa onaren berri emateko.
3. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak, diruz lagundutako jardueraren behar bezalako justifikazioa egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.
4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.
Hamahirugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diru-laguntza hartzen ahal duten gastuak kontu-sail hauetakoak izaten ahal dira:
A) Zuzeneko kostuak:
a.1) Azpiegiturak konpontzea larrialdi fasean.
a.2) Larrialdiko laguntza humanitarioarekin lotutako ekipamenduak, materialak eta hornidurak.
a.3) Langileen arloko gastuak.
a.4) Bidaiak, ostatua eta dietak. Esku-hartzea gauzatzeko behar diren langileen joan-etorriekin eta esku-hartzearen onura hartzen duen populazioaren joan-etorriekin lotutako gastuak dira.
B) Zeharkako gastuak.
Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (pertsonal-gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraitzearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne.
Gastuak frogatzeko hamaikagarren oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio, salbu eta egiaztatzen zailak diren gastuak badira. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko arrazoiak. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.
2. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
3. Ez dira inola ere diruz lagunduko protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.
Hamalaugarrena.–Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin esku-hartzearen zati bat gauzatzeko; diruz lagundutako aurrekontuaren %15a arte gehienez; betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabosgarrena.–Betebeharrak.
Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Eskaeran, egin beharreko misioen agirian edo agirietan eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatu edo haren barrenean betetzea zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.
b) Gizarte Politiketako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egiteko, ekintza hori burutzen ari den bitartean herrialdean edo entitate onuradunaren egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketatzat joko dira helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea eta tokian tokiko bazkidea ukitzen dituztenak, baita diru-laguntza jaso duten kontu-sailen arteko aldaketak, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak, ere. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea barne dela.
c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Komunikazio hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.
d) Organo emaileari betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honen hamahirugarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa gutunaren bidez.
e) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.
f) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
g) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan). Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.
h) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabigarren oinarriaren 2. atalean aipatzen diren gastu-egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia urratu dela.
i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian.
j) Hartutako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan, deialdi honen hamabosgarren eta hamaseigarren oinarrietan jasotako kasuetan eta Gizarte Politiketako Departamentuak baimendutako esku-hartzeetan aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuan.
k) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak diru-laguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hamabost urterako, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urterako bestelako ondasunak izanez gero.
l) Diru-laguntzen aurrerakinak herrialdera berehala ezin igorri badira, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende utzi, eta inbertsioak onartzeko, funtsak ez transferitzeko arrazoiak beharko dira, inbertsioak ez du arriskurik sortuko eta bermatuta egon beharko du.
m) Sobera diren funtsak itzultzea, Gizarte Politiketako Departamentuak baimendutako esku-hartzeetan aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuan.
Hamaseigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.
2. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe, diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak aldatuz gero, ez-betetzea izanen da.
3. Hamabigarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.
4. Balizko ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:
–Esku-hartzearen betetze maila, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.
–Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.
–Txostenak zenbat egunen ondoren aurkezten diren epetik kanpo.
5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hamazazpigarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F1304138
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
