7. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

117/2012 FORU AGINDUA, abenduaren 28koa, Sustapeneko kontseilariak emana, "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua, bide berde gisa erabiltzeko" jendaurrean egoteko aldia ebatzi eta proiektua behin betiko onesten duena, eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egiten diena okupatu aitzineko aktak eta okupaziokoak egiteko.

Sustapeneko kontseilariak irailaren 21ean emandako 43/2012 Foru Aginduaren bidez, "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua, bide berde gisa erabiltzeko" behin-behinekoz onetsi eta jendaurrean jarri zen. Foru agindu hori 2012ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 4koan.

Jendaurreko epea bukatuta, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio hauek jaso direla:

1. Santos Casajús Hita jaunak, Pirenaica Forestal, S.L. ordezkatuz, honako hau alegatu du:

Berrizaungo (Igantzi) industria-lurzoru urbanizagarriaren egiturazko aldaketa tramitatzen ari dela. Bertizko Turismo Partzuergoak aldaketa horren gainean egindako txostenean adierazi duela Bide Berdearekin bateragarria izatea bermatu behar dela. Tramitatzeko aurkeztutako konponbidearen arabera, 133. lurzatia ukitu behar dela. Beste alde batetik, adierazi du trenbide osoan jardun ahal izateko, beharrezkoa dela 134. lurzatitik 4.385,06 m² desjabetzea. Adierazi du, halaber, indarreko planeamenduaren arabera eta tramitatzen ari den egiturazko aldaketaren arabera, industrialdean sartzeko bidea antzinako trenbidearekin bat datorrela, eta horregatik, trenbidea ezin dela horrela ezarri, industrialdean egoki sartzeko bidea galaraziko litzatekeelako. Horrez gainera, adierazi du desjabetutako lurzoruak lorzoru urbanizagarriko S1 sektorerako ezarritako eskubide eta betebeharren araubide bera izanen duela. Horregatik guztiagatik, eskatu du S1 sektoreko 133. lurzatia ukitutako lurren barrenean sar dezatela. 134. lurzatian desjabetu beharreko azalera handi dezatela. Bide Berdean lekualdatu beharreko zatia berriz azter dezatela egiturazko aldaketaren proiektuaren arabera, Bide Berdearen autonomia bermatzeko. Kontuan har dezatela desjabetzearen ondorioz eskubideak eta betebeharrak aitortu behar zaizkiola beste jabe bati. Balorazioaren ondorioetarako, kontuan har dezatela egiturazko aldaketaren behin betiko onespenaren ondorioz lurzoruak urbanizagarri bihurtuko direla, edo, bestela, onuradunaren planteamendua zehaztu dezatela, haren eragin ekonomikoa analizatzeko. Eskatu du, orobat, desjabetutako azalerak egiturazko aldaketari egoki dakizkiola. Azkenik, eskatu du Bertizko Partzuergoak Pirenaica Forestal S.L.ri jakinaraz diezaiola nola hartuko duen parte Lurzati Berrantolamenduko Batzordean edo Konpentsazio Batzordean.

Erantzuna:

1.-Egiturazko aldaketan proposatzen den konponbidea ez da agertzen onetsitako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean. Hortaz, UPS horrekin bat ez datorren edozein proposamen aurrera eramateko, proiektu sektoriala aldatu beharko litzateke, eta hori ez da egin. Horrenbestez, ez da bidezkoa Bide Berdearen trazadura aldatzea dakarten alegazioak baiestea.

2.-134. lurzatian desjabetu beharreko azalera handitzeari dagokionez, eskaera hori justifikatu gabe dagoela iritzi da, are gehiago kontuan hartzen badugu alegazio-egileak lurzoru urbanizagarrien sailera gehitu nahi dituela lur horiek. Hortaz, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 23. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez direnez, alegazioa ez da onartzen.

3.-Proiektu honen xedeetatik kanpo gelditzen da proiektua onetsi ondoren Bertizko Turismo Partzuergoak hartuko duen jardunbidea, gaur egun tramitatzen ari den egiturazko aldaketarengatik ukitutako lurzoru urbanizagarriaren jabe gisa.

4.-Ukitutako ondasun eta eskubideen balorazioari dagokionez, indarreko legediarekin bat jokatu beharko da. Gainera, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52.7 artikuluarekin bat, finka okupatu aurretik, desjabetze espedientea tramitatuko da, prezio justuaren eta ordainketaren faseetan.

2. M.ª Victoria Hita Yanci andreak honako hau alegatu du:

Desjabetu beharreko lurren multzoan sar dezatela 58. lurzatiaren puska bat, antzinako trenbidearen eta Bidasoaren artean isolaturik gelditzen dena, izan ere, nola geldituko den ikusita (meharra eta luzanga), ez da ezertarako erabilgarri izanen.

Erantzuna:

Bide Berdearen UPSak ez du finkaren zati horren erabilera aldatu, bide gisa erabili baita etengabe, trenbidea egin zenetik. Hortaz, ez da bidezkoa alegazioa baiestea.

3. José Francisco Graciarena Micheltorena jaunak honako hau alegatu du:

Sunbillako 2. poligonoko 484. lurzatian ukitzen den lur puska bat, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean agertzen dena, 483. lurzatiari dagokiola, eta lurzati hori berea dela. Adierazi du 444. lurzatiaren azalera osotik (11.751 m²) 2.049 m² desjabetu zirela "Larrakaizko tunela egitea, CR-N121" proiektuaren barrenean, erantsi den 1999ko otsailaren 26ko aktan adierazten den bezala. Beraz, 9.702 m² gelditzen dira. Autobiak sortutako 483. eta 444. lurzatien azaleren batura, gaur egungo katastroaren arabera, 8.025,84 m² da. Beraz, uste du 484. lurzatian 1.676,16 m² oker jaso zirela katastroan.

Erantzuna:

Alegazioari erantzunez, adierazten da Sustapen Departamentuko Desjabetze Atalak azaldu duela 2010eko otsailaren 15ean adostasuneko akta osagarri bat sinatu zela alegazio-egilearekin, eta haren arabera, 1.676 m² horiek desjabetu zitzaizkiola, gertatutako soberako okupazioa erregularitzeko. Horregatik, ez da bidezkoa alegazioa onestea.

4. José Ángel Chantre Moreno jaunak, Arkaitz, S.A ordezkatuz, eta Eduardo Arroyo Mendía jaunak, Hympsa ordezkatuz, honako hau alegatu dute:

Lesakako 1. poligonoko 493. eta 505. lurzatiek bat egiten duten tokian, Bide Berdeak bat egiten duela Hympsak, 505. lurzatian ustiatzen duen harrobian sartzeko, erabiltzen dituen lurrekin. Sarbide hori gaur egun erabilgarri dagoen bakarra da. Legez ezarritako jarduera izanik, jarduten segitzeko, Bide Berdearen tarte hori erabiltzen jarraitu behar dutela adierazi dute. Adierazi dute, ustiategiaren ezaugarriak ikusita eta eremu berean Bide Berdearen jarduerarekin bateragarria izateko, beharrezkoa dela erabilera eta segurtasun baldintza batzuk ezartzea, eta horrek obra osagarri batzuk egitea dakarrela, proiektuan egokitze hutserako aurreikusitako obrez gain. Horregatik eskatzen dute Bertizko Turismo Partzuergoa premia dezatela, proiektua behin betiko onetsi baino lehen, alegazio-egileekin batera aztertu eta zehaztu dezan konponbideren bat Bide Berdea eta meatze-jarduera bateragarriak izateko segurtasun baldintza egokietan.

Erantzuna:

Jabeak alegazio horiexek aurkeztu zituen Bertizko Turismo Partzuergoak "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua" izeneko UPSaren jendaurreko aldian. Hortaz, beharrezkoa da UPSaren bidez behin betiko onetsitako erantzunetara jotzea, non alegazioak partez baietsi baitziren, baina bakarrik kontu honetan: orain onesten den "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua, bide berde gisa erabiltzeko; 1. fasea" izeneko proiektu honetan jasotzea Bide Berdea bateragarria izanen dela aurretik legez ezarrita zeuden erabilerekin, konparazio batera, 505. lurzatian ustiatzen ari den harrobian sartzeko bidearekin.

5. José Ángel Chantre Moreno jaunak, Arkaitz, S.A., Alkarrekin, S.L. eta Dionisio Chantre eta Josefa Moreno jaun-andreen jaraunspen jasogabea ordezkatuz, honako hau alegatu du:

Lesakako 1. poligonoko 374. finkatik UPSak ukituko duen puskaren egoera juridikoa argi dezatela, ez baita desjabetuko. Lesakako katastroko 1. poligonoko 232., 245., 246., 248. eta 370. lurzatien jabea Alkarrekin, S.L. dela, erantsi duen eskrituraren kopiaren arabera. Adierazi du, orobat, finkak Udal Planaren S.R.-7 sektoreko UE-26 unitatean sartuta daudela (plana hirigintza aldetik garatu eta egikaritu gabe dago) eta eskatu du desjabe dezatela, bakar-bakarrik, bertatik igarotzeko eta erabiltzeko eskubidea, jabetza soila desjabetu gabe, horrela aukera izateko etorkizunean lurrak Lesakako Udalari lagatzeko, nahitaezko lagapenen parte gisa. Lesakako 1. poligonoko 505. lurzatiari dagokionez, non meatze-jarduera garatzen den, eskatu du igarotzeko eta erabiltzeko behar-beharrezkoa den eskubidea baizik ez dezatela desjabetu, hots, Bide Berdeari bideragarritasuna eta jarraipena emateko ezinbestekoa dena, baina jabetza soila aparte utziz. Lesakako 2. poligonoko 547. lurzatiari dagokionez (hortik 289,24 m² ukituta daude), kontuan harturik 269,82 m² geldituko direla, eskatu du finka oso-osorik desjabe dezatela, ez baita ustiatzeko errentagarria izanen. Era berean, 374. lurzatia desjabetu beharreko ondasunetan sartu behar baldin bada, oso-osorik desjabe dezatela eskatu du. Azkenik, proposatu du 374. eta 547. lurzatiak truka ditzatela Lesakako Udalaren jabetzapeko beste lur batzuekin.

Erantzuna:

1.-"Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua, bide berde gisa erabiltzeko; 1. fasea" egikaritzeko obrek ez dute Lesakako 1. poligonoko 374. lurzatia ukituko.

2.-Lesakako katastroko 1. poligonoko 232., 245., 246., 248. eta 370. lurzatien titulartasunari dagokionez, horren oharra jasotzen da, baina espedientearen beste fase batean jabetza egiaztatu beharko da jatorrizko tituluak aurkeztuz.

3.-Igarotzeko eta erabiltzeko eta/edo zortasunak ezartzeko eskubidea desjabetzeko eskakizunei dagokienez, finka horietan bide berri bat eta N-121-A errepidearen azpiko pasabide bat egin nahi direnez, proiektu honek jabetza osoa desjabetzea dakar berarekin. Hortaz, horren gaineko alegazioak ez dira baiesten.

4.-Lesakako 2. poligonoko 547. lurzatia osorik desjabetzeko eskaerari dagokionez, ez da onartzen, ustiapenaren errentagarritasun faltan oinarritzen diren alegazio-egilearen arrazoiak gertatzen ez direlako, izan ere, gaur egun, ukitutako zatia ez da ustiatzen, bide gisa erabiltzen delako trenbidea eraiki zenetik.

5.-Azkenik, Lesakako Udalarekin trukea egiteko eskaerari dagokionez, ezin da eskatutakoa onartu, lur trukea hirugarren batekin egitea proposatzen delako.

Aurkeztutako alegazioak ebatzita, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendak ez du aldaketarik izan.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, eta Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 143/2011 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua, bide berde gisa erabiltzeko; 1. fasea" jendaurrean egoteko aldia ebaztea, azalpen zatian adierazi den bezala.

2. Behin betiko onestea "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Endarlatsa-Doneztebe tartean egokitzeko proiektua, bide berde gisa erabiltzeko; 1. fasea".

3. Ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea 2013ko urtarrilaren 23an eta 24an Doneztebeko, Sunbillako, Igantziko eta Lesakako herriko etxeetan ager daitezen, okupatu aitzineko aktak eta, hala badagokio, adostasunekoak egiteko.

4. Foru agindu hau Bertizko Turismo Partzuergoari, Desjabetze Atalari eta Doneztebeko, Sunbillako, Igantziko eta Lesakako udalei jakinaraztea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, departamentuaren web-orrian, Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean eta udal horietako iragarki oholetan argitaratzea.

6. Foru agindu hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari eta Desjabetze Atalari, baita Bertizko Turismo Partzuergoari eta Doneztebeko, Sunbillako, Igantziko eta Lesakako udalei ere, eta horiek premiatzea beren iragarki oholetan argitara dezaten.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela horren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko abenduaren 28an.-Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F1218091